Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Aste Santua - Bariku Santua - 2017.eko Apirilaren 14a

Liturgia Salmoa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

SARREREA ISILEAN

(Gaurko ospakizuna esanguratsua da. Isilean hasten da. Ospatzaileak (eta laguntzaileak) isilean hurreratzen dira presbiterio aurrera; hemen, belaunikoturik edo zutunik, une baten isilean jarraitzen dabe, otoitz eginez. Honen ondoren SARRERAKO OHARRA egiten da. Oharra amaitu ondoren, Batzarburu danak otoitza egiten dau)


SARRERAKO OHARRA

Senideok: gugaitik bizia emoten dauan Jesusen Nekaldia eta heriotza ospatzeko alkartu gara. Berak esandakoa bete egiten dau: ez dago maitasun haundiagorik norberen bizia lagunen alde emotea baino; eta gaur, bizi hori emoten dauala ospatzen dogu.

Gaurko ospakizunak hiru zati oso ezbardinak daukaz. Lehenengo zatia, HITZAREN LITURGIA dogu; batez be, une garrantzitsu lez Nekaldiaren kontaketa san Joanen ebanjeliotik. Bigarren zatia, KURUTZEA GURTZEA: bere Semea gugaitik emoteraino maite izan gaitu Jainkoak; honen aurrean ahuspezturik gurtzea dagokigu. Hirugarren zatian, Kurutzeratua izan dan Jesusekin, JAUNARTZEAGAZ bat egiten dogu.

Ospakizun honek, gure sinismena oinarritzen dan Jainkoaren maitasun misterio horretan bat egiten lagundu deiskula.


OTOITZA

Jainko Jauna,
Jesukristo gure Jaunaren nekaldiaz ezereztu zenduan
lehenengo pekatua gizaki guztietara zabaldutako heriotzea;
egin gaizuz zure Semearen irudiko,
izatez Adanen antzeko gareanok
zure graziaz Jesukristoren antzeko izan gaitezan.
Errege bizi da-ta gizaldi ta gizaldietan.
E./ AMEN.

Irakurgaientzako oharrak

: : . . I -- H I T Z A R E N -- L I T U R G I A . . : :



OHARRAK: KONTUAN EUKITEKOAK

(Gaur, inoiz baino gehiago, zati hau zainduko dogu. IRAKURLEAK jabetu daitezela honekin. Salmoari ere Jesusen otoitz ikutua emoten ahalegindu, herriak abestuko dauan salmo-kantu ezagun bategaz.

Nekaldiaren irakurketa une garrantzitsua dogu; hiru pertsonak egingo dabe. Ondo legoke hiru bat aldiz gelditzea eta kantu ezagun batzuekaz herri guztiak parte hartzea. Ebanjelioaren amaieran, ospatzen dogunagaz eta irakurri dogunagaz bat eginez sakontzen joateko, “Kurutzan osasuna...” abestu daiteke).




1. irakurgaia: Isaias 52, 13 – 53, 12

Isaias profetearen kontaketa eder honetan, “Jainkoaren Zerbitzaria” heriotza arte beheratua izango da; baina irabazle urtengo dau eta gizadiaren salbatzaile bihurtuko. Profetearen iragarpen honek Jesusen aurrean ipinten gaitu; bere bizia heriotzara arte emonaz, guretzat salbamen iturri bihurtzen da. Gordina, baina itxaropenez beteriko kontaketa hau entzuteko prestatzen gara.


2. irakurgaia: Hebertarrei 4, 14-16; 5, 7-9

Hebertarren idazki egilearen arabera, gizadia eta Aitaren bitartekaria Jesus dogu eta bere anai-arreben alde erregutzen dau. Gure ezina, gure negarrak eta minak ezagutu ditu; esaneko izateak eta bere eskeintzak, guretzat bizi barri baten seinale dira. Bere jarraitzaileok, bere antzeko izatera deituak gara. Idazlearen fede autortza hau entzuteko prestatzen gara.


Ebanjelioa: Joan 18, 1 – 19, 42

San Joanek Maisuaren, gizon barriaren azkenengo pausoak kontatzen deuskuz: giza hondar egina, Kurutzean josia, Historian porrotik handiena hartutako lez munduaren aurrean erakutsia. Fededunontzat, Jaungoikoak biztua, bere heriotzaz gurea menderatu ebana, gure artean dagoana da Kurutzean jositako hau.

>>>(Jesusen Nekaldia)<<<

Jaungoiko herriaren otoitza

: : . . M U N D U -- G U Z I A R E N -- A L D E K O -- O T O I T Z A . . : :



SARRERA OROKORRA

Senideok: gure historia argitzen dauan Jainkoaren Hitza entzun dogu: Jainkoaren maitasuna, Jesukristo kurutzeratuarengan agertzen jaku.

Gaur, gizadi osoaren alde bere bizia emon dauan Jesusen aurrean, gure otoitzak biziagoa eta zabalagoa izan behar dau. Jainkoa Aita-Amari zuzentzen deutsagu, Kristoren Argiak gizaki guztiak argitu daizan eskatuz.

Asmoa irakurri ondoren, isil unetxo bat egiten dogu eta geure otoitzez bete. Abadearen otoitzari “AMEN” erantzunaz, gizaki guztien beharrizanakaz bat egiten dogu.

Jainko herriaren otoitza hasten dogu.


(OHARRA: Eskari bakotxaren sarrerea, ohar egileak barik beste pertsona batek egiten dau. Holan momentu honi bere garrantzia emongo deutsagu eta otoitzerako aukera lez eskeini)


1. ELEIZEAREN, KURUTZERATUAREN ALKARTEAREN ALDE

Ohar egileak

Egin daigun otoitz geu ere kide garan Jaungoikoaren Eleizearen alde; Jaunak emon deiola bakea eta zaindu daiala batasunean, babestu bere egitekoan, eta guztioi emon deiskuzala fedea, itxaropena eta maitasuna Jaungoiko Aitaren aintzarako.


Isil alditxoa

Abadeak

Jaungoiko gure Aita, herri guztiei Kristogan azaltzen deutsezu zure aintza; arduratu zaitez zure maitasunaren lanaz; mundu osoan zabalduta dagoan zure Eleizeak iraun daiala fede sendoz zure izena eta zure bizi asmoa autortzen. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
E./ Amen
.


2. AITA SANTUAREN, GOTZAINEN, ABADEEN eta HERRI OSOAREN ALDE

Ohar egileak

Egin daigun otoitz gure Aita Santuaren, ………… gure gotzainaren, gotzain, abade, diakono eta Jaungoiko herri santuko kide guztien alde.


Isil alditxoa

Abadeak

Jaungoiko gure Aita, zure Espirituak santutzen eta erabilten ditu gauza guztiak: entzun eiguzuz egiten deutsuguzan eskariak, zure graziari esker, bakoitza geure bokazinoan zure zerbitzari zintzoak izan gaitezan. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
E./ Amen
.


3. KRISTAUEN BATASUNAREN ALDE

Ohar egileak

Egin daigun otoitz Kristogan sinisten daben gure neba-arreba guztien alde: ezagutu daben egia kontuan izanda bizi diranak Jaungoiko gure Aitak Alkarte bakarrean batu eta zaindu daizan.


Isil alditxoa

Abadeak

Jaungoiko gure Aita, zabal diranak batzen eta batuta dagozanak batasunean jagoten dozuz; begiratu eiezu maitasunez zure Semeari jarraitzen deutsienei, eta bateo berak bat egindakoak, benetako fedearen eta maitasunaren lokarriak bat egin daizala Alkarte bakarrean. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
E./ Amen
.


4. KRISTOGAN SINISTEN EZ DABENEN ALDE

Ohar egileak

Egin daigun otoitz Kristogan sinisten ez dabenen alde, eta batez ere, Jaunak antzinatik bere profeten bidez hitz egin eutsan herriaren alde, Espiritu Santuak argituta, eurak ere aurkitu daiela Salbamenaren, biziaren eta argiaren bidea..


Isil alditxoa

Abadeak

Jaungoiko gure Aita, emoiezu Kristogan sinisten ez dabenei eta zure Itun Zaharreko herriari, zure aurrean zintzo ibiliz, egia osoa ezagutzea; eta guri, barriz, emoiguzu, neba-arreben arteko maitasunean eta Zu sakonago ezagutzeko asmoetan aurrera eginda, zure maitasunaren testigu sinisgarriak izan gaitezala. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
E./ Amen
.


5. JAUNGOIKOAGAN SINISTEN EZ DABENEN ETA JAUNGOIKORIK EZ BALITZ LEZ BIZI DIRANEN ALDE

Ohar egileak

Egin daigun otoitz Jauna ukatzen dabenen, Jaunaren existentziaz zalantzak dabezanen eta zalantza horreetan gogortzen diranen alde; edo euren bizi materialistan Jaungoikorik ez balitz lez bizi diranen alde: Batzuk euren bizitzako zuzentasunagaitik eta zintzotasunagaitik, besteak euren lozorro materialistatik itzartuten diralako, lortu daiela Jaungoikoagaz alkartzeko saria..


Isil alditxoa

Abadeak

Jaungoiko gure Aita, Zeuk egin zenduzan gizaki guztiak beti Zure bila ibili daitezan eta, Zu aurkituta, Zugan atsedena izan daien; egizu bizitzako zailtasunen artean, zure maitasunaren ezaugarriak eta kristauen testigantzak eroan daizala Zu gizaki guztien Jaungoiko eta Aita ezagutzera eta onartzera. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
E./ Amen
.


6. AGINTARIEN ALDE

Ohar egileak

Egin daigun otoitz herri guztietako agintarien alde, eta batez ere, guretzat hurkoenak diranen alde: Jaungoiko gure Jaunak, bere asmoak kontuan izanda, herri guztietako agintariak bakerantz, zuzentasunerantz eta gizaki guztien askatasunerantz zuzendu daizala euren pentsamenduetan eta erabagietan..


Isil alditxoa

Abadeak

Jainko Aita-Ama ona, gizaki guztion etorkizunaz eta herrien eskubideekaz arduratzen zarana; zaindu eta argitu egizuz agintariak, zure graziari esker nazino guztietan bakea eta garapena izanaz, pertsona guztien oinarrizko eskubideak zainduak izan daitezan. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
E./ Amen
.


7. NAHIGABETUEN ALDE

Ohar egileak

Senideok, azkenik, egin deiogun otoitz Jaungoiko gure Aitari munduan pekatuaren eta solidaritzarik ezaren ostekoak jasaten dabezanen alde; Berak zaindu daizala, Jesu Kristo bere Seme maitearen antzera senideak zerbitzen bizi diran hainbesteren bitartez, eta heldu daitela nahigabetu bakoitzarengana Jaungoikoaren presentziaren gozoa..


Isil alditxoa

Abadeak

Jaungoiko gure Aita, negar egiten dabenen atsegina eta sufritzen dagozanen indarra, heldu beitez Zugana euren atsekabetik Zuri deika diharduenen eskariak, euren ezbeharrean aurkitu daiezala zure errukiaren laguntza eta gu guztion alkartasuna. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
E./ Amen
.

Agurra

: : . . II -- K U R U T Z E -- S A N T U A -- G U R T Z E A . . : :



OHARRA

Biziaren Jainkoari gizadi osoaren alde otoitz eginez, lehen zatia amaitu dogu.

Jesukristoren KURUTZEA da orain gure batzarraren erdigunea. Sarritan kurutzea bitxi eta edergarri lez erabilten dogu. Baina kurutze horretan dago gure salbamena, gure bizia eta biztuerea.

Abadeak, Jesusen kurutzea erakutsi eta agertuko deusku, eta guk, Jainkoak gugaitik egin dauana eskertuz, gurtu egingo dogu. Bakez, esker onez, itxaropenez... hurreratzen gara Jesukristoren kurutzearen aurrera.


KURUTZEA ALTARA AURRERA EKARTEA

(Alkarteko hiru pertsona doaz kurutzearen bila. Kurutzea nahiko haundia izan daitela. Abadeak edo parrokian arduratzen dan beste pertsona batek, kurutzea hartzen dau eta beste biak argi ixiotuak.

Eleizan Kurutzea hartzen dauanean, lehenengoz abesten dau: “Hona hemen kurutze habea munduaren osasuna zintzilik euki ebana”. Eleizaren erdi inguruan barriro eta hirugarrenez presbiterio aurrean. Eleiztarrei erakutsiz, isil une bat egiten da.

Ondoren kurutzea gurtzen da musu emonaz edo ikutu eta “Aitaren” eginaz. Musika edo kantuaz lagundurik egiten dogu.

Kurutzeak, gaur leku berezi bat behar dau).




: : . . III -- J A U N A R T Z E A . . : :




(Batzar-burua “Gure Jaunaren” bila doan bitartean, monitoreak hirugarren zatiaren azalpena egiten dau).

OHARRA

Senideok: ospakizunaren hirugarren zatian sartzen gara.

Jaunartzera hurreratuko gara. Gogoratu daiguzan apostoluaren berbak: “Ogi honetatik jaten dogun bakotxean, Jaunaren heriotzea gogoratzen dogu, Bera etorri arte”. Maitasun haundia agertu deusku Jesusek, kurutzean bere bizia gure alde emotean. Maitasunez bizia besteen alde eskeintzea da kristautasunaren ezaugarria. Zoriontsuak Biziaren Ogia hartzeko prest dagozanak!


GURE JAUNA ALTARARA EKARRI ETA JAUNARTZEA

(Oharra amaitzen danean, batzar-burua eta laguntzaileak kandelak bizturik, altarara hurreratzen dira. Bitartean beste pertsona bik altara gaineko mantela ipinten dabe. Altara aurrean, “Gure Aita” kantatu edo errezatu.

Gure Jauna banatzen dan bitartean, 21gn Salmoa irakurri daiteke, tarteka isil unetxo bat eginez. Egunari dagokion entzuteko musika ere ipini daiteke).




: : . . IV -- A G U R R A . . : :




OTOITZA

Jainko Aita-Ama on eta errukitsua,
Zure Seme Jesukristoren heriotzeaz eta biztuereaz
barritu gaituzu:
zaindu egizu gugan zure errukiaren lana;
Misterio honetan parte harturik,
beti zure zerbitzari izan gaitezan.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
E./ Amen.


HERRIAREN GAINEKO OTOITZA

Jauna, zure Semearen heriotza ospatu dogu,
eta Beraren Biztuera santuaren zain gagoz;
bialdu eiguzu zure bedeinkapen ugaria,
etorri bekigu zure parkamena,
emoiguzu zure poza,
gehitu gure sinismena,
eta eroan gagizuz betiko salbamenera.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
E./ Amen.


AGURRA

Senideok: Jesu Kristoren Nekaldia eta Heriotzea ospatu dogu. Haren heriotzea ez zan izan jazoera bakarra, eroan eban bizitzaren ondorioa eta laburpena baino. Besteentzat bizi izan zan. Guztiak maitatu ebazan beti. Bere bizitzaren bidez askatasuna eta askapena iragarri ebazan. Osorik emon eban bere burua. Behartsu egin zan gu aberastu geintezan. Maitasunak eskatuta, albo batera itzi ebazan zapatua eta legea, nahiz eta inguruan eskandalua sortu. Itxaropenaren eta heriotzearen azkenera heldu arte sinistu eutsan Aitari. Bildur zan, baina aurrera jarraitu eban. Ez eban izan zalantzarik Aitak jarritako plana beteterakoan. Saririk itxaron barik maitatu eban.

Jaunaren heriotzearen ostean, mundua isiltasunik sakonenean sartu zan. Bihar gauean egingo dau eztanda gure pozak eta alaitasunak. Goazen, orain, geure etxeetara, munduan diran gurutzean jositako guztiak gogoan doguzala, eta hartu daigula solidaritzaren eta zuzentasunaren alde jokatzeko asmo sendoa.

Egun honetarako gogoetea

“Eta gizaki huts lez agertuta, apaldu egin eban bere burua, heriotzararaino menpeko eginez, kurutzean hiltera heldu arte. Horregaitik, danen gainetik goratu eban Jaunak,
eta izen guztietan bikainena emon eutsan” (Fl 2, 8-9)





Gaur JAUNAREN NEKALDIA ospatzen dogu.

Gaurko egunez, liturgiak MAITASUNAREN handi, sakon eta zabalera hurreratzeko aukerea eskeintzen deusku, Nazareteko Jesusengan agerzen jakun JAUNGOIKOAREN SOLIDARITZARA, hain zuzen. Eta guk, Jesusen jarraitzaile garan kristauok, Kurutzeari begira jarten gara harriduraz, bihotz beroz eta esker onez, eta Jesus horrengan agertzen jakun miragarrizko misterioa gero eta hobeto ulertzen ahalegintzen gara.

Gaur jaso behar dogun erakutsi mamitsua hauxe da: Jainkoa ez dagoala gure historiatik urrun, sufritzen dauana dala. Jesu Kristogan ondo daki zer dan sufritzea, zer dan negar egitea eta hiltea. Ezinaren muga barruan sartuta salbatu gaitu. Jaungoikoaren erruki eta errukitasun ezin handiagoak dira.

Gaurko ospakizun honegaz PAZKORANTZ PAUSO bat aurrera emoten dogu, bihar ospatuko dogun behin betiko Jaungoikoaren garaipenerantz.

Zorionekoak MAITASUN JAUNGOIKO hau onartzen dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Burua makurtu ta azken-arnasa emon eban"

(Jn 19, 30)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue