Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Garizumea - 2. domekea - 2017.eko Martxoaren 12a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak ospakizun honetara. Jesus bidelagun dogularik, aurrera goaz Garizumako bidean.

Gure bizitza, urten eta bila ibiltea da. Norbaitek guretik urtetera eta gure oraina arriskatzera dei egiten deusku. Abrahamen antzera, geldirik izten gaituen segurtasunak baztertu eta gauza barrien bila jarraitu behar dogu; eta honek, beste erabatekoak egiten gaitu. Deika dabilen norbait hori Jainko gure Aita-Ama da; gure sinismenaren abentura bizitzera deitzen deusku, bere aurpegiaren argitasuna kontenplatzera, bere Semearen bidea egitera; iluntasunez eta itxaropenez, saminez eta aintzaz egindako bidea.

Gure sinismenaren haunditasuna eta seriotasuna Jesusi jarraitzean dago; horixe da gure bidea, bide zoragarria. Jainkoak esaten deuskun Hitza entzuteko zabaldu daigun gure bihotza.

Hasi daigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Hasiera 12 ,1-4a

Abraham, Ur urian bizi da; uri aberatsa baina jentila. Jainkoak, segurtasun guztiak izteko eta Berak eskeinduko deutson lurraldera urtetako eskatzen deutso. Abraham, Jainkoaren laguna eta sinismendun leiala, bere segurtasun guztiak itzi eta bidean ipinten da. Holan, Patriarka agurea, Jainkoagan sinistearen eta konfiantza izatearen eredu dogu. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: 2 Timoteo 1, 8b-10

Ebanjelioa iragartea bokazinoa da; holan agertzen deutso Paulo apostoluak bere ikasle Timoteori. Beste edozein bokazino baino pozgarriagoa, baina baita be bokazino gogorra eta mingarria, asko kontra agertzen diralako eta beste batzuk ez diralako arduratzen. Misino hori onartzen dauanak, Jainkoagan ipinten dau konfiantza guztia. Entzun daigun.


Ebanjelioa: Mateo 17, 1-9

Jesus, nekaldia eta heriotza aurkituko dituen Jerusalemerantz doa, eta Tabor mendian antzaldatua ikusiko dogu. Ebanjelariaren arabera, Tabor esperientzia argitsu eta ederra da; Jainkoa bere aintzan agertzen da; Jainkoaren hurtasunak zorabiatu egiten dau. Ikasleak esperientzia hori beharrezkoa izango dabe, Jesusek egingo dauana ulertzeko eta onartzeko. Guk be onartu dagigun esperientzi hori.

Jaungoiko herriaren otoitza

Bere hitzaren argitasunean, on eta errukitsua dan Aita-Amari zuzentzen deutsaguz gure eskariak.

1.- Eguneroko bizitzari eta borrokari zentzun bila dabizan hainbeste andra-gizonentzat, Eleizea Jainkoagaz aurkitzeko lekua izan daitela, eta behar daben poza aurkitu dagiela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gure kristau izatea benetan hartuaz eta Ebanjelioa biziaz, sufritzen dagozanentzat argi eta itxaropen izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Munduan eta gure herrian BAKEA egi bihurtu daiten: danok desiatu daigun eta alkarrizketan, tolerantzian eta alkar errespetuan aurkitu daigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gure kristau konpromisoak eroan gaizala sufritzen dagozanen egoerea ezagutzera, eurak diran lez onartzera, eta solidaritatean eta zuzentasunean oinarriturik, egoera hori aldatzera. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Kristau alkarteen alde, gure familien alde, hemen alkartu garanon alde: Eukaristiaren ospakizuna guztiok alkartzeko bide izan dakigun, eta Jainkoaren Hitza entzutea eta onartzea aldatzen joateko lagungarri. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



FAROL IXIOTU BATEN AURKEZPENA

(Alkartean konpromisoren bat daukan pertsona heldu batek egin leike. Meza emoileari emoten deutso eta honek altara gainean izten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Semearen Antzaldatzea gogoratu dogun domeka honetan farol ixotu dakartsut, Jauna. Argi hau, Jesu Kristoren ezaugarria da. Argi apala da, baina bere biztueraren aurrerapen lez onartzen dogu. Garizuma honetan bere arrastoak jarraituz, Zuregana doan bidea ezagutu nahi dogu.


KURUTZE BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gaixo edo adineko batek egin daike eskeintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Nik, Jauna, Kurutzetxo hauxe dakartsut, nire gaixotasunaren eta munduan honegaitik edo haregaitik sufritzen dabenen adierazgarri lez. Nire ustea hau da: Zu zure Seme Jesukristoren Kurutzeagaz bat eginda hartzen dozula, munduaren salbamena haren bidez heldu jakula sinisturik; izan ere, horixe dozu opari atsegingarri bakarra. Lagundu eidazu, Jauna, honi buruz gero eta gehiago jabetzen: Kurutzea dala bizitzaren ernemuin bakarra, eta zure Semeagaz konpartitzea itxaroten dogula. Gaixo minduen pozezko testigantzaren bidez, erakutsi eiezu osasuntsuei kurutzea zein beharrezkoa dan antzaldatze osorako.


ALKARTE ERRETIRO baten edo BIBLIARI BURUZKO IKASTARO baten erabilitako GAIEN TXOSTENAREN AURKEZPENA

(Alkarteko ekintzaile kide batek aurkeztuko dau Erretiroko edo ikastaroko gaien karpeta hau)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jaun eta Jaungoiko, Zuk zeure Seme maiteari begiratzera eta gogoz entzutera gonbidatzen gaituzu. Benetan gura dogu, Jauna. Hori dala-eta, gure Alkarteko azken ERRETIROko (edo Bibliari buruzko ikastaroko) langaiak aurkeztuten deutsuguz. Hobeto ezagutzen lagundu deusku, baina hasitako bidean jarraitu beharra daukagu. Garizuma honetan ere horixe egiteko konpromisoa hartzen dogu.


IRRATI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko kide batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Komunikabideetan batez be gure entzumena eskatzen dauan irrati hau aurkezten deutsut, Jauna. Baina gaur, zure HITZAREN entzule garala agertu nahi deutsut; zure eskakizunetara adi egon nahi dogu; zure deiei zabalik egon nahi dogu.

Agurra

Senideok: ospakizuna amaitzera goaz. Jesusek Tabor mendira gonbidatu gaitu; bere aintzan eta poztasunean bat egitera. Aste barruan, alkar aurkitzearen esperientzian sakontzen joan gaitezala; irakurgaiak eta ebanjelioak, errukitsuak eta abegitsuak izatera gonbitatuko gaitue... Norbait onartzea, bizia emotea da, lurretik altxatzea, poza eta itxaropena emotea; besoak zabaldu eta Jesusek emoten deuskun Jainkoaren Barri ona eskeintzea. Aste zoriontsua eta Jesusekin topaketa zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Laino izpi artean Aitaren abotsa entzun zan:
«Hauxe da nire Semea, nire maitea; entzun egiozue»”.




Joan zan domekan “urteteko agindua” hartu genduan: GARIZUMEA hasten genduan. Eta PAZKORAKO bidean ipinten ginan. Jesusen arrastoa jarraituz egiteko proposamena egiten jakun; berak be zalantzaren, nekearen, aginpidearen, “gauza errezen”... tentaldia sufritu ebalako. Baina Berak tentaldiak gainditu ebazan. Bera bidelagun eukitea, egoera horreek zelan gainditu behar diran jakiteko bermea eukitea da. Berak jarraitu eban bidea hau izan zan:

* “Aitaren aurrean prestasun osoa”;
* Jainkoaren gauzetarako, “eskuzabaltasuna eta izate osoa eskeintzea”;
* bere senide gizakiekin “solidaritate bidea”.

Bigarren domeka honek hurrengo hau azpimarkatzen deusku: Jesusegaz HARTUEMON ZUZENEAN bakarrik etorri daitekela aldaketa. Berari “ENTZUN” beharra daukagu (holan dinosku ebanjelioak), Abrahamen edo apostoluen antzera bere deiak “harrapatu gaizala” (lehen irakurgaia eta ebanjelioa). Horretara, Kristoren maitasunetik ezerk ez gaitu aldenduko (bigarren irakurgaia).

Mezu ederra domeka honek eskeintzen deuskuna. Naiz eta Beragaz bat egiteak KURUTZEA onartzea ere eskatu: Kurutze eta heriotza barik ez dago Biztuerarik; nekaldi bako aintzarik ez dago.

Zoriontsuak BERAGAZ AURKITZEN diranak!
PAZKORANTZ ibilbide pozgarria!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Arpegia eguzkia baizen distiratsu egin zan"

(Mt 17, 2)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue