Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Gabonak - FAMILIA SANTUA - 2016.eko Abenduaren 30a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: ondo etorriak kristau ospakizun honetara!

Gaur, kristau alkartean, Familiaren, NAZARETEKO FAMILIAREN jaia ospatzen dogu. Ezin da izan beste era batera: Jaungoikoa gure arteko bat lakoa egin bada, familia baten jaio, bizi eta hazi behar dau; Joseren eta Mariaren familia aukeratu dau. Familia holan aurkezten deusku Jaunaren Berbeak: gizarteratzeko eta bizitzeko leku, pertsonearen garapenean gune garrantzitsu lez.

Baina kontuan hartu behar dogu gure parrokietako eta erlijioso bizitzako alkarteak be egiazko familiak dirala, Aita Jainkoaren begiradapean garatzen diran familiak. Familia honetako kide garan segurtasunez eta sentimenduz, sakontasunez biziko dogu ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Siraken Jakinduria 3, 2-6. 12-14

Laugarren Aginduaren inguruko iruzkina egiten dau Ben Sira jakintsuaren liburu honek: gurasoak ondratzea, eta gurasoei lotsa izatea. Adineko, maisu, jakintsu, eskarmentu haundiko gizaki lez hartzen dira gurasoak jakinduriazko berbakeran. Seme-alabak begirunea, zerbitzua eta laguntza zor deutsoe. Eta guztia giza hartuemonak areagotzen eta Jainkoari begira ipinten dituen maitezko berbakeran emona. Onartu dagigun gogoeta hau.


2. irakurgaia: Kolosaskoai 3, 12-21

Paulo apostoluak, Kolosaskoai idatzitako gutunean, Jainkoak hautatuak dirala-eta, giza birtuteak eta kristauarenak lantzera gonbidatzen ditu. Senidetasun giroko maitasun haunditik sortutako familia lez hazten doan kristau alkartea sortu dagiela. Bihotzez, entzun daiguzan apostoluaren berba honek.


Ebanjelioa: Mateo 2, 13-15. 19-23

Familia Santuak Egiptora ihes egin ebenekoa eskeintzen deusku ebanjelioak. Jesusek ez eban bizitza errezik izan, ezta haurtzaroan ere. Herodesengandik ihesik, etxetik urten beharra tokatu jakon; erbestera joan beharrean izan zan, errefuxiatu beharrean. Egiaz hartu eban gure giza izaerea. Hauxe da ebanjelioko pasartearen mezua. Entzun dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jaunaren familiako izanik eta Nazareteko Familia Santua bitarteko dogularik, Jainko Aita-Amari zuzentzen deutsaguz gure eskariak.

1.- Eleiza osoaren alde: munduaren aurrean, gizaki guztiei bere maitasuna agertzen deutsen Jainkoaren seme-alaben familia lez agertu daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Familien alde: gaixotasun, gose, bazterketa edo aukerarik ezagaitik txarto pasatzen dagozanen alde: guztiak duintasunez bizi daitezan, egin gaizuz, Jauna, solidarioak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Ezkontzeko edo alkarregaz biziteko pentsetan dagozan gazteen alde: alkar errespetuan, alkarrizketan eta tolerantzian oinarritu daien euren bizitza. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Nazinoetako agintarien alde: egiten dabezan arauak eta legeak familia guztiak bardintasunean tratatu daiezan, eta guztion artean gizarte zuzenagoa edo solidarioagoa egin daigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure kristau alkartearen alde eta erlijioso alkarte guztien alde: parkamena, onespena, zerbitzua eta alkar laguntza bizi daben benetako familiak izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MAHATS MORDO BAT AURKEZTEA

(Familia osoa ondoan dauala, aita batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Gure familia eta lurreko familia guztien ezaugarri lez mahats mordo hau dakartsut, Jauna. Enborrari lotutako aienak eusten dabez hainbeste mahats mordo. Gure familietan be era askotako pertsonak bizi gara, baina batasunean bizi gura dogu. Jauna, lagundu eiguzu gure gogoak egia bihurtzen.


ETXEKO GILTZA AURKEZTEA

(Hau be alkarteko guraso helduago batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, etxeko atearen giltza dakartsut. Nire familiaren giltza da. Gaurko egoerak sortzen dauzan arriskuetatik zaintzea tokatzen jat. Egia esan, eginkizun hau, nire emazteagaz batera gustura daroadala. Seme-alaben heziketak arduratzen gaitu. Giltza hau dakartsugu, atea zabaltzea erreza dalako. Munduko eta gizarteko arazoakaz bat egin gura dogu. Familiako eta gizarteko egoerea hobetzen gure ahalegina egiteko prest agertzen gara.


EZKONTZAKO ERAZTUN BATEN AURKEZPENA

(Ezkonduta dagoen edozein pertsonak (gizonak) egin leike eskeintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egun honetan nik nire ezkontzako eraztun hau aurkezten deutsut. Nire andreagaz, familia bat sortzeko bizitza guztirako emon neban baietzaren eta leialtasunaren seinale da. Ezkontzako sakramentuaren konpromisoa gogoratuz, aita guztien izenean eskeintzen deutsut. Jauna, gure konpromisuak pozez eta denpora eskeiniz bete daiguzan, bizkortu egizu gugan sakramentuaren eragina.


ALKARTEKO UMETXO BATEN AURKEZPENA

(Gurasoak edo aita-ama besoetakoak egiten dabe; umea hartu eta presbiteriora hurreratzen dira)

OTOITZA – AZALPENA: Orain dala gitxi bateatu genduan gure familiako txikitxu hau dakartsugu, Jauna; zure jarraipenean hazteko konpromezua hartu genduan. Gaur, gure poza eta gure antzera aurkitzen diran famili guztien poza agertu nahi deutsugu; baita be kristau lez hezteko hartu genduan konpromezua barriztatzen dogu. Holan eginez, zoriontsu izango garala eta bakean biziko garan itxaropena dogu.

Agurra

Senideok: Jaunaren maitasuna Nazareteko Familian bihurtua bizi izan dogu ospakizun honetan. Jesusek, Mariak eta Josek bizitzaren handitasuna eta sinpletasuna aurkitzera eta Jainkoaren maitasunaren esperientzia bizitzera gonbidatzen gaitue. Jai honek bultzatu gaizala MAITASUN horren lekuko izatera gure etxeetan, auzoan eta lagun artean. Familian bizi izatearen poza gozatu deigula.

Egun honetarako gogoetea

“Kristoren bakeak agindu bedi zuen bihotzetan;
ugari bizi bedi zuengan Kristoren berbea”




GABONETAN eta JAINKOAREN MAITASUN misterioa kontenplatzen jarraitzen dogu. Ikaragarria da. Gure Jainkoa harrigarria da: bere planteamentua eta benetako “gizakundea” ez da normala… ondorio guztiakaz, gainera. Gabon jaietako egun bakotxak… hori KONTENPLATZERA deitzen deusku. Gabonetako Jaunaren maitasun misterio horren inguruan zer arakatu asko dogu.

Egun honetan, FAMILIA SAKRATUA begiratzeko deia dogu; bertan, gaurko kristauontzat be pasatzen ez diran baloreak aurkituko doguz. Aita, ez nagusi eta agintedun dan familia, eta bai alkar bizitza, alkar ulermena, emonkorrak eta onartze baloreak bizi dauzan Nazareteko familia. Balore horreetan benetako “ESKOLEA” eskeintzen jaku; betikoak diran baloreak.

Familia, gaur egun “kontrako” eritxiak egon arren (“penduluaren” legearen arabera), bizitzako errealitate nagusia dogu. Gaurko liturgiak Jesus eskeintzen deusku familia baten biziten eta errealitate hori onartzen. Bere “gizakundearen” ondorioa da: giza errealitatea, mugatua eta gertagarria onartzen dau; eta bizitzaren, erlazinoaren, alkar bizitzaren eta haztearen ikuspegia eskeintzen deusku. Jainkoa-Abba lez hartzearen ikuspegia, baina baita “kontrakoa” agertzeko, familia eta jarraipena aurrez aurre ipinten dauzanean.

Bere arazoetan ixten dan familia baten aurrean (“bakotxa bere etxean eta Jainkoa guztietan”), Nazaretekoa familia IREKIA lez agertzen jaku:

Inguruko beharrizanetara: hori agertzen deuskue ebanjelioetan agertzen diran detaileak.
Jainkoaren gogoetara: norberaren familiaren gainetik, Jesusen eta Erreinuaren proiektuaren inguruan sortzen doan FAMILIA BARRIARI begira ipinten gaitu. Jainkoaren proiektua da lehenengoa (“lehenengoa lehena da, eta ondoren besteak”).
Norberaren izateari errespetuan: alkar ulertzearen eta onartzearen adibide lez azaldu leiteke Nazareteko familia. Horregaitik da eredua.

Errealitate honeek gaur balio ete dabe? Hainbeste “aurrerapenen” ostean, EBANJELIOKO BALOREAK atzean geratu ete dira?

BELENA BEGIRATUZ ETA KONTENPLATUZ,
Nazaretekoaren antzeko FAMILIA izateko gogoa eta poza
izan deigula.

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Umea eta beronen ama hartuta Egiptora iges egizu"

(Mt 2, 13)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue