Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 1 - 3. domekea - 2017.eko Urtarrilaren 22a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Eukaristiaren jai haundira.

Gaur entzungo dogun Jainkoaren Hitza, herriarentzako askatasun bat dagola agertuko deusku. Ilunpean joian herriak argia ikusi eban eta poztu egin zan. Jesusek Galilean emon eutson hasierea bere Misinoari. Bihozbarritzea iragarten eban. Hortxe dei egin eutsen bere lehen ikasleei.

Gaur ere lankideak behar ditu Erreinuaren presentzia iragarteko. Lankidetza horrek, sarritan, erabateko bizi aldaketa (hori da bihozberritzea) eskatu dagike, iluntasun guztiak desagertu daitezan, gure bizitzak eta bihotzak argiari zabaltzea.

Senideok: giro honetan emongo deutsogu hasierea gaurko ospakizunari.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 8, 23b – 9, 3

Ilunpean doan Israelek erbestealdia sufritzen dau. Profetaren hitzak biziago egiten ditu herri horren itxaropena eta alaitasuna, eta argira zabaltzen begiak. ARGIA danari bihotza zabaltzen deutsonak, askapen osoa sentitzen dau bere baitan. Entzun dagigun profezi hau.


2. irakurgaia: 1 Korintokoai 1,10-13. 17

Korintoko kristau alkartea alderdikeriatan zatitua ebilen. Paulo apostoluak agirika egin eta batasunerako dei larria bialtzen deutse. Barri Onaren iragarleen inguruan sortu ziran alderdikeria horreek. Kristo da batasunaren bidea, esango du. Onartu dagigun beren testigantza eta deia.


Ebanjelioa: Mateo 4, 12-23

Entzungo dogunez, Jesusek Galilean hasi eban bere ministeritza eta hantxe dei egin eutsen bere lehen ikasleei. Lehen irakurgaian entzuna betetzen da Ebanjelioan. Jesusek bihozbarritzea aldarrikatzen dau, hurrean dagoala Jainkoaren Erreinua; Erreinu horren barri emoteko deitzen deutse lehen ikasleei. Entzun dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoaren Hitzak argituta, aurkeztu deioguzan Aita-Amari gure otoitzak premina guztien alde.

1.- Elizaren alde: Espirituaren deiari leial jarraituz, predikatu daiala gure mundu honetan Jainkoaren Erreinua, zuzentasunaren erreinua, behartsuenen alde jokatuz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Nazinoetako agintarien alde: alkarrizketaren bidez, zabaldu daiezela hainbeste lekutan gerrak eta indartsuenen egoismoak desegindako bake-bideak, eta pertsona guztien duintasuna errespetatu dadila. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Kristau guztien alde: behartsuak kontuan hartzen dituen gizarte solidario eta senideagoa eraiki dagigula. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Jesus “Aitaren Seme maite” eta Barrionaren eroale autortzen dogun guztion alde: kristau Eleiza guztien batasunaren alde lan eta otoitz egin dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Eukaristia honetan alkartu garanon eta kristau Alkarte guztien alde: onartu dagigula Jesusek bihozbarritzeko eta Erreinuaren Barri Ona iragarteko egiten deuskun deia. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



SOKA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte batek egin leike. Azalpena egiten dauanean, kontsumoaren loturetatik askatzeko gogoa agertuz soka hori ebagi egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, soka honegaz kontsumoaz daukagun lotura agertu gura deutsut; baita gure gizarteak saldu nahi deuskuezan azaleko baloreak. Aurkezpen honetan soka hau zure aurrean ebagi egiten dot; lotzen eta menperatzen gaituen lotura guztietatik aske bizitzeko konpromisoa eskuratu nahi dogu eta Ebanjelioan agertzen diran baloreak onartu eta bizi.


HAUR MISIOLARIEN KARTELAREN AURKEZPENA

(Ume edo gaztetxo batek egin leike. Ikusteko lekuan ipini daialaau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur Eleizeak ospatzen dauan Haur Misiolarien eguna gogoratuz dakartsut kartel hau. Beronegaz gure ebanjelizatzako gogoa agertzen deutsugu. Dohanik hartu dogun fedea ez da ezkutatzeko besteei argi egiteko baino. Fedearen alderdi hau gogoan izanez, transmititzeko ahaleginean ez daigula etsi. Jauna, emoiguzuz kristau bokazinoak eta misiolari bokazinoak.


SARE BATZUK AURKEZTEA

(Katekista batek edo pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, sare honeek apostoluak zuk giza arrantzale izateko aukeratu zenduzanean itxitako sareen ezaugarri lez dakartsuguz. Eurekaz, geu ebanjelizatzaile izateko konpromisoa aurkezten deutsugu. Zuk emon deuskuzun sinismenaren dohaia, beste batzuekaz bizi gura dogu. Sinismena ez da niretzat edo nire taldearentzat, bizi doguna iragarteko baino. Gure poza, bila dabilzan gizaki guztiekin banatu daigula eskatzen deuskuzu, eta zure eskaria bete gura dogu.


GOBERNUZ KANPOKO ERAKUNDE (GKE) BATEN AURKEZPENA

(Ez ezinbestekoa dalako, hainbesteren artean BAT; besteak urtean zehar aurkezten joango gara, domeka eta jai egunetan bananduta. Gaur beroni buruzko txosten bat edo GKE honen ekintzak azaltzen dituan proiektu bat aurkeztea izango da)

OTOITZA – AZALPENA: Hainbeste talderen giza giroko ekintzak aurkezten deutsuguz gaur, Jauna, gizarte mailan eta kultura mailan makalenak diranen alde diharduenen ekintzak, hain zuzen ere. (…Talde baten izena…) talde honen ekintzaren bidez aurkezten deutsugu. Onartu eizu, Jauna. Zure Erreinua gauzatzen da euron konpromisoari esker, fededunak zein fede bakoak izan. Eta gu ere, egunetik egunera, behartsuenakaz sentiberago eta eurakaz lotuago bizitzera eroan gaizuz.

Agurra

Senideok: ospakizuna amaitzera doa, eta Jesusek bere jarraitzaile guztioi barriren barri deitzen deusku bihozbarritzera, eta, senide alkartu lez, Jainkoaren Erreinua indartsu iragartera. Jaunaren Hitzak sendotu gaizala eginkizun hau pozez eta alai bizitzeko, eta Erreinu honek barruan daroan bizia errealitate egiteko MISINOAN lankide izan gakiozala. Kristau testigantzatan aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Bihozbarritu zaiteze hurrean da ta Jainkoaren Erreinua”
“Etorri eta jarraitu, eta giza arrantzale egingo zaituet”




Jesusen pausoak jarraituz eta Berari ENTZUNEZ, Jainko Aita-amak Jesusen Bateo egunean egiten euskun gonbidapena onartzen dogu. Aurreko domekatan Jesusen “aurkezpena” entzun dogu; profetearen iragarpena izan zan; Joan Bateatzailea zan Jordanen; Jainko ber-bera ere bai: “Hau da nire seme aukeratua”. Gaur Jesus dogu bere MISINOAREN hasieran, “herriaren minak eta gaitzak osatuz”, JAINKOAREN ERREINUAREN Barri Ona iragartera eta egi bihurtzera etorri da.

Jainkoaren Erreinu hori ez dator indarrez; Jainkoaren jarduerea beste era batekoa da. Jesusek, ENTZUTEKO prest gagozenoi, gonbidapen bi luzatzen deuskuz:

  • “Bihozbarritu zaiteze hurrean da ta Jainkoaren Erreinua”

  • “Etorri eta jarraitu, eta giza arrantzale egingo zaituet”

    Bere DEIA eta GONBIDAPENA ENTZUN eta jarraitzen hasten garanean (bere ondoan gustora aurkitzen garalako), lehenengo irakurgaian entzundakoa egi bihurtzen hasten da: “ilunpetan ebilen herriak argia ikusi eban”. Holakoxea dogu Jesus: ARGITU, ZENTZUNDU, jarraitzaileen bizitza ALDATU, eta Jaunaren misino lankidetzan bat egiten gaitu.

    Zorionekoak Jesusen MISINO LANKIDETZAN bat egiten dabenak!

  •  

    Alkartea Ospakizunean

     
    << aurrekoa

    "Zatoze neugaz"

    (Mt 4, 19)

     

     


    bidean@bidean.net
    castellano euskera batua euskera bizkaiera orue