Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Garizumea - JOSE SANTUA - 2017.eko Martxoaren 20a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: Eleizak Jose santuaren jaia ospatzen dau. Garizuma barruan kokatzen dan jaia. Pozez hurreratzen gara Jose santuarengana eta, zalantza barik, Jainkoaren salbamen misterioaz gogoeta egiten laguntzen deusku. Santu honi buruz oso gitxi dakigula ere, hauxe esan geinke: bere santutasunaren handia, fedean, Jainkoagazko dauan hurtasunean dagoala, maitasunez eta zerbitzuzko hurtasuna.

Munduko altxorrik handienak zaindu behar zituen. Jainko Aitaren esku babeslea Joserekin ebilela esan dagikegu. Joseren eskuak biguna eta sendoa izan behar eban, zerbitzaria eta askatzailea. Berak babestu behar eban Maria, hain babes barik eta ahula, edozer esamesen arriskuan egoana; berak zaindu Haurra, hain ahul eta hain aurrean erabilia. Horregatik, ez da harritzekoa hainbeste alkartetan eta lekutan, hainbat gauzaren eta etxeren babesle ipinia izatea.

Ospakizun honek lagundu deiskula Jose santuaren apaltasuna eta ontasuna aurkitzen.

Irakurgaientzako oharrak

1. Irakurgaia: 2 Samuel 7, 4-5a. 12-14a. 16

Entzun dagigun lehenengo irakurgaia. Jaunaren jauretxea eraikitzea pentsatu eban Dabid erregeak. Baina Jainkoak, profetaren bidez, emon eutson erantzuna: Dabidek ez eban eraikiko jauretxea; baina Jaunak erreinua betirako finkatuko dauan ondorengoaren agintzaria egin eutson. Jose da Jesus Dabiden ondorengo egiten dauan historiako kate-maila. Entzun dagigun.


2. Irakurgaia: Erromakoei 4, 13. 16-18. 22

Sinismendunok, Abrahan dogu gure aita eta ondoren datozan belaunaldi guztien asaba. Abrahanen sinismenean oinarriturik historia irakurteko proposamena egiten deusku Paulo apostoluak. Abrahanek, Jainkoaren Hitza sinistu eta onartu eban. Horregatik, Jainkoagan sinistu eta fidatzen diran guztien eredu dogu Abrahan; Jose santua ere hortxe dogu. Entzun dagigun.


Ebanjelioa: Mateo 1, 16. 18-21. 24a

Mateo ebanjelariaren arabera, Jainkoak bere salbamen proiektuan parte hartzeko eskatzen deutso Joseri. Agintzariak bete eitezan, Dabiden jatorriko familiaren eta Jesusen artekoen zubi izateko eskatzen deutso. Jainkoaren proposamena onartuz, bere zerbitzura ipinten da Jose. Gogoeta hau entzuteko prestatzen gara, zutunik “AINTZA JESUS” abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoaren seme-alaba izateak eta sentitzeak emoten deuskun konfiantzaz, eta, Jesusen erakutsiak eraginda, hain sarritan Aita-Amaren aurrean egonaz, aurkeztu deiguzan gure preminak bai Eleizearenak eta bai gizaki guztionak.

1.- Lagundu eta babestu egizu, Jauna, zure Eleiza: askatu egizu banaketatik eta hazi dadila xalotasunean eta apaltasunean, Jainkoaren familia lez; pertsona guztien zerbitzari izan dadila. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Lagundu eta babestu egizuz, Jauna, behartsuak eta babesik bakoak: guztiok onartu deigula horreen duintasuna eta defenditu daiguzala horreen eskubideak. Egin gagizuz, Jauna, baztertuen hurreko. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Lagundu eta babestu egizuz, Jauna, besteen eskubideen alde borrokatzen diran gizon eta emakume guztiak: sentitu deiela euren babesle Jose santuaren indarra eta laguntza. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Lagundu eta babestu egizuz, Jauna, gurasoak eta hezitzaileak: umeak eta gazteak hezi daiezela kristau balioetan eta etsipenak ez daizala hartu zailtasunen aurrean. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Lagundu eta babestu egizuz, Jauna, abadetzarako prestatzen dagozan gazteak eta horreen hezitzaileak: besteenganako maitasunetik eta zerbitzutik, bizi deiela Jose santuaren espiritua. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

6.- Lagundu eta babestu egizuz, Jauna, gure Alkarteak, gure familiak: xalotasun eta apaltasunetik, bizi deiela batasuna eta senidetasuna, eta jakin deiela hurreratzen jakezanak onartzen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta kristau elkartearen ibilbidean erabil daitezkeen "EZAUGARRI" ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



AROZTEGIKO ERREMINTA BATEN AURKEZPENA

(Edozein erreminta izan daiteke. Pertsona heldu batek edo arotzen bat balego berak egitea ondo legoke).

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, San Jose egun honetan, bere lana gogoratuz, aroztegiko erreminta hau dakartsut. Bere familia zaindu eta aurrera ataratzeko egiten dauan lana eta daukan jarrerea azpimarkatu gura dogu. Jauna, San Jose zaindari dogula, gogoan izan deigula lana besteen onerako egin behar dogula eta ez norbera aberasteko bakarrik.


EZKONTZAKO ERAZTUN BATEN AURKEZPENA

(Ezkonduta dagoen edozein pertsonak (gizonak) egin leike eskeintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, San Jose egun honetan nik nire ezkontzako eraztun hau aurkezten deutsut. Nire andreagaz, familia bat sortzeko bizitza guztirako emon neban baietzaren eta leialtasunaren seinale da. Ezkontzako sakramentuaren konpromisoa gogoratuz, aita guztien izenean eskeintzen deutsut. Jauna, gure konpromisuak pozez eta denpora eskeiniz bete daiguzan, bizkortu egizu gugan sakramentuaren eragina.


HAZI BATZUEN AURKEZPENA

(Gari garaunez beteriko kristalezko ontzi baten egiten da. Emakume batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, San Jose egun honetan gari hazi honeek aurkezten deutsudaz. Zeugandik hartu doguz eta euren garapena ere Zeuk zaindu eta babestu daizuzala eskatzen deutsugu. Bizidun guztiak bere heldutasunera heltzeko zure laguntza behar dau. Gure eta gure gazteen bihotzetan erein egizu zure Eleizea zerbitzera eroango gaituen hazi ona. Kristau alkarte guztiak izan dagiela laguntzaileren bat!


ONTZI BATEN BARRUKO LEGAMINAREN AURKEZPENA

(Alkarteko ekintzaile batek egin behar dau eskeintza)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik legaminez beteriko ontzi hau dakartsut. Ore moltso handia aldatzeko gauza da legamina. Ekintzaile lez egiten deutsut eskeintza hau, eta zure Seme Jesukristoren aldeko nire testigantza ezelan bere errazten ez deustan mundu arerio baten erdian dodazan burruken irudi lez. Ekintzaile izatearen eragozpenek ez dagiela bultzatu atzeruntz egitera sinesmendun bat bere. Hori eskatzen deutsut. Eta gehitu egizuz zeure ekintzaileak, Eleizeak beharrezkoak ditu eta, berau hesi itxia izan ez daiten.

Agurra

Senideok: Jaun berberak konbidatu gaitu bere Hitzaren otordura eta Eukaristiako mahaira. Ospakizun honetan parte hartuz, San Jose eguna pozik ospatu dogun guztiok Jaunaren babesa eta laguntza izan daigula. San Joseri begiratuz apaltasunean eta otzantasunean bizi gaitezala. Aitaren egun zoriontsua! Familiako jai zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Bai dohatsu, zure etxean bizi diranak,
beti Zu goresten dabiltzanak”




Garizumako bidean geldiune bat eginez, gure artean sustrai sakonak daukazan SAN JOSEREN jaia ospatzen dogu. Gure sinismenaren irudi eder hau kontenplatuz, poztu gaitezan eta jai egin dagigun.

Jai honetako mezu nagusia hauxe dogu: Jose santuak Jainkoaren Hitza sinistu eban, fiatu zan eta Jainkoak bere herriagaz eukazan promesak bete eitezan parte hartu eban. Esateko erreza baina mezu sakona. Horregaitik, sinismenaren EREDU lez aurkezten jaku guztioi, eta Kristau Alkarteak Eleiza osoaren ZAINDARI izentatu eban.

Giro honetan, Kristau Alkarte ezbardinetan, esangura sakona daben ospakizunak doguz: ELEIZBARRUTIKO MISINOEN Eguna, SEMINARIO Eguna... Beste herrialde batzuk ere Jainkoaren AGINTZARIEN barri euki dagien Ebanjelizatze lanagaz konprometituta jarraitzen dogu.

KRISTAU GUZTIOK MISIOLARI!
Zu eta ni ere deituak eta bialduak gara!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Estu ta larri ibili gara zure bila aita ta ni"

(Lk 2, 48)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue