Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Abendua - 3. domekea - 2016.eko Abenduaren 11a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak. Aurrera doa Abendu-aldia.

Aurreko domekak erne ibiltera, gure itxaropena biziagotzera deitzen euskuen. “Gaudete” izena daroa gaurkoak. “Poztu zaiteze” esango deusku. Alaitasunerako deia dakarren eguna. Hurrean dago Jainko Semearen jaiotza. Gabon jaiak ia eskuetan ditugu. Guztiak garoaz alaitasunera, zoriontasunera.

Gure artean dagoena, itxaroten doguna da gure bizitzei zentzuna, gatza emoten deutsena, gure bihotzak alaitu daikezana. Harek bere presentziaren zeinuak azaldu nahi deuskuz. Ha bere Hitzaren, Alkartearen eta Eukaristiaren bidez, presente egiten da bihotzak gertauta dabezenengan, egiaz onartu nahi dabenengan.

Jauna hurrean dogu! Hasi dagigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 35, 1-6a. 10

Irakurgai honetan, erbesteratuen herriratzea iragarteko Isaias profeteak hizkuntza poetikoa eta sinbolikoa darabil. Jainkoaren askatasun salbatzailean itxarotera eta fidatzera bultzatzen dau herria. Izadiko irudiekaz baliatzen da, Jainkoaren ekintza askatzailea deskribatzeko. Edegi dagigun gure bihotza profetaren mezu zoragarri hau onartzeko.


2. irakurgaia: Santiago 5, 7-10

Bigarren irakurgai honetan, Santiago apostoluak, bere erretolika oinarritzeko, egunero gertatzen dan adibidea erabilten dau: baserritarrak eroapen haundiz itxaroten dau bere izerdiaren frutua. Baserritarrak goldatu eta erein, ongarritu eta lurra zaindu, eta euriaren zain dago gero uzta batzeko. Apostoluak, Jaunaren zain egotera bultzatzen gaitu. Onartu dagigun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Mateo 11, 2-11

Joan Bateatzailea kartzelan dago eta Jesusen barri jakin nahi dau. Bere ikasle bi bialtzen dauz ia itxaroten gagozan Mesias bera dan ziurtatzeko. Jesusek, berezko esanahia daukeen zeinu eta hizkuntza sinbolikoa erabilten dau Joani erantzuteko. Entzun daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Gaur entzundako Jaunaren Hitzari erantzunez, aurkeztu deioguzan uste osoz Aita onari gure preminak.

1.- Eleizaren, Aita Santuaren, Gotzainen eta eleiz zerbitzari guztien alde: gizaki guztiei Ebanjelioaren Barri Ona iragartera deituak diran ezkero, hitzez eta egitez bete dagiela euren eginkizuna. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Lurreko herri guztietako agintarien alde: beti guztien onaren alde eginez, pobreen mesedetan ibili daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Munduko bakearen eta hori errealitate gertatu daiten lanean dabizan guztien alde: sentidu daiela euren bizitzan eta bihotzean Jainkoaren sendotasuna. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gitxien dauken pertsonen alde: Abendu-aldi honetan, fededunok solidarioak izanik, ondasunak behartsuenekin banatzen jakin dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Alkartearen alde: apalak eta onartzaileak izan gaitezan, guztien onaren bila ahaleginduz, itxaropena eta poza transmititzeko gai diran pertsonak izan gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO HIRUGARREN KANDELEA ISIOTZEA

(Arduratsu eta kezkatsu bizi dan edo erakunde zibil baten lana egiten dauan batek isiotu leike gaurko kandelea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, alkarteak aukeratu nau hirugarren kandela hau isiotzeko; hirurak batera argi hobea egiten dabe. Gizartean daukaguzan konpromisoen ezaugarri izan gura dabe. Zugan sinisten dogunok, Jauna, gure politikeak edo sindikalgintzak karitatea be kontuan izan daiala. Jauna, lotatik itzartu gaizuz, gure gizartearen erdian zure lekuko izan gaitezan. Zuzentasunaren, askatasunaren eta bakearen alde jokatuz, zure etorrerea erreztu daigula.


UMEEN EKITALDIA AURKEZTEA

(Alkartearen poztasuna agertzeko ume talde batek kantu, dantza edo antzerki bat egiten dau. Horren ondoren otoitza egiten da)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, umeen ekitaldi honegaz gure alkartearen poza agertu nahi deutsugu. Zu ere gugaz poztuko zarala uste dogu. Poz hau zaintzen lagundu eiguzu. Gure itxaropenagaz batera gehitzen joan daitela, zure Semeak hasi eban Erreinu barrian danok bat egin arte, umeak aurretik diralarik.


BAKERO PRAKA BATZUK AURKEZTEA

(Eskeintza hau gazte batek egitea komeni da)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen, Jauna, praka bakeroak. Gazteen ezaugarri bat dira. Gure kontsumismo egarria be agertzen dabe: modea, musikea, motorrak, jolasak, alkohola, drogak… Hor bilatzen dogu gure zoriontasuna. Eta momentu hori arinegi pasatzen jaku. Praka honeek eskeintzeaz batera, Jauna, gure poztasuna eta zoriontasuna zugan aurkitu gura doguzala agertzen deutsugu. Bete gaizuz, Jauna, zure bizi pozez.

Agurra

Senideok: amaitu dogu ospakizuna. Abenduaren bide honetan, itxaroten dogunaren jaiotzarako prestatzen goaz. Pozez, alaitasunez beteko gaituena dator. Jesukristoren jaiotza alaitasunez transmititzeko gai izan gaitezala. Kristau testigantzaz eta alaitasunez betetako aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Jaunaren Espiritua nigan dago,
behartsuei Barri Ona emotera bialdu nau”




Abenduko BIDEAN aurrera goaz. “Jaunaren bidea prestatu behar dogu” abesteak, ibilbide horren neurria markatzen deusku. Zerbait barriagaz aurkitzeko itxaropenak, indar barriagaz, salbatzen gaituan Jaunagaz, ibilbide hori zentzunez betetzen dau.

Irudirik ederrena, umea eukiteko dagoan amaren itxaropen tentsinozko, gozo eta samurra da. Ama umearen zain dago baina ekinean dabil: bere izate osoan gertatzen dago jaiotzako momentu hunkigarri horretarako. Ama izango dana ez dago zeregin ezean: buru-belarri arduratuta eta ekinean dago momentu eder hori prestatzeko.

Ama izango danaren irudi ederra. KRISTAU ABENDUA ere holakoxea da. Abenduko hirugarren domekeak holan bizitzera gonbidatzen gaitu.

“gainezkako poza” (1go irakurgaia): Jainkoaren askapena holan azaltzen deutso profeteak bere herriari; erraietatik aldatzen doa dana.

“hurrean dago Jaunaren etorrerea” (2gn irakurgaia): nekatuta dagoan alkarteari, Santiago apostoluak egiten deutson proposamena da.

"Jesusen ekintzak" (ebanjelioa): itsuak ikusten dabe, elbarrituak badabiz... behartsuei Barri Ona iragarten jake: honexek dira Jesusek egiten dauzan salbamen ekintzak. Salbamena egi bihurtu da.

BIDEAN AURRERA egin behar dogu.
Jauna HURREAN dogu!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zea zara "Etortekoa"?"

(Mt 11, 3)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue