Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Pazkoa - Pazko BIZTUEREA - 2017.eko Apirilaren 16a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak guztiok.

Senideok, Pazko Zoriontsuak!

Bart gauean, Pazko-Gaubelan, poz handiz ospatu dogu Jesu Kristo gure Jaunaren Biztuerea. Ospakizun horregaz hasi dogu, egun bakarra balitz lez, Pentekoste jairaino eroango gaituan berrogeita hamar eguneko pazko-aldia.

Jesus biztu egin da eta gu Beragaz biztu gara. Heriotzea menperatua izan da betiko. Bizitzea indartsu jaikitzen da eta bizi hau besteen zerbitzuan emon dagigun dei larria egiten deusku. Gertau gaitezan gure jairik handiena ospatzeko eta abestu dagigun alaitasunez Pazkoaren poza.

ELEIZ-BIRA ETA PAZKO-ZUZIARI ETA ALTAREARI INTZENTSUA

(Jai handiei jagokenez, ondo legoke gaur eliz-bira handikiro egitea. Ahal dala, Ospatzaile-buruak eta laguntzaileek udabarriko lorez beteriko adarrak eroango dabez. Sarrerako eliz-bira amaitutakoan, buru egiten dauanak intsentsu garaun batzuk botatzen ditu eta intsentzatu egiten ditu, Pazko Zuzia, lehenengo, eta altarea gero. Ez dau kurutzea intsentzatzen, Zuziak adierazoten daualako Biztuaren geure artean egotea)

Pregoia

(Merezi dauan eran egiteko une egokia izan daiteke: ahotz zoliz edo oznez eta biribilez, eta ez irakurriz, “iragarriz” baino)

PAZKO PREGOIA - 1


Behin baino pozago gagoz gaur.
Kristo biztu da eta geuri urten deusku bidera
gure iluntasuna argitzeko.

Apurtu egin dira gure kateak, askatu egin dira gure morroitzak,
lotzen gaituen giltz guztiak eten dira,
lotura guztiak ezereztuz.

Gaua eguerdi bihurtu da, basamortua lorategi,
lehorra ur hozkirriz beteriko erreka.
Zuzentasunik ezaren, gorrotoaren, horkonponkeriaren… gaua,
itxaropenez argitu da…
Bildurraren eta ezbaiaren gauan
askatasunaren argia sortu da.

Itsuen begiak edegi dira
eta gorrak lehenengoz entzuten dabe salbamen berbea.

Urratu egin da, gau honetan, heriotzea,
eta bizitza agertu da, Jesu Kristorengaitik.
Menperatua izan da gaua.

Kristo biztu da
eta bizitza huts, ilun eta mugatutik askatu gaitu.
Ebanjelioaren balioei azkenera arte zintzo jarraitzea
daitekena dala erakutsi deusku.

Eta, hemendik aurrera,
ezagutzen dogu
zoriontasunaren, osotasunaren, alaitasunaren,
biziaren bidea: Jesu Kristo.

Berak edegi dau itxaropen zuloa historian.
Eta argi handi bat ikusi dogu.

Eskerrak gaur behartsu izatea aukeratzen dogulako
eta gure bizitzako eta gure gizarteko behartsuena
maite izatea gura dogulako.

Eskerrak, gaur aske izatea aukeratu dogulako,
Jesusen antzera,
maite izateko eta zerbitzeko lotura guztietatik aske,
gizarte barria eraikitzeko: Jainkoaren Erreinua.

Eskerrak, gaur guretzat egunik garrantzitsuena dalako:
bizitza, argia, salbamena… hurreratu jakuz,
bidera urten deuskue, eta euriaren antzera arrapatu gaitue,
hazurretaraino sartu jakuz.

Salbamen bidean gagoz!
Bizia da gure etorkizuna!
Jainkoa da gure etorkizuna!
Bizitzak zentzuna eta balioa daukoz, Jaingoagandik bizi izanda.

Eskerrak, biztu zaralako
eta gu lekuko garalako.
Lagundu egiguzu gaur aurkitu doguna besteei zabaltzen.

Oharra: Musika eta diapositiba batzuekin osatutako pazkoaldiko pregoi hau PowerPointean prestau dogu (Pazko Deia 1). Erabili nahi izanez gero >>>sakatu HEMEN<<<.


PAZKO PREGOIA - 2


Zabaldu bedi argia munduko baztar guztietara
eta giza-bihotzak pozez gainez egin dagiela.
Birbiztu bedi itxaropena;
sortu bedi bizia,
eta isuri bedi maitasuna barra-barra
gure hartuemonak batean besarkatuz.

Hauxe ohiukatzen dogu adorez eta itxaropenez
poztasunezko egun honetan.

Ebanjeliotik sortzen jakun indarrez
iragarten dogu sinistedun guztiontzat Jainkoaren indarra.

Hauxe da gure itxaropena:
gure oihuaren ahotsa ez dedila itzali
gure eguneroko bizimoduan.

Gure ahotsean gizon-emakumeen oihua batzen dogu,
Eleizearen oihua,
zoramenez biztu dan Kristo iragarriz...
eta pozaren pozez gagozala,
geu ere biztuko garalako ustez.

Eztarriak urratu arte oihukatu gura dogu,
bizitzeak eta jokatzeak merezi dauala;
baita maitatzeak eta sufritzeak ere,
zelan ez abesteak eta harrizkatzeak...
Kristo, Jauna, bizirik dagoalako,
eta gu horigaitik gagoz pozik.

Anai-arrebok, gertaera honek
eusten deusku zain…
itzarrik... bizitzaren arduraz... pozez gainez.

Gure arpegiak zoragarrizko distiraz janzten dituana,
argi barri horren eraginez,
Pazkuak gure eskuartean bizi bihurtuz,
eskerronez goratuz zeru-lurren Jaungoikoa.

Bere etxola gure artean jarri daualako,
eta biztu dalako,
gure atsekabe eta pozak, gure ardurak eta zalantzak
gurekin alkarbanatzen ditualako.

Gure bihotza urduri egongo dalako Beragan atseden hartu arte...
Zuk, Jauna, Zeuretzat egin ginduzun,
eta gure bihotza kezkaz bizi da...
Zugan, Jauna, atseden hartu arte...
Zugan atseden hartu arte.

Hauxe da eguna, lurreko behartsuak
zoriontsu sentitzen dirana,
Kristok nekepetik urtetera dei egiten deutselako...
eta guri eurakaz bat egitera...

Hauxe da eguna,
ezer ez daukeenak zorioneko sentitzen dirana,
Kristok bere gogoko dirala agertzen deutselako, bere maitasuna...
eta gu zuzenak izatera behartzen gaitu...
euren arduraz jokatzera,
gure anai-arreba behartsuak dira-ta...

Hauxe da eguna
sufritzen eta negar egiten dabenentzat
Jesusen Zoriontasunak euren bizitzara heltzen diralako...
eta eurakaz batera biztueraren indarra eta grazia.

Hauxe da eguna
bakearen eta zuzentasunaren alde
euren bizitza arriskatzen dabenena...
Kristoren garaipena euren garaipena da-ta.

Hauxe da eguna
Jesusengan sinistearen poza eta alaitasuna
sentitzen dogun guztiontzat,
gure bizitzan itxaropenak
leku daukala badakigulako.

Hauxe da eguna
gure gizartean baztartuak diran guztiena,
harako zergalari eta emagalduak lez,
Jesusek maitatuak sentitzen diranena...
Jaungoikoaren Erreinuko lehen frutuak.

Hauxe da pozaren eguna...
Jesus Biztuagan sinisten dogunok
Pazku jaiaren pozetan bizi gara-ta.
Horren testigu izatera deituak gara.

Jaungoikoaren maitasunaren testiguak
gure familietan, gure taldeetan...
gure herrian... bizi garan lekuan...

Hauxe eskatzen deutsugu, Jauna:
argitzen gaituan argi hau zabaldu daitela Eleizan,
gure alkarte osoan zehar...
biztu dan Jesukristoren usain gozoa
iragarri eta zabaldu dagian.

Eskerrak, Jesus Jauna, Zuk dozu errazoia:
Zuk biztuaz, Aitaren Erreinuko atea edegi ez ezik,
Zeu egiazko Jaungoiko zarala jakin dakigulako...
zure berbakaz fiatu ahal gara...
Zutaz fiatu ahal gara...

Eskerrak Zugan sinistu ahal dogulako...
Eskerrak Zuri sinistu ahal deutsugulako...
Eskerrak Zuk eta Biziaren Aitak maitatuak sentitzen garalako...
Eskerrak geugan ere sinistu ahal dogulako...
Eskerrak aurkitu ahal dogulako,
bai geugan eta bai besteengan dagoan baliogarri dana...
ESKERRAK...

Irakurgaientzako oharrak

UR BEDEINKATUAZ TXIPRISTINTZEA

Anai-arrebok, ur hau bedeinkatu genduaneko Bateo-gaua ospatuta gero, barriztatu dagigun, barriro be, geure bateoa, Jaunak dakarzkun parkamenari gure bihotzak edegi deioguzan, eta itzi deiogun Jainkoari gure bateo-grazia gaurkotzen.

(Ospatzaileak Pazko gauan bedeinkatutako ur apur bat hartzen dau urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten dau berak eta gero alkartea txipristintzen dau. Bien bitartean, danak abestu daikee Alkartean ezagutzen dan kantu egokiren bat)

OTOITZA: Jaungoiko errukitsuak garbitu gaizala pekatutik eta, ospakizun honen bidez, gure egarria betiko bizitzako iturrian asetzeko duin egin gaizala. E/. AMEN.



HITZAREN LITURGIA

1. Irakurgaia: Eginak 10, 34a. 37-43

Pazko aldian, lehen kristau alkarteak Kristo berbiztuari buruz izandako esperientziak kontatuko deuskuz lehenengo irakurgaiak. Pedrok, Jesusen historiako datu zehatz batzuk aipatuko deuskuz. Historia horren ardatza Jesusen heriotza eta biztuera da. Apostoluak euren esperientziaren testigutza eskeintzen deuskue. Eleizearen sinismena Kristo berbiztuarengan oinarritzen da. Biztuera barik ez dago, ez federik, ez Eleizarik. Testigutza hau onartzen dogu.


2. Irakurgaia: Kolosarrei 3, 1-4

Paulo apostoluak argi izten dau bere eskutitzean: bateoaren bidez Jesusen heriotzara eta biztuerara alkartuak gareanoi, goitik beherako aldaketea eskatzen jaku gure bizitzetan, gure portaeretan, gure jarreretan. Onartu daiguzan gogoeta honek.


Ebanjelioa: Joan 20, 1-9

Joanek, ebanjelioan, lehen testiguen fedearen barri emoten deusku, Jesusen gorpu hila jarritako hilobia hutsik aurkitzean adierazo ebenen barri hain zuzen be. Fedea eskatzen dauan ezaugarria da hilobi hutsa; apostoluek ulertu barik eukezan Jesusen berbak eta agintzak gogorarazten deuskuz. Heriotzeak galdu dau bere agintea; bizia geratu da garaile betiko. Jainkoak zentzun barria emon deutso oinazeari, bere Semearen nekaldi eta heriotzeari. Onartu dagigun testigantza hau.

Jaungoiko herriaren otoitza

Otoitz egin deiogun Jaungoiko gure Aitari, bere Espirituaren indarrez Jesu Kristo biztu eban eta gizaki guztiei bere maitasuna adierazoten deutsenari.

1.- Mundu osoan zehar zabaldurik dagoan Eleizearen alde, Jesusen misinoagaz jarraiturik, batasunaren eta bakearen legamin eta ezaugarri izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko herrialde guztietako gizon eta emakumeen alde, Kristoren Pazkoak bakea, zuzentasuna, egiazko askatasuna ekarri deieguzan eta gizon-emakume guztiok anai-arreba lez alkar maitatzera heldu gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gorputzean edo ariman sufritzen dabenen alde, besteen egoismoaren eta bidegabekeriaren biktimak diranen alde, itxaropena galdu dabenen alde, Jainkoa ahaztuta bizi diranen alde, Kristo biztuagan eta gure alkartasun gizatiarrean eta kristauan aurkitu dagiezan indarra eta atsegina. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gure alkarteko eta gure etxeko hildakoen eta beste hildako guztien alde, Biztutakoak ekarritako bizi barrian bete betean parte izan dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen alkarturik gagozanon eta alkarte hau egiten dogunon alde, Pazkoaren eskariak, maitasuna eta bakea, bizi dagiguzan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errezak” eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu guztiak egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BASALOREEN AURKEZPENA

(Beharbada, agertu dira udabarriko lehenengo lorak. Horreetxek eskaini gura deutsaguz gaur Jaunari. Alkarteko edozeinek egin daike eskaintza, eta ahal dala, emakumeak)

OTOITZA-AZALPENA: Udabarria sortu da. Horren ezaugarri lez, lora honeek dakartzudaz, Jauna. Sortzen diharduan bizi barria dira. Zuk zeure Seme Jesu Kristogaz egin zenduana, heriotzatik eta hilobitik biztuz. Lora honeek eta euren usaina izan daitezala Zuk gugan egiten dozunaren ezaugarri: birsortu egiten gaituzu eta munduan eta gizon-emakumeen artean bizi barria agirian jarri dagigun bultza egiten deuskuzu.


BARRI ON BATEN AURKEZPENA

(Azken egunetako komunikabideetan hartutakoa izan daitela. Alkarteko nagusi batek, orain gizonezkoak, irakurri dagiala)

OTOITZA-AZALPENA: Oraintsuko barri on hau dakartzut, Jauna. Begira, Jauna, gizon-emakumeok ez gara txarra bakarrik egiteko gauza. Baita, eta zure laguntzari esker, honako gauza onak egiteko gauza be bagara. Ez daitela bakarra izan. Beti jokatu dagigula zintzo. Holantxe bakarrik aldatuko dogu mundu hau eta gizarte hau, eta leku egokia izango dira honeek, biztueraren bizitza barrirako.


FRUITU OTZARA BATEN AURKEZPENA

(Ondo legoke itxura eder eta erakargarria daben era bateko eta besteko fruituak aurkeztea)

OTOITZA-AZALPENA: Gure soloetan hartzen diran lehenengo frutuekin betetako otzara eder hau dakartzugu. Izadiari atarateko gure eta gizon-emakume guztien ahaleginaren eta lanaren irudi dira. Baina baita batzuk, gure janarietarako doguzanen, eta beste batzuk, ez daukenen, irudiak be. Badakigu gure eskuzabaltasuna zelakoa dan, zure guretzako eskuzabaltasuna halakoa izango dala. Horregaitik, fruitu honeekin batera, erdibanatzeko gure konpromisua eskaintzen deutsugu. Hori izan zan Biztueratik sortutako zure hasierako Elizeak eskatzen eta egiten ebana. Beraren antza izan gura dogu guk.


OLIO ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Osasun Pastoraltzan diharduan batek egin behar dau eskaintza hau, edo, horren ezinean, bere familian gaixoren, zaharren edo ezinduren bat zaintzen dauan batek)

OTOITZA-AZALPENA: Nik, nire aldetik, olio ontzi hau dakartzut. Beragaz batera, nire eta alkarte guztiko kide bakoitzaren eta danen konpromisua joatzu: zure Semearen Biztueraren gure testigantza berbaz egingo dogula, eta baita gizon-emakume guztiekin eta batez be premina gehien daukenekin izango dogun alkartasunaz. Gizon-emakumeen minak biguntzeko olioa eta gaixo guztiak osatzeko osagaia izan gura dogu.


EBAKUNTZA BATETIK EDO GAIXO BATETIK AZKENENGO OSATUTAKOAREN AURKEZPENA

OTOITZA-AZALPENA: Hemen nauzu, Jauna, Zeuk gura izan dozulako eta zaindu eta osatu naben gizon eta emakumeei argitasuna emon deutsezulako. Eskerrak emoten deutsudaz berreskuratutako osasunagaitik, baina eskaini be egin gura deutsut alkarte hau osotzen dogun izenean. Zeuk emoten deuskuzun bizitzaren testigu izan gura dogu. Emoiguzu beti bizitzaren alde eta edozein gaixoren, gauza txarren, zuzentasunik ezaren eta heriotzaren aurka burrukatzeko indarra.

Agurra

Senideok, Pazko Zoriontsuak! Kristo biztu dalako dauko zentzuna gure bizitzak. Baina orain, senideok, Jainko bakarraren seme-alaba lez bizitzeko sasoia da. Ez ezerk ez inork ez deigula ilundu Jaunaren heriotzearen eta biztueraren bizikizun sakona. Anai-arreba lez bizitzera eta Jainkoaren maitasun amaibakoaren testiguak izatera deituak gara. Pazku egun zoriontsua eta fede testigantzaz bizi izandako aste zoriontsua!


AZKEN BEDEINKAPENA

Aita Jainkoak bedeinkatu gagizala Pazko honetan eta haren errukiak gorde gaizala gatx guztietatik. E./ Amen.

Kristoren Berbizkundearen bidez salbau gaituanak aberastu gaizala betiko biziaren sariagaz. E./ Amen.

Jaunaren Nekaldiko egunak amaitzean eta Pazkoa pozez ospatzean, betiko Pazkoaren itxaropenez alaitu gaitezan. E./ Amen.

Eta bedeinkatu gagizala Jainko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

Egun honetarako gogoetea

“Hau da eguna, Jaunarena:
Gaur biztu da eta Jesus Jauna”


ALELUIA, ALELUIA, JAUNAREN EGUNA DA!






Bai, JAUNAREN eta GEURE eguna. Anai-arrebok: bihotzez emon deikeoguz zorionak bata besteari. JAINKOAK JESUSI EMON DEUTSO ARRAZOIA! Jainkoari atsegin jako haren bizikera. Biztu dana da kurutzeratua izandakoa. Jainkoagan eta gure artean bizi da, nahiz eta era ezbardinean, bere gorputz aintzatsuaz. “Maitasunez bizitza emotea” da Jainkoaren ustez egiterik handiena eta gainditu ezina. Zelango mezu ederra jai honetakoa!

Baina GEURI be sakon dagokigu jai hau: Jesusen zoria bera BIZI IZATERA DEITUAK gara, beraren erara bizi bagara. Jainkoak, bada, ez dau iruzurrik egiten. Hori sinesten dogu bete betean.

Geure Fedearen EGUN HANDIA dogu GAURKOA. Gertau gaitezan Pazkoaldi guztiaren zehar ospatzen. Eta… Zoriontsuak BIZIAREN JAINKOA onartzen dabenak!

PAZKO ZORIONA DANOI!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ikusi eta sinistu egin eban"

(Jn 20, 8)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue