Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Garizumea - 5. domekea - 2017.eko Apirilaren 02a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak sinismen eta anaitasun batzar honetara.

Gaurko ospakizunak, gai nagusia BIZIA dau. Lazaroren biztueraren kontaketa, biztuerari buruzko sinismen eta biziaren katekesi ederra dogu. Jesus heriotzaren gainetik dago; bere bizitza, betiko bizia emonez amaitzen dau.

Egunero hainbeste heriotz ezaugarri entzuten eta ikusten doguzan sasoi honetan, itxaropenerako dei garrantzitsua dogu. Jaunak deitzen deusku eta bere bizia eskeintzen; gure izatearen eraldaketa eta betiko biztuerea dakarren bizia. Besteentzat bizia izan gaitezan, bizia emoten jaku.

Ospakizun honen hasieran eskatu deiogun Jaunari, Beragandik jatorkun bizia onartzeko argitasuna eta grazia izan deiguzala.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Ezekiel 37, 12-14

Israel herria erbestean aurkitzen dalarik, egitekoak eginda dagozelakoan, itxaropena galdu eban. Ezekiel profeteak, ezaugarriz beteriko berbakera erabiliaz, bere espiritua isuriz herriari bizia eta bere lurra emongo deutson Jainkoaren indar askatzailean itxarotera deitzen ditu. Egun ha, sorkuntza barri bat lez izango da. Entzun daigun.


2. irakurgaia: Erromakoai 8, 8-11

Kristau bizitzan Espirituak daukan eraginari buruzko katekesi bat entzungo dogu irakurgai honetan. Paulo apostoluak bereizten ditu: haragia eta espiritua; gizakiongan eragina daukeen indarrak doguz. Haragiaren erara bizitzea, giza jokeraz bizitzea da; espirituaren erara bizitzea, Jainkoaren indar salbatzailearen eraginez bizitzea da. Jainkoak nahi dauan lez eta Ebanjelioa jarraituz bizitzera bultzatzen gaitu Espirituak. Onartu daigun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Joan 11, 1-45

Lazaroren biztueraren kontaketa honetan, Garizumako Domekatan entzungo dogun hirugarren katekesi ederra dogu; aurreko biak, emakume samariarra eta jaiotzez itsu zanarena, Jesusengan sinistera eroaten ginduezan. Gaur, Jesus horrek betiko bizia eta bizi oparoa dakarrela aldarrikatzen dogu. Lazaroren hilobi ondoan bizi hori aurkitzera hurreratzen gara. Entzun daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Apaltasunez eta seme-alaba lez, Biziaren Jainkoari zabaltzen deutsagu gure bihotza eta gizadiaren premina batzuk aurkezten deutsaguz.

1.- Eleizaren alde: bere keinu eta hitzakaz Jainkoak eskeintzen deuskun biziaren iragarle izan daitela. Eleizea, harrera eta bake leku izan daitela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herri agintarien alde: baztertuen alde zerbait egin dagien, eta heriotza dagoan lekuan bizia ipinten erabili daiezan euren gogoak eta buruak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Sufritzen dagozan guztien alde: euren bizitzetara osasun pixka bat eta itxaropena eroango deutseezan pertsonak aurkitu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Bizitzaren zentzuna galdu dabenen alde; alkohola edo drogapen bizi diranen alde; urteera bakarra bizia kentzea ikusten dabenen alde: biziaren alde borrokatzeko errazoiak eskeiniko deutseezan pertsonakaz aurkitu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen alkartu garan guztion alde: Erreinuaren ezaugarri biziak izanez, gure inguruan bizia eta bakea erein daiguzan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ESKUBETE GALGARAUEN AURKEZPENA

(Nekazari batek -Alkartean holangorik balitz- aldare ostean dagoan ontzitik hartzen dau esku bete galgarau, kontuz-kontuz aldarera eroan, eta ospatzaile buruak daukan ontzi barri baten izten ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Lurra lantzen dodan esku bardinakaz eskeintzen deutsut gaur, Jauna, esku bete galgarau, bizitzaren eta biztuerearen ezaugarri lez. Zure Semeak erabili eban metafora lez, hauxe erakusteko: ez dagoala biztuerarik, heriotza barik, ezta galbururik, lurrean hildako galgarau barik. Guk gaur zure Semeak erabilitako konparaketea geuretzat hartzen dogu, gure bizitzak eskeintzerakoan, bizi betean berreskuratuko dogunaren itxaropenez.


LORA BATZUEN ETA LANDARA BIZI BATZUEN AURKEZPENA

(Alkarteko beste kide batek eskeintzen ditu orain lora edo landara batzuk, egunean bertan han-hemen batutakoak. Eta dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Gure zelaietako fruitu honeen bidez, gure itxaropena dakartsut nik, Jauna. Itxaropen honen oinarria zera da: Jesusen eskeintza eta heriotzea baliagarri izan zirala, Zuk, Aita, bere hatzaparretatik askatu zengian. Horregaitik, guk eskeintzen deutsuguz gaur gure sufrimenduak, oinaze-minak, destainak, burlak… Emoiguzu zure grazia lagun dogula, geroko aintzaren itxaropena.


KOLONIA ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpen hau emakume batek egitea hobe legoke, gizonkeriaren keinutzat jo barik)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik kolonia ontzitxo apal hau aurkezten deusut eta ospakizun leku hau usain gozotzen dot. Bizi usaina da, Biztuerearen lurruna. Eta Alkarte osoaren izenean eskatzen deutsut, gutariko bakoitza eta guztiok, gure berbeten, gure bizikeren eta jokabideen bitartez, Jesus berbiztuaren bizi barriaren usain gozo eta ezaugarri izan gaitezala.


GATZONTZI BETEAREN AURKEZPENA

(Alkarteko edozein pertsona nagusiak egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Gatzontzi bete hau, alkartearen, militante guztien eta nire izenean dakartsut, Jauna; mundua eraldatzen eta zure ebanjelioa zabaltzen egiten dogun ahaleginaren ezaugarri lez dakartsut. Gaur eta hemen gure herriaren erdian, naiz eta eragozpen ugari izan, zure ebanjelioaren misiolari izaten jarraitu nahi dogu. Emoiguzu zure grazia eta laguntza gure gatza ez daiten gezatu.

Agurra

Senideok: gure sinismena bizia eta eragilea izan behar da. Lotura, zapalketa eta heriotz guztien kontra ekiten dauan sinismena. Bizian sinisten dauana, itxaropenez beteriko sinismena, mundua aldatzen ahalegintzen dana, biziaren Barri ona iragarten dauan sinismena. Jainkoagandik jatorkun bizi hori geure inguruan iragarri eta zabaldu deigula. Ekin lanean!

Egun honetarako gogoetea

“Neu naz bizia eta Biztuera
nigan sinisten dauana ez da betiko hilko”




ASTE NAGUSIA, ASTE SANTUA, kristauontzat asterik “nagusiena”, gainean dogu; aste bete bakarrik gelditzen jaku. Honek esan nahi dau gure “prestatzeko denpora” ere amaitzen doala, eta benetako ordua heltzen jakula: gure bizitza Jesusenagaz aurrez-aur ipinteko ordua; gure JARRERAK (bizitza ikusteko era, maitatzeko era eta ekiteko era) bere jarrerakaz argitu. Berari BEGIRATU, eta gure izatea berari LANTZEN itzi.

Aurreko domekakatan, Jaunaren hitzak, gogoan eukiteko KATEKESI ederrak eskeini deuskuz: “Neu naz ur bizia” (emakume samariarren zatia); “Neu naz munduko argia” (jaiotzez itsu zanarena). Aurrekoak jarraituz eta osotuz, domeka honetan Jesusek dinosku: “Neu naz Biztuera eta Bizia: nigan sinisten dauana ez da betiko hilko” (Lazaro Betanian). Gure bizitzako unerik iluntsuena argitzera dator: heriotza eta betiko bizia. Bera da benetako BIZIA; bizia EMON eta bizi barria SORTZEN dauana.

Aste honetan mezu eder honegaz geratzen gara, eta ASTE SANTUKO gure salbamenaren misterioak ospatzeko prestatu.

ZORIONTSUAK Jesus BIZI lez
BENETAKO BIZI lez onartzen dogunok!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ni naz biztuera eta bizitza"

(Jn 11, 25)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue