Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Aste Santua - Erramu domekea - 2017.eko Apirilaren 09a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

: : . . . - E R R A M U E N -- B E D E I N K A Z I N O A - . . . : :


SARRERA OSPETSUA

(Ahal dan neurrian eleizatik kanpora egiten da eta eleizarako IBILALDIA prestatzen da. Aste Santuaren hasieran, ibilalditxo honek, Jesusegaz batera bidea egin gura dogula agertzen dau. Holan bada, ospakizuna kanpo aldean hasten dogu. Leku bakotxean ikusi beharko da zelako aukerak dagozan eta zelan egin esanguratsua sarrera hau).


ABADEAREN AGURRA

Aste Santu honetan, Jesus Jerusalemera sartzean, heriotzearen beheraldian eta biztueran betirako azaltzen dan Jaungoiko Aitaren maitasuna izan bedi zuekin.


SARRERAKO OHARRA

Senideok: Garizumearen hasieratik dihardugu Jesusen Pazkoaren Misterioak prestatzen. Gaur, Pazko gaua hur-hur dogula, Jaungoikoaren herri osoagaz alkartuta, Jesu Kristoren Nekaldiaren, Heriotzearen eta Biztuerearen ospakizunari hasierea emotera goaz.

Horregaitik, Kristori prozesinoan jarraitzeak, haregaz nekaldira joateak, norberaren burua Aitaren nahiaren besoetan jartea adierazoten dau. Edozein kristauk, benetan nahi badau, Maisuaren bide hori egin behar dau. Hauxe da ospatu gura doguna; honexetarako prestatzen gara.

Orain, Erramuen bedeinkazinoa egiten dogu.


ERRAMUEN BEDEINKAPENERAKO OTOITZA

EGIN DAGIGUN OTOITZ:

Gure kristau sinismenaren misteriorik haundienak kontenplatzeko prestatzen gagozan Aste Santu honen hasieran, zugana joten dogu Jainko Aita-Ama ona, zure bedeinkapen eske; zure Seme Jesusen ondoan egonez, eta bere gogoetetan bat eginez, gure kristau konpromisoaren zain dagozanengana ere hurreratu gura dogu. Jainkoa ona, jatorkuzan jaien hasiera agertzen daben erramu adar honeek ere bedeinkatu egizuz. Zure Seme Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

(Erremuak ur bedeinkatuz zipriztintzen dira)


EBANJELIOARI OHARRA: Mateo 21, 1-11

Ebanjelariak idatzita itzi euskun testuaren arabera, Jesusen hitz eta askapen ekintzak, Jainkoaren Erreinuaren iragarpen dira. Orain, Jesus Jerusalemen sartzen da; bakearen eta apaltasunaren ezaugarri dan asto baten gainean; aspalditik itxaroten zana eta Jainkoaren izenean datorrena lez goratua da. Momentu hori geure bihotzetan onartzeko ahalegintxo bat egiten dogu. Ebanjelio pasarte hau entzuteko prestatzen gara.


IBILALDIARI (Eleiz-jira) OHARRA

Ibilaldi honen zentzuna, Jesusen ondoan egotea da; baina ez une honetan bakarrik. Bere ezbaian, bere estutasunean, bere bakardadean, bere itxitasunean, beregaz Jainko Erreinuaren alde lanean ibili diranak ere bakarrik ixten dabeneko momentuan ere, bere ondoan egon.

Egoera guztiotan Jesusen ondoan egoten ikasten dogun neurrian, gaur egun ere era ezbardinetan sufritzen dagozanen ondoan egoten ikasiko dogu. Goazen Jesusegaz batera eta ikasi daigun beragandik, Jainkoari begira eta gizakiei begira bizitzen. Ibilaldia hasten dogu.


SARRERA OSPETSUA – IBILALDIA (Eleiz-jira)

(Jerusalemgo sarrera gogoratzen deuskun ebanjelio txatala irakurri ondoren, goralpen kantu errez bat kantatu daiteke; ibilaldian erabiliko doguna edo besteren bat.

Kantuaren laguntzaz, Eukaristia ospatuko dogun tokiraino goaz. Meza emoileak eguneko Otoitza egiten dau eta ondoren Hitzaren Liturgia hasten da.

Erramuen bedeinkapenik ez dagoen beste mezatan, DAMU OTOITZA egiten da).


: : . . . - E U K A R I S T I A - . . . : :




DAMU OTOITZA

+ Jesus Jauna, errege apal eta apala, pertsona guztiak maitatzen dozuzana. ERRUKI, JAUNA.

+ Jesus Jauna, gu bakoitzagaitik zeure burua emoten dozuna. KRISTO, ERRUKI.

+ Jesus Jauna, behartsuen pareraino beheratuz, gizakiagaz azkeneraino solidarizatzen zarana. ERRUKI, JAUNA.

OTOITZA: Emoiguzuz, Jauna, zure grazia eta parkamena, eta onartu eizuz gure bizitzaren mugak.


OTOITZA

EGIN DAGIGUN OTOITZ: Jaungoiko gure Aita, on guztien iturburua, Zeuk gura izan zenduan, guri deuskuzun maitasuna azaltzeko, gure Salbatzailea gizon egitea eta kurutzean hiltea. Erramu Domeka honetan eskatzen deutsugu, sufritzen dagozan gure senideen, kurutzea eroateko laguntza preminan diranen alde konprometiduta bizirik, bihotzez eta gogoz Jesusi jarraitzeko behar dogun indarra. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 50, 4-7

Erramu Domeka honetako eleizkizunak Jaunaren Nekaldia sakontzeko prestatzen gaitu. Profeteak, Jainkoaren berba hori hausnartzen dau, zintzotasunez herriari transmititzeko. Jahveren Zerbitzaria, jausita, zapalduta dagozanakin bat egitera etorri da; Jainkoak ere bere Zerbitzariaren oinazetan bat egiten dau eta horregaitik oinaze hori erospen bihurtuko da. Entzun daigun.


2. irakurgaia: Filipotarrei 2, 6-11

Ereserki antzeko zati honetan, Paulo apostoluak bere esperientzia kontatuko deusku eta hauxe da berak sentitzen dauana: Kristo beste edozein gizaki lez egin zan, gizadia barrutik salbatzeko; bereaz ustu egin zan, heriotzaraino bere burua emonaz. Baina Jainko Aita-Ama onak, hilen artetik biztuz, errazoia emoten deutso eta goratu egiten dau, historiaren erdigune bihurtuz. Apostoluaren gogoeta hau onartzeko prestatzen gara.


Ebanjelioa: Mateo 26, 14 – 27, 66

Profeteak agertu deuskun Jahveren Zerbitzariaren irudia, Jesusengan egi bihurtzen da. Bizitza osoa on eginez eta Barri Ona iragarriz igaro ondoren, Kurutzearen misterioa jatorku aurrera, Jainko Aita-Amaren bideak onartuz eta azkenera arte bere menpeko eginez. Nekaldiaren kontaketa honek, Jesusen Kalbario arteko bidea kontatzen deusku; Berbizkundearen ateetan izten gaitu. Entzuteko eta gogoeta egiteko prestatzen gara.

Jaungoiko herriaren otoitza

Topaketa eta ospakizun giro honetan, gure behar guztiak aurkezten deutsaguz Jaungoiko Aitari.

1.- Eleizearen eta horren zerbitzarien alde, zerbitzu jarreran biziz, pobreen alde jokatuz, kurutzearen misterioa bizi eta iragarri daien. ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIA.

2.- Jauna, beste behin ere, bake eskean gatortzuz; egoera larrietan bizi diranen alde, erantzukizuna daukienak adiskidetzearen eta zuzentasunaren alde jokatu daien. ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIA.

3.- Gorputzean edo espirituan sufritzen dagozanen alde, oinazeak ez daitezala izan estropezu Jesusegaz alkarturik jarraitzeko. ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIA.

4.- Besteei laguntzearren ongura hutsez diharduen hainbeste gizonen eta emakumeren alde, Kristoren sentimentuak geureak eginik, itxaropen eroale izan gaitezala. ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIA.

5.- Gure alkartean senideen oinazeak alkar banatzen ikasi daigun. Egin gaizuz eurentzat hur-hurreko lagun. ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIA.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errezak” eta Garizumako denporaldi honen esanahia eta Kristau Alkartearen bidea argi eta garbi adierazoten daben “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu guztiak egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BIZITZAKO AZKENAREN ESKEINTZA

(Argi dagoanez, alkarteko pertsona nagusi batek egin behar dau)

OTOITZA – AZALPENA: Begiratu, Jauna, hemen naukazu, ia bizitza osoa lepo gainean dodala. Zu benetan eskuzabala izan zara nigaz, hainbeste egun eder oparituz. Nik gaur ez bakarrik nire bizitza, nire heriotzea ere eskeintzen deutsut. Zure seme Jesu Kristoren heriotzeagaz batera onartu daizula gura dot, nire bizitzak holan bakarrik izango dau zentzun osoa, eta bere biztueran parte hartzeko itxaropenaren atea zabalduko deust.


BAZTERKETEAREN ESKEINTZA

(Alkarteko gazte batek egin behar dau, nahiz eta, seguruenik, berak ez jasan holango arazorik)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen, Jauna, nire gaurko eskeintza: nire gazte lagun askoren bihotz zartadak dakartsudaz, kasu askotan euren adinagaitik badira ere. Hor daukazuz: batzuk lan barik eta etorkizun ilunaren aurrean lur jota; beste asko, drogaz, ihesaz (sidaz) hondatuta; eta ez gitxi, norabide bako talde desbideratuetan edo alkoholaren edo beste sare baten katigu. Guztien izenean, arren, eskatzen deutsut. Gure sufrimentuak zure Seme Jesu Kristoren sufrimentuakaz bat egin daizuzala.


HIRUGARREN MUNDUAREN ESKEINTZA

(Beste gazte batek egin daiala hau edota, Alkartean balego, GKE (ONG) bateko kide batek)

OTOITZA – AZALPENA: Neure gain hartu dot, Jauna; zure aita-bihotza zauritzen dauan beste sufrimentu mota bat zure aurrera ekartea; gizateriaren zati handi bat harrapatu ere egiten daualako. Hirugarren munduko gosea, miseria eta azpigaratuen zoritxarrak. Lehenengo Munduko pertsona asko eta askoren itxaropenaren esku luzatuak ere badakartsudaz, ez dakizala ahaztu euren malkoak eta aieneiak. Gizartearen eta munduaren aldaketeaz arduratuta dagozanen kopurua gehituz joan daitela.


ASTE SANTUKO OSPAKIZUNEN EGITARAUA

(Parrokiako Pastoral Kontseiluko batek aurkeztu dagiala, aurtengo Aste Santuan Alkartean izango diran ospakizun eta ekintza guztien ORRIA)

OTOITZA – AZALPENA: Hauxe dozu nire eskeintza, Jauna: Egun Santu honetan zure Semeak eskeintzen deuskun dana behar dan lez biziteko, gure Alkarteak hori ganoraz prestatzeko egin dauzan ahalegin guztiak. Bizi iturri eta eragilea izango dan egitarauaren eskeintza hori aurkezten deutsugu. Emoiguzu, arren, aurtengo Aste Santuaren esperientzia BARRIA biziteko grazia. Holantxe bai lortuko dogula Beragaz gozatzea eta Zugaz biztuerearen eta Bizitzaren poztasuna.

Agurra

AGURRA

Zure Berbaz eta Eukaristiaz indartuta, Jerusalemera igoteko eta gure munduaren aurrean Zu presente egiteko prest gagoz. Arren, eskatzen deutsugu, Egun Santu honetan Zuri laguntzeko, zuze sentimentuak biziteko, eta estutasuna, bakarkadea... aintzat hartuak ez izatea eta bidebakokeria sufritzen dabezan senideengandik hur-hurrean bizi gaitezala. Emoiguzuz errukizko erraiak. Aste Santu zoriontsu, sakon eta “kristaua” izan daizuela!


BEDEINKAPENA


+ Errukiaren Jaungoiko Aitak, bere Semearen Nekaldian maitasun erakutsia emon deuskunak, emon deiskula gure Beraganako eta gizakienganako leialtasunari esker, bere bedeinkapenik onena. E./ Amen.

+ Eta, Kristoren aldiko heriotzeari esker, gugandik betiko heriotzea aldenduz, lortu daigula bizitza betearen poztasuna. E./ Amen.

+ Eta holan, Jesu Kristoren gizon guztienganako izan eban apaltasunaren, eskuzabaltasunaren eta alkartasunaren erakutsiak jarraituz, egunen baten bere aintzazko biztueran partaide izan gaitezala. E./ Amen.

+ Eta Jaungoiko Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren bedeinkapena isuri daitela gu guztion gainera eta beti lagun izan daigula. E./ Amen.

Egun honetarako gogoetea

“Menpeko eginez, Kurutzeko Heriotzaraino.
Horregaitik Jaunak goratu egin eban”
(Fl 2, 8-9)





Hemen gara. Heldu gara. EGUN HANDIAK, handienak, miragarriak: Jaunaren misterioz eta MAITASUNEZ beteak. Gizon batek bere bizitza osoa eskeintzen dau besteen alde. Azkenengo egunetan esango jaku Bera dala bidea, Pazkoko eta askatasun osoko atea.

Aste Santua Pazko iragarpena da. Garizumako ibilaldia amaitu da, eta egiaren ordua da; geuk hatakotzat hartu zein ez hartu: Beragaz gagoz edo “hor konpon” esan daikegu. Aukera erabakiorra da.

ERRAMU DOMEKEA Aste Santuko atea da, indarrez eta zentzunez beterik. Jesu Kristo Bera da gure Salbatzailea, Mesias. Hurrengo egunetan, lagundu egingo deutsagu, bere biziteko erea sakon-sakonean ezagutzeko, bere eskeintzaz eta, gehiago, bere heriotzaz jabetuz. Beharrezkoa dogu.

ASTE SANTU “KRISTAU” ETA ZORIONTSUA!
(Ez ahaztu: badira “Aste Santu” batzuk
“kristautasun” apur bat ere ez daukienak)

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Bedeinkatua Jaungoikoaren izenean datorrena!"

(Mt 21, 9)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue