Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Garizumea - HAUSTERRE EGUNA - 2017.eko Martxoaren 01a

Liturgia Salmoa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Arratsaldeon eta ondo etorriak.

Anai-arrebok: gaurko ospakizunagaz GARIZUMEARI hasierea emoten deutsagu. Berrogei egun daukaguz aurrean. Gure bizitza eta historia guztia ikututa itzi dauzan Jesusen Biztuera, bere Pazkoa prestatzeko egunak doguz.

Gizakiok arrisku artean bizi gara beti salbamenaren zain. Sinismendun lez, BIDE BAT egiten dogu; sinismen horrek dinosku Jainkoagaz bat egiten dogunean gure bihotzak atsedena hartuko dauala. Bitartean, eguneroko gora-beherak itxaropenez bizi doguz.

Ibiltari jarrereagaz emoten deutsagu hasierea GARIZUMARI. Nazareteko Jesusek aurkeztuko deuskun Jainkoaren BARRITASUNARI zabaldu deioguzan geure bihotzak.

Pregoia

Bateatuak izan garanok,
Espirituaren abotsa entzun dogunok,
Jainko biziaren errebelazinoa onartu dogunok,
bere seme-alaba garala konturatu garanok,
bildur barik desertuan sartu gaitezan
eta bizkor ibili!

Garizumea datorren eta badoan denporea da,
ibiliz biziteko aldia,
kokatu barik, geratu barik, negar barik,
itxaropena pil-pilean
eta Pazkoa helmugan.

Uste onez sartu gaitezan Garizuman,
borrokarako prest, enbarazu gitxigaz, burua argi,
gure barruak gozotasun eta errukiz beterik,
oinetako egokiak,
eta norberagaz eroapen handikoak izanaz.

Espirituaren haize finak kulunkatu gaizala;
gure bihotza Jainkoaren taupadak
eta zapalduen deadarrak entzuteko eran ipini daigun;
desertuko ameskerietan jausi barik
bizitzako ur bizietara hurreratu gaitezan.

Menditik eguneroko bizitzara jatsi gaitezan,
bildur barik eta misterioz beterik.
Eleiza biziak ez daiguzan zikindu,
Nikodemoren antzera bilatu daigun gauez
eta beste grekoen antzera,
Jesus eta bere Erreinuari buruz
bateri eta besteari itaundu deiogun,
mundua dan solo eder honetan
bere hazia erein dagigun.

Izarrik eta erne bizi daigun Garizumea,
alkarte lez Jesusi begiratuz,
sinismenez, itxaropenez eta maitasunez.
Aprobetxatu daigun aukera hau!

Ulibarri, Fl.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Joel 2, 12-18

Uzta galduta eta soloak erreta ikusten ditu Joel profeteak. Israelen leialtasun ezak dakar ondoren hau. Horregatik, profetak bihotz-barritzera gonbidatzen dau herria. Berak Jainkoaren parkamena bizi izan dau eta esperientzia hori kontatzen deutso herriari. Bihotz-barritzea, benetan Jainkoagana bihurtzea da. Onartu dagigun profetaren gogoeta hau, guretzeko be dei bikaina da-eta.


2. irakurgaia: 2 Korintoarrei 5, 20 – 6, 2

Paulo apostoluak, Jesukristoren bitartez, Jainkoagaz adiskidetzeko dinosku, Jainkoagana bihurtzeko. Horretarako grazi eta salbamen aldia dogu oraingoa. Adiskidetzeak bizitzeko era barri bat dakar. Itzi deiogun Jainkoari bere errukizko maitasunez gure barrua lantzen. Onartu daigun apostoluaren gonbitea.


Ebanjelioa: Mateo 6, 1-6. 16-18

Mateo ebanjelariak bide hau proposatzen deusku: Jesusek Aitaganako bidea egiterakoan euki eban Espiritua geureganatzea. Limosna, otoitza eta baraua ez da nahikoa hitzez-hitz betetzea; gitxiago oraindik Jainkoa irabazteko. Egunero otoitz egiteak; baztertuekin zuzentasunez eta esku-zabaltasunez jokatzeak; preminazkoa danok euki daigun, zerbait norberak izteak… hara hor bidea! Entzun daigun ebanjelioko mezua.

Jaungoiko herriaren otoitza

: : . . . - A U T S A -- I P I N T E A - . . . : :



BEDEINKAPEN otoitza

Jauna, zuk heriotza barik bizia maite dozu;
gu galtzea barik, gu bihotzbarritzea bilatzen dozu.
Pekatuak gure bizitzan itzitako errautsetan,
zure maitasunak bakarrik isiotu leiken sua aurkitzen
lagundu eiguzu, Jauna.

Bedeinkatu, Jauna,
gure buruetan ipiniko dogun hauts hau;
Espirituaren arnaseak
sartu dagiala gure bihotzetan BIZI BARRIA,
eta egunen baten bere osotasunean gozatu deigula,
zure Seme Jesukristo berbiztuaren bitartez,
Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean
Jainko eta errege bizi da eta gizaldi eta gizaldietan. E./ AMEN.


JAUNGOIKO HERRIAREN OTOITZA

Bihotz-barritzea Jainkoaren dohaia dogu. Eleizearen alde, munduaren alde, alkartearen alde eta geure alde otoitz egiten dogu, entzungo gaituan Jainko Aita-Amarengan gure konfiantza osoa ipiniaz..

1.- Eleizaren alde: Jainkoaren parkamenaren, graziaren eta errukiaren ezaugarri izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Guda, gose edo gaixotasunaren ondorenak sufritzen dagozanen alde: Garizuma aldi hau eurentzat be grazi eta salbamen aldia izan daiten eta gure hurtasuna eta solidaritza be sentidu dagiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Kristau alkarte guztien alde: Jaunak, mundu honen erdian, bere Erreinuaren ezaugarri biziak izatera deitzen deutsela konturatu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Pazkoaren itxaropenak eta osotasunean bizitzearen pozak, Jesus Maisu eta Jaunaren jarraitzaile zintzoak egin gaizala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Pazkorako bideari hasierea emoteko otoitzean alkartu garan guztion alde: grazi eta salbamen aldi hau pozez eta sakontasunez bizi dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errezak” eta Garizumako denporaldi honen esanahia eta Kristau Alkartearen bidea argi eta garbi adierazoten daben “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu guztiak egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BATZEN DAN DIRUAREN AURKEZPENA

(Diru batze hau BAT-BATEKOA izango da; helburua ez da dirua batzea, Garizumako limosnearen zentzuna aurkitzea baino. Honek azalpen bat behar dau eta ondoren egin diru-batzea. Batzar buruari eroan eta hurrengo hau esan leike:)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: gaur batu dogun diru hau Karitaseri emongo deutsagu; ebanjelioak eskatzen deuskun limosnearen ezaugarritxo bat baino ez da. Gure penitentziak kaltegarri barik bizigarri izan gura dau. Behartsuenak zerbait gozatu dagiela gure laguntzagaz.


OTOITZ ETA ESKARI LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Otoitz talderen baten dagoanak edo Liturgia animatzaile dan batek aurkeztu leike. Liburua Patxi Loidiren “ITSASORATZEN” izan daiteke, edo besteren bat. Hurrengo azalpena emoten dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zugaz bat eginda bizitzera gonbidatzen gaituzu; benetan zure seme-alaba egiten gaituan eta gure bizitza osoa hartzen dauan OTOITZ sakona egitera gonbidatzen gaituzu. Liburu hau eskeintzerakoan, Garizuman zehar beragaz otoitz egiteko konpromisoa agertzen deutsugu; Zugaz eta anai-arrebakaz daukaguzan hartuemonak hobeagotzeko lagungarri lez hartzen dogu. Garizumearen hasiera honetan hartu egizu gure eskeintza apal hau.


JANTZI ZAHAR BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko emakume batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Hemen dakartsut, Jauna, jantzi zahar hau. Beronegaz Garizumea zer dan irudikatu nahi dogu: gure izate zaharra itzi, zure Seme Jesukristoren Berbizkundearen barritasunez janzteko. Gaur egungo loturetatik ere aske sentitu nahi dogu; adibidez, modaren loturatik. Zure Semea Jaun bakar lez hartu gura dogunon askatasun ezaugarri lez egiten dogu eskeintza hau.

Agurra

Senideok: Garizuma bidea zabalik dago. Gure bihotza janaritzeko eta barriztatzeko daukagun graziazko aldi hau ez daigun alperrik galdu. Gure bihotz-barritze bide honetan onartu eta estutu daigun Jainkoak luzatzen deuskun eskua. Txikiak eta pekatariak gara baina Jaunaren Eguna, bere Pazkoa ospatu gura dogu. Garizumako IBILBIDE zoriontsua! Pazko egunean Jesus Berbiztuarekin BAT EGITEAREN poza izan daigula!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Barau egin dagizunean, usaingozotu egizu zure burua ta garbitu arpegia"

(Mt 6, 17)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue