Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Pazkoa - 4. domekea - 2017.eko Maiatzaren 07a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: Pazko aldian aurrera goaz.

Artzain Onarena esaten jakon laugarren Domeka hau SAGARAPEN BEREZIKO BOKAZINOEN aldeko otoitz eguna da Eleizan.

Gure gizartean badira hamaika errealitate egituratzen eta agintzen dabezan buruzagiak. Entzule ugari dabez. Komunikabide guztiek jasoten dabez horreen hitzak. Baina Kristo da gidaria, maisua eta artzaina. Horren salbamen egitasmoak ez dau inor baztertzen. Ez dau bereizketarik egiten pertsonen artean, eta inoren alde egitekotan, eskortatik kanpora dagozanen alde egiten dau. Isila da bere egitekoa; isilik eta mendian gauzatzen dau. Galdurik dabilena bilatzen dau, jausia animatzen, apurtua barritzen eta zauritua osatzen.

Eukaristia honek lagundu deiskula Kristoren abotsa aurkitzen. Berak gonbidatzen gaitu Meza honetara. Entzun dagigun bere deia gure bihotzaren isiltasunean.


PAZKO ZUZIA ISIOTZEA ETA INTSENTSATZEA

(Pazkoan, aurreko domeketan lez, egokia da hasierako ibilaldia egitea. Presbiteriora heldutakoan, ospakizun buru egiten dauanak, Pazko Zuzia hartu, isiotu eta intsentsatu egiten dau, alkarteak sarrerako kantua abesten jarraitzen dauala).


UR BEDEINKATUAZ TXIPRIZTINTZEA

Senideok: betiko bizitzako uretara bere herria eroaten dauan Artzaina lez aurkeztuko deusku Jesu Kristo gaurko Liturgiak. Horregaitik, guk, gaur, Jesu Kristoren heriotzan eta biztueran bateatuok, eta zoriontasunaren eta biziaren iturrietara deituok, gaurkotu egingo dogu GEURE BATEOA, geure zintzotasunik eza autorten dogula eta bere parkamena itxaroten dogula.

(Ospatzaileak Pazko gauan bedeinkatutako ur apur bat hartzen dau urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten dau berak eta gero alkartea txipristintzen dau. Bien bitartean, danak abestu daikee Alkartean ezagutzen dan kantu egokiren bat).

OTOITZA: Jaungoiko errukitsuak garbitu gaizala pekatutik eta, ospakizun honen bidez, gure egarria betiko bizitzako iturrian asetzeko duin egin gaizala. E/. Amen.


AINTZA

(Pazko aldian AINTZA beti abestua izan behar leuke).

Bere bizia gugaitik emon eban Artzain onaren ardi lez, gure erospenaren eta bizi barriaren poza kantatzen dogu, Jesus eta gure senideekaz Jainko Aita-Ama goratuz: AINTZA ZERUETAN...

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 2, 14a. 36-41

Lehenengo irakurgai hontan, Apostoluaren hitzaldiaren amaiera entzungo dogu. Pedrok, hartutako misinoa, deia, bihozbarritzea eta bateoa aipatuko deuskuz. Bere testigutza ausarditsua eta bat-batekoa da. Entzule batzuk itauntzen deutsee: zer egin behar dogu? Erantzuna ere argia eta konkretua da: “bihozbarritu eta Jesukristoren izenean bateatu”. Hortxe dago izaera barria. Entzun daigun.


2. irakurgaia: 1 Pedro 2, 20b-25

Irakurgai hontan, bakotxak hartu dogun bokazino deiari erantzunez bizitzeko eskatuko deusku Pedro apostoluak. Kristo dogu eredu, bere arrastoak jarraituz ona dan egin daigun. Horixe da bere jarraitzaileei eskeintzen deutsen bidea. Guri ere bai. Entzun dagigun.


Ebanjelioa: Joan 10, 1-10

Profetak agindutako Mesias-Artzainaren zain egon zan Israel herria. Ebanjelariarentzat, Jesus da agindutako Artzaina, zuzentasun eta egiaren bidetik bere herria zuzentzen dauana. Bera ondo bizitzea barik, besteak bizia izan dagien bere bizia eskeintzen dauana. Bera da atea, Aitarenganako ate bakarra. Guztiontzat eskeintza ederra. Bihotzez, onartu dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Otoi deiogun Jainko Aita-Amari, bere Espirituaren indarrez Jesukristo biztu dauanari, gizaki guztienganako maitasuna adierazten dauanari.

1.- Mundu osoan zehar zabaldurik dagoan Eleizaren alde: gizaki guztien arteko senidetasuna iragarri daiala eta, zuzentasunean eta bakean, Jainkoak nahi dauan familia eraiki dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gero eta gauza gehiagoren jabe izan nahi dauan gure munduaren alde: Jainkoak bialdu deiozala, euren izatea eta ondasunak behartsuekin banatuko dabezan, zerbitzari ugari. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Bila dabizan pertsona guztien alde: senideen artean bihotz zabal bizitzera dei egiten deutsen Jainkoaren abotsa entzun dagien, eta bidean lagunak aurkitu dagiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gazteen alde: Kristoren deiari bihotza zabaldu deioen eta gizaki guztien onerako, euren burua hari sagaratzeko prest bizi daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Alkarte hau osotzen dogunon alde: Berbiztuaren indarrak bizkortu daizala pertsonen arteko hartuemona, begirunea eta alkarrenganako parkamena. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Buru egiten dauanak edo Pastoral Kontseilua zuzentzen dauanak egin daike aurkezpen hau)

OTOITZA – AZALPENA: Makila hau dakartsut, Jauna. Agintearen ezaugarria da. Beragaz batera, zerbitzeko gertu-prest egotea eskeini gura deutsut. Izan be, Artzain Onaren ikasle nazanez, badakit besteei norbera emotea eta baldintza bako zerbitzua dirala zure familian dagoan aginte bakarra. Emoidazu indarra, nire ardura horren gaitasuna gehitu daiten. Alkarte guztiaren izenean be, danei zerbitzeko gaitasuna eskeintzen deutsut, jakin badakigulako danok gareala bata bestearen artzain. Zabaldu eizu gure artean maitasunaren sarea.


SENDAGAI BATEN AURKEZPENA

(Nahikoa litzateke sendagaiaren azala, irudia izateko. Osasun zerbitzua eskeintzen dauanen batek egin daike aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Osagai bat, sendagai bat, dakartsut, Jauna. Artzain Onaren oinarrizko berezitasuna dan errukiaren ezaugarria dala uste dogu. Hori izan gura dogu: besteentzako osagaia; besteen zauriak osatuko dituan gantzua eta orioa. Besteen arazoak arindu eta bigunduko dituan entzuteko gaitasuna. Eta zure Seme Jesu Kristoren antzera egin gura dogu; gizon-emakumeekin egin eban eta gugaz egiten dauan antzera.


"BAI" IDATZITA DAUKAN POSTER BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte batek egiten dau eskeintza)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nire izenean eta gazte eta ume guztien izenean, “Baietz” hau dakartsut. Zure ahotsa eta zure deia entzuteko hur gagozala esan gura dau. Munduan zarata eta ahots asko entzuten dira. Ez deiskuezala gure belarriak itxi. Inork ez deiskula eragozpenik jarri zure deia entzuteko. Eta emoiguzu, guztioi eta bakoitzari, deitu deuskuzun bokazinoan zure pausuak jarraitzeko behar dogun indarra.


ERLIJIOSO GIZON NAHIZ EMAKUME BATEN, EDO ORDUEN LIBURUAREN AURKEZPENA

(Aukeratu egin behar. Alkartean erlijioso bizitzara konsagraturik ez badago, alkarteko edozeinek, gazte batek bada hobeto, Orduen Liburua eskeiniko dau, sagaratutako bizitzaren ezaugarri lez)

OTOITZA – AZALPENA: Zuetariko askok ezagutzen nozue. Badakizue nire izena eta zer nazan. Izten badeustazue, labur-labur azalduko deutsuedaz nire bizitza eta nire bokazinoa…

Ez dago esan deutsuedan guzti horretan nire aldetik meriturik. Jaunaren grazia hutsari zor jako dana. Horregaitik, eskerrak emoten deutsadaz barru-barrutik. Zuen aurrean, Jaungoikoari eskeini gura najako, eta Jesu Kristo bere Semearen eskeintzari bat egiten najako. Beragan dau zentzuna nire buruaren eskeintzak eta beragan bihurtzen dira burruka nire makalaldiak, osotasunera heltzeko.

(Nire aldetik, Jauna, Orduen Liburua dakartsut. Eleizan hainbeste emakumek eta gizonek sagaratutako bizitzan euren buruak eskeintzearen ezaugarri da. Liburu honegaz batera, hartu eizu gizon eta emakume horreen bizitza. Eurei esker daki Eleizeak badala zure Erreinua eta gure artean dagoala. Hau be eskatzen deutsut, Jauna: sortuazo daizuzala, gure artean, sagaratze berezidun bokazinoak).


EZINDU BATEN AURKEZPENA, BERE GURPIL AULKIAN

(Begirune osoz eta mingarria izaten ez bajako. Erizain batek, familiakoa izan edo ez, zaintzen dauan batek)

OTOITZA – AZALPENA: Ardi makalenekin eta behartsuenekin arduratzen da gehien artzaina. Horregaitik, Jauna, gure alkartearen bizitzaren errealidade bat dakartsugu, gure artean premina gehien daukienekin konprometitzeko gogoa adierazoteko.

Agurra

Senideok: alkarri agur esatean, sendotu daiguzan gure maitasuna eta beste batzuekin batera gure fedea ospatzen dogun alkarteari gure buruak emotea. Baina ez gaitezela itxi alkartearen barruan; Kristoren, Artzain Onaren antzera, eskeindu daiguzan gure hitzak eta gure egiteak, munduak errezago aurkitu daian Jaunaren argia, bakea eta itxaropena. Kristau testigantzatan aste oparo zoriontsua!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Jainko Aita-Ama on eta errukitsuak, zaindu eta gatx guztietatik gorde gaizala. E./ Amen.

- Jesu kristo, Artzain Onak, gure zauriak osatu eta bere zerbitzu espirituagaz indartu gaizala. E./ Amen.

- Espiritua gure bizitzako bideetan lagun izan deigula eta salbamen indarrez bete gaizala. E./ Amen.

- Eta bedeinkatu gagizala Jainko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

Egun honetarako gogoetea

“Neu naz Artzain ona,
Ezagutzen ditut neure ardiak,
eta ni ere ezagutzen nabe neureak”





Pazko bidean, laugarren domekara heldu gara. ARTZAIN ONArena dogu eta Eleizak SAGARATZE BEREZIko Bokazinoen alde OTOITZ EGITEKO eskatzen deusku.

Bide barriak ipinten deuskuezan buruzagi asko ditugu gaur egun. Baina horreen artean gitxi dira euren bizia emoteko gertu dagozanak. Hori beste gauza bat da. “Zelan helduko gara, ba, horra?”. Ba, Jesusek salatu egiten ditu guzurrezko artzain horreek eta ARTZAIN ONA izena emoten deutso bere buruari, eta bere maitasun espirituan eta bere heriotzarainoko zerbitzuan oinarritzen dau izen hori. Berak zabaltzen deusku Jainko Aita-amagana heltzeko bidearen atea; eta ez dago beste biderik.

Horregaitik da hain konprometitua egun honetako mezua: benetako bizitza barrirako zabaltzen dan ate bakarra dago, MAITASUNArena eta doan egiten dan ZERBITZUArena eta NORK BERE BURUA EMOTEarena.

Horregaitik egiten dogu otoitz, Artzain Onaren egun honetan, SAGARATZE BEREZIAren BOKAZINOen alde. Eta dana, helburu argi batekin: gizon-emakumeen zerbitzuan ipinteko eta euren bizitzaz eta hitzez, Jainkoaren Barri Ona iragarteko.

Bedeinkatuak euren BIZITZA BESTEN ZERBITZUAN ipinten dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Neu naz ardien atea"

(Jn 10, 7)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue