Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 1 - 2 domekea - 2017.eko Urtarrilaren 15a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak Eukaristia ospatzera.

Senideok: atzean gelditu da Gabon aldia eta hemen gara barriro be “Urtean Zeharreko” aldia deritzonean sartuta, Jesusen urratsen ondoren, haren eskolako ikasle.

Domeka honetako ebanjelioak, Joan Bateatzailea gidari dogula, Jesus nor dan iragarriko deusku. Bere esperientziatik jabilku: Nazareteko Jesusekin, Jainkoaren Bildotsarekin, Jainkoak gizadiari egindako dohaiarekin, Jainkoak gizakiarentzat egindako ametsarekin eta biziaren opariarekin egindako topaketaren esperientziatik.

Bateatzaileak Jesusi buruz egiten dauan deklarazinoa, aldi eta alde guztietako gizakientzako gonbidapena da: bizia Jesusengan dago eta Jesusek berak askatu geintekez pekatu eta zapalketaren kateetatik.

Hasi dagigun ospakizuna eta Jaunak esnatu daizala gure bihotz-belarriak Jaunaren Hitza entzuteko eta haren presentziaz jabetzeko.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 49, 3. 5-6

Zerbitzariaren irudia ezaugarri berezi batzuekaz agertzen jaku Isaias profetearen gogoeta honetan; bere izatearen sustraietan, sufritzen dagoan herriaren askapenean lan egiteko Jainkoaren indarra sentitzen dau; guztien salbamen ezaugarri lez, “gizakien argi” ere izango da. Zerbait haundia iragartzen da. Entzun daigun.


2. irakurgaia: 1 Korintokoai 1, 1-3

Korintokoai egindako idazkia hasten dogu. Apostolu izatera deitua izan dan Paulok Jainkoaren Eleiza dan Korintoko alkartea agurtzen dau. Norberen indarrez inor ez da egiten apostolu, bere maitasunaren eta graziaren testigu izateko deitu dauanaren bitartez baino. Alkarteko kideak santu izatera eta bizitzako leku eta momentu guztietan Jainkoaren santutasunaren tetigu izatera deituak dira. Onartu dagigun apostoluaren gogoeta hau.


Ebanjelioa: Joan 1, 29-34

Desertuko abotsa dan Joan Bateatzaileak, Jesus “munduko pekatua kentzen dauana lez” aurkezten desku; baita be, gatxaren aurrean Jainkoa gure alde dagoala dinosku. Jainkoak, Jesusengan bere maitasuna, bere hurtasuna, gatxetik askatzea eta osotasunean bizitzea eskeintzen deusku. Jainkoari buruz berba egitea ez da nahiko; bere Espiritua hartu behar dogu, Espiritu horretan bateatuak izan, Espiritu horretan murgilduak. Entzun daigun testigantza pertsonal hau.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoak gure bihotzean isurtzen dauan Espirituagan alkarturik, otoitz deiogun Aita-Amari.

1.- Eleizaren alde: bizia eta askatasuna sortzen dituen barruti izan dadila, eten barik eta baldintza barik, gizaki guztiei parkamena eskeintzen deutsen gunea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herrien gobernuetan eta erakundeetan gidaritzaren ardura dabenen alde: indar osoz ahalegindu daitezala gizaki guztien, batez be behartsuenen ondoizatea eta aurrerapena bilatzen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gaixorik, bakarrik, baztertuak izatea, askatasunik-eza sufritzen dabezan pertsona guztien alde: bizi-iturri dan Jainkoak isuri daiala bere oparotasuna euren gainera. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gure herrian bakea izan dagigun: agintariak ahalegindu daitezala alkarri entzuten, bakoitzak bere ikuspuntuetan zerbait atzera egiten, eta bakoitzaren ideiei begirunea izaten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: Jainkoagazko hartuemona arreta bereziaz landuz, Jainkoak eskeintzen deuskun askatasun eta parkamenaren ezaugarri izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



PANKARTA BATZUEN AURKEZPENA

(Nagusiak zerbait abesten daben bitartean, alkarteko ume, gaztetxo eta gazteak, katekista batzuk lagundurik, manifestazino bat egiteko lez, eleiza barrenean alkartzen dira. Hurrengo esaldi honekin, hiru pankarta prestatuta eukiko dira: “Hitzetatik ekintzetara”; “Otoitzetik konpromisora”; “Eleizetatik kaleetara”. Presbiteriora hurreratzerakoan pankartea meza-emoileari emon esanez:)

OTOITZA – AZALPENA:

“HITZETATIK EKINTZETARA”

Pankarta honegaz Jauna, salaketa bat egin eta geure konpromisoa agertu nahi deutsugu. Gure hitz-jarioa salatzen dogu. Gure ahoa hitz ederrez beteta daukagu, baina gure bizitzak eta bihotzak ez dabe bat egiten. Gaurko mundu honen erdian, Joan Bateatzailearen antzera, zure Semearen testigutza eskeintzeko, gure hitzak eta bizitza lotzeko gogoa agertzen deutsugu.


“OTOITZETIK KONPROMISORA”

Bigarren pankarta honek, Jauna, “Otoitzetik konpromisora” dino. Hau ere salaketa eta konpromisoa da. Izan ere errezagoa da otoitz aldi bat egitea eta ez munduko arazoetan sartuta ibiltea, horrek konpondu nahirik. Kontra egitekoak ugari dira eta laguntzekoak gitxi. Baina gure sinismena eguneroko bizitzan gauzatzera deituak gara. Jesukristori begiratuz, gure otoitza benetakoa izan daitela; Berak eraginda hurreratu gaitezala gizaki guztiengana.


“ELEIZETATIK KALEETARA”

Hirugarren pankarta honetan, Jauna, salaketa eta desio honak agertzen dira: “Elelizetatik kaleetara”. Jauna, besteen zerbitzurako gagozala ahazturik, eleiza barruan geratzeko tentaldiak sarritan ikutzen gaitu. Gaur egun, karitatea ere alkarregaz jorratu behar dogu; bakarka egiteak ez dau balio. Gure maitasuna benetakoa bada sarritan egiturak aldatu beharrean aurkituko gara. Zure laguntza behar dogu, Jauna.


FAROL ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Herrigintzan, politikan edo sindikatu baten sartuta dagoan batek egin leike. Farola, meza-emoileari emon, eta honek altara gainean izten dau. Eta gero dino)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Joan Bateatzailearen irudia gogoratzen dogun domeka honetan, farol isiotu hau dakartsut. Argi hau, Jesukristo berbiztuaren irudia eta gizaldietan zehar hainbeste profetak izan eben konpromisoaren ezaugarria da. Hau aurkezterakoan, mundua eraldatzen gaur egun hainbeste andra-gizonen ahalegina eskertu nahi deutsut. Behartsuekaz arduratzen zaran Aita-Ama ona, onartu egizu gure eskeintza apal hau.


KARITASEKO AZKEN HORMA IRUDIA AURKEZTEA

(Karitasen dabilen batek egin leike. Ondo legoke, gero, ikusteko lekuan iztea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Karitaseko horma irudi hau dakartsut; nahi eta ez, pobretasunaren arazoa gogoratzen deusku, bai Eleizeari eta baita gizarteari be. Abots bakoen abotsa ez daitela isildu; gure alkartasuna gehitzen joan daitela. Euren arazoak eta salaketak Eleizan eta gugan izan daiela oihartzuna eta euren preminetara hurreratu gaizala.


GATZONTZI BETEAREN AURKEZPENA

(Alkarteko edozein pertsona nagusiak egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Gatzontzi bete hau, alkartearen eta nire izenean dakartsut, Jauna; mundua eraldatzen eta zure ebanjelioa zabaltzen egiten dogun ahaleginaren ezaugarri lez dakartsut. Gaur eta hemen gure herriaren erdian, naiz eta eragozpen ugari izan, zure ebanjelioaren misiolari izaten jarraitu nahi dogu. Emoiguzu zure grazia eta laguntza gure gatza ez daiten gezatu.

Agurra

Senideok: Jesukristoren testigantza emotea, Kristogan agertu jakun Jainkoaren maitasun askatzailearen misterioa gizartean gauzatzea da Kristau Alkartearen egiteko nagusia. Ezin geintekez Jainkoaren testigu izan, haren maitasun salbatzaile eta askatzailea argitu barik. Joan Bateatzaileak, Jesukristoren egiazko testiguak, honelako itauna egitera garoaz: nire bizitzak laguntzen ete deutso inori Jainkoagan sinisten? Jesusi jarraitzea, haren Erreinua gure artean gertatu dadin borroka eta ahaleginean konprometitzea da. Kristau testigantzatan aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Hemen nago, Jauna, zure nahia egiteko”




Gabon jaiak amaitu ziran eta Jesusen Bateoa ospatu genduan honako berba ederrak entzunez: “Zu zara nire Seme maitea, nire aukeratua”. Aurrerantzean, BERE IKASLEAK IZATEKO bere hitzak ENTZUNEZ egin nahi dogu bidea. Maria eta apostoluen antzera, Jesusen “ezaugarriak” ikusiz eta bere mezua barneratuz. Holan sortuko da SINISMENA Jesusengan. Bera da benetako ezaugarria.

Urtean zeharreko bigarren domeka honetan, itxaropenez beteriko mezua dogu eta Jesus aurkezten jaku. Lehenengo irakurgaian esan jaku: “Zu, neure morroi zara, zeugan dot gorespena”; Ebanjelioan, Joan Bateatzaileak esan deusku: “Hona hemen Jaungoikoaren bildotsa, hona munduko pekatua kentzen dauana”.

Joan zan domekako ildo beretik, Jordanen bateatua eta berari entzutea eskatzen deuskun “Jainkoaren aukeratua” nor dan azaltzen jarraitzen dau liturgiak; laster bera hasiko jaku hitz egiten eta leialtasun osoz jakingo dogu, berak bizitza ulertzeko era, Jainkoagazko ulermena, otoitzarena, anaitasunarena...

Mezu honek fededunongan ONARTZEKO jarrera eskatzen dau; Jesusen izatearen aurrean, berak proposatzen eta eskeintzen deuskuna ENTZUTEKO jarrera. Holan, Berak hasitako lanaren jarraitzaile izan gaitezan, Berak MOLDATUKO gaitu. Hau da: Jainkoaren egitasmoaren jarraitzaile.

Zoriontsuak Jesusi ENTZUTEKO eta JARRAITZEKO
prestatzen diranak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Horixe da Jaungoikoaren aukeratua"

(Jn 1, 34)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue