Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Abendua - 2. domekea - 2016.eko Abenduaren 04a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: ospakizunera ondo etorriak, Abenduko bide honetan.

BIHOZBARRITZERA, gure bizitza eta jokaera erabat aldatzera deitzen deusku gaurko liturgiak. Jokaera aldatzera eroango gaituen Jainkoari begira bizitzera. Bihozbarritzea, ikusiko dogunez, Jainkoari begira ipintea da, Haren antzera zuzentasunez eta maitasunez jokatzea. Emoitzetan, bizi barriaren adierazpenetan azaldu behar dau bihozbarritzeak.

Senideok: bihotzak erne eta Jaunak eraldatu gaizan prest, hasi dagigun gure gaurko ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 11, 1-10

Mesias-orakulu bikaina entzungo dugu ondoren. Dabiden ondorengo bat iragarten jaku; Jainkoaren espirituz dator jantzia; pobreei eta babesbakoei zuzentasuna bermatzen deutse; abereen mundua gizakienarekin adiskidetuko dauana. Jauna hurrean dugu. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: Erromakoai 15, 4-9

Lehen alkartean judutar kristauak eta jentil herritik etozan kristauen arteko hartuemonak etziran errezak izan. Pablok, Kristogan oinarrituz, alkar onartzera gonbitatzen dauz. Alkarrizketa eta anaiarteko erlazino baikorrak oztopatzen dituen traba guztiak desegitera deituak gagoz. Alkar onartzen diranak, Jainkoaren zain dagoz Bera goratuz. Onartu dagigun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Mateo 3, 1-12

Desertuan dabilen Joan Bateatzaileak, Jainkoaren Erreinuan sartzeko bihozbarritzea iragarten dau. Bateatzaileak bizitza zorrotza eroanez, biozbarritzea hots egiten dau eta bateoa hartzera gonbidatu. Jaunaren bidea prestatzen dabil Joan. Apaltasunez, bihozbarritze bidean sartzeko deia egiten deusku Abenduak. Onartu dagigun gonbidapen hau.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoa leiala dalako, beti dago adi maite dabenengana, entzun egiten dau dei egiten deutsoenen ahotsa. Horregatik, bihotza uste osoz dogula, aurkeztu deioguzan gure preminak eta otoitzak.

1.- Eleizaren alde, kristau bakotxaren alde: munduko bidebakokeria eta oinazeen artean, Jainkoaren Erreinua iragarri dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herri aberatsen, menperatzaileen alde: itzi daiezela behingoz esplotazinoak eta aurkitu daiezela guztientzat zuzentasunezko bideak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Euren bizitzetan Jainkoaren Erreinuaren etorrerea sentitzen ez daben gizon eta emakume guztien alde: euren ibilian aurkitu daiezela Jainkoaren presentzia xamurra adierazten daben gizon eta emakumeak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Jesukristoren eta bere Ebanjelioaren jarraitzaile garanon alde: bihozbarritzerako deia geure barruan onartu dagigun eta mundu barri eta anaikorra geure bizitzagaz iragarri dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: Jainkoaren agintzarien eta asmoen arabera bizi gaitezala, gure inguruan bakearen eta zuzentasunaren hazi izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO KOROIAREN BIGARREN KANDELEA ISIOTZEA

(Koroia altara aurrean edo ikusteko lekuan ipini. Alkarteko buru egiten dauanak bigarren kandelea isiotu eta hurrengo otoitza egiten dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Jainkoa gure Aita-Ama: Abenduko bidea ametsez eta utopiaz beterik dogu; eurak laguntzen deuskue aurrera egiten. Zure Erreinua, bakezko eta zuzentasunezko erreinua dala konturatzen gara. Abenduko bigarren kandela hau isiotzean, amets horreek egia bihurtzen joan daitezala eskatzen deutsugu; zure Erreinua indarra hartzen joan daitela.


ETXEKO ARGAZKIAKAZ OSOTUTAKO ALBUM BAT AURKEZTEA

(ko pertsona nagusi batek egitea komeni da. Aurretik, berari azaldu keinu honen esanahia. Holan azaldu leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nire urteak gogoratuz, itxaropenerako arrazoi handirik ez daukadala dinoe; oraintsuago edo gerotxoago, heriotza aurrean daukadala. Jauna, argazkien album honegaz nire eta nire etxekoen bizitza eskeintzen deutsut. Hor dago nire historia eta nire lehena. Baina lehen hori, biziaz beterik dago, Jauna, eta horregaitik dakartsut. Jauna, nire bihotzak itxaropenari lekutxo bat egiten deutso. Hur-hurrean sentitzen zaitut, eta egunen baten aurrez aurre ikusteko itxaropena daukat.


GURE BIDEETAKO ESKEINTZA AURKEZTEA

(Ospa lekuaren atzetik prozesinoa hasten da trafiko seinaleekin kartel batzuk dakarzela. Presbiteriora heltzean seinale bakoitzaren esanahia emoten da)

OTOITZA - AZALPENA:

  • Nik STOP seinalea dakart, Jauna, eta seinale honen bidez norberekeriari gugana pasatzen ez izteko erabakia agertu nahi dogu.

  • Ona hemen, Jauna, BIURGUNE ARRISKUTSUAREN seinalea: gogorkeriaren arriskua begien aurrean jarri nahi deusku.

  • Nik, barriz, EMON BIDEA seinalea dakartzut, eta bai nik eta bai nire alkartekoak gure arteko txikienei bidea emoteko hartzen dogun erabakia eskeintzen deutsugu.

  • NORABIDE GALARAZIA seinale honekin hedonismoaren, kontsumismoaren eta eukitze kulturaren aurka jokatzeko erabakia agertu nahi dogu, zure Erreinuaren aurka doazelako.

  • Nik dakardan eta eskeintzen deutsudan NORABIDE BAKARRA seinaleak zure Erreinua geureganatzeko maitasuna eta justizia hartzen ditugula bide bakar lez agertu nahi dau.

  • Baina bide honetatik abiada haundian joan beharra dogunez, nik AUTOPISTA seinalea dakartsut, solidaritatearen biderik onena.

  • Nik, azkenik, HELMUGA seinalea dakartsut, zure bakearen Erreinua dalako gaur eta hemen gure ahalegin eta konpromiso guztien eragilea.

  • Agurra

    Senideok: garrasi sarkor eta samina entzuten da mundu osoan: pobreen, babesbakoen, bidebakokeriak zapalduen, adin handikoen, gutxietsien, erabilien, etorkinen, lanik ez dabenen... garrasia da. Jaunaren bideak prestatzera, bizitza sozializatzera deitzen deuskun ahotsa. Jainkoaren Erreinua hurreratu dakigun, Jainkoaren salbamena guztiok ikusi dagigun, bideak zabaltzeko dei egiten deuskun oihua. Aste honetan zehar entzungo ahal ditugu deadar horreek eta luzatuko ahal ditugu gure besoak bideak zelaitzeko. Bihozbarritzez eta testigantzaz aste zoriontsua!

    Egun honetarako gogoetea

    “Urratu egizue bidea Jaunarentzat, zuzendu Haren bide zidorrak;
    eta ikusiko dabe guztiak Jainkoaren salbamena”




    Joan zan domekan hasitako ABENDUAREN BIDEAN jarraitzen dogu: JAUNAREN BIDEAK prestatzeari ekiten deutsagu. Gure helburua bera SALBATZAILE lez EZAGUTZEA DA: gure itxaropen eta salbamen bakarra Bera izan daiteke; baita gure munduarentzat ere.

    Domeka honetako Jainkoaren Hitzak horixe iragarten eta aldarrikatzen deusku. Profetearen bidez, Jainkoak, zuzentasuna eta bakea ekarriko dauan bere IGURTZIAREN presentzia iragarten dau; itsurakeriaz barik zuzentasunez epaituko dauana; dohairik ederrenez jantzita etorriko dana. Mundu barri batera, anaikorragora deitzen deuskun Jainkoaren utopia da.

    Era berean, Joan Bateatzaileak BIHOZBARRITZEA proposatzen deusku; “bihotzaren joerea guztiz aldatzea”; bizitzeko, pentsatzeko eta pentsaera bera aldatzea. Ebanjelioak esaten deuskun “Suaz eta Espiritu Santuaz” bateatzea da. Jesusek ulertu eta egiten dauan antzera ulertu, maitatu eta jokatzea da. BIHOZBARRITZEA NORBEREN BARRUA JESUSEGAZ BETETZEN JOATEA DA.

    Hauxe da JAINKOAREN ERREINUA egi bihurtzen joateko bidea; isiltasunean, igarri barik, baina benetan eta arduratsu. Bakearen eta zuzentasunaren alde jardunean; solidaritatea eta anaitasuna itxaropenez bultzatzean; benetako poza sortzen dauan egia eta parkamenaren bila gabizanean... hurrean dago JAINKOAREN ERREINUA.

    ABENDUAN JARRAITU aurrera...!

     

    Alkartea Ospakizunean

     
    << aurrekoa

    "Garbitu zaiteze, zereuetako Erreinua ur dago-ta"

    (Mt 3, 2)

     

     


    bidean@bidean.net
    castellano euskera batua euskera bizkaiera orue