Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Aste Santua - Pazko gaubela - 2017.eko Apirilaren 15a

Liturgia

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

: : . . . 1 - - S U A R E N - - L I T U R G I A. . . : :



(Ahal dan lekuetan sua eleizatik kanpora egin. Eleiztar guztiak suaren inguruan alkartzen dira. Sarrera hau patxadaz egiteko, kontuan izan megafonia egoki bat)


HASIERAKO KEINUA: SUAREN INGURUKO ALKARRIZKETA

(Judutarrak Pazko Afarian egiten daben keinua dogu. Batzar-buru eta alkarteko txiki baten arteko alkarrizketa da. Ospakizuna hasteko era on bat da).


UME TXIKIA: Gau hau zergaitik da handia?

BATZAR-BURUA: Ez daigun ahaztu zer garan: Jainkoaren sorkuntza, bere antz eta irudiko; maitasunez sortuak eta gizaki guztiak familia bat izatera deituak.

UME TXIKIA: Baina, gau honek ze berezitasuna dauka?

BATZAR-BURUA: Gaur Pazko Gaubela dogu; Israel herriaren historia eta lehen Eleizaren historia gogoratzeko gaua; Jainkoak gizakiokaz egin eban Ituna gogoratzeko eta gaurkotzeko gaua; pekatuaren bidez gizakia Jainkoagandik banandu arren, Berak herri santu eta profetikoa egiten gaituela ospatzeko gaua.

UME TXIKIA: Eta zergaitik hainbeste kantu eta ereserki?

BATZAR-BURUA: Askeak garala gogoan izateko. Askatasun horrek zoriontsu egiten gaitu eta gure ahoa kantuz bete. Menpean bizi izan zan herriari Jainkoak beso indartsuz askatasuna emon eutson eta harrezkero ondorengo guztiak askatasunean bizi izatera deituak garala gogoan izateko.

UME TXIKIA: Gau honetan zergaitik isiotzen doguz hainbeste argi?

BATZAR-BURUA: Pekatuak iluntasunaren seme-alaba egin ginduzan; zenbat eta pekatu gehiago hainbat eta ilunago. Baina Jainkoak uraren eta Espirituaren bidez bizi barrira sortu ginduzan, bere argia eskeiniz eta argi horren testigu izateko eskatuz.

UME TXIKIA: Baina komunikabideek ea egunero guzti hau gezurtatu egiten dabe. Gorrotoak eta zuzengabekeriak banatzen eta apurtzen gaituen mundu honetan, badago lekurik itxaropenerako, edertasunerako eta anaitasunerako?

BATZAR-BURUA: Okerrenean ere itxaropenak beti dauka lekua. Israel herriaren antzera, gure konfiantza Jainkoagan ipini eta aurrera egin behar dogu. Jesukristogogan sinistu eta sinismenak aske egiten gaituela onartzen badogu, aurrera egin geinke. Jainkoa bizi da eta egunero aukera barriak eskeintzen deuskuz. Horregaitik gau honetan Jainkoa eta gizakien arteko hartuemonak gogoratzen doguz, kantuz goratzen dogu Bera eta geure itxaropena sendotzen, gaurik ezagutzen ez dauan egun barriaren egunsentia dalako.

(Isil unetxo baten ondoren, gaurko ospakizuna zelan izango dan azaltzen dau monitoreak)


SARRERAKO OHARRA

Senideok: Gabon eta ondo etorriak PAZKO GAUBELA ospatzera.

Entzun dogun alkarrizketan gau honen zergaitia eta zentzuna azaldu jaku. Kristau liturgiaren jairik esanguratsuenean parte hartzeko batu gara: Kristoren biztueraren eta geure biztueraren ospakizuna.

Gauaren erdian, orain bedeinkatuko dogun su hau isiotu dogu. Bertan isiotuko dogu Pazko Zuzia. Kristo Berbiztuaren argiak argituko gaitu, eta argi horretatik hartuko dogu guk ere.

Bizia eta Biztuera dakarskun gau santu hau ospatzeko prestatzen gara.


SUAREN BEDEINKAPENA BATZAR-BURUAREN ESKUTIK

Sua, kultura guztietan gizakion laguna dogu. Sua, laguntzeko, berotzeko eta argitzeko dogu. Aurrean dogun sua, bedeinkatzeko isiotu dogu.

EGIN DAGIGUN OTOITZ

Jainko gure Jauna,
zure Semea munduaren argia dan ezkero,
Beronen bidez emon deutsezu gizakiei
zure argiaren dirdira.
Bedeinkatu egizu su barri hau,
eta eiguzu, Pazko jaiotan zeru-gauzetarako isioturik,
arima garbiz betiko argiaren jaietara heldu gaitezala.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. E./ AMEN.

(Pazko Zuzia aurkeztu, bedeinkatu eta isiotu).

Kristo, atzo eta gaur,
hasiera eta helburu,
Alfa eta Omega.
Berarenak dira egunak
eta menderen mendeak,
Berari ospe eta erregetza
gizaldi eta gizaldi guztietan. R./ AMEN.


PROZESINOA ALTARARUNTZ ETA KRISTO ARGIA GORATU

Oharra

Kristoren argiari jarraitzen deutsagu. Berak argitzen dau gure bidea. Bera da bere jarraitzaileontzat betiko Pazkoa.

Isiotu barri dogun Pazko Zuziaren atzetik joango gara danok. Hiru bider abestuko dogu “KRISTOREN ARGIA” eta argi horretatik hartzen joango gara guztion artean bananduz.

Pozez, Kristo dan Argiari jarraitzen deutsagu.


Oharrak prozesinoari

(Batzar-burua Pazko Zuziagaz aurretik dala, prozesinoa hasten da. Eleizako atean abesten dau “KRISTOREN ARGIA” eta danak erantzuten dabe: “ESKERRAK JAINKOARI”. Ondoan dagozanak, euren kandelatxoak isiotzen dabez. Eleiza barruan barriro abesten dau eta danak isiotzen dabez euren kandelatxoak. Eleiztarrak euren lekuetara doaz eta Batzar-burua prebiteriora doa eta hemen hirugarrenez abesten dau. Eleizako argi guztiak isiotzen dira eta Pazko Zuzia aurretik apaindurik dagoan bere lekuan izten da. Kandelatxoak isiotuta, zutunik jarraitzen da)

Pregoia

Oharra

Senideok: herriko jaietan, leku askotan, pregoia esaten da jaiei hasierea emoteko; Pazko jaien hasieran ere pregoia esaten dogu. Eleizeak, hainbesteko argiaz argiztaturik, gorespen eta pozezko kantua abesten dau. Jainkoak egin ebazan eta gau honetan egingo dituan gauza miresgarriak iragarten jakuz. Arretaz eta sinismenez entzuten dogu.


Pazko deia aldarrikatzea

(Ahal dan neurrian abestua hobeto leiteke. Bestela, era berezi baten irakurri)


Poztu bedi, poztu oraintxe, zeruko aingeru-taldea,
poztu beitez zerutar guztiak,
eta Kristo berbiztuaren garaipena ospatzeko
entzun bedi salbamenaren irrintzi pozgarria.
Alaitu bedi lurra ere, horrelako argi-errainuz argiturik,
eta betiko Erregearen diztiraz beterik,
ikusi begi zelan izan diran uxatuak lurbira guztiko ilunpeak.
Poztu bedi, baita, Eleiza ama ere,
horrenbesteko argi-diztiraz apaindurik;
eta herriaren oihu-hotsez dardar jarri bedi eliza-barru hau.

- Jauna zuekin.
- Eta zure espirituarekin.
- Gora bihotzak.
- Jaunagan daukaguz.
- Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
- Egoki da ta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen,
bihotzez eta gogoz oihuka goratzea
Jainko Aita ona
eta bere Seme bakar Jesukristo gure Jauna.
Beronek ordaindu deutso gure ordez
Aita betikoari Adanen zorra,
eta bere odol santuaz kendu deusku antxinako pekatuaren zigorra.

Pazko-jaiak ditugu:
jai honeetan eskeintzen da egiazko Bildotsa,
bere odolaz fededunen etxeetako ateak sagaratzen dituana.

Gau honetan, Jauna,
atara zenduzan Zuk Egiptotik israeldarrak, gure guraso zaharrak,
eta Itxaso Gorrian zehar,
oinik busti barik, legorrez eroan.

Hauxe da, izan ere, harako gaua,
zutabe antzeko laino argitsu baten diztirak
pekatuaren ilunpeak uxatu zituana.

Hauxe da, bai, gaua:
lur zabalean Kristogan sinisten dabenak,
lurreko makurkeria eta pekatuen ilunpetik atara,
graziara bihurtu
eta santutasunera erakarten dituan gaua.

Hauxe da gaua,
Kristo, heriotzearen kateak hausirik,
hilen artetik garaile urten zanekoa.

Bai harrigarria,
zure guganako errukia!
Bai neurribagea,
zure maitasun samurra!
Serbitzaria erosteko, Semea emotea!

Beharrezkoa benetan Adanen pekatua,
Kristoren heriotzeaz parkatua!

Hau erru zorionekoa,
holako Erosle bikaina lortu deuskuna!

Hau gau santua,
gaiztakeriak uxatu eta hobenak garbitzen dituana;
jausiei errugabetasuna eta minduei poza ekarten deutsena.

Hau, bai, benetan gau zoriontsua: zerua lurragaz,
gizakia Jainkoagaz bat-egiten danekoa!

Gau pozgarri honetan,
hartu egizu, Aita on Horrek,
arratsaldeko gorespen-opari hau:
Eleiza santuak egiten deutsu, bere zerbitzarien eskuz,
argizari honen eskeintza ederrean.

Zure izenaren aintzarako
bedeinkatu dogun argizari honek, Jauna, bizturik iraun dagiala,
gau honetako iluna urratzeko.
Eta Zuretzat usain gozo bihurturik,
izarren argiarekin alkartu dedila.
Bizturik aurkitu daiala goizeko izarrak:
iluntzerik ezagutzen ez dauan Artizarrak,
zure Seme Jesukristo gure Jaunak,
hilen artetik biztuta,
gizadiari argi egin eutsonak.
Errege bizi da-ta gizaldi ta gizaldietan.
E./ AMEN.

(Ondo legoke eleiztarrak amaieran kantu bategaz erantzutea. Kandelak amatatu eta ospakizunaren bigarren zatira pasatzen gara)

Irakurgaientzako oharrak

: : . . . 2 - - H I T Z A R E N - - L I T U R G I A . . . : :



SARRERA OROKORRA

Senideok: Pazko Deiarekin, Jesus Jaun berbiztuaren gau santuan sartu gara.

Orain, ospakizun honetako BIGARREN ZATIAN sartzen gara. Historian zehar gizakiak argitzen joan dan JAINKOAREN HITZA irakurriko dogu. Salbamen historian, Jainkoaren esku-hartze garrantzitsuak gogoratuko jakuz.

Jainkoaren hitza entzunez eta otoitz eginez, Jainkoaren historia horrekin guk ere bihotzez bat egiten dogu. Hurrengo kantu hau lagungarri dogu horretarako.

(Alkarteak ezagutzen dauan kantu errez bat. Adibidez: “Entzuten gagoz gu Jauna”)


1. Irakurgaia: Hasiera 1, 1-31; 2, 1-2

Oharra

Salbamen Historiaren hasieran gagoz. Idazle sakratuak zerbait ederraren aurrean ipinten gaitu: Jainkoa munduaren sorreran dago biziaren hazia ereiten. Naturaren eta gizakiaren hasieran Biziaren Jainkoa dago. Idazle sakratuak horixe hartu dau bere herriarengandik eta horixe eskeintzen deusku guri. Edertasunez beteriko olerki hau entzuteko prestatzen gara.

Irakurgai biblikoaren irakurketa

Erantzun salmoa:

“JAINKO JAUNAREN ESPIRITUA ZURE DOHAIEZ BETE MUNDUA”.


Otoitza:

Biziaren Jainko Aita-Ama ona,
gauza guztiak gizakion onerako egin dozuz;
egizu, zure seme-alabok ikusi dagigula,
denporen hasieran mundua egitea harrigarri izan bazan ere,
askoz harrigarriagoa dala, azken aldietan
Kristo gure Pazkoak eskeinitako oparia.
Jainko eta errege bizi da-ta gizaldi eta gizaldietan.
E./ AMEN
.


2. Irakurgaia: Urteera 14, 15 – 15, 1

Oharra

Salbamen historiako beste une garrantzitsu bat gogoratuko dogu: Egiptoren menpe egoan Israel herriak, Jainkoaren beso indartsuari esker, askatasuna lortuko dau. Itsas Gorria askatasunaren ezaugarri bihurtuko da. Egun hori Israeldarrak urtero gogoratzen eben. Guretzat, Jesu Kristok ekarriko euskun behin betiko askapen eta salbamenaren aurrerapen lez da. Gogo biziz, entzun dagigun.

Irakurgai biblikoaren irakurketa

Erantzun Salmoa:

“ESKERRAK JAUNARI
HAREN MAITASUNA BETIKOA DA-TA”.


Otoitza:

Jainko Aita-Ama ona,
gure egunotan ere ikusten dogu
zure lehengo mirarien argitasuna.
Lehenago, herri bat Faraonen menpetik atarata
erakutsi zenduan zure indarra;
orain, herri guztiak salbatzen dozuz,
Bateoko uretan bizi barria emonez.
Egizu, mundu guztiko herriak heldu gaitezala
zure Seme Jesusek hasitako FAMILIA BARRIA izatera.
Jainko eta errege bizi zara eta gizaldi eta gizaldietan.
E./ AMEN
.


3. Irakurgaia: Ezekiel 36, 16-28

Oharra

Salbamen historian hirugarren une bat gogoratuko jaku. Israelek pekatu egin eban eta Jainkoagandik urrundu. Baina Jainkoak bere herriaren ondoan jarraitzen dau. Jainkoaren MAITASUNAK dana barriztatzen dau eta dana birsortzen. Poztu gaitezan mezu eder hau entzunaz. Onartu dagigun.

Irakurgai biblikoaren irakurketa

Erantzun Salmoa:

“ZURE ARNASA BIALDU GUGANA TA LUR AZALA BERRIZTAU, JAUNA”.


Otoitza:

Jainko Aita-Ama ona,
indar lokatu-ezina eta argi ezin ilundua;
begitu egiozu bihotz onez
Eleiza osoaren misterio harrigarriari;
eta betidanik gura izan dozunez,
bakean amaitu egizu gizaki guztiak salbatzeko lana.
Mundu guztiak ezagutu daiala gauza miragarri hau:
jausita egoana jasoa dala,
zaharra barriztaua, eta dana lehengo neurrian ezarria,
diran guztien hasiera dan
zure Seme Jesukristori esker.
Zurekin bizi da-ta gizaldi eta gizaldietan.
E./ AMEN.
.


AINTZA

(Altarako kandelak isiotzen dira eta kanpaiak jo. Batzar-buruak AINTZA abesten dau)

Senideok: Heriotza menperatuz Kristo berbiztu dan gau santu honetan, poz-pozik Jainkoaren aintza abesten dogu: “AINTZA ZERUETAN JAUNGOIKOARI…”


Otoitza:

Jainko Aita-Ama ona, gau santu hau
Kristo hilen artetik biztuaren diztiraz argitzen dozu;
gorde egizu, arren, zure familiako seme-alaba barrietan
Zeuk emon deutsezun seme-alaba bihotza;
gorputz-arimak barriztaturik,
osoan zure zerbitzari izan gaitezan.
Zure Seme Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
E./ AMEN.


4. Irakurgaia: Erromatarrei 6, 3-11

Oharra

Gaur gogoratzen dogun Salbamen historia honetan, Paulo apostoluak bere esperientzia kontatzen deusku: era misteriotsuan bada be, Bateoak bat egiten gaitu Jesusen heriotzan eta Biztueran. Eta Jaunaren Espirituaren eraginez gizaki barri gara. Era barri baten bizitzera deituak gara. Onartu daigun konbidapen hau.

(Danok zutunik, ospatzen gagozan poza agertzen dauan Pazkoetako ALELUIA abesten da)


EBANJELIOA: Mateo 28, 1-10

Oharra

Zirraraz entzungo dogu gaurko ebanjelioa, gure fedearen ardatz nagusia iragarten duena: KRISTO PIZTU DA, eta geu gara Berri On horren lekukoak; geuk iragarri behar deutsegu gizaki guztiei. Heriotza menperatua izan da: hara hor mezu harrigarria eta historia osoa aldatzen dabena.

Hitzaldia

(Hitzaldi labur baten ondoren, isil unetxo bat edo pazko aldiko musika ipini leiteke hurrengo zatia prestatzeko)

Jaungoiko herriaren otoitza

: : . . . 3 - - B A T E O - - L I T U R G I A . . . : :



(Monitoreak hirugarren zatiaren oharra egiten dau. Amaitzen dauanean, zutuntzen dira eta Batzar-burua Bateoko ponte ondora doa)

Oharra

Senideok: Jainkoak gure alde egindako Salbamen Historiaren une garrantzitsuak gogoratu ondoren, hirugarren zatira pasatzen gara: BATEOAREN LITURGIA.

Bateoaren bidez bizi barria eta sinismen bizia hartu dogu; Jainkoaren seme-alaba gara. Pazko gau honetan, geure sinismena autortuz, bateo egunean hartutako kristau konpromisoa barriztatzen dogu.

Kristo Berbiztuaren Argiak argitu gaizala gure kristau ibilbidean; Pazko Zuzitik argia hartuz, gure kandelak isiotzen doguz.

(Pertsona batzuk Pazko Zuzitik isiotzen dabez kandelak eta beste eleiztarrei eskeini)


URA BEDEINKATZEA

Batzar-buruak

Senideok: eskatu deiogun Jainko Aita-Ama onari
santutu dagiala ur hau;
gure bateoa gogoratuz gure gainera etorriko dan ur hau;
Jaunak barriztau gagizala,
hartu dogun Espirituari beti leial izan gakiozan.

(Isil unetxo baten ondoren:)

Jauna, gure Jainkoa,
begira gaubela honetan batu dan zure herriari;
eta gure sortze harrigarria
eta gure salbatze harrigarriagoa ospatzen doguzan gau honetan,
bedeinkatu egizu ur hau.
Zeuk sortua da,
lurrari bere erne-indarra emoteko
eta gure gorputzari garbitasuna eta atsegina.

Zure errukia emoteko bide ere egin dozu ura:
uraren bidez askatu zenduan zeure herria bere lokarrietatik,
eta basamortuan egarria kendu zeuntsan.

Uraren bidez
erakutsi eben Profetak aurretiaz
Zuk gizakiokaz jarri nahi zenduan itun barria.

Uraren bidez,
Kristok Jordan-ibaian santu egin eban ezkero,
barriztau dozu gure pekatari izakerea,
jaiotza barria dakarren bateoan.

Ur hau izan bedi gure bateoaren oroigarri,
eta sartu gaizala
Pazkoetan bateatutako gure anai-arreben pozetan.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
E./ AMEN.


BATEO AGINTZARIAK BARRIZTATZEA ETA SINISMEN AUTORMENA

(Zutunik eta kandelak isioturik, bateo agintzariak barriztatzen dira eta sinismen autormena egin)

Batzar buruak

Senideok: Pazko misterioaren bidez, Kristogaz hil eta hobiratuak izan gara, Beragaz bizi barritan bizi gaitezan. Horregaitik, Garizumako bidea amaitu ondoren, Bateo santuan egindako agintzariak Barriztau daiguzan:

Horregaitik, uko egiten deutsazue Satanasi, hau da:
Jauna ukatzea dan pekatuari;
munduan pekatuaren ezaugarria dan gatxari;
egia iluntzen dauan guzurrari;
karitatearen aurkakoa dan gogorkeriari;
maitasun testigantzarik eza dan norberekeriari?
E/. Bai, uko egiten deutsagu.

Uko egiten deutsezue haren ekintzei, hau da:
bekaizkeriari eta gorrotoari;
alperkeriari eta horkonponkeriari;
bildurti izateari;
tristurei eta uste ona ez izateari;
zuzentasunik ezari eta kutunkeriari;
materialismoari eta haragikeriari;
federik, itxaropenik eta maitasunik ezari?
E/. Bai, uko egiten deutsagu.

----------------------------------------

Sinisten dozue Jainkoa, Aita-Ama on eta errukitsua, zeru-lurren egilea?
E/. Bai, sinisten dogu.

Sinisten dozue Haren Seme bakar Jesu Kristo gure Jauna,
Andra Maria Birjinarengandik jaioa, hila, hobiratua, hilen artetik biztua izan zana eta Aitaren eskuma aldean jarririk dagoana?
E/. Bai, sinisten dogu.

Sinisten dozue Espiritu Santua, Jesusen alkartea dan Eleizea, santuen alkartasuna, pekatuen parkamena, hilen biztuerea eta betiko bizitza?
E/. Bai, sinisten dogu.

Urez eta Espiritu Santuz barriztau ginduzan eta pekatuen parkamena emon euskun Jesu Kristo gure Jaunaren Jainko Aita-Amak, zaindu gaizala bere maitasunean eta egin gaizala bere lekuko munduan.
E/. AMEN.


ZIPRISTINDU

Oharra

Senideok: ur bedeinkatua hartzen dogu. Bateoak pertsona barri eta Jesu Kristoren testigu egiten gaitu.

(Batzar-buruak ura hartu eta eleiztar guztiak zipristintzen ditu. Kantu egokiren bategaz laguntzen dogu.

Kandelak amatatu eta otoitzean parte hartzeko prestatzen gara)




: : . . . J A I N K O - - H E R R I A R E N - - O T O I T Z A . . . : :



Jaunagan sinesmen osoa dogula, Jainko Aita-Amari aurkezten deutsaguz gure eskariak eta gizadiaren beharrak.

1.- Eleizearen alde: baztertuak eta maitasunik barik bizi diranakana itxaropena eta adorea eroan daizala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko herri guztietako agintarien alde: zuzentasunaren eta bakearen alde ahalegindu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Ospakizun honetan alkarturik gagozan guztion alde: Jaunak biziaren testigu egin gaizala eta lagun deiegula pertsonen bizitza hobetzen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Bateatu barrien eta euren familien alde: beren portaeran Jainkoaren Seme maitearen proiektuagaz ados jokatzen ahalegindu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure alkarteen alde: lagun hurkoaganako solidaritza, hurtasun eta onarpen sentimenduetan hazi gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

OTOITZA: Jainko gure Aita-Ama, zure ontasunez onartu eiguzu uste osoz egiten deutsugun otoitz hau. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
E/ AMEN.

Opagaiak aurkeztea

: : . . . 4 - - E U K A R I S T I A R E N - - L I T U R G I A . . . : :



ALTAREA, PAZKO ZUZIA ETA ALKARTEA INTSENTSUZ LURRUNTZEA

Ezaugarriz beteriko ospakizun honetan (sua, argia, ibilbidea, pazko-deia...), Jaunaren hitza entzun (irakurgai gehiago) eta Bateoaren agintzariak barriztatu ondoren, EZAUGARRI BAKAR bat proposatzen dogu une honetarako; patxadaz egiteko ezaugarria.

+ ALTAREA intsentsuz lurruntzea: inoiz baino hobeto apaindua.

+ PAZKO ZUZIA intsentsuz lurruntzea: leku berezian ipinia.

+ ALKARTEA intsentsuz lurruntzea; Pazkotik jaiotako herri barri lez.


OPARIEN GAINEKO OTOITZA

Zugandik, Aita, hartzen dogu bizitzan laguntzen deuskun on guztia, eta zure eskuz emonak doguz aldarera dakartzuguzan ogi eta ardau hauek (beste eskaintzarik balitz horreek ere aipatu). Isuri egizu honeen gainera zure bizi-Espiritua, eta egizu honeek izan daitezala gure janari pertsona guztientzat hur-hurreko izateko misinoan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
E./ AMEN.

Agurra

Senideok: Kristau alkartearen JAI NAGUSIAN parte hartu dogu. Jainkoak bere agintzariak bete eta Jesu Kristo biztu egin dau. Horregaitik “ALELUIA” da gure kantua.

Albiste eder honen testigu izatera deituak gara. Mundu honen erdian, Kristo Berbiztuaren testigu izan gaitezala.

Horretarako, Pazko bedeinkapena hartzen dogu.


BEDEINKAPEN NAGUSIA

- Bedeinkatu gaizala Jainko Aita-Amak
pazko-gau handi honetan,
eta zaindu bere erruki handiz pekatu-bide guztietatik.
E./ AMEN.

- Jesukristoren biztueraz
bizi-barritu gaituan Jainkoak
emon deigula betiko biziaren saria.
E./ AMEN.

- Jaunaren Nekaldiko egunak amaitu ondoren
Pazko-jaia ospatzen dogunok,
Haren laguntzaz heldu gaitezala zeruan betiko Pazko-Jaietara.
E./ AMEN.

- Bedeinkatu zagiezala
Jaungoiko maitasunez beteak:
Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak.
E./ AMEN.

Egun honetarako gogoetea

Gurutzetik argira.
Gaurko gaua Jesusen aurrean adi egotekoa da.
Zaindu daiguzan zuziak biztuta, Jaunaren zain gagozala.

ALELUIA, ALELUIA, JAUNAREN JAIA DA!







Bai, bai, BERE JAIA da! Geure JAIA da! Senideok: bihotzez alkarri ZORIONAK emon. JAINKOAK JESUSI ERRAZOIA EMON DEUTSO. Bere bizikerea gogoko jako Jainkoari. Gurutzean hil ebena haxe bera biztu egin da, Jainkoagan eta gure artean bizi da; ez era bardinean, baina benetan bere gorputz aintzatsuan. “Bizia maitasunez eskeintzea” Jainkoarentzat egokitZekorik gorengoena eta goralgarriena da. Bai mezu zoragarria JAI honek damoskuna!

Baina gu geu ere JAI honek barru-barrutik oratuten gaitu: Jesus Beraren aukerea BIZI eta JOKATZERA deituak gagoz, bere antzera bizi bagara behintzat. Ez, Jainkoak ezin gaitu engainatu. Horretan dogu gure uste osoa.

Gaur da gure SINISMENAREN EGUN HAUNDIA. Pazkualdi osoa dogu hauxe ospatzeko. Eta ... zorionekoak Bizitzaren Jainkoari eurengan leku emoten deutsoenak!

BIZTU DANAREN PAZKU ZORIONAK!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Biztu da!"

(Mt 28, 6)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue