Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Gabonak - GABON EGUNA - 2016.eko Abenduaren 25a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Gabon jai zoriontsuak!

Gaurko egunak poza eta alaitasuna dakarzku. Jesusen jaiotza gomutatzen eta gaurkotzen dogu. Jauna gurekin dogu, gure artean. Gure historian lagun izatera etorri da, gutariko bakotxarekin ibiltera. Jaungoikoa gizon egin jakula ospatzen dogu, Jainkoak lortu dauala gurekin eta gu lez bizitzea. Gaur Jainkoa Belengo Ume samur lez agertzen jaku.

Prestatu daigun gure bihotza Jaunaren Berbea entzuteko eta Haren Gorputzez indartzeko. Zabaldu deioguzan gure bizitzako ateak eta gugan ipiniko dau bere etxea. Itzi deiogun bere presentziaz bete gaizan, eta holan izango gara Jaunaren errebelazinoa, Gabon jaien testiguak.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 52, 7-10

Isaias profeteak, oso pozik, Jainkoaren garaipena iragarten deutso bere herriari. Gure Jaungoikoa Errege da, eta haren Erreinua samurtasuna, poza eta bakea da. Hauxe da profeteak, gertaerak baino mendeak aurrerago, bere herriari eta herri guztiei aldarrikatzen deutsen mezua pozgarria. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: Hebertarrei 1, 1-6

Hebertarrei egindako eskutitzaren idazleak adierazoten dau: profetak iragarritako Jainkoa, betidanik itxaron zana, gizon egin dala Semearengan. “Bera da Jaunaren aintzaren distirea eta beronen izatearen irudia”, esango deusku. Bizitzaz beteriko eta itxaropenezko mezua gizadiarentzat. Onartu dagigun bihotzez.


Ebanjelioa: Joan 1, 1-18

Jesus da Jainkoak gizadiari emondako behin betiko Berbea, esango deusku ebanjelariak, “ikasle maiteak”. Onartzen gaituan hurreko Berbea da, eta bere barruan itxi ordez, gure artean jarri dau bizilekua, argitu egiten dau gure bizitza. Baina ilunpean be jarraitu leiteke: “bere lagunak ez eben onartu”, gogoratuko deusku ebanjelariak. Harengana zabaltzeko deia jasoten dogu gogoeta honetan.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jaunaren seme-alaba izatearen konfiantzaz, gure beharrizanak, Eleizearenak eta munduarenak aurkezten deutsaguz Jainko Aita-Amari, Jesu Kristoren bitartez.

1.- Eleizearen alde, gure parrokietako eta erlijioso etxeetako alkarte txikien alde: senideak onartuz eta zerbituz, iragarri daiela Belengo Barri Ona. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Munduan zehar sufritzen dagozan umeen alde: euren inguruan aurkitu daien maitatuko, kontu egingo, zainduko eta arretaz elikatuko dabezanak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Iluntasunean eta borroka giroan bizi diran guztien alde: Barri Ona zabalduaz eta ezagutuaz, argitxoak pizten joan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Munduko eta gure herriko bakearen alde: Belengo Umeak, “Bakearen Mezulariak”, aldatu daizala gure bihotzak; gure berbak eta keinuak egin daizala alkartasunaren eta senidetasunaren ezaugarri. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Belengo jaiotza ospatzeko pozez alkartu garan guztion alde: Jaunak eskeintzen deuskun doako salbamenaren eroale eta zabaltzaile izan gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



KANDELAK AURKEZTEA

(Eleizan dagozanak prestatutako kandelatxoa isiotzen dabe. Jende gitxi dagoanean batzar buruarengana hurreratu eta eskeini zeozer esanez -gura izan ezkero-. Batzar buruak, laburpen bat edo honango otoitz hau esaten dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure Seme Jesu Kristoren jaiotzagaz mundua Argitu zenduala-eta, Haren ezaugarri lez, guk be eleiza hau argiz bete gura izan dogu. Kandela honeekaz batera, geu besteentzat argi izateko konpromisoa eskeintzen deutsugu. Gu ikusten gaituenak, Jesu Kristoren testigu lez eta zure maitasunaren agerpen lez ezagutu gaizala.


BATUTAKO DIRUA AURKEZTEA

(Zerbait kantatzen dan bitartean, diru batzea egiten da eta altara aurrean itzi. Karitasen beharrizanetarako izango da)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona, gure artean, anaitasun giroan alkarbanatzeko prest gagozan ezkero, ezagutzen ez doguzan behartsuakaz be alkarbanatu gura dogu. Jesu Kristoren gizakundeak guztiok anaia-arreba egiten gaitu, eta hauxe da euren alde guk eskeintzen deutsugun solidaritatezko laguntza.


LUNTXEAN HARTUKO DAN ZERBAITEN AURKEZPENA

(Pertsona ezbardinak ekarritako janariaren aurkezpena. Nahikoa litzateke ezaugarri batzuk ipintea eta zertarako dan esatea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure familietako egun bereziak alkarrekin ospatzen doguz. Gaur, zure Semearen Jaiotzak sortzen deuskun poza ere kristau familia lez ospatu gura dogu, Gabonak gure alkartean prestatuaz. Janari honeek, anaitasunaren ezaugarri lez eskeintzen deutsuguz; anaitasun hori egi bihurtu deigula eguneroko bizitzan.

Agurra

Senideok: barriro be Gabon jai zoriontsuak! Zalantzarik izan ez daigun, Jainkoak berak iragarri deusku bere Semearen jaiotzaren Barri Ona. Hurreratu gaitezan entzutera Belenera, Jesusen biziera gure biziera egin daiten, poztu gaizan eta Bera eroan eban lekuraino eroan gaizan. Hurreratu gaitezan Belenera eta itzi deiogun Jainkoari bere maitasun mugagabeaz eta doakoaz busti gaizala. Egun zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Barri On bat dakartsuet, poz haundi bat:
Mesias, Salbatzailea jaio izan jaku”




Heldu gara: GABONAK dira. Pentsatu zeinkie: “badakigu; ez daukazu esan beharrik”. Ba… kito. GABONAK dirala dinot. Eta berba honeetan ZERBAIT HANDIA eta ederra dago. GABON zoriontsuak! Zorionak, ezkutuan egoana aurkitzearren!

Kristau alkarteak, Jainkoaren Seme maitearen, Jesusen etorrerea ospatzen dau Gabonetan. Salbamen etorrera hori (hauxe da “Mesiasen” esangurea) Erreinuaren historian momentu erabakiorra da; Jaunaren etorrerearen aurrerapena da.

Kristau sinismenak, Berbea haragitzearen misterioa ospatzen dau. Gabonak, batez be, errebelazino sakona eta azken bako agerpena dalako, berba sendoa, benetakoa eta oinarrizkoa da.

Berbeak norberaren errebelazinoa agertu gura dau; Jainkoak bere benetako barrua agertzen deusku: bere maitasuna, bere errukia, bere aitatasuna, bere bihotzeko samurtasuna. Gabonak barik, gizakunde barik, errebelazinoaren argi horren faltan, gure Jaungoikoaren ezagutza errakuntzaz beterik egongo litzateke.

Haragi egin dan Berbeari esker ezagutzen dogu benetako Jainkoa: ez da pentsalarien Jainkoa, Jainko teistea; eta bai gizakion zorion bat egiten dauana, gure historian oso-osorik sartzen dana, heriotza bera be norbereganatzen dauana. Gizakiokana hurreratzeko erea, gizaki egitea da. Jainkoak bere gain hartzen dau, behartsuen, zapalduen eta baztertuen ezina eta apaltasuna, eta bere benetako aurpegia agertzen deusku; guk imajinatu ezineko aurpegia. Gizakundearen ostean, Jainkoa Jauna da, baina ez indarrez, apaltasunez baino; ez indarkeriaz, ahultasunez baino; ezta mehatxuz be, isiltasunez baino.

Haragi egindako Berbearen berbetea holakoxea da; ekintzaz, maitasunez eta egia sakonez beteriko berbetea.

Zer gertatzen da? GABONAK berbea geuk gura doguzan esangurez beteten dogula. Zelan ez! Kristau batentzat Gabonak ZERBAIT izan behar dau; kalean ikusten danetik zerbait ezbardina… “BELENERA BEGIRA NAGO” eta… benetan zerbait BARRIA da, zerbait HARRIGARRIA: Belengo sinpletasuna eta apaltasuna ikusiz, kristau GABONAK BENETAN ezbardinak DIRA.

Gabonak zer diran jakin gura dozu? BELENERA BEGIRA geratu: horixe da ikasteko era bakarra. Bildur barik hurreratu: ume bat besterik ez da!

GABON ZORIONTSUAK!
Animatu: BELENERA BEGIRA geratu!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Eta hitza gizon egin zan, eta bere bizilekua gure artean jarri eban"

(Jn 1, 14)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue