Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Abendua - Sortze Garbia - 2016.eko Abenduaren 08a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak Andra Mariaren jai honetan!

Andra Maria BIRJINAREN SORTZE GARBIAren jaia ospatzen dogu. Abenduko liturgia giro barruan ospatzen dogu. Maria izan zan Jaunari etorrerako bidea prestatu eta amaren maitasun samurrez itxaron eutsana.

Jaungoiko aitak-amak Maria aukeratu eban bere Semea, gizon eginda mundura ekarri eian. Maria dogu fededunen artean eredurik egokiena: FEDE HANDIKO ANDREA, Jainkoagaz oso-osorik fidatu zana, Jaunaren esana modua bizian sinistu ebana. Andra Maria gidari eta bide erakusle jatorkun Jesus bihotzean onartu daigun, horren jarraitzaile egin gaitezan.

SEMINARIOAREN egun honetan oso gogoan izango ditugu ABADETZA hartzeko prestatzen dabilzan gazteak eta euren alde otoitz egingo dogu. Abadetza: benetako erronkea etorkizun hur-hurrekoari begira. Beraz, zuzen-zuzen jagoku.

Eukaristia honek lagundu deiskula sinistu eban eta fidatu zan Andra Maria Ama eta Fededun lez ikusten.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Hasiera 3, 9-15. 20

Pekatuak, paradisutik hasita, andra-gizon guztien historia osoa kurutzatzen dau, baina baita salbamenaren agintzariak eta gauzatzeak be. Andra bat, Maria da pekaturik izan ez dauana eta bera dogu Bizi Barriaren eroalea.


2. irakurgaia: Efesoarrei 1, 3-6. 11-12

Bedeinkapen goratzarrez hasten dau Paulok Efesoarrei egindako eskutitza. Jaunaren salbamen asmo osoaren sintesia da. Kristorengan aukeratu ginduzan Jaunak, santuak eta bere seme-alabak izan gaitezan.


Ebanjelioa: Lukas 1, 26-38

Jainkoaren Semearen Ama izatea da Andra Mariaren ohorerik handiena. Jaungoikoaren Espiritua Mariagan jarri zan, eta honek entzun, abegi egin, onartu eta erantzuna emon eutsan Aingeruaren mezuari. Eta orduan, Jainkoak miragarriak egiten dauz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Mariaren Sortze Garbia pozez ospatzen gagozala, eleizearen eta munduaren preminak aurkezten deutsaguz Jainko aita-amari, bere Seme Jesu Kristoren bitartez.

1.- Eleizearen alde: Abendu aldi honetan Andra Mariak bizkortu daiala barritze bidean, Jaunaren berbea bihotzean hartzen eta andra-gizon guztiengana alaitasuna eta itxaropena eroaten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Andra Mariaren bitartez, Jaunak emon deiskula bakearen dohaia gure herriarentzat eta munduko herri guztientzat; eta, pertsona guztienganako begirunetik, alkarrizketarako eta tolerantziarako bideak zabaldu daiguzala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Munduko familia guztien alde: Andra Maria eredu dabela, aurrera egin daien alkar maitasunean eta hartuemonean, eta isiltasunetik lagundu deiela euren seme-alabei. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Abadetzarako prestatzen dabilzan gazteen alde: Andra Mariak lagundu deiela senideen zerbitzurako bizkortasun osoz Erreinuko misterioa osotasunez biziten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Alkarteen alde: behar daben guztientzat harrera on eta topaketa gune izan daitezala, gure bizi guztia, Andra Mariarena lez, Jaungoikoagazko BAI osoa izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errezak" eta alkartearen ibilbiderako lagungarri lez eskeintzen doguz keinu honeek.

Mesedez: inork ez daiala pentsatu, horrela egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LORA TXORTA BAT AURKEZTEA

(Lorak ipiniko diran altara aurrea prest euki behar da. Alkarteko andra batek egin leike lora eskeintza hori)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure eta gure Amaren eguna ospatzeko, altara aurrean lora txorta hau ipinten dogu. Mariaren edertasuna gogoratzen dogu. Zuk Bera aukeratu zenduan zure Semearen egon leku izateko. Gaur, geu aukeratzen gaituzu zure Espirituaren egon leku lez. Lora honeek kutsatu gagiezala bere edertasunez.


KUTXATXO BAT AURKEZTEA

(Kutxea zabalik, alkarteko gizonezko batek egin leike. Ahal dala, kutxatxoa ikusgarria izan daitela)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, kutxatxo hau, Mariaren jarrerea agertzeko aurkezten deutsugu. Berak bere bihotzean gordetan ebazan zure Berbak eta bere Semeak esaten eta egiten eban guztia. Kutxatxo hau aurkezterakoan, beste hau geureganatu gura dogu: zure berba guztiak entzun eta gauzarik ederrena lez geure bihotzean gorde.


KARTEL HAUNDIA, “FIAT” irakurtzeko lez idatzita AURKEZTEA

(Kartela prestatu, “Fiat” eta “Egin bedi” ondo irakurtzeko eran idatziz. Ingurua bakoitzaren sormena erabiliaz. Gazte taldekoak egiten dabe)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure Hitza betetzeko konpromisoa eskuratzen dogula agertzeko, latinezko hitz hori erabili dogu: “FIAT”, “Egin bedi”. Zure hitzak gure bihotzean erabiltea eta hausnartzea ez da nahikoa. Bere apaltasunean eta kristau izatean zuk aukeratutako Mariaren antzera, entzuten doguna bizitzara eroan nahi dogu; gure historiako egoera ezbardinetan egi bihurtzen ahalegindu; Hitza, gure haragiaren zati egin.

Agurra

Anaia-arrebok: Jaunak gizadiari eta Eleizeari egin deutsan erregalorik handiena ospatu dogu: MARIAREN jaia. Bera, Jainkoak eskatzen eutsana egiteko prest egoan, eta holan andra-gizon guztioi itzelezko mesedea egin deusku. Gaurko jaiak, Abendu aldian aurrera egiteko itxaropenez bete gaizala. Mariaren antzera Jaunaren lekuko izan gaitezala. Kristau testigutza pozgarria bizi daigula!

Egun honetarako gogoetea

"Poztu zaitez, Maria, graziaz bete hori, Jauna da zugaz;
bedeinkatua Zu andra guztien artean"




Abenduko giroan, MARIAREN SORTZE GARBIAREN jaia ospatzen dogu. Jai honek gure ibilbidea zelakoa dan MARKATU leike: ona dan edo ez; benetakoa edo ez. Mariak, ibilbide hori era berezi baten egin eban; Mariak be “Jaunaren bideak prestatu ebazan”. Horregaitik, Bera dogu JARRAIPENAREN EREDUA.

Maria, batez be, SINISMENDUN ANDREA dogu; Salbatzailearen etorrerea era berezi baten bizi izan ebana. Bera izango da, baita be, Nazareteko Jesusek iragarten dauan Erreinua bere osotasunean hartuko dauana. Berak isiltasunean eta sakontasunean bizi izan eban.

Horregaitik, gaurko ospakizuna, Salbatzaileagaz AURKITZEKO egiten goazen bidean, lagungarri dogu. Arlo honetan Mariak zer erakutsi eta zer irakatsi asko dauka.

Goazen AURRERA abenduan…
MARIA, gure ama LAGUN dogula!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Egin bedi nigan zeuk dinozunez"

(Lk 1, 38)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue