Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Gabonak - Urte Barria: ANDRA MARIA, JAINKOAREN AMA - 2017.eko Urtarrilaren 01a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Urte Barri on!

Urtearen lehenengo egunean eta Jesu Kristoren jaiotzatik zortzi egunera, liturgiak ANDRA MARIAren jai hau proposatzen deusku, Jaunaren Semearen Gizakundeko Misterioa sakontzen jarraitzeko. Gaur, gainera, “MUNDUKO BAKE EGUNA” ospatzen dogu. Guztiok itxaroten eta behar dogun bakea. Bakea munduan, bakea alkarren arteko hartuemonetan eta bakea gure barruan.

Horregaitik, urtearen lehenengo eguneko ospakizunari hasierea emotean, argi eta garbi autortu nahi dogu Jainkoarengan, gure bizien eta historiaren Jaunarengan dogun fedea. Urte barri honen oparia da, duda barik, fedean hazten segitzeko, Jaunaren jarraipenean leialak izateko emoten jakun aukera barria. Ez daigun ahaztu Andra Maria, Jainkoaren Ama, gu babesten eta gure alde erreguka daukagula.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Zenbakiak 6, 22-27

Israelgo abadeak urtearen hasieran herria bedeinkatzen eben. Bedeinkatzeak, pertsona, leku eta gauzak ondo tratatzea esan gura dau. Jainkoak bere on egitea eskeintzen deusku urtearen hasieran. Aita onaren ezaugarria da Jainkoaren bedeinkapena. Bere bakea eta argitasuna eskeintzen deuskuz. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: Galaziarrei 4, 4-7

San Paulo apostoluak hau gogoratzen deusku: Jesusi eskerrak “Abba”, Aita, dei egin deikiogula Jainkoari. Zoritxarrez ohituegiak gagoz Jainkoari “Aita” esaten, eta ez gara konturatu be egiten norainoko oparia dogun hau: Aita dogu bera, eta gu haren seme-alabak gara; seme-alaba babestuak eta maitatuak. Onartu dagigun mezu eder hau.


Ebanjelioa: Lukas 2, 16-21

Pasarte honengan entzungo dogunez, artzainek, aingeruaren mezuak motibatuak eta bihotza berotuta, bideari ekin eutsen Jaungoikoak zer adierazo gura eutsen ikustera joanez. Artzainak zuhur egozan, zain, itxaroten, irauten, bilaka ebilzan, bideari ekin eutsen, alkar animatzen eben, guztiak abesten, eskerrak emoten ebezan, bedeinkatzen, poza adierazoz egin eben bidea; duda barik Jainkoagan konfiantza ipini dabenen jarrera gogotsua.

Beste alde batetik, Lukas ebanjelariak dinosku: Mariak Jainkoari entzuten eutsala jazoeretan eta bere bihotzean gordetzen ebala artzainek esaten eutsen guztia. Mariari be, seguruenik, ez jakon erreza gertatu aukeratua izatea, berarenganatzen zana bizitzea. Fedea, gugan lez, Mariarengan be prozesua izan zan. Entzun dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusen jaiotzagaz Jainkoaren seme-alaba izatearen pozaz, aurkeztu deioguzan gure eskariak eta preminak.

1.- Herrietako agintarien alde: egiazko bakearen eta justiziaren alde, gizon-emakumeen eta herri guztien arteko bardintasunaren alde gogotsu lan egin daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Seme-alabak gaixorik edo drogeari lotuak dabezalako edo beste edozergaitik sufritzen dagozan ama guztien alde: Jesusengan aurkitu daiela itxaropenerako indarra eta gugan behar daben laguntza eta alkartasuna. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- BAKEAREN alde: gaur hasten dogun urte barri honetan bakea gure artean eta munduan bideragarri gertatu daiten, sendo eta gogotsu lan egin daigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Urte barri hau zailtasunez eta bildurrez estreinatzen dabenen alde, gure gizartearen zokoetan bizi diranen alde: gugan onarpena, errespetua eta beroa aurkitu daiela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Urteko lehen ospakizun honetan alkartu garanon alde: Jesusen ondoren, ilusinoz eta itxaropenez beterik jarraitu daigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



USOEKIN ESTALPERA IBILALDIA

(Eleizan dagozan ume guztiak, kartulinan egindako usoak daukiez. Estalpera hurreratu eta han izten dabez. Ume batek honango eskeintza hau egiten dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hemen alkartu garan umeok, zure estalpea usategi bat bihurtu gura izan dogu: BAKEA dana eta bake ezaugarriak bat eginda. Zure Semeak, uso honeek aireratu daizala, munduko bazter guztietan bakea loratu daiten. Bete gaizuz zure bakeaz eta egin gaizuz bakezale.


AGENDA BAT AURKEZTEA

(Urte Barriko agendea. Alkarteko pertsona heldu batek egin leike. Ondo legoke irakasle batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, estreinatu bako agenda hau dakartsut. Urte Barria zurian dago. Alkartearen izenean dakartsut; Zugan gure konfiantzea dogulako, Urte Barria eta gure bizia zure eskuetan izten doguz. Gure gogoak eta ilusinoak be hortxe dagoz; baita, urte hau Zuri eta anaia-arrebei begira biziteko konpromisoa be.


AMA BIRJINARI EGINDAKO OLERKI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko neskato batek egiten dau. Herriko Ama Birjinaren irudi bati edo beste barik Ama Birjinari egindako olerki bat irakurten dau eta gero horri hori, aurkezpen lez, altara inguruan itzi)

Agurra

Bakea “shalon” da, harmonia Jaunarekin, senideekin eta kreazioarekin; zoriontasun espirituala eta materiala da, justiziaren, askatasunaren eta maitasunaren emaitza. Baina bakea guztion eta bakoitzaren egitekoa ere bada; guztion erantzukizuna da, gizakiaren egarririk sakonenetakoa baita. Giza duintasuna errespetatzearen ondorioa da: kultura solidarioa, ondasun banatuak, gizarte zuzena… Bakea ez da zerbait burutua, baizik eta eguneroko eginkizuna. BAKEA egi bihurtzen joateko pausoak eman ditzagula!

Egun honetarako gogoetea

“2017 URTE ZORIONTSUA!”



Kristau alkarteak, mundu honetan kokaturik, URTE BARRIA hasten dau. Zentzunez, indarrez, ilusinoz eta konpromisoz betetako arrazoi nagusi bi daukaz:

- Jesusen amaren MARIAREN festaburua.
- BAKEAREN eguna; danok gura dogun bakea.

- Urte Barria MARIARI begira hastea “ondo egindako” seme-alaben jarrerea da. Hurrengo hilabeteetan egin beharreko bideak “ume” bihurtzen gaitu, “bildurti”. Horregaitik, bidearen hasieran Amaren laguntza, aholkua eta argia eskatzen dogu. Bihotz sinismendunaren bihozkadea dogu. Hurreratu gaitezan gu be guztion Amagana.

- Urte Barriaren hasieran BAKEA aldarrikatzea, lana eginaz eta bila ibiliaz, ebanjelioaren argitasunera bakarrik egin geinke. Kristauok, bakearen alde lanean jarraitzeko konpromisoa barriztatzen dogu. DANOK BATERA alkartasuna sortzea, bakea eskatzea eta eraikitzea, estreinatzen dogun 2016. urteko erronkea dogu. Egia bihurtuko ete dogu!

ZORIONTSUAK BAKEAren lana egiten dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Maria, Jose, eta askan etzunda egoan umea aurkitu ebezan"

(Lk 2, 16)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue