Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Garizumea - 3. domekea - 2017.eko Martxoaren 19a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak ospakizun honetara.

EMAKUME SAMARIARRAREN kontaketa entzungo dogu gaur; ebanjelioetan daukagun kontaketarik ederrenetarikoa. Kontaketa honek Jesusengana zelan hurreratu leiteken agertzen deusku.

Gure sinismena espirituz eta benetan ospatzeko gonbitea egiten deusku Jesusek; ohiturazko eta zentzun bako gurtza garbitzera; gure batzarrak jai giroan alkartu eta ospatzera; Berak egunero eskeintzen deuskun bizi emonkorraren agerraldiak izan daitezala. Berak deituta alkartu gara, sinismenak eraginda ospatuko dogun Eukaristia honetan parte hartzera.

Emon deiogun hasierea anaitasunezko batzar honi.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Irteera 17, 3-7

Kontaketa honetan, Israel herria desertuan aurkitzen da. Desertua beti da arriskutsua. Oasia gehien desiatzen dana da. Israel, nekeak eta egarriak eraginda, Jainkoagan konfiantza galdu eta marmarrean dabil. Lehentsuago egindako harrigarriak arin ahaztu ditu. Jainkoa barriro ere bere haunditasunean errukitsu agertzen jako behar dauan ura emonaz. Entzun daigun.


2. irakurgaia: Erromakoai 5, 1-2. 5-8

Paulo apostoluak bere testigutza eskeintzen deusku: bere Espirituaren dohaiaz batera, Jainkoak bere maitasuna isuri dau gure bihotzetan. Jainkoa gizakiokaz maiteminduta dago eta behin betiko salbatzeko bere Semea emon deusku. Hauxe da apostoluaren bizia eragiten dauan uste osoa. Onartu dagigun gogoeta eder eta sakon hau.


Ebanjelioa: Joan 4, 5-42

Emakume samariarra eta Jesus aurkitzearen kontaketa entzungo dogu. Bere sakontasunean ulertzeko kontuan euki behar doguz elementu batzuk: URA, Jainkoaren dohaiaren, bere Espirituaren ezaugarria da; Jesusek nahi dauan eta bilatzen dauan JANARIA bere Aitak hasitakoa aurrera eroatea da, bere nahia betetzea; bere ESPIRITUA norberen barruan onartzeak emoten deutso ikasleari bere osotasuna. Onartu daigun gogoeta hau.

Jaungoiko herriaren otoitza

Apaltasunez, biziaren Jainkoari zabaltzen deutsagu gure barrua eta gizadiaren premina batzuk aurkezten deutsaguz.

1.- Eleizaren alde: ur biziko iturria izan daiten, mundu honetako behartsuenen egarriak aseko dituan iturburua. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gobernuetan arduraren bat daukienen alde: herrien arteko ezbardintasun eta zuzengabekerien aurrean benetako urteerak aurkitu dagiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gaixo, bakardadean bizi diran eta gure gizarteko baztertu guztien alde: gutariko bakotxagaz arduratzen dan Jainko onaren Barri ona eurak ere ezagutu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Misiolari, laguntzaile eta norberen denpora eta bizitza zati bat besteen egarriak asetzeko eskeintzen daben guztien alde: ekintza horreetan Jaunaren laguntza eta bizi-poza sentidu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: iluntasunean argi, nekean atsedena, etsipenean itxaropena eta zalantzan sinismena izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BATEOKO OSKOLAREN AURKEZPENA

(Edozein pertsona helduak egin leike, hurrengo hau esanaz:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, bateatzeko erabilten dan oskol hau dakartsut. Zure grazia eta Espiritua emonaz alkarte barri baten sartu gaituzu, zure familiko egin gaituzu, zure Erreinuaren zerbitzari egin gaituzu. Duintasun hori zainduaz, zure lekuko izan gaitezala.


KANDELEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte bik altara gainean ipiniko diran kandelak eroaten dabez. Eurotariko batek dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, batzar hau argituko daben eta zure Seme Jesu Kristogan dogun sinismenaren ezaugarri diran kandela honeek ekarri doguz. Zure Espirituaren dohaiez eta zure esku zabaltasunez biztu dozuz gutariko bakotxarengan. Gure esker ona agertu nahi deutsugu eta gure bizitza argitzen eta zuzentzen dauan sinismen horretan aurrera egiteko gogoa eskeindu.


TXIRRINGADUN AULKITXO BATEN PERTSONA EZINDU BAT AURKEZTEA

(Osasun pastoraltzan lan egiten dauan batek edo gaixo zaintzen edo laguntzen jarduten dauan batek egin daike aurkezpen hau)

OTOITZA – AZALPENA: Nik gauza bi era batera eskeini gura deutsudaz, Jauna: Neuk zaintzen dodan gaixo honen sufrimendua eta beragaz daukadazan ardura guztiak. Esperientzia biak osotzen dabe, Jauna, Zuk gura dozun erlijinoa: sufrimendua eta gatxa geureganatu, eta jakinaren gainean egon, guk eskeini geinkizun oparirik onena horixe dala: lagun hurkoaren alde emondako bizitza. Arren, eskatzen deutsut, gure ahaleginak bat egin daizuzala Jesus zure Semearen Kurutzeagaz, eta garbitu daizuzala, gero eta Haren ahaleginaren antzekoagoak izan daitezan.


GAURKO MARTIRIEN KARTELAK edo DIAPOSITIBAK AURKEZTEA

(Gaurko munduko errealitatearen erakusgarri diran kartelak edo diapositibak: pobrezia, gosea, drogea...; eta baita, lehenago nahiz gaur bertan justiziaren eta bakearen alde burrukatu dabenen kartelak edo diapositibak)

OTOITZA – AZALPENA: Aldare mahaiaren gainean jarten deutsuguz, Jauna, gaurko gizateriaren esklabokeriak eta burrukak: pobrezia, gosea, drogak...; eta baita eurok susterretik atera eta desagertzeko hainbeste ahalegin egiten daben andra-gizonen etenbako burrukak ere. Gure eskeintza hau Jesus zure Semearenagaz bat egin daizula, Zuri atsegin jatzun sakrifizio bakarrean; onartu eizu, Aita, Jesusen heriotzeaz egin zenduan lez. Modu berberean, bete eizuz gure bihotzak askatasun gurari biziz eta euren aldeko burrukara bultzatu gaizuz; nasaikeriatik eta errezkeriatik askatu gaizuz; gogo berotu gaizuz eta emoiguzu zure grazia, benetan bihotz barritu gaitezan eta maitasun fruitu garbiak emon daiguzan.


GOBERNUZ KANPOKO ERAKUNDE (GKE) BATEN AURKEZPENA

(Ez ezinbestekoa dalako, hainbesteren artean BAT; besteak urtean zehar aurkezten joango gara, domeka eta jai egunetan bananduta. Gaur beroni buruzko txosten bat edo GKE honen ekintzak azaltzen dituan proiektu bat aurkeztea izango da)

OTOITZA – AZALPENA: Hainbeste talderen giza giroko ekintzak aurkezten deutsuguz gaur, Jauna, gizarte mailan eta kultura mailan makalenak diranen alde diharduenen ekintzak, hain zuzen ere. (Talde baten izena) talde honen ekintzaren bidez aurkezten deutsugu. Onartu eizu, Jauna. Zure Erreinua gauzatzen da euron konpromisoari esker, fededunak zein fede bakoak izan. Eta gu ere, egunetik egunera behartsuenakaz sentiberago eta eurakaz lotuago bizitzera eroan gaizuz, batez ere Garizumako bide honetan zehar goazala.

Agurra

Senideok: eguneroko bizitzara hurreratzen bagara, holako desilusino antzeko bat agertzen da bai politika, giza mailan eta eleiz giroan ere... Momentu hau baleiteke aukeraz eta etorkizunez beterik etortea ere; baleiteke Jesusen hitzak bere gordintasunean hartzeko unea izatea: “Ur honetatik edaten dauana egarri izango da; nik emongo deutsadan uretik edaten dauanak ez dau gehiago egarririk izango”.

Senideok: Jainkoa guk uste dogun baino hurrago dogu; geugan dago. Gu irekitzen bagara, Bera irekita dago. Bere maitasuna onartzen badogu, salbatuak gara. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoetea

“Jauna, zu munduaren Salbatzailea zara;
egarririk izan ez dagidan, emoidazu ur bizia”




Garizumako bidean aurrera goaz: Pazkorako BIDEAN goaz. Lehen zatia amaitu ondoren, bigarren zatiari gogoz heltzeko prestatzen gara. Horretarako jakin beharrekoa da nun aurkitzen garan:
- Jesusen bidea egiten nabil?
- Nire bihotz barritzeak, bere BIZITZEKO ERAREKIN eta berarekin BAT EGITERA naroa?

Baleiteke desilusinoa, porrotaren sentsazinoa, edo alperrik gabizala pentsatu izatea. “Betiko lekuan nago”; “danak bardin jarraitzen dau”; “ez dau merezi”; “edo ezinezkoa da” pentsatzea, porrota edo desilusinoa agertzen daben esaldiak izan leitekez. Erne! Inguruak ere antzerako eskeintzak luzatzen deuskuz: gure nahigabeen urtenbide lez, eukitea, gozatzea, kontsumitzea, pilatzea... eskeintzen deusku.

Aldarrikatu doguzan Jesusen ebanjelioko hitzak jatorkuz aurrera: “Ur honetatik edaten dauana egarri izango da; nik emongo deutsadan ura edaten dauanak ez dau gehiago egarririk izango”.

- Jesusen proiektu hori “gozatzeko” eta bere esanahi sakonean ezagutzeko momentua ete da?
- Bestela Nork beteko gaitu bakez, ilusinoz, bizitzeko gogoz, adiskidetze eta harrera ona egiteko jarreraz...!
- Berak, mundu gizakoiago baten alde, solidariagoa, Jainkoaren gogokoagoa baten alde lana egiteko indarbarritzen gaitu.

Zoriontsuak ahalegintzen diranak:
orduan PAZKOA benetako JAIA izango da-ta!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Nik emon dagiodan uretatik edan dagiana, ez da inoiz egarrituko"

(Jn 4, 14)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue