Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Garizumea - 1. domekea - 2017.eko Martxoaren 05a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak Eukaristia ospatzera.

Senideok: eguaztenean, HAUSTERRE egunean, emon geuntson hasiera erabarritzeko eta Pazkorako prestatzeko aldi honi. GARIZUMA ALDIAN sartuta gagoz. Jesusen jarraitzaileentzat interesgarria eta beharrezkoa da GAUR ere Garizumaren dinamikan sartzea.

Gaur, lehen igande honetan, Jaunaren Hitzak erne jartzen gaitu tentaldiaren arriskuaren aurrean; tentaldia, Jesusen garaietan lez, benetako arriskua da gaur ere. Inguratzen gaituen gauzak gero eta gehiago dira tentaldirako bide -komunikabideak, egitura sozialak, lehiakorkeria, boterea eta aberastasunak eskuratzeko grina, etab.-, eragozpenak ditugu, Jainkoarengandik, Jainkoaren Erreinutik aldentzen gaituen tentaldiak. Tentaldian jausi ez gaitezan borrokatzeko, Jainkoaren Erreinua onartzen eta eraikitzen lehiatzeko deia egiten deusku Jesusek.

Hasi dagigun gure ospakizun hau eta berak lagundu deiskula Pazkorako bidea pozik egiten. Pazkoa dogu helmuga.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Hasiera 2, 7-9; 3, 1-7

Sorkuntzaren lehen pausoa entzungo dogu: danok gara Jainkoak eginak. Jainkoa da gure hasierea eta amaierea. Baina, Testamentu Zaharreko egileak dinoenez, tentaldia ere hortxe agertzen da eta Jainko Sortzaileagaz gizakiak daukan haustura. Gizakiak zenbat bider jainkotiar proiektua baztertzen dauan eta beragandik aldentzen dan. Entzun daigun.


2. irakurgaia: Erromatarrei 5, 12-19

Paulo apostoluarentzat, Adan eta Kristo historiako mutur biak dira. Adan alderdi ezkor, hondatzaile eta pekatariaren irudia da; Kristo, alderdi baikor, grazia eta biziarena. Adanen pekatuak Jainkoagazko hartuemona apurtu eban; Kristok Jainkoa eta gizakien arteko hartuemona berreskuratzen dau. Apostoluarentzat hauxe da heriotzatik bizitzara pasatzea. Entzun daigun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Mateo 4, 1-11

Jesus ere beste edozein gizaki lez, tentatua izango da; arerioari gogor egin beharko deutso; itaunen artean bere bidea aurkitu beharko dau, baina Aita zirikatu barik, bere izatean sendo sentitzen da. Hiru tentaldietan Jesusek ez dau begiratzen bere interesik edo beharrizanik, jarraitu behar dauan bidea baino. Bilatzen dauan gauza bakarra Aitagaz leiala izatea da. Entzun daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusen inguruan batuta gagozan alkarte lez, sinismenez eta konfiantzaz biziaren Jainkoari gizadi osoaren preminak aurkezten deutsaguz.

1.- Eleizaren alde: onarpen, parkamen eta anaitasun ezaugarri dan Jesusen mezua leialtasunez bizi dagian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Agintarien alde: indarraren tentaldian ez daitezan jausi eta zuzentasunaren alde jokatu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Sufritzen dagozan andra-gizon guztien alde: Jainkoaren laguntzaz euren begiak Aita-Amarengana bihurtuz, atsedena, indarra eta bakea aurkitu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Egunero euren bizitza Jainkoaren Erreinuaren alde eskeintzen daben pertsona guztien alde: gure hurtasuna eta otoitzen laguntza ere izan dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Jainkoak deituta bere izenean alkartu garanon alde: kristau lez bizi izanaz Jainkoaren Erreinua egi bihurtzen ahalegindu gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BIBLIA BATEN AURKEZPENA

(Parrokiako pastoral kontseilu-buruak egin daike eskeintza hau edo, holangorik ez balego, jende aurrean ondo ikusia dan alkarteko kide batek)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen, Jauna, Zeuk emon deuskuzun Berbea dakartsut nik, eta liburu edo liburu bilduma honetan agertzen da. Alkarte osoaren izenean egiten deutsut eskeintza hau: Garizuman, batez ere, zure Berbea entzutera behartzen da; izan ere, ziur dago Berba hori dala bere salbamenaren euskarri eta betiko bizitzaren hazi.


HOROSKOPO BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko emakume batek egin daike eskeintza hau. Eta eskeini ere holan egin daike: liburu bat, aldizkari eta egunkariren baten agertzen dauanen bat, beste barik)

OTOITZA – AZALPENA: Nik gaur horoskopo bat dakartsut, Jauna. Joko bat balitz lez irakurten dogu; baina ondo dakizunez, bera kontsultatzea eta bardin “esoteriko” mundu honegaz dauan guztia ere gure artean modan jarri jaku. Jende asko itsuan doa bere atzetik, beragan uste ona jarririk, jakinaren gainera nahiz ez-jakinez, zure jauntasuna arriskuan ipinten dabe. Guk, ostera, gaur hau Zuri eskeintzean, zera agertzen deutsugu: ez dagoala Zu besteko Jaunik eta gure bizitzak zure eskuetan dagozala.


HAUTESKUNDE PROGRAMA BATEN AURKEZPENA

(Honango hau, politika, sindikatu edo herri ekintzaren baten ekintzaile diharduan batek aurkeztu behar leuke; edo bestelan, alkarteko edozeinek, beti ere pertsona heldu bat izan daitela)

OTOITZA – AZALPENA: Niri dagokit, Jauna, gaur Zuri gure arteko politiko alderdiren baten hauteskunde programa bat aurkeztea. Egia esan, gogorik onenagaz egiten deutsugu eskeintza hau; baina argi eukirik, ez dagoala honetan ez beste edozeinetan gorderik gure arazo guztien urtenbidea. Hori zure eskuetan dago, eta gu guztion alkarlanean, zure esanera jarrita. Eta aurtengo Garizuman zure nahia jakin gura dogu, eta gure bizitzan BIDE lez hartu.


JANTZI, OGI ETA EDALONTZI BATEN AURKEZPENA

(Pertsona biren artean egin daiteke eskeintza hau; hirugarren batek ezaugarrion esanahia berbaz azaltzen dauan artean)

OTOITZA – AZALPENA: Begira, Jauna, bizikera ezbardin biren ezaugarriak. Jantziarena zera da: guk andra-gizonok zer irabaziko eta zer jango dogun ardurearen ezaugarria da. Kontua hauxe da: ez garala zoriontsu, gero eta gehiago kontsumitzen eta gauza gehiago pilatzen ahalegindu arren. Baina ogi hau eta edalontzi hau ere ekarri deutsuguz, Garizumako barauaren ezaugarri. Hona hemen modurik egokiena, zoriontasuna eukite hutsean ez dagoala agertzeko, norberaren izatean baino, ogia eta ura hain gitxi eta txiki diran lez.

Bizitzako jokabide honeek alkarren aurrez aurre jartean, hauxe agertu nahi deutsugu, hain zuzen ere Garizumearen hasieran: bihozbarritzeko doguzan gure asmo biziak eskeintzea. Lagundu eiguzu, arren, Zuk Jauna, zure pozaren eraginez, gure salbamen poza dastatzea lortu daigun.

Agurra

Senideok: domeka honetako mezuak, Jainkoaren BIDEAK EZAGUTZERA gonbidatzen gaitu. Jesusegandik ikasi gure bidea zein dan. Jainkoak zer itxaroten dau nigandik? Jaunak gure konfiantza beragan ipintera konbidatzen gaitu; gu zoriontsu egingo gaituan bere nahia onartzera.

Eta Jainkoak mundu honen erdian nahi gaitu, tirabiren artean, bere Erreinuaren proiektua zapuzten dan lekuan, behartsu eta baztertuen eskubideak gordeten ez diran gizartean. Jainkoaren Erreinua eta bere Barri Ona iragarri nahi badogu gure bizi garan unean eta gatazka artean egin behar dogu. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoetea

“Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
Jainkoaren ahotik urtetzen dauan hitz guztiz baino”




HAUSTERRE egunez, Kristau Alkarteak barriro be PAZKORAKO BIDEA hasi dau. Izan be, Garizumea, Pazko ospakizunaren prestaketa aldia da. Jazoera handiak arduraz prestatu behar diran ezkero, liturgiak aukera hori eskeintzen deusku. Hauxe da Jesusen jarraitzaile talde baten abiapuntua.

Bide horretan, Jesusekin batera, berak BIZI eta ESPERIMENTATU eban prozesu bardina biziten ahaleginduko gara: Aitaren aurrean (tentaldiak izan arren) edozertarako prest dagoanaren bidea; Erreinuaren alde eskuzabaltasunez bere bizia emoten daunaren bidea; bere anai-arreba diran gizaki guztiekaz solidarizatzen eta zabaltzen dan bidea. Hona hemen PAZKORAKO BIDEA.

BIDE zehatz batzuk eskeintzen jakuz:

* otoitza: Aitarengana zabalik eta bere egitasmoa onartzeko prest egoteko;
* Hitza entzutea: “Jesusen antzeko” izateko;
* gogoeta: gure sinismena sakondu eta era barrian biziteko;
* baraua: solidaritatea biziteko era lez.

Honen ondorena: JESUSEN EBANJELIORA BIHURTZEA. Eta hauxe da garizumako BIDEAREN helburua. Hori lortu ezik gure penitentzia eta barauak alperrikoak dira.

ZORIONTSUA garizumako BIDEAREN proposamena
onartzen dauana:
JESUSEN PAZKOAGAZ benetan gozatuko dau!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Espiritu Santuak basamortura eroan eban"

(Mt 4, 1)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue