Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Pazkoa - 5. domekea - 2017.eko Maiatzaren 14a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak ospakizun honetara. Pazko aldian jarraitzen dogu.

Jesus dogu Bidea, Egia eta Bizia: hauxe da gaurko mezu nagusia. Gure barruan eragina daben berbak dira. Pertsona asko noraezean bizi dira: gauza txikiekin norberen buruari bueltaka. Beti bardina eginez: urteak hartzen dabez baina urteei bizitasunik emon barik. Euren izateak ez dauka norabiderik ez helbururik: lagundua, zuzendua eta babestua izatearen esperientzia barik doaz aurrera; aurrera eta atzera pausoak eginez bizi dira.

Kristo egin behar dogun BIDE lez aurkitu behar dogu; sakontasunez bizi izateko daukagun bide bakarra. Bide horretatik aurkituko dogu gure egia eta benetako EGIA, eta horrek eroango gaitu benetako BIZIA ezagutzera.

Senideok: ospakizun honetan Jaunak argitu gaizala Bera bide, egi eta bizi lez aurkitu dagigun.


PAZKO ZUZIA ISIOTZEA ETA INTSENTSATZEA

(Pazko domeka guztietan lez, sarrerako ibilaldia amaitutakoan, ospakizun buru egiten dauanak Bazko Zuzia isiotzen dau, argimutilaren gainean jarten dau eta intsentsatu egiten dau jarraian. Bien bitartean, sarrera kantua abesten da).


UR BEDEINKATUAZ TXIPRIZTINTZEA

Anai-arrebok: ur hau bedeinkatu genduaneko Bateo-gaua ospatuta gero, barriztatu dagigun, barriro be, geure Bateoa, Jaunak dakarzkun parkamenari gure bihotzak edegi deioguzan, eta itzi deiogun Jainkoari gure bateo-grazia gaurkotzen.

(Ospatzaileak Pazko gauan bedeinkatutako ur apur bat hartzen dau urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten dau berak eta gero alkartea txipristintzen dau. Bien bitartean, danak abestu daikee Alkartean ezagutzen dan kantu egokiren bat)

OTOITZA: Jainko Aita-Ama errukitsuak, Jesusengan benetako Bidea, Egia eta betiko Bizia agertu deuskunak, bete gaizala bere dohaiez eta betiko biziaren iturrietan gure egarria asetu.
E/. Amen.


AINTZA

(Bazko domekatan abestua).

Senideok: Bere Semeagan bedeinkatu eta herri santu eta aukeratua izatera deitzen deuskun gure Jainko Aita-Ama onari zuzentzen deutsagu gorespen kantu hau: AINTZA ZERUETAN...

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 6, 1-7

Lehen kristau alkartearen bizimoduaren zati bat entzungo dogu. Jerusalemgo alkartean, greko eta hebertarren artean tirabira bat egoan. Urtenbide lez, alkarte barruan behar ziran zerbitzuetarako, apostoluak euren laguntzaileak izendatzen dabez. Holan, bakotxak bere egitekoa eukan: hitza iragartea, otoitza, karitatea, etab. Danak helburu bardinarekin: Jainkoaren Hitza zabaldu eta Jesusen mezua ezagutzera emon. Entzun dagigun arretaz.


2. irakurgaia: 1 Pedro 2, 4-9

Pedro apostoluak Eleizea jauretxea dala esango deusku, baina ez eraikuntza haundi bat, eguneroko bizitzan Jaun berbiztuaren testigantza emoten dauan kristau alkartea baino. Jauretxe honetan, harri biziak kristauak dira eta oinarria Kristo da, bera da giltzarria; eta bere egitekoa Jainkoaren Erreinua eraikitzea. Onartu dagigun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Joan 14, 1-12

Entzungo dogun ebanjelio zatian, Joan ebanjelariak, Jesusen oinarrizko esaldi hau gogoratzen deusku: “Neu naz Bidea, egia eta bizia”; ondoren guztiekaz, bera da Aitarenganako atea. Ezin dogu esan Jainkoari buruz ezer ez dakigunik; Jesuseri begiratu eta bere ekintzak ikusten dituana, Jainkoaren aurpegia aurkitzen dau. Jesus Jaunaren jarraitzaile garanontzat mezu ederra! Onartu dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Otoitz deiogun Jainko gure Aita-Amari, bere Espirituaren indarrez Jesukristo berbiztu ebanari, gizaki guztienganako maitasuna agertzen dauanari.

1.- Bost kontinentetan zehar zabaldurik dagoan Elizaren alde: agertu daiala, alaitasunez, Jainkoak deuskun maitasuna, gizaki guztiok Aita-Ama baten seme-alaba lez bizi gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko nazino guztietako agintarien, baina, batez be, gure herrikoen alde: gizaki guztientzat bake eta askatasun-bideak sustatu eta bultzatu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Familietako gurasoen alde: euren eginahal guztiak maitasun erantzuna izan daiela, eta euren etxeetan maitasunaren, gorputz eta arima ekitearen, alaitasun eta batasunaren eredu izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Pazko aldi honetan Lehen Jaunartzea egingo daben neska-mutilen alde: kristau heldutasunerako bidean alkarteetan eta euren familietan onartuak eta lagunduak izan daitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen gagozan guztion alde: maitasunaren agindu barria bizi dagigun, eta inguratzen gaituenentzat atseden eta pausaleku izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ALMENDRO LORA TXORTEAREN AURKEZPENA

(Edozein zuhaitzetako lorena izan daiteke txortea, eta alkarteko edozein helduk eskeini daike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, lora txorta eder hau dakartsut. Baina Kristogaz bat eginda ez dagozanei jazoten jakenaren irudia da. Izan be, txakada baten joaten da bere edertasuna. Lorak ihartu egiten dira, eta adarrak biluzik geratzen dira eta heriotza bidean jarten dira. Jauna, guk ez dogu gura lora txorta hau lango ederrak izatea, baina bai, gura dogu, Zure laguntzaz, Beraren bitartez emoten deuskuzun graziaren bidez, zure Semea bizi zan moduan bizitea.


INAUSTEKO ARTAZI BATZUEN AURKEZPENA

(Inausteko artazi batzuk aurkezten ditu beste heldu batek. Emakumea izan daiteke aurreko eskeintza gizonezkoak egin badau, edota alderantziz)

OTOITZA – AZALPENA: Nire aldetik, Jauna, inausteko artazi honeek dakartsudaz. Danok dakigu zein dan euren betebeharra: azalekoa hilik, bizitza barria eta indartsuagoa sortzen dabe. Badakigu, baita, zure Seme Jesu Kristogaz egoteak inausteko zorian jarten gaituala, hilteko eta berbizteko zorian hain zuzen be. Inausteko eragozpenak ez gagizala aldendu Jesu Kristoren moduan bizi izatetik, bere antza hartzetik eta Beragaz bat egitetik.


UME BATEN AURKEZPENA

(Umearen amak berak egin behar dau aurkezpen hau)

OTOITZA – AZALPENA: Neure erraietako fruitua dakartsut, Jauna. Bederatzi hilabete luzean izan neban bertan, neure pentsura oso-osorik. Oraindik be neure pentsura dago. Hain izaki makala izanik, ez litzateke izango bere kontura biziteko gauza. Baina badakit, umea pertsona ezbardin baten egitasmoa dala. Bere garapenak lagunduko deutso horretan. Holakoxeak izan gura dogu gu guztiok be, zure Seme Jesu Kristori lotuta. Beragandik hartu dogu bizitza, baina geuk izan behar dogu aske eta protagonista geure bizitzan. Hezi gaizuz, Jauna, askatasunean eta erantzukizunean.


URI BATEN MAPEAREN EDO PLANOAREN AURKEZPENA

(Bardin da bideetako mapea edo uri bateko planoa izatea. Alkarteko edozein kidek egin daike aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, bide bila dabilzanentzat lagungarri izaten dan mapa hau (plano hau) eskeintzen deutsut gaur. Gaurko gizonak eta emakumeak be, guk geuk, gogotsu bilatzen dogu gure izatearen eta gure bizitzaren zentzuna; askok, gainera, ez dabe aurkitzen. Ezaugarri hau eskeintzean, Zure Seme Jesu Kristo dala gure bizitzako bideak zeintzuk diran jakiteko gure maparik onena eta bakarra autortu gura dogu agiri-agirian. Izan be, Bera ibili zan bide horreetatik lehenengo. Baina hau be eskatzen deutsugu gaur: gure bizitzak iluntzen badira, edo ezbaia eta tentaldia sortzen badira, argitu gaizuzala, zure Semeagan eta zure Semeagandik gure norabidea berreskuratzeko.


HARRI BATEN AURKEZPENA

(Ez daitela handiegia izan, baina igarri daitela eraikuntzarako dala. Eraikuntzan lana egiten dauan alkartekoren batek egin behar leuke eskeintza)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nire lanagaitik, ondo dakit zer dakartsudan eta zertarako dan. Harria da, eta sendotasunez eraikitzeko erabilten dogu. Beraren antzekoa, eta gehiago oinarria dalako, da zure Seme Jesu Kristo gure alkartearentzat eta Eleizearentzat. Berak eusten deutso eraikuntza guztiari eta Beragan aurkitzen dau honek bere izatea. Gaur eskeintza hau egitean, gure espiritu eraikuntza, gure alkartean haragi egiten dan zure Semearen Gorputza, eskeini gura deutsut, alkarte guztiaren izenean. Gure arteko batasunaren eta munduari buruzko zerbitzuaren esperientzia izan gura dau gure eskaintza honek.

Agurra

Senideok: Jesusek bera “bidea, egia eta bizia” dala gogoratu deusku. Norberen inguruan sortzen diran interesei begiratuz bizitzea ez da nahikoa; ez da nahiko gauza batzuk errepikatuz bizitzea. Zerbait haundiagora deituak gara: gure urteak benetako BIZIAZ bete behar doguz; gure biziak zentzuna izan dagian, gure munduak benetako BIDEAREN eta EGIAREN erakusleak behar ditu. Badogu zeregina! Aste zoriontsua!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Aita Jainkoak bedeinkatu gagizala Pazko honetan eta haren errukiak gorde gagizala gaitz guztietatik. E./ Amen.

- Kristoren Berbizkundearen bidez salbatu gaituenak aberastu gagizala betiko biziaren sariagaz. E./ Amen.

- Eta bedeinkatu gagizala Jainko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

Egun honetarako gogoetea

“Neu naz bidea, egia eta bizia.
Ez doa inor Aitagana neure bitartez ez bada”




PAZKO aldian, -domekero eta egunero- gure artean bizirik dagoan JESUSEN PRESENTZIA ospatzen dogu. Maitasunez hil zan Jesus, berbiztu egin dala, BETIRAKO gure artean dagoala eta gure aurretik betiko bizirako bide-erakusle dogula ospatzen dogu.

Pazko aldiko bostgarren domekako mezu kontsolagarria hauxe dogu: Jesusek bere lagunekin daukan solasaldian, Bera nor dan eta Beragan sinesteak zer eskatzen dauan azaltzen deutse. Apostoluak etorkizuna ilun ikusten eben eta noraezean aurkitzen ziran, eta Jesusek esango deutse: “Neu naz bidea, egia eta bizia. Ni ikusten nauanak Aita ikusten dau”. Hau da: berme bakarra, segurtasun bakarra, argitasun bakarra, aurrera egiteko argitasun bakarra Beragan dago, Bera lez bizitzean, Beragan fiatzeaz, Berari jarraitzean.

Euren itaun eta dudei Jesusek emon eutsen erantzun honegaz ez dakit ikasleak pozik geratuko ete ziran. “Argiago ikusteko” segurutik gauza konkretuagoak nahi izango ebezan. Baina JESUSEK BIZITZEKO ERA BARRI HORI eskeintzen deutse; eta hor “dana eskuetan” daukagula pentsatzea alperrikoa da. Bere hitzean fidatuz beti aurrera egitea da. Berak hasitako lana aurrera eroateko gaitasunez ikusten gaitu Jesusek; Ebanjelioa seriotasunez hartu eta Erreinua egi bihurtzeko gaitasunez; Jainkoaren maiteenak diran pobreak askatzeko gaitasunez. “Nigan sinisten dauanak, Nik egiten dodazan lanak egingo ditu berak ere, eta handiagoak ere bai”.

Honetarako, bere ESPIRITUA emoten deusku, bere lana jarraitzeko; DOMEKERO bere mahai inguruan honetarako alkartzen gaitu.

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Neu naz bidea, egia eta bizitza"

(Jn 14, 6)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue