Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Garizumea - 4. domekea - 2017.eko Martxoaren 26a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: Pazkora garoazan garizumako bidean goaz. Gaurko liturgian, ebanjelioko itsua zanaren osaketeaz lotuta bateoan erabilten dogun beste ezaugarri bat agertzen jaku: ARGIA.

Gu ere sarritan itsuak gara. Bata bestearen ondoan bizi gara baina ez dogu alkar ikusten, ez gara arduratzen, geurean jarraitzen dogu; nik neurea eta besteak hor konpon. Ingurura begiratzen dogu, baina gauzen misterioa eta zentzuna ez dogu ulertzen. Eta arazoa ez dago begietan bihotzean baino; bihotza dago itxita, hartuta, nekatuta, iluntasunean...

Gaur, senideok, Jesusek dinosku: “Ni naz munduko argia”. Guri biziaz beteriko bihotz barri bat eta begirada barri bat emoteko gugana hurreratzen da. Ospakizun honetan Bera ikusi deigula, Beragaz eta anai-arrebakaz bat egin.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 1 Samuel 16,1b. 6-7. 10-13a

Dabid hiru bider igurtzia izan zala kontatzen deusku Testamentu Zaharreko historiak: lehenengoz gazte zala gurasoen etxean, eta beste bietan Israelgo hegoaldeko eta iparraldeko gizonen bidez. Gaur lehenengoa entzungo dogu. Profeteak itxureari begiratzen deutso baina Jainkoak bihotzera begiratzen dau. Aukeraketa eta igurtzia, Jainkoaren nahia jarraituz egiten da. Kontaketa entzuten dogu.


2. irakurgaia: Efesotarrei 5, 8-14

Paulo apostoluak esanahi sakona daben irudi bi erabilten ditu: iluntasuna eta argia. Argiak sinismenera garoaz, bizia emoten dau eta gure ekintzak argitasunez jantzi. Argitasunean ibiltea, ontasunean, zuzentasunean, egian, tolerantzian ibiltea da. Apostoluak argia izatera eta egiaren bidetik ibiltera konbidatzen gaitu. Gogoeta hau entzuten dogu.


Ebanjelioa: Joan 9, 1-41

Naturaren edertasuna, koloreak, pertsonak ikustea dohai eder bat da. Jaiotzaz itsua zanak, dohai hau Jesusen eskutik hartu eban. Itsuak ez daki nork osatu dauan. Jesus beragana doa, nor dan agertzen deutso eta sinismenera daroa. Orain bai benetan argi ikusten dauala. Ez da nahikoa argitxo bat edo egi batzuk aurkitzea, benetako Argian eta Egian egotea da garrantzizkoa. Jesusek hori eskeintzen deusku. Entzun daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Gure bihotzetan eta munduan bere maitasunaren eta egiaren argia ipini dauan Jainkoari zuzentzen detsaguz eskari honeek.

1.- Eleizaren alde: haundikeri eta norberekerietan itsutu barik, gizaki guztientzat argi eta salbamen, onarpen eta guztiok alkartzeko leku izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Sinismena galdu daben edo giza presinoa dala-ta galtzeko arriskuan dagozanen alde: Garizumeak lagundu deioela Jainkoa munduan dabilela sentitzen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Aita santu, Gotzain eta kristau guztion alde: gure ekintzakaz agertu deigula munduko Argia dan Kristoren egia, eta Ebanjelioaren lekuko eta iragarle izan gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Berezko ondamendiak (lurrikarak, uholdeak) sufritu dabezan pertsonen alde, eta gogorkeria, gerra, terrorismoa eta tortura sufritu dabenen alde: bizimodu normala egiteko behar daben laguntza izan dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure kristau alkarteen alde: entzutea, onarpena, parkamena, bihozbarritzea eta beharrizanean dagozanei zelan lagun behar jaken ikasteko maitasun eskolak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ARGIAREN AURKEZPENA

(Ondo legoke bateo pastoraltzan dabilen batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hemen alkartuta gagozan guztion izenean aurkezten deutsut argi hau. Bateoko ezaugarria eta bertan hartu genduan konpromisoaren oroigarria dogu. Zure Seme berbiztuak isiotu eban eta gure bihotzak argitzen ditu; gure ekintza eta berbakaz munduko iluntasunak argitzera bialtzen gaitu. Zaindu egizu argi hori gugan, besteentzat argi izan gaitezan.


SENAR-EMAZTEAK EUREN SEME TXIKIA AURKEZTEN DABE

(Senar-emazteak euren jesarlekutik jagiten dira ume eta guzti, eta aldarera hurreratzen dira, eskeintza egiteko. Biak hartzen dabe parte, batak bestearen ostean. Euren parte-hartzea amaituta, aldare aurrean bertan irauten dabe, ospakizun denpora guztian)

OTOITZA – AZALPENA:

SENARRAK: Jauna, hemen gaituzu gure seme (alaba) honegaz, zeure opari eta gure maitasun fruitua da. Eskeintza zure errukiari erantzuna izatea gura dogu. Zurea da, bete beragan zure salbamen asmoa.

EMAZTEAK: Gure alkar maitasunari erantzuteko eta eusten jarraitzeko doguzan gogo nahiak ere eskeini gura deutsuguz, horrek eraginda sortu, hazi eta hezi nahi dogu ardura handiz. Hezi, baina ez heldua izateko aukerak eskeiniz bakarrik; baita bete-betean pertsona izatea ere lortu daian lagunduz.

BIKOTEAK: Halan da be, eginbehar honek zenbat eragozpen sortzen deuskuzan jabetzen gara, eta, batez ere, pertsona erdikin eta erabilterrezak nahi dituan gizartetik eta ingurutik sortzen jakuzan eragozpenak. Horregaitik, Jauna, emoiguzu gure egitasmo eder hau betetzeko behar dogun grazia..


BOTIKA BATEN AURKEZPENA

(Azaleko kutxatxoarekin nahikoa litzateke. Osasun munduan dabilen batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Errukiaren eta bestea ondo ikusi gura izatearen ezaugarria dan botika hau dakartsugu, Jauna. Hauxe da gure nahia: besteentzat sendagai izatea. Besteen zauriak osatuko dituan orioa izatea. Besteen arazoak arinduko dituen entzuteko gaitasuna izatea. Jesukristori begiratuz, berak egiten eban antzera egiten jarraitu nahi dogu.


ESKU HUTSEN AURKEZPENA

(Andrazko batek egin leike. Esku hutsak erakutsirik dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Hemen naukazu, Jauna, esku hutsik. Nire ezereza agertzen dabe, baina zuk beteko dozuzan konfiantzea daukat. Alkarte osoaren izenean, gure bihotz apala eskeintzen deutsut, Zuk zure graziaz beteko dozuzan itxaropenaz. Jauna, zure Semeari zintzotasunez eta leialtasunez jarraitzeko emoiguzu behar dogun laguntza, emoiguzu bere Gorputza gure bizitzen janari lez.


ALKARTEARI MISIOLARI BATEK EGINDAKO ESKUTZITZAREN AURKEZPENA

(Aurretik izan edo egin beharko dira hartuemonak halango pertsona bategaz, zein erlijioso zein laiko izan; hobe Alkartearentzat ezaguna bada. Ez dago karta osoa irakurri beharrik; nahiko da ataltxo bat irakurtea, edota halako leku baten egongo dala adierazo, baten batek osoan irakurri nahi baleu. Horregaitik letra handiz idatzita aurkeztu, kartulina sendo baten edo)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Alkarte honetako kide dogun eta senideengandik eta gugandik urrun misiolari diharduan baten ESKUTITZA gaur Zuri eskeintzen deutsugu. Munduan behartsuenak eta baztertuenak diranen artean euren bizia jokatuz diharduen hainbeste gizon-emakumeren ahaleginak eskeintzen deutsuguz. Onartu eizu eskeintza atsegingarri hau, eta egizu geu ere zure maitasunaren testigu izan gaitezala hemen, geure gizartean eta kultura giroan.

Agurra

Senideok: ospakizunaren amaieran gagoz. Aste honetan Kristoren Argiak argiturik ibili gaitezala; itxureari begiratzen badeutsagu, erratuta ibiliko gara. Jaunagaz alkartzeak eroan gaizala bihotzeko “begiekaz” ikustera, eta gure familietan, auzoan eta alkartean bere argiaren lekuko izatera. Aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Neu naz munduaren ARGIA,
nire atzetik datorrenak bizirako argia izango dau”




Oso-osorik Garizumako bigarren zatian gagoz. Liturgiaren ospakizunak, Jesusen jarraitzaileok lantzen jarraitzen dau. Garizumearen helburua, bere bizitzeko ereagaz BAT EGITEA DAN EZKERO, beharrezkoa dogu bere mezua sakontzen joatea. Hori egin nahi dogu eta horretarako gagoz hemen.

Gure bizitzan begi-bistakoa da: sarritan sentitzen dogu argi eta ilun artean goazela aurrera. Batzuetan iluntasunak beltzitu egiten dira; dana ikusten gu baltz. Eskerrak, noiz behinka argiaren esperientzia pozgarria ere izaten dogula. Bizitza bere misterio eta guzti, sortzen jakuzan itaunak... heriotza bera, menperatzea nahi genduke... Baina gaurko aurrerapen eta gure ahaleginak ahalegin, gure bizitzan argitu ezinezko iluntasun asko nabaritzen dogu.

Gaurko liturgiak, guk sortu doguzan “giza itsukeriak” osatzeko, kristau salbamena ARGI lez aurkezten deusku. Jazoerak eta errealitatea beste sakontasun bategaz ulertzeko ikuskera barri bat: Jainkoak JESUKRISTOGAN eskeintzen deusku. Gizakion iluntasunak argitzen dituan argia dogu. Paulo apostoluak holan esan deusku: “Lehen, bai, ilunpe zineen; orain, barriz, kristau lez, argi zaree”; eta ebanjelioak: “Munduaren argia naz”. Hona hemen gure bideko ARGIA.

ZORIONTSUAK KRISTOREN ARGIA onartzen dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Sinisten dozu zuk Gizasemea?"

(Jn 9, 35)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue