Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Abendua - 4. domekea - 2016.eko Abenduaren 18a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: ospakizunera ondo etorriak.

Egun gitxi barru, GABON EGUNA ospatuko dogu, gizon egin nahi izan dauan Jainkoaren jaiotza. Jainkoak gure kide izan nahi dau bizitzaren abenturan, mundu honetan bizitzearen esperientzia izan. Gurekin batera gozatu, sufritu eta hazi, gurekin batera ibili.

“Jainkoa gurekin dagoela” aurkitzea da kristau izatea, gure bizitzaren bihotzean, gure giza historiaren barruan Jainkoa dabilela fedez konturatzea, gure arazo eta nahietan Jainkoa partaide, bizikide dogula aurkitzea. Jainkoa gure solidario izate honek, gure historian partaide izate honek eusten deutso gure itxaropenari.

Senideok: bakarrik ez gabizala jakitearen pozez, Jainkoa gure bizitzetan partaide dogulako, emon deiogun hasierea ospakizunari.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 7, 10-14

Dabiden dinastia arriskuan dago eta Akaz erregeak, Jainkoaren laguntza eskatu ordez, auzoko herriekaz konponketak egiten dauzala entzungo dogu. Profeteak, Jainkoaren izenean, orakulu baten iragarpena egiten dau: birjina batek umea izango dau. Iragarpen honegaz, Jainkoa bere herriagaz dagoela agertu gura deusku profeteak. Geuretzako be, mezu pozgarria da. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: Erromakoai 1, 1-7

Erromakoai egindako eskutitzaren hasieran, Paulo apostoluak, kristau teologia laburbatuz, Kristoren misterioa agertzen deusku. Guztiok Jainkoak maitatuak garan ezkero, bere egitasmoan sartzen gara; Berak, Kristogan, santu izatera eta Barri Ona iragartera bialtzen gaitu. Onartu dagigun, pozez beterik, apostoluaren gogoeta hau.


Ebanjelioa: Mateo 1, 18-24

Ebanjelio zati honetan zeinu bat eskeintzen jaku: Espirituaren egitez, Mariak umea izango dau. Jose, Dabiden jatorrikoa dan ezkero, Jesus ere legez eta profetearen esana beteaz, familia horretan sartzen dau. Jainkoaren salbamen ekintzan gizakiak ere parte hartu behar dau. Jainkoaren borondatea eta misterioa onartuz, Josek parte hartzen dau. Entzun dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Orain, Jainkoaren presentzia gure artean sumatzera garoazan fedez bihotzak beteta, seme-alaben uste osoz aurkeztu deioguzan gure preminak eta otoitzak, entzunak izango garan ziurtasun osoz.

1.- Eleizaren alde: hitzez eta keinuz, Jainkoak deuskun maitasunaren ezaugarri izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Oinazeak, drogak, bidebakokeriak, bazterketak itsututa Barri Onaren iragarpena onartu ezin daben gizaki guztien alde: horreek ere, gure jokabideari eskerrak, ikusi daiela mundu gizatiar eta solidarioagoa ahal dala egin. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Munduko eta gure herriko bakearen alde: guztion artean aurkitu daiguzala alkarrizketarako eta alkar onartzeko bideak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gure ondoko eta herriko gaixo, ezindu eta baztertuen alde: eurak ere Jainkoaren poza eta salbamena hurretik sentidu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan alkartu garanon alde: egiaz eta benetan Jainkoaren presentzia iragartera eta zabaltzera deituak sentidu gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO KOROIAREN LAUGARREN KANDELEA ISIOTZEA

(Laugarren kandela hau, batzar buruak isiotzen dau. Errez ikusteko lekuan eta ahal dala apaingarri bakarra izan daitela)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Abenduko lau kandelak isiotuta daukaguz. Eta argia gure artean dago. Lehenago, Jaunaren Berbeari baietza emon eutsan sabelean, eta, gero, gizakioi eskeini euskun bizitzan egon zan. Gabonak bizitekoak eta ikutzekoak dira. Gure itxaropena egia bihurtuko da. Jauna, errealitate eta itxaropen horren tartean, gure bihotzak ipini gura doguz; Mariaren antzera, bete eizuz zure argiz, gu be zure lekuko izan gaitezan. Kontsumokerian jausi barik, benetako Gabonak ospatu gura doguz.


KATILU BAT AURKEZTEA

(Alkarteko gazte batek egin leike. Beragaz, kristauon prestutasuna agertu gura dogu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, katilu hau dakartsut; ni eta nire kristau lagunak prest gagoz Zugandik jatorkuna onartzeko. Mariaren antzera, zure Hitza eta zure grazia onartzeko prest gagoz. Eurak barik ezer gitxi gara, eta gure norberekeriak zugandik aldendu besterik ez gaitu egiten. Jauna, bete eizuz gure bihotzak zure graziaz.


JAIOTZAN IPINIKO DEN SEASKA HUTSAREN AURKEZPENA

(Haur batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Gure eleizan ipiniko dogun Jaiotzan egongo dan kumatxoa dakartsugu, Jauna. Inguru guztia apaintzen dogunean, hortxe ipiniko dogu Belengo Umetxoa. Gaur, zure Seme Jesukristo onartzeko gure bihotzak prest dagozala agertu nahi deutsugu. Jauna, egizu benetan gutariko bakotxarengan jaio dadila.

Agurra

Senideok: Jainkoa gurekin dogu. Zagozan lekuan zagozala, Jainkoa zeure ondoan dago. Nahiko dozu Andre Mariaren antzera Espirituaren Misteriora zabaltzea. Jainko hilezina gizon egina eta gugandik hur. Gutako bakotxagan jaio daiteke Jainkoa; gugan jaio nahi dau Jainkoak. Egun batzuk daukaguz gure bihotzak prestatzeko. Gutako bakotxarengan gertatu daiteke egiazko Gabona. Etorrera-aldiko azken zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Birjineak sabelean sortu eta semea izango dau,
eta Emmanuel ezarriko deutsoe izena, hau da: Jainkoa gugaz”




ABENDUKO bidean azken domekara heldu gara. Jai honeek kristau ikutuz ospatu ahal daiguzan domeka honetako liturgiak prestaketa azpimarratzen dau; gure artera datorren Jainkoa (bera da “EMMANUEL”) eta gure ondoan bizi diran anai-arrebak onartzeko, zabalik.

Jai honeek geure inguruan, geure famili giroan bakarrik bizitzeko arriskua daukagu; eta beti gogoan izan behar dogu guk bizi doguna ez dala geuretzat bakarrik; gure anai-arrebei eta batez be gehien behar dabenei eskeindu behar deutsegula poz hori. Eta kanpoko giroak normalean guztiz kontrakoa eskeintzen deusku. Hemen kokatzen dogu KARITASEN deia ere: gure artean txarto pasatzen dabenakaz bat egin, eurekana hurreratu, euren preminakaz arduratu Gabonetan eta urtean zehar.

Giro honetan Gabon jaiak ospatzeko prestatzen gara. Jainkoa salbatzera dator, baina behartsu lez dator. “Beragaz konektatzeko” sintonian egon behar gara. Horretarako prestatu behar gara. Benetan salbatu geinkezan Haregaz AURKITZEA egi bihurtu daitela.

BEHARTSUEI zabalik,
GABON ZORIONTSUAK!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Seme bat izango dau, eta izena Jesus ezarriko dautsazu"

(Mt 1, 21)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue