Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Aste Santua - Eguen Santua - 2017.eko Apirilaren 13a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

SARRERAKO OHARRA

Senideok: Eguen Santua, Alkar Maitasunaren Eguna ospatzeko alkartu gara. Zerbitzu apal eta doanekoan adierazoten dan maitasuna. Jesusek, honango egun baten, heriotzea hur-hur eukala jakinda, bere adiskideakaz alkartu gura izan eban juduen Pazkoa ospatzeko, eta guri, beraren jarraitzaile izan gura dogunoi, zelango bizitza behar dogun afari honetan azaltzeko.

Jesusek bere duintasunari uko egiten deutsala eta bere burua emoten deuskula adierazoteko, kapea erantzi eta oinak garbitu eutsezan bere ikasleei. Hortik aurrera, Eukaristia ospatzea gizakiaren zerbitzuan eta neba-arreben alde jokatzea da.

Meza honetan bertan eratu eban abadetzea; ogi honetatik jaten eta ardao honetatik edaten dauan bakoitzak, Haren heriotzea iragarri daian Bera etorri arte. Badogu, ba, mezurik eta arrazoirik Eguen Santu hau ospatzeko.


AGURRA

Jaungoiko Aitaren maitasuna, Jesusengan agertua, Berbean eta Eukaristian presente dagoana, zerbitzuan eta maitasunean bizi gaitezan bere Espirituaren indarra emoten deuskuna, izan bedi zuekin.


DAMU OTOITZA

Jaungoikoaren aurrean, makalak eta mugatuak garalako, parkamena eskatzen dogu maitasunaren eta neba-arrebenganako zerbitzuan egindako huts egiteagaitik.

- Eukaristia sortu zenduan eta zure zerbitzua eta maitasuna bizitera konbidatzen gaituzuna. ERRUKI JAUNA.

- Zeureak azkenera arte maitatu zenduzana. KRISTO ERRUKI.

- Zure Ebanjelioaren iragarle eta testigu lez bizitera dei egiten deuskuzuna. ERRUKI JAUNA.

Bialdu, Jauna, zure indarra gure bihotzetara, eta indar horrek eroan gaizala maitasun preminan diran neba-arrebakaz gure bizitza alkar banatzera. Amen.


AINTZARAKO OHARRA

Garizuman -penitentzia eta bihotz barritze aldian- ez dogu Aintzarik erabili. Baina, Jesusek bere Berbea eta bere Eukaristia alkar banatzearen poza eta alaitasuna ospatzen dogun egun honetan, poz-pozik abesten dogu: Aintza zeruetan Jaungoikoari


OTOITZA

Gure Jaun eta Jaungoiko Aita, zure Semeak bere burua heriotzara eroan aurretik, Eleizeari itzi eutsan maitasunaren otordua; Itun Barriko oparia ospatzeko alkartu gara hemen. Jesusen familia handikoak garanoi, eragin deiskula haren ereduak Erreinuaren alde lan egiten, eta Eukaristiak indartu gaizala zuganako eta senideenganako maitasunean sendo irauten. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Irteera 12, 1-8. 11-14

Exodo liburutik hartuta dagoan zatitxo hau, esanguratsua da Israel herriaren historian. Egiptotik aske urten aurreko azken afariaren kontaketa dogu. Puntu zehatzez eta itxaropenez beteriko ospakizuna dogu. Israel herriak, jazoera hori gogoratuz, urtero ospatzen dau, Jainko salbatzailearen ekintza lez biziaz. Guk ere kontaketa bardina entzuten dogu, bere mezua geureganatuz.


2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 11, 23-26

Paulo apostoluak, Jesus maisuaren esperientzi berezia eta sakona izan ebanak, Jaunaren Afariaren zentzuna laburbatzen deusku: Jesusegandik datorren eta beragandik hartua izateaz gain, gizadi osoaren salbamenerako bere bizi eskeintza lez ikusten dau. Kristau alkarteak, hemen entzungo doguna, ospatzen eta gaurkotzen jarraitzen dau. Entzun daigun.


Ebanjelioa: Joan 13, 1-15

Joan ebanjelariak, Azken Afariko ezaugarri nagusi lez, OINEN GARBIKETA eskeintzen deusku; Jesus bere alkarteko kideen oinetara makurtzen da. Keinu hau, garbiketa erritual bat baino askoz be sakonagoa da. Bere lagunen aldeko zerbitzu eta maitasun keinua dogu. Guretzat, Jesusen ikasbidea jarraitzeko deia dogu. Hain ezaguna dogun zati honetara, bihotzez hurreratzen gara.


OINEN GARBIKETA

OHARRA:

Jesus Jaunak, afalostean, mahaitik jagi eta ikasleen oinak garbitu ebazan. Keinu horrek sinisgarri egiten ebazan Jesusen berbak: “Alkar maitatu eizue, nik maitatu zaituedan lez; honetan ezagutuko dabe nire ikasleak zariela”.

Orain egiten doguna keinu bat besterik ez da: besteen aldeko eskeintza eta zerbitzua dan bizitza adierazotea da bere helburua. Holan ez balitz, errito hutsa izango litzateke, zentzun bako azaluskeria nabarmena. Gaur, Jesusek bizi izan eban indarrez eta sakontasunez bizi gura dogu.

Jaungoiko herriaren otoitza

Senideok: otoitz egin deiogun Jaunari, bere errukian eta maitasunean uste osoa daukagulako, beste inork ez bestean maitatu ere, Berak maitatu gaitualako.

1.- Eleizeak eta kristau talde guztiak Kristorenganako leialtasuna barriztatu daien eta, Haren antzera, maitasunean eta txikien aldeko zerbitzuan bizi daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Eleizan pastoralean diharduen guztien alde, eguneroko zerbitzuan leial jokatu daien; eta pastoral ministeritzarako prestatzen dagozanen alde: Jesusen indarra eurengan sentidu daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Jainkoaren Erreinuaren alde lan egiteko Jaunaren deia sentidu dabenen alde: uzta ugaria eta langileak gitxi dirala jakinik, adorez jokatu daien; sentidu daiela eurengan Jaunaren indarra, haren ezaugarri izateko munduaren erdian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixoen eta adin handikoen, edozergaitik sufritzen dabenen eta bakarrik bizi diranen alde; edozein aldetako terrorismoaren eta tratu txarren biktimen alde; bidegaberiaz kartzelan dagozanen, etorkinen eta bidaztien alde: horreen eskubideak autortuak eta onartuak izan daitezan eta behar daben laguntza hartu daien; gure hurtasuna itxaropenaren bide izan dakiela eta hareentzat Jaungoiko maitasunaren ezaugarri izan gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Kristau Alkarteetan alkar zerbidu daigula maitasunez, apaltasunez, begirunez. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errezak”, denporaldi honen esanahia eta Kristau Alkartearen bidea argi eta garbi adierazoten daben “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu guztiak egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LOREN AURKEZPENA

((Aldare mahaia gaur ahalik eta ardura handienaz antolatu behar da; horregaitik, gaur bere inguruan egiten da oparigaien aurkezpen erritoa. Lehenengo, aurretik dotore hornidua dan lora ontzi bat. Andrazko batek egin daike eskeintza hori. Eukaristia buru egiten dauana jagi, lora ontzia hartu eta jagokon lekuan izten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik lora ontzi hau dakartsut gaur, Eukaristiako otordu mahaia dotoretzeko. Alaitasunaren eta jaiaren adierazgarri diran lorek dozuz honeek. Hain zuzen ere, honeexek dira gaur gure Alkarteak bizi dituan sentimentuak. Egizu, Jauna, zure Gorputz santua hartu eta gero, besteentzat poz emoile izan gaitezala.


KANDELEN AURKEZPENA

((Lora ontzia aurkeztu dan lez, aurkeztu daitekez kandelak ere. Aurkezpen hau ere Alkarteko beste andrazko batek egin daike, mahai buruaren eskuetara eroanda, eta lehendik aldaran prestatutako lekuan jarrita)

OTOITZA – AZALPENA: Nire partetik, kandela bi honeek dakartsudaz, Jauna, aldare mahaia argitu daien eta gure artean zure presentziaren adierazgarri izan daitezan. Gu geu ere -bai Alkartea eta bai kide bakoitza- era berberean zure argi izan gaitezala, Zu gure bizitzan eta ekintzetan bizi zarala agertuz.


IDAZLUMA BAT, ARTAZI BATZUK ETA MAILU BAT

((Alkarteko hiru lagunek egingo dabe eskeintza, gizonezko zein andrazko izan. Euretariko batek dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Begiratu, Jauna, guk, askoren arteko hiru lan tresna ekarri deutsuguz, gizarteko eta munduko ogibide eta lanbide guztien adierazgarri. Guk besteakazko hartuemonetan daukagun prestutasuna eskeini gura deutsugu eurokaz. Gure gaitasunak, izan, zure dohaiak dirala jakitun gara; horregaitik guk besteei egindako zerbitzu bidez bihurtu nahi deutsuguz. Gure eskulana ez daitela izan geu aberasteko edo kontsumoan irunsteko. Atera gaizuz tentaldi horretatik.


OGIAREN AURKEZPENA

((Alkarteko edozein kidek aurkeztuko dau ogi bat, Eukaristiaren ezaugarritzat. Ahal dala, ogi biribila izan daitela. Eskeintzaren ostean, eukaristia buruak mahai gainean izten dau, Erreserbea gorde aldarera eroan arte; orduan, eskeintza egin dauanak berak hartu eta Sagrarioko atea aurrean jarten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen, Jauna, nik ogi eder hau dakartsut gaur. Berau da gure oinarrizko janariaren eta berau barik munduan gosez hilten dagozanen sufrimentuen ezaugarri. Batez ere, gaur eta hemen Eukaristiaren sinboloa da, Zuk gizakioi eskeinitako zure Gorputzarena. Emoiguzu gaur, Jauna, zure gorputz indarra, zure Semearen Heriotzearena eta Biztuerearena gaurkotzean, hartu doguzan eginbeharrak beteteko.


ARDAO PITXAR BATEN AURKEZPENA

((Alkarteko edozein kidek egiteko eskeintza da. Aukera lez, lehen ogiarena gizonezkoak egin badau, orain hau andrazkoak egin daiala. Mahai buruak lehengo eran jokatuko dau, eskeintza oparia hartu eta gero. Hau ere prozezinoan gorde aldarera eroan behar da)

OTOITZA – AZALPENA: Hara! Nik, Jauna, ardao ona daukan pitxarra eskeintzen deutsut. Asetu, arren, gizakien egarria, eta alaitu, behar dan neurriz edanda, gure bihotza, alkarregaz adiskidetasunean ospatuz. Zure Semeak gugaitik Nekaldian eta Heriotzean isuritako Odolaren ezaugarri ere bada. Honegaz hauxe agertu gura deutsugu: Maitasunaren eta justiziaren fruitua dan mundu hobea posible dala: bata bestearen zapalketa barik, desbardintasunik eta zuzengabekeriarik ez dan mundua.


DIRU BATZEA

((Anaiarteko Maitasun Egun honetan, Diru batzea behartsuakaz daukagun alkartasunaren ezaugarri bat da. Hori dala-eta, aurretik iragarrita egonda, gaurko ospakizunean diru batze hau ezin daiteke kendu. Ahal danik egokien egitea proposatzen dogu: ordua danean, Alkarteko batzuk aurreratzen dira eta otzaratxoak hartu eta erabiliko dabez eleiztarren oparia batzen. Bitartean, Alkarteak kantuz jardungo dau. Diru batzea amaitzean, dirua batzen dabenak mahai buruari eskeintzen deutsie. Euretariko batek irakurten dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur Anaiarteko Maitsun Eguna ospatzen dau Eleizeak. Hona hemen gure alkartasunaren fruitua. Guk eskeintzen deutsuguna, Zeuk ugaritu eizu, gure bihotzak askoz zabalago eginda. Gizakien sufrimentu bat ere ez daitela izan ikutuko ez deuskunik. Behartsuenakaz, batez ere, bihozberak izan gaitezala. Beti ere, gogoan izan daigula, gehiengoa pobretasunean bizi dan munduan bizi garala. Guk baino askoz gitxiago daukanakaz solidaritzaz jokatzeko orduan, geure arazoak ez dakiguzala atxakia izan.


OPARIEN GAINEKO OTOITZA

Emoiguzu, Aita ona, misterio santu honeetan duintasunez parte hartzea; zure Semearen oroigarria egiten dogun bakoitzean, Espiritu Santuak Jesusen Gorputz eta Odol bihurtzen dituan senidetasunaren ogia eta ardaoa ekarten doguz aldarera; lagundu deiskuela gure konpromisoa maitasunez eta senideenganako zerbitzu lez bizitzen. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

Agurra

JAUNARTZEAREN OSTEAN

Emoiguzu, Aita, gugan presente dagoan Eukaristiako Jesusek indarturik, gure konpromisoakaz leialak izan gaitezala; gure egunak gizarteko makalenen zerbitzuan bizi daiguzala. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.


SAKRAMENTU SANTUA LEKUZ ALDATZEA

OHARRA

Jesusi gorde aldarera laguntzera goaz. Hor gurtuko dogu haren maitasunaren misterioa; hor alkartuko doguz gure bihotzak harenagaz, hor gogoratuko, Jesusek bihotzean biztu deutsen suak adoretuta, makalenen alde lanean diharduen hainbeste andra eta gizon.

(Otoitza amaituaz batera, prozesinoa egiten da gure Jauna jarteko prest dagoan gorde aldarera. Prozesinoan “PANGE LINGUA” abestu daiteke. Hara heltzean, abadeak sagrarioan izten dau gure Jauna. Guztiak belaunikatzen dira, eta, aldi baten, isilean gurtzen dabe Jauna. Azken oharraz edo otoitz batez amaitzen da)


AZKEN OHARRA

Jauna gure artean dago, Jaunaren dohaia, Biziaren Ogi. Arratsalde hau munduko premina guztien alde otoitz egitekoa da, munduan bakea izan daigula, eta gu garan eta guk daukagun guztiagaitik eskerrak emotekoa. Afalostean Jesus Oliamendira joan zan, eta hara heltzean, otoitz egiteko eskatu eutsen ikasleei. Gaur beste horrenbeste eskatzen deusku gutariko bakoitzari. Horregaitik konbidatzen zaituegu, gero, gau honetan barriro otoitz egitera, Jesusegaz egoteko.

Egun honetarako gogoetea

“Agindu barri bat emoten deutsuet: Alkar maite daizuela,
Nik maite izan zaituedan lez”
(Jn 13, 14)





Milaka kristau Alkartek ospatzen dogu gaur EGUEN SANTUA, eta, egin ere, Jesusen EUKARISTIAren inguruan egiten dogu, guztion anaitasunezko mahaian. Egun hau Pazkoaren atarikoa da, Jesusen bidearen hasierea, Heriotzan zehar Biztuerara. Hirurren Sakratu honetan, gure sinismenaren egia handiak ospatzeko prestatzera goaz.

Egun honetako mezua hauxe da:

- MAITASUNA eta ZERBITZUA: edota bardin dana, gizakiagazko Jaunaren maitasuna eta alkartasuna. Gaur Jesusen maitasunaren gomutea egiten dogu, Bera buru eta bizi osorik emonda agertu deuskun maitasuna. Hori dala-eta, Jesusen berbak eta keinuak gogoratzen doguz, bere bizitzako egun handi honetan. Horregaitik egiten jaku deia: anaitasunean eta alkartasunean bizitera, Jesusen agindua egia bihurtuz: “Alkar maite eizue, Nik maite izan zaituedan lez”.

- EUKARISTIA: bere bizitza osorik izten deusku Jesusek Eukaristiako keinuan batuta. Horra Jesusek egiten eta eskatzen deuskuna agertuta eta agirikoa eginda. Horregaitik, maitasun eta anaitasun giroan bakarrik ospatu daiteke Eukaristia.

Zorionekoak, Jesusen antzera,
ZERBITZU bidea aukeratzen dabenak!
Zorionekoak, Jesusen antzera,
besteentzat OGI egiten diranak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ikasbidea eman dautsuet, nik zuei egin dautsuedanez, egin dagizuen zeuek be"

(Jn 13, 15)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue