Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Pazkoa - 2. domekea - 2017.eko Apirilaren 23a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak.

Senideok: Pazko zortzigarrenean gagoz. Kristo biztuaren argiak aseta, gertaera pozgarri hori ospatzeko alkartu gara. Jesusen asmoak kurutzean amaitu zirala emoten eban, baina argi ikusten dogu orain Jainkoak beti beteten dauala Berak agindua; gizakiaren bizitza behin betikoa da; ez dago ezer Jainkoak deuskun maitasuna baino handiagorik.

Egi hau pozgarria, kutsakorra da, dana hartzen dauana. Hori dala eta, ilusinoz, gorputz eta arima ibiltera garoaz, alkarte alaian bihotz eta sentiera bat bizitzera, Kristoren Biztueraren testigantza emotera.

Senideok: itzi deiogun Jaunari gure bihotzak lantzen; ez gaitezan bildurtu esperientzia hau leialtasunez bizitzen.


ELEIZBIRA ETA PAZKO ZUZIARI INTSENTSUA

(Ospakizuna hasi orduko dago isiotuta Pazko Zuzia. Ospatzaileak edo buru egiten dauanak eta laguntzaileak eleizbira egiten dabe, udabarriko lorezko adarrekin eta “NIRE JAUN ETA NIRE JAUNGOIKO” dinoan pankarta bategaz. Pazko abesti bat abestuko dau herriak. Tokira heldutakoan, Pazko Zuziaren ondoan jarten da pankartea eta intsentsatu egiten da Pazko Zuzia)


UR BEDEINKATUAZ TXIPRISTINTZEA

Anai-arrebok: ur hau bedeinkatu genduaneko Bateo-gaua ospatuta gero, barriztatu dagigun, barriro be, geure Bateoa, Jaunak dakarzkun parkamenari gure bihotzak edegi deioguzan, eta itzi deiogun Jainkoari gure bateo-grazia gaurkotzen.

(Ospatzaileak Pazko gauan bedeinkatutako ur apur bat hartzen dau urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten dau berak eta gero alkartea txipristintzen dau. Bien bitartean, danak abestu daikee Alkartean ezagutzen dan kantu egokiren bat)

OTOITZA: Jaungoiko errukitsuak garbitu gaizala pekatutik eta, ospakizun honen bidez, gure egarria betiko bizitzako iturrian asetzeko duin egin gaizala. E/. Amen.


AINTZA

(Pazko aldiko domeka guztietan kantatua izango da)

Senideok: Pazko pozez beterik goratu daigun gure Jainkoa: AINTZA ZERUETAN...

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 2, 42-47

Lehen kristau alkartearen bizimodua labur batzen deusku lehenengo irakurgai honek. Kristauak, otoitzean eta ogi zatitzean aurkitzen eben alkarturik bizitzeko behar eben indarra. Holan, daukena alkar banatuz, aldi guztietarako balio dauan kristau alkarte eredua eskeintzen deuskue. Adeitasunez entzun dagigun.


2. irakurgaia: 1 Pedro 1, 3-9

Pedrok, Asia Txikiko kristauei egiten deutsen lehen idazki honetan, erasoen aurrean adorez bete nahi ditu. Berbiztua, gure itxaropenaren bermea dala gogoratzen deutse; ez da itxaropen hutsa, bizia eta Kristoren berbizkundean oinarritua baino. Horren frutua, aldi gogorrak datozenerako daukagun poza eta konfiantza dira. Onartu dagigun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Joan 20, 19-31

Heriotza inguruan dagoanean, bizian sinistea ez da erreza. Apostoluak, Jesusen heriotzaren esperientzia bizi izan dabe eta orain Biztueraren misterioa eta dohaia dauke aurrean. Kurutziltzatua, nekaldiko eta heriotzako ezaugarriekaz agertzen jake. Eta mundu honetako lege eta muga guztien gainetik dago. Bere Bakea eta Espiritua eskeintzen deuskuz. Sinisbakoa, sinistedun bihurtzen dau. Entzun daigun testigantza hau.

Jaungoiko herriaren otoitza

Egin deiogun otoitz Jainkoari, bere Espirituaren indarrez Jesukristo biztu eta gizaki guztienganako maitasuna agertzen dauanari. Erantzun dagigun: “EGEIN BEDI, JAUNA, ZURE NAHIA”.

1.- Mundu osoan zehar zabaldurik dagoan Eleizaren alde: Pazko poza gainezka bizi, eta testigantzaren bidez zabaldu daiala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Nazinoetako agintarien alde: Jesusen biztuerak adimena argitu eta bihotzak zabalduta, errespetatu daiezan pertsona guztien giza eskubideak; eta mundu osoan bakea errealitate bihurtu daiten, bide barriak zabaldu daiezela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Behartsu, gaixo eta gorputzean nahiz ariman sufritzen dagozan guztien alde: Kristo Berbiztuagan aurkitu deiela behar daben aringarria eta sendotasuna, eta guregan maitasuna eta solidaritatea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gerren eta indarkerien ondorenak izan dabezan herri guztien alde: bizi izandako edo bizitzen dagozan izua lehenbailehen arindua izan daiten, eta ez ahaztuak, gogoan hartuak baino izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Pazkoa ospatzeko hemen alkarturik gagozanon alde: gure bizitzetan esperimentatu dagigun Kristo biztuaren indarra, eta inguratzen gaituen guztiengana eroan dagigula barri pozgarria. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



JANTZI ZURI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko edozein nagusik egin daike eskeintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna: antxinako ohiturea da Pazko Gauean bateatuak euren bateoaren ezaugarritzat jantzi zuriak eroatea. Jantzi zuri hau ekarten deutsut, bada, nire izenean eta bateatuen alkarte guztiaren izenean, bizi barriaren eta bateo graziaren ezaugarri lez. Bestalde, gure bateo egunean urez Zeuk emon zeuskun bizi barriari jagokonez bizi izaten hasi gura dogu.


ARGIONTZI ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko nagusi batek egingo dau eskeintza)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Seme Berbiztuaren ezaugarri dan kandela isiotu hau dakartsut, Jauna. Bere argiaren inguruan batu ebazan Harek lehenengo kristauak, alkarte bizietan. Gure alkartean benetan biziteko eta alkarbanatzeko gogoa eskeintzen deutsugu lehenengo, eta baita, bigarren, alkartetik urten eta, geure berben eta bizitzaren bitartez, zeu gizon eta emakumeei aurkezteko gogoa be. Horretarako, emoiguzu, Jauna, zure grazia eta indarra.


LABORATEGIKO TRESNA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko nagusi batek egin daike eskeintza; hobeto, irakaslea edo ikerkuntzan edo antzerako lanean diharduana izatea)

OTOITZA – AZALPENA: Nire aldetik, Jauna, laborategiko tresna hau dakartsut. Gure gizarteak lortu dauan aurrerapen zientifikoaren eta teknikoaren ezaugarria da. Ezagutza zientifikotik haruntzago begiratzeko gertu gagozala esan gura deutsugu, nahiz eta haren garrantzia be autortu. Zure aldetik, Jauna, garbitu eiguzuz begiak eta bihotza, aurkitu zagiguzan eta zure aurpegia ikusi dagigun.


“NIRE JAUN ETA NIRE JAUNGOIKO” IDATZI DAN PANKARTA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko bik egingo dabe eskeintza: hasierako eleizbiran ekarri bada, batek hartu eta Alkarteari erakusten deutso; besteak, honako otoitz hau esango dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Alkarte honetako bakotxaren banakako autortza jaso gura izan dogu, eta gure fedea eskeini nahi deutsugu. Zuk egin deuskuzun emoitzarik onenari erantzuten deutsagu holan. Izan be, fedea ez da egia batzuen bilduma bakarrik, eta ez jagoko gure alderdi bateri bakarrik. Zeugan jarten dogun uste ona da fedea. Zeugandik bakarrik izatea, pentsatzea, bizitea, hartuemonak izatea eta historia eta errealitatea ulertzea, eragiten deusku. Horregaitik, Zure Semeagan dogun fedearen emoitza dala eta, guk garean eta daukagun guztia eskeintzen deutsugu gaur.


GIZADIAREN ZAURIEN AURKEZPENA

(Alkarteko hiru gaztek egiten dabe eskeintza hau. Gizadiaren eta bizi garean gizartearen arazorik sakonenen laburpena gertau dabe aurretik euretariko bik. Lehenengoak Hirugarren Munduko arazoen laburpena egiten dau eta bigarrenak gugandik hurrago dagozan arazoena; mendebaleko gizartearena, hain zuzen ere. Hirugarrenak eskeintza egingo dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, heriotzearen gainean zure Semeak izandako garaipena ospatzeko batu dan alkarte honen hiru kide gazte gara. Mundu honetan, aurkitu doguzan arazoen zerrendan azaltzen da heriotzea. Ez dira horreek bakarrik gaurko munduko gizon eta emakumeengan eragina dabenak. Zatoz, Jauna, eta bizitza bihurtu egizuz, eta euren aurka burrukatzeko eta zure gurariaren eta borondatearen arabera aldatzeko, egizu maitasunean eta alkartasunean hazi gaitezala.


DIRU BATZEAREN AURKEZPENA

(Ondo iritzi ezkero, eta egun horretako lehenengo irakurgaiaren arabera, DIRU BATZEA egin daiteke. Alkarteko nagusi batzuek batzen dabe, ospakizunean dagozanen artean. Bitartean, kantu egokiren bat abestu daiteke. Diru batzea amaitzen danean, batu dabenetariko batek egiten dau eskeintza, hau esanez:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hor dozu gure anai-arrebatasunaren fruitua. Ez dauko Jerusalemgo lehenengo alkartearen balioa eta sendotasuna, baina gure alkarteko behartsuenengan dogun ardurea adierazo gura dau. Premina gehien daukenenganako gure sentiberatasuna gehitu deiguzula eskatzen deutsugu. Ez deigula ihes egin gureen arteko nahigabe batek be eta egon gaitezala beti euren ondoan, bai gorputzez bai behar dabezan ondasunekin be.

Agurra

Senideok: Jauna hemen izan dogu gure artean, lehen kristauen artean lez; alkarte lez sentitzearen poza eta grazia eta bakea emon deuskuz. Guztiok eta bakotxa joan gaitezala eguneroko bizitzara hemengo esperientzia eroatera, eta emon deigula fedearen testigantza, gizon eta emakume guztiek aurkitu dagien Kristo Berbiztua. Bazko aste zoriontsua!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Jesukristoren berbizkundeaz erosi eta seme-alabatzat hartu gaituen Jainkoak, bere bedeinkapenez poztu eta egunen baten bere zeruko erreinuan onartu gaizala. E./ Amen.

- Jainko Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak bedeinkatu gaizala eta beti lagun izan daigula. E./ Amen.

Egun honetarako gogoetea

“Tomas, ikusi dozulako sinistu dozu.
Zorionekoak ikusi barik sinisten dabenak”




Bere jaia eta gure jaia ospatzen jarraitzen dogu: Jesukristo berbiztuaren eta guk beragaz bat egitearen jaia; bere biztueran eta bere bizitza barrian bat egiten dogu. PAZKOA da. Ze poza eta alaitasuna!

Jesukristo biztuagan sinistea etzan izan erreza eta GAUR egun ere ez da erreza. Aste honetan, Jesusen apostoluak ere bertan behera itzi eta beste zeozer pentsatzen hasita egozala dinosku Jainkoaren hitzak: Emausekoak alde egiten agertzen jakuz; besteak, “judutarren bildurrez” ateak itxita; eta hor dago Tomas, Jesus onartu eta sinistu ezinean dabizanen ezaugarritzat ipinia.

Hemen gagoz gu ere, sinismen ezak jotako giro barruan, lasaikeri (erreza eta atsegingarria nagusi) eta itzikeria giroan, KRISTAU lez zelan bizi behar dogun jakin guran, batzuetan “ateak ixteko gogoaz”, edo “besteen antzera biziteko tentaldiaz”.

Jesus biztuak beratarrak ALDATU ebazan: Berak bakarrik aldatu leikez. Berak bakarrik aldatu geinkez: ez daigun ahaztu. Beharrezkoa da BERAGAZ EGOTEA.

Jesus biztuagaz AURKITZEAREN esperientzia pozgarria!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Zoriontsuak, ikusi ezarren be sinisten dabenak!”

(Jn 20, 29)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue