Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Pazkoa - 3. domekea - 2017.eko Apirilaren 30a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak guztiok ospakizun honetara.

Jauna presente dago Elizan bere Hitzez, Gorputz eta Odol santuaz eta bere alkartea garanon bidez. Gaurko ospakizun honetan bere Gorputzaz elikatzeko deia jasoko dogu, ondoren Kristoren TESTIGUAK izan gaitezan.

Jauna ezagutzeko, berarekin topo egiteko, bihotzeko begiak garbiak eta aurre-iritzi eta egoismoetatik aske izan behar ditugu. Bestela, Jaunaren presentzia ohartu barik galdu daikegu, hasieran apostoluei gertatu jaken lez.

Jaunak zabaldu deiguzala buru-bihotzak bere mezua gure barruan sakon sartu daiten, eta ospakizun hau gogotsu bizi deigula. Hasi dagigun.



SARRERAKO IBILALDIA

(Gaur be, handikiro egin behar geunke sarrerea. Kandela biren (gero altaran egongo direnak edo altarea dotoretuko dabenak) erdian kurutzea joango da eleiz birea egingo dabenen aurrean; intsentsu ontzia, jarraian. Gero, agiri-agirian irakurle batek eroandako irakurgai liburua. Azkenean, edo danen atzetik, ospakizunean buru egiten dauana, laguntzaile edo monagilo bi ondoan dituala. Presbiteriora heldutakoan, kurutzea bere lekuan jarrriko da eta kandelak altara mahaiaren gainean. Irakurgai liburua irakurgai lekuan edo anboian. Azkenean, ospakizun buruak, pazko zuzia isiotuko dau. Pazko zuzia eta irakurgai liburua intsentsatuz amaituko da une hau. Bien bitartean, alkarteak sarrerako kantua abesten jardun dau)


UR BEDEINKATUAZ TXIPRISTINTZEA

Anai-arrebok: ur hau bedeinkatu genduaneko Bateo-gaua ospatuta gero, barriztatu dagigun, barriro be, geure Bateoa, Jaunak dakarzkun parkamenari gure bihotzak edegi deioguzan, eta itzi deiogun Jainkoari gure bateo-grazia gaurkotzen.

(Ospatzaileak Pazko gauan bedeinkatutako ur apur bat hartzen dau urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten dau berak eta gero alkartea txipristintzen dau. Bien bitartean, danak abestu daikee Alkartean ezagutzen dan kantu egokiren bat)

OTOITZA: Jaungoiko errukitsuak garbitu gaizala pekatutik eta, ospakizun honen bidez, gure egarria betiko bizitzako iturrian asetzeko duin egin gaizala. E/. Amen.


AINTZA

(Pazko aldian, abestua)

Ogia zatitzean Jauna aurkitzen daben Emauseko ikasleen poza geureganatuz, goratu daigun gure bihotzeko begiak zabaldu eta salbatzen gaituen Jainkoa: AINTZA ZERUETAN...

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 2, 14. 22-33

Berbiztuaren lekuko diranen testigantza entzuten dogu. Pedrok aldarrikatzen dau Jesus Nazaretarra, kurutzeratu ebena, Jainkoak bizira ekarri dauala. Jesusen biziak heriotza menperatu dau. Dana birsortzeko zorian dago; Jesusen antzera bizitzea dagokigu: Aitaren esaneko izanez. Onartu daigun geure bihotz barruan.


2. irakurgaia: 1 Pedro 1, 17-21

Gure itxaropena eta sinismena Jainkoagan dagozala esango deusku Pedro apostoluak. Kristok bere bizia emonaz erosi gaitu. Gure historiaren zentzuna, maitasunez bere bizia kurutzean josteraino emoten dauanarengan aurkitzen dogu. Kristoren berbizkundearen ziurtasunak, kristauak poztu eta euren sinismena eta itxaropena sendotzen dau. Entzun dagigun.


Ebanjelioa: Lukas 24, 13-35

Jesus Berbiztua, Jerusalemdik bildurrez urten daben ikasle bigaz aurkitzen da. Ikasle biak, itxura baten sinismen gauzetan jakitunak dira: Itun Zaharra ezagutzen dabe; baita Jesusen mezua, bere ekintzak eta kurutzeko heriotza; Biztueraren mezua ere entzun dabe. Baina ezin dabe onartu. Gaur, Jainkoa bide-lagun dogu, Idazki sakratuak argitzen deuskuz eta ogia zatitzerakoan eta banatzerakoan geure ondoan dago. Entzun dagigun testigantza bikain eta eder hau.

Jaungoiko herriaren otoitza

Senideok: Jesus Jauna geure ondoan dago. Bere bitartez Jainko Aita-Amari zuzen deutsaguz gure eskariak eta gizadiaren preminakaitik otoitz egin.

1.- Eleizaren alde: guztiontzat onarpen leku, muga bako parkamen, benetako anaitasun leku, eta Berbiztuagaz bat egiteko era ezbardinak errespetatu daizan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintarien alde: euren aginpidea erabiliaz, gizaki guztien arteko bardintasun eta bakerako bideak urratu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Jainkoaren presentzia aurkitzeko bide bila edo aholku bila dabizanen alde: gure hitz eta testigutzari esker, desiratzen daben hori aurkitu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Baztertuen, ahaztuen eta gaixo guztien alde: errealitate eta bizi barri baten mezua eurekanaino heldu daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen gagozan guztion alde: kurutziltzatuaren aurpegia gure gizarteko baztertuengan ikusi dagigun eta bizia eta itxaropena transmititzeko gai izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



UMEEN EKINTZA

(Bizkor-bizkor jarten da, aurretik umeekin gertau edo prestau dana: abestia, dantza edo ekintza labur eta atsegina. Amaitutakoan, eskeintzaren aurkezpena egiten dau umeetako batek)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hor izten deutsugu alkarteagaz batera euki gura izan dogun alaitasuna. Uste dogu Zeu zarala gure barruan poz hori isiotu dozuna eta berari eutsi eta bera gehitzen dozuna, guk besteei zabaldu deiegun. Badakigu nagusiak, helduak, eragozpenak izaten dituela eta horrek kezkak eta tristura sortzen deutsezala. Horregaitik, euren aringarria izan gura dogu, eta, noizean behin ez bada be, irribarretxo bat atara gura deutsegu.


BIBLIA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko “pertsona on” batek egin leike eskeintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Zuk guretzat idatzi dozun Hitza, Biblia hau dakartsut, Jauna. Emauseko ikasleei gertatu jaken lez, Zuk azaltzen badeuskuzu bakarrik zabalduko da gure bihotza eta ulertuko dogu. Zure Hitza sakonean ezagutu nahi dogu, Jauna, berak argitu gaizan eta gure bizitzan egi bihurtzen ahalegindu; hau da: gure munduari eta gaurko kulturari ARGI lez eskeindu. Horretarako zure laguntza behar dogu, Jauna.


OGI ZATI BATEN ETA ARDAO PITXAR BATEN AURKEZPENA

(Eskeintza hau egiteko ibilaldi antzerako bat gertau edo prestau behar da. Aurretik, banan-banan, eskeintzak daroezanak eta atzean, irakurriko dauana. Edozeinek egin daike, nahiz eta hobe izan adin desbardineko pertsonak egitea, janaria eta ospakizuna alkarte guztiarena dala adierazoteko. Eskeintzak buru egiten dauanari emondakoan, hauxe dino aukeratuak)

OTOITZA – AZALPENA: Jesus Jauna: Emauseko ikasleekana Zeu hurreratu zinan; eurekaz ibili eta antzinako agintzariak ulertu egiezan zure Hitza azaldu zeuntsen. Eta ogia zatitzerakoan ezagutu zinduezan. Ogia eta ardaoa eskeintzerakoan, Zu guztiz ezagutzeko gogoa agertzen deutsugu, baita zure Barri Ona anai-arreban artean iragartekoa ere. Lagundu eiguzu.


SAREEN AURKEZPENA

(Irakurten dauanak egingo dau eskeintza, edo katekistaren batek nahiz helduren batek:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik sare honeek dakartsudaz. Zuk gizon-emakumeen arrantzale egin orduko apostoluek itzi ebezanen irudi dira. Eurekin batera, gure ebanjelizatzeko konpromisoa eskeintzen deutsugu. Jakin be badakigu eta, zuk emon deuskuzun fedearen oparia ez dala gu bakoitzaren burua goratzeko, ezta, talde bakarra edo sekta bat bihurturik, gure alkarte barruan sartuta egoteko, misinorako eta, hainbestetan ezer aurkitu barik bila dabilzan gizon-emakumeekin gure fedea, alaitasuna eta zoriontasuna alkar banatzeko baino.


EGUNKARI BATEN AURKEZPENA

(Ofizioko batek edo herri mailan agirian diharduan alkarteko batek edo eguneroko jazoerak ondo jarraitzen dituan batek, aurkeztu behar leuke eskeintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik, gaur, egunkari hau dakartzut. Gaur jazoten danaren isladea da. Gure ondoan eta gugandik urrun gertatzen dana, nahiz eta beste batzuei jazo edo gertau. Barri emotea hain ugaria danez, ez gaitu kezkatzen, jakitunek dinoenez. Egunkari hau eskeintzerakoan, konpromiso hau hartzen dot, danen izenean: albisteen eta eurak bizi dabezan edo jasaten dabezan gizon-emakumeen bihotzera begiratuko dogula orain zer gertatzen dan irakurten dogunean. Eta Zuk ez gaizuz itzi gure bihotz gogorkerian. Zabaldu eizuz gure bihotzak alkartasunera.

Agurra

Senideok: ikasleen zeregina, gure zeregina, Ebanjelioa iragartea da, ikusi eta entzun dogunaren testigutza emotea, besteak ere ikusiz eta entzunez sinistu dagien. Orain danok dakigu, Berbiztua, gizaki ez ezagun batengan ikusi geinkela, bidean doan anai batengan, hurreratzen jakun erromes batengan, hurkoarengan; ogia zatitzerakoan, Mezatan, maitasunez batutako alkartean, Jainkoaren Hitza entzuterakoan, behartsua onartzerakoan... Gure anaitasuna eta solidaritatea benetakoa dan jakiteko, inguruko andra-gizonak guri begiratuz Berbiztua eta bere bizi eta itxaropen zeinuak ikusten dabezan kontuan izan beharko dogu. Aste zoriontsu bat guztiontzat!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Aita Jainkoak bedeinkatu gagizala Pazko honetan eta haren errukiak gorde gagizala gaitz guztietatik. E./ Amen.

- Kristoren Berbizkundearen bidez salbatu gaituenak aberastu gagizala betiko biziaren sariagaz. E./ Amen.

- Eta bedeinkatu gagizala Jainko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

Egun honetarako gogoetea

“Jesus Jauna, agertu eiguzuz Liburu Santuak,
sutu gure bihotzak hitz egiten deuskuzunean”




Pazkoa ospatzen jarraitzen dogu, eta sinismendun izatearen oinarria hementxe dago: Pazko barik ez dago federik ez antzekorik. Eta Domeka honetan hurrengo itaun hau egiten ausartzen gara: nire kristau fedeari izatea eta zentzuna emoten deutsona Pazkoa ete da?

Itaun hau “lekuz kanpo” dagoela uste badozu, zure sinistedun fedean baleiteke zerbait gertatu izatea. Azken baten, lehen kristauen duda bardina da: “Jauna ikusi dogu” esatea ez jaken izan erreza; hori arriskutsua zan, Jaunagaz bat egiteak BIZITZA ALDATZEA eskatzen ebalako. Eta hau oso serioa da. Horregaitik guretzat ere, itauna edo kezka bardina da: “Jauna ikusi dot” Pazko honetan benetan esan neike? Berak bakarrik aldatu leike nire bizitza.

Gaur gure munduaren eta pertsona askoren tentaldia beste hau da: “ez dogu behar salbamenik”. Eta holan bada, Pazkoak ez dauka zentzunik, ez dogu behar Pazkorik. Pazkoak, Jesusen izatea jarraituz, GIZAKI BARRI EGITEN GAITU, eta benetako bizitza eskeintzen deusku. Sumatzen dot nigan Jesus berbiztuagaz bat egitera naroan aldaketarik?

ZORIONTSUAK hori bizi dabenak:
BENETAKO BIZIA izango dabe!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ogia zatitzean ezagutu eben"

(Lk 24, 35)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue