Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Abendua - 1. domekea - 2016.eko Azaroaren 27a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak Eukaristia ospatzera.

Senideok: Liturgi Urte barriaren hasieran gagoz, Abendu-aldiaren lehen domekan. Grazia eta itxaropen aldia da, Jainkoaren presentzia, haren indar eragilea sumatzeko erne bizitzeko garaia. Horrela bizi behar dogu, azken etorrera onartzeko prest.

Senideok: esnatu beharra dogu. Jainkoak Aita xamurraren hitza esaten deusku. Inguratzen gaituezan zalantzen eta estutzen gaituen bildur-giro honetan, itxaropenaren esperientzia egitera gonbidatzen gaitu. Erne, ez dakigulako noiz etorriko dan, erne bizitzera, Jaunaren etorreraren ezaugarriak irakurtera gonbidatzen gaitu Ebanjelioak.

Jainkoak barriro eskeintzen deuskun AUKEREAZ baliaturik, emoten deutsogu hasierea ospakizunari.

Pregoia

Oharra: Zentzu berezia dauka eta zaindu beharra dago. Bakoitzak ikusi ze momentutan egin: hasieran, Hitzaren ondoren...).

Gaurko gizakia
Nun dagoz zure begiak,
Nun zure itxaropena?

Gaurko gizakia,
zein da zure ibilbidearen helmuga?
Gose zara eta ezerk ez zaitu asetzen.
Euki, euki, euki...
eta eukiteak ez zaitu zoriontsu egiten.
Hainbeste eskeintza, eta buru makur jarraitzen dozu.

Gaurko gizakia,
zabaldu zure begiak zain ez zagozan horretara!
Begiratu, mendietan zehar gizon ahul bat dator,
itxura haundi bakoa.
Pekatariekaz bat egiten dau,
eurekaz batera bateoa hartu,
eta bere doea inork onartu ez.
Bateatzaileak bakarrik autortzen dau:
“Neu naz bateatu beharrean aurkitzen dana,
eta ez zu, Bateoaren egilea zarana”
.
Gizon makal hau,
agindutako Erreinua ernetzeko
Jainkoak gizakien artean
ereindako kimu barria dogu.

Gaurko gizakia,
ase ezineko zure gose egarria entzunez
datorren barriak zure bihotza hartu daiala.
Barri guztia Bere barruan dago.
Ez bilatu eukitean,
ezta inoiz beteko ez diran hitzetan.

Gaurko gizakia,
entzun zure bakardadea
eta isiltasun apalean,
eta bere agintzaria beteaz
zure bila datorrenarekin bat egiten ahalegindu:
“Jainkoak gizakia maite dau. Gaur zugaz gogoratu da”.

Ulibarri, Fl.



Oharra: Abendualdiko 2 pregoi edo aldarri prestau ditugu PowerPointeko argazki eta musikarekin. Erabili nahi izanez gero:
- >>> 1. pregoia<<<.

- >>> 2. pregoia<<<.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 2, 1-5

Politiko-erlijioso krisiz bat tarteko dala, Isaias profeteak Jainkoak Israel herriaren historian eukiko dauan eskuartzearen barri emoten dau. Jerusalem, benetako jakinduria, zuzentasuna eta bakearen hiria ikusten dau. Han, gudarako armak bake zeinu bihurtzen dira. Profeteak ez dau itxaroten gizakien salbamenik, Jainkoarena bakarrik. Horregaitik herria Jaunaren argitan ibiltera gonbidatzen dau. Entzun dadigun.


2. irakurgaia: Erromakoai 13, 11-14

Paulo apostoluak erromatarrei sinisten hasi ziran eguna gogoratzen deutse. Oraina, Jainkoaren salbamen une lez bizitzera eta argiaren ekintzez betetzera gonbidatzen dauz. Sinismena ez da behin betirako lortu doguna, eguneroko bizitzaz baieztatu behar doguna baino. Onartu dagigun gogoeta eder hau.


Ebanjelioa: Mateo 24, 37-44

Abenduaren hasiera honetan ziklo barri bat hasten dogu. Mateoren ebanjelioa irakurriko dogu. Gaurko mezua argia da: Jauna bat batean etorriko da. Horregaitik, Jauna datorrenean zain aurkitu gaizan, zuhur eta izarrik egotera gonbidatzen gaitu Jesusek. Onartu dagigun Beren deia.

OHARRA: Mateoren ebanjelioari buruzko sarrera orokor bat eskeintzen deutsuegu (gazteleraz) powerpoint formatuan, pertsona eta taldeen formakuntzarako erabili daitekeena. Behera kargatu nahi izanez gero >>>sakatu HEMEN<<<

Jaungoiko herriaren otoitza

Gaur entzundako Jainkoaren Hitzari erantzunez, aurkeztu deioguzan Jaunari uste osoz gure preminak.

1.- Eleizaren alde: itxaropen-aldi honetan erne bizi dadila eta pertsona bakoitzarengan ikusi daiala Jainkoaren aurpegia. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Aita Santu, Gotzain, abade eta kristau konprometitu guztien alde: ekintzetan agertu daiela Kristoren etorreran dabezan fedea eta itxaropena. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Herrietako arduradunen alde: mundu zuzenago eta askeagoaren alde ahalegindu daitezan, eta sustatu daiezela zuzentasunaren, bakearen eta herrien arteko solidaritatearen alde ibiliko diran mogimenduak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Bizitzan zehar desbideraturik eta ilusino barik doazan gizon eta emakumeen alde: bizitza barriz bideratzen lagunduko deutsen pertsonakin bat egin daiela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Alkartearen eta ospakizun honetan baturik gagozanon alde: Abendu-aldi honetan bihotza erne dogula eta senideengana zabalik bizi gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO KOROIAREN AURKEZPENA

(Ohitura bihurtzen doan Abenduko koroiaz jarraitzen dogu. Norberak egina edo lorategian erosia. Pastoral batzordeko buruak egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, alkarte osoaren izenean, Abenduko ezaugarri hau aurkezten deutsugu. Gabon aurreko egun honeek, sakontasunez bizitera konprometitzen gara. Jauna, emoiguzu zure indarra eta argia, zure gogokoa dana eginez bizi daiguzan egun honeek.


ABENDUKO KOROIAREN LEHENENGO KANDELEA ISIOTZEN DA

(Buru egiten dauana koroia dagoan lekura doa, eta lehen kandelea isiotzen dau)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jainko Aita-Ama, Abenduaren hasieran, koroiko lehenengo kandela hau isiotzen dogu. Gure itxaropena argitzen dauan argia izan dakigula. Berak lagundu deiskula itzarrik egoten; zure etorrerea ikusteko bihotzeko begiak erne izan daiguzala. Zure arrastoa ez daigula galdu. Zu zagozan leku guztietan, Zugaz bat egin daigula.


ALKARTEKO UMEEN AURKEZPENA

(Umeak altara aurrera doaz eta eskutik ebatuta gelditzen dira; eta otoitza egiten da)

OTOITZA – AZALPENA: Abenduko koroiagaz batera gure itxaropena diran ume honeek aurkezten deutsuguz. Etorkizunari begira bizi dira. Gugan daukee euren konfiantza. Gu gara euren guraso, lagun eta gidariak. Gure bihotzean beti izan deigula itxaropena; pozik bizi izaten laguntzen deuskun itxaropena.


AMETS BAT, GURARI BAT, ITXAROPEN BAT ETA OTOITZ BAT AURKEZTEA

(Eskeintza ume batek, gazte batek, andra-gizon batzuk eta adineko batek egiten dabe)

OTOITZA – AZALPENA:

UMEAK: Jauna, nik ume amets bat dakartsut: mundua gure jokoak modukoa izan daitela; bardintasun eta anaitasun lekua.

GAZTEAK: Jauna, nik gurari bat dakartsut: gizakia eta gizartea, egiak eraginik bizi daitezala.

ANDRA-GIZONAK: Gure seme-alabei begira bizi garanok, itxaropen bat dakartsugu, Jauna: gizakien arteko hartuemonak bakezkoak izan daitezala.

ADINEKOAK: Jauna, iraganak ikututa eta geroari begira bizi naz. Otoitz hau egiten deutsut: zure betiko etorrerea oztopatzen dauan guztia parkatu eizu; eta umearen ametsa, gaztearen guraria eta andra-gizonen itxaropena, zure graziaz egi bihurtzen lagundu eiguzu.

Agurra

Senideok: amaitu da Abenduko lehen domekako ospakizuna; emon dogu itxaroten eta desiratzen dogunaren jaiotzarako joateko lehen pausua. Tentsinoan, bilaka, bizitzaren zentzuna argitu nahirik, senideengan Kristo aurkitzeko nahian dabilan gizakiaren lehen pausua. Erne bizi behar dogu, Jaunari gure bihotzean txoko bat prestatzen arduratsu. Liturgi Urte barriaren hasierea zoriontsua! Itxaropenez betetako aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Erakutsi eiguzu, Jauna, zure errukia
eta emoiguzu zure salbamena”




LITURGIAN URTE BARRIA hasten dugu gaur. Kristau alkarteentzat hau berezia da: hurrengo hilabeteetan, JAUNAREN MAITASUNAREN HISTORIA, bere “salbamen historia” hori bizitzeko, ospatzeko eta elikatzeko prestatzen gara. Kristau Alkarteak hauxe ospatzen dau liturgian. Oinarrizko ideia hau ahazten edo baztertzen dogun neurrian… gure ospakizunak aspergarri bihurtuko jakuz.

Jaunaren maitasun historia horretan, oinarrizko momentua, NORBAITEN PRESENTZIA DA; desiratua eta itxarona izan dan Norbaiten jaiotza da. Bila dabilen, bizitzaren zentzunaren bila, historiaren zentzunaren bila, heriotzaren zentzunaren bila, estu eta larri dabilen gizakiari, itxaropena emongo deutson Norbait. Horregatik, ABENDUA, ITXAROPENAREN ALDIA DOGU; Jaunaren BIDEAK prestatzen joateko aldia. Harengana zabaltzeko eta onartzeko prestatuz bakarrik ezagutuko dogu. Hauxe da Gabonak ospatzea; Jesus gure artean egote hori, itxaropen gisa eta salbamen gisa bizitzea. Hauxe da gaur hasten dogun aldia.

Abenduko lehen domekako deia hauxe dogu: “zagoze beti erne” (Ebanjelioa). Beharrezkoa da: “datorren Jaunagan” dogun sinesmenak eta itxaropenak bakarrik beteko dabe zentzunez abendu aldia. Gure ITXAROPENA JESUS da.

Zoriontsuak bere ETORREREA itxaroten dabenak:
Gure gurari sakonenak HAREK BETEKO ditu!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Urrago dago salbamena”

(Erm 13, 11)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue