Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Pazkoa - 6. domekea - 2017.eko Maiatzaren 21a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: hemen gara barriro ere Eukaristia ospatzeko alkartuta. Indarrez datorkigu itxaropenez bizitzera dei egiten deuskun Aitaren Hitza. Jesusen lurreko aldia amaitzen doa, baina bere argi, bake eta maitasun urratsak gure artean gelditzen dira.

Gaur GAIXOAREN EGUNA-PAZKOA ospatzen dogu; ezin ditugu ahaztu gure gaixoak, gure hurrekoak, ezagunak; baina ezta urrutian dagozanak, ezezagunak ere. Gure arreta merezi dabe guztiak. Jesusen jarraitzaile garanok, Espiritu Santuaren indarrez, Jesus beraren itxaropena eta salbamena eroan behar ditugu gaixoengana; Jesusen errukia, hurtasuna, osatzearen ezaugarria. Gaixoak dira Aitak maiteen dituenak.

Eukaristia honek lagundu deiskula gure harrera eta hurtasuna hainbat gaixori begi-bistako egiten.


URAREN OHIKUNEA

(Egun egokia izan daiteke ospakizunaren une hau azpimarratzeko, eta gehiago, gaixoak edo euren egoereagaitik ospakizunetara joaten ez diran adinekoak balegoz)

OHARRA

Jaungoikoak bere maitasuna isuri dau gugan bateo uraren bitartez. Horregaitik, gure BATEOA, bere grazia eta betebeharrak barriztatzen doguzan une honetan, edegi daiguzan zabal-zabalik gure bihotzak, gure norberekeriak gainditurik, Jaungoikoak gura izan dauanez, besteak maite izateko gauza izan gaitezan.

Ezaugarri lez, banan-banan hurreratuko gara orain, kandela txikiagaz, eta gure pazko ospakizunak argitu dituan zuzian isiotuko dogu. Eta bizturik eukiko dogu bateo ohikune guztian zehar.

(Oharra: amaitutakoan, eleiztar bakotxa (edo gaixoak edo adinekoak behintzat) ospakizun buruak aurretik argimutiletik jaitsi dauan Pazko Zuzia dagoan lekura hurreratzen da. Bertatik isiotzen dabez kandela txikiak. Bitartean, danak batera abestu daikie batutako Alkarteko guztiak dakien kantu egokiren bat)


BATEO AGINTZARIEN BARRIZTATZEA

Anaia-arrebok: bateoaren bitartez, Kristogaz hilobiratuak izan ginan, ezaugarri bakartzat eta oinarrizkotzat maitasuna daukan bizi barri bat biziteko. Ez dogu beti lortu. Horregaitik, Jaunaren biziaz biziteko deituak izateari uko egin deutsagu. Baina, Jaunaren ikasleei jagokenez jokatu gurean, barriztau daiguzan bateoaren agintzariak. Behinola, euren bidez, uko egin geuntsen Satanasi eta horren ekintzei, eta Jaungoikoa, Eleizea dan Jesusen Alkartearen altzoan, zintzo zerbiduko genduala agindu genduan.

+ Horregaitik, uko egiten deutsazue Satanasi, hau da: Jauna ukatzea dan pekatuari; munduan pekatuaren ezaugarria dan gatxari; egia iluntzen dauan guzurrari; karitatearen aurkakoa dan gogorkeriari; maitasun testigantzarik eza dan norberekeriari?
E/. Bai, uko egiten deutsagu.

+ Uko egiten deutsazue haren ekintzei, hau da: bekaizkeriari eta gorrotoari; alperkeriari eta horkonponkeriari; bildurti izateari; tristurei eta uste ona ez izateari; zuzentasunik ezari eta kutunkeriari; materialismoari eta haragikeriari; federik, itxaropenik eta maitasunik ezari?
E/. Bai, uko egiten deutsegu.

+ Uko egiten deutsazue haren lilurapen guztiei, hau da: onenak izatea sinisteari; besteen gainetik ikusteari; norberenagaz bakarrik ondo sentitzeari; bihozbarritzeko preminarik ez dozuela sinisteari; Jainkoagana hurreratu ordez, gauza, lege eta bitartekoetan geratzeari?
E/. Bai, uko egiten deutsegu.

+ Sinisten dozue Jainkoa, Aita-Ama on eta errukitsua, zeru-lurren egilea?
E/. Bai, sinisten dogu.

+ Sinisten dozue Haren Seme bakar Jesu Kristo gure Jauna, Andre Maria Birjinarengandik jaioa, hila, hobiratua, hilen artetik biztua izan zana eta Aitaren eskuma aldean jarririk dagoana?
E/. Bai, sinisten dogu.

+ Sinisten dozue Espiritu Santua, Jesusen alkartea dan Eleizea, santuen alkartasuna, pekatuen parkamena, hilen biztuerea eta betiko bizitza?
E/. Bai, sinisten dogu.

Urez eta Espiritu Santuz barriztau ginduzan eta pekatuen parkamena emon euskun Jesu Kristo gure Jaunaren Jainko Aita-Amak, zaindu gaizala bere maitasunean eta egin gaizala bere lekuko munduan.
E/. Amen.


UREZ TXIPRIZTINTZEA

(Ospakizun buruak ur bedeinkatua hartu, aitaren egin, eta alkarte guztia txipriztintzen dau. Horretarako, ospakizun leku guztian zehar doa. Bitartean, pazko kantu bat abesten dabe danek. Ospakizun burua jesarlekura doanean eta kantua amaitzen danean, danak amatatzen dabez kandelak)


BAKEA

Anaia-arrebok: bateoaren grazia barriztau dogu. Beraren bidez heldu ginan Jaunaren seme-alaba izatera eta Jaunaren bizitzan esku-hartzera. Horregaitik, Maitasunean isiotutako maitasuna gara. Gure eguneroko ekintzen erdian gure bizitza gizon-emakumeekin alkarbanatua izango danaren ezaugarritzat, emon deiogun, ezbai barik, bakea alkarri. Urrundu daitezala gure hasarreak eta ulertu ezinak. Gainezka egin daiala parkamenak.

- Biztutako Jaunaren bakea izan bedi gu guztiokin.
- E/. Eta gure espirituarekin.
- Anaitasunez, emon deiogun bakea alkarri.

(Esku-hartzen dabenak asko ez badira, ospakizun buruak danei emongo deutse bakea, eta baita batak besteari be. Bestela, ospakizun buruak, jesarleku bakoitzeko lehenengoei emongo deutse. Bitartean, kantu egoki bat abestu daiteke)


AINTZA

(Pazko domekatan abestua izango da)

Senideok: Pazko aldian gure espiritua Jainkoari begira dago. Kristo berbiztuak, bere jarraitzaileok izan behar dogun poza agertzen deusku. Goratu daigun Jainkoa: AINTZA ZERUETAN...

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 8, 5-8. 14-17

Jaunaren Hitzak lehen kristau alkartera hurreratzen gaitu. Kristo Berbiztuaren Espirituak, ikasleak Ebanjelioaren testigutza emotera bialtzen ditu. Espiritu horren eraginez Jainko herriaren muga politikoak apurtu eta Felipe samariarrekana doa; honeek Pedro eta Joanen esku-ezartzeaz Espirituaren indar barria hartzen dabe. Entzun daigun testigantza hau.


2. irakurgaia: 1 Pedro 3, 15-18

Pedro apostoluak esango deuskunez, kristauak bere sinismenaren eta itxaropenaren errazoia emoteko prest egon behar dau beti, naiz eta horrek kurutzea onartzera eta ulertua ez izatera eroan; holan Jaunaren Nekaldian bat egiteko aukerea izango dau. Jaraitzaile izan nahi dauanarentzat bizitza-egitasmoa dogu. Guretzako be bai.


Ebanjelioa: Joan 14, 15-21

Jesusek, nekaldi aurretik beretarrakaz euki eban Azken Afari giroan ipinten gaitu ebanjelioak. Bere agurrean, lasaitzeko, Espiritua agintzen deutse, bere Espiritua. Eurekin egoteko era barri bat da. Bere maitasuna eta aginduak ere izten deutsez, ez lege lez, bizitza eta leialtasuna azkeneraino bizitzearen ezaugarri lez baino. Bere mezua onartzen dogu.

Jaungoiko herriaren otoitza

Otoitz dagiogun Jainko gure Aita-Amari, bere Espirituaren indarrez Jesukristo biztu ebanari, gizaki guztienganako maitasuna adierazten dauanari.

1.- Aita Santuaren, Gotzainen, abadeen, diakonoen eta Eleizan zerbitzuren bat daben guztien alde: alaitasunaren eta itxaropenaren testigu izan daitezala, batez be Gaixoen egun honetan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gaixo guztien alde: ezina eta neke orduetan Jainkoaren indarra euren barruan sentitu daiela, eta agertu dakiezala beti hurretik lagunduko deutsen pertsonak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gaixoak zaintzen dabezanen eta osasun-munduko profesional guztien alde: euren lana hurtasunez, begirunez, arretaz eta, batik bat, maitasunez egin dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Une honetan gerraren izuaren erdian bizi diranen alde; gaixotasuna, gosea, era guztietako bidebakokeriak sufritzen dabezanen alde: alkarrizketa, tolerantzia eta alkartasunetik, guztiak nahi daben eta eskatzen daben bakea lortzera eroan gaizan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gaixoen egun honetan, gure parrokiako alkartearen alde: euren denpora, hainbat bakardade eta tristurari bizi-poza eta itxaropena eroango deutsen egiazko bokazinodun pastoraltza-Agenteak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: Oharra: erabilgarriak, “errezak” eta Bazko denporaldi honen esanahia eta Kristau Alkartearen bidea argi eta garbi adierazoten daben “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu guztiak egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



PASTORAL KONTSEILUAREN AURKEZPENA

(Kontseilurik balego, ospakizun buruak egingo dau Kontseiluaren eta honetan dagozan taldeen ekintzen laburpena. Ez balego, parrokian edo alkartean lana egiten daben taldeen ordezkariak egin daikie euren ekintzen laburpena. Azkenean, edo ospakizun buruak edo berba egin dabenetariko batek egingo dau eskeintza, honango hau esanez:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hemen dozu Zuk, zure Espirituaren bidez alkarte honi emon deutsazuzan dohaien azalpentxoa. Desbardinak gara bata bestearengandik, arlo desbardinetan egiten dogu lan, eta hori dala-eta, izaten doguz geure eztabaidak eta ulertu ezinak. Baina, badakigu, Zuk danen onerako eta Eleizearen batasunerako emon deuskuzuzala dohai horreek, Espirituari zabaltzen bajakoz Alkarte lez. Espirituaren zeregina da, hain zuzen be, batasun hori.


aLKARTEKO OSASUN PASTORALTZAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Taldearen izenean batzuk edo hain esanguratsua dan egun honetan talde osoa aurkeztuz egin leike. Taldeko batek euren egitaraua aurkezten dau. Gero, honako edo antzerako otoitz bat egiten dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hona hemen parrokia honetako Osasun Pastoraltzako taldeak gaixoen alde egin nahi dauan lana. Gure ahalegin hau zeuri eskeintzen deutsugu. Gaixo guztiak eta eurekana hurreratzen diran pertsona guztiak, arren, bedeinkatu egizuz. Zure laguntzagaz, ekintza honeek zure Seme Jesusek behartsu eta ahulen alde egiten ebazan zeinuen antza izan dagiela.


SENDAGAI BATZUEN AURKEZPENA

(Alkartean gaixoren bat zaintzen dauanak edo osagileren batek egin daike eskeintza)

OTOITZA – AZALPENA: Sendagai (osagai) honeek eskeintzen deutsudaz gaur, Jauna. Gaixoak zaintzearen eta eurekin arduratzearen ezaugarriak dira. Badakizu, bihotzez egiten dodala eta zure maitasunaren tresna izan gura dodala. Nire lana batzuetan gogorregia izaten jatala eta, ez daidala behin be adorea galdu eta ez naitela nekatu. Emoidazu zeure sendotasun Espiritua eta emoiozu Eleizeari maitasun erraiak, eurekin zure bihotzean lehenengoak zeintzuk diran adierazoten jakin daian.


OLIO SANTUEN AURKEZPENA

(Alkarteko Buruak edo Osasun Pastoraltzako batek egin leike. Batez be egun honetan ALKARTEKO Gaixoen Oliadura egiten bada. Gaixoen Oliadura zer dan azaltzeko ere aukera ona da)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zuk ondo dakizu gaixotasuna eguneroko ogia dogula, eta oraintxuago edo gerotxuago hor gagozala guztiok. Gaixotasunean lagungarri dogun Gaixoen Oliadura sakramentuagaitik, eskerrak emoten deutsuguz, Jauna. Bildurrez edo arinkeriaz baztertu ordez, kontzientziaz, bakez, maitasunez, esker onez hartu deigula, Zu beti gure ondoan zaitugun konfiantzaz. Eskerrik asko, Jauna, beti bide-lagun zaitugulako.


GAIXO BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gaixo batek, ezindu batek edo adineko batek, bere egoerearen barri emongo dau lehenengo, eta, gero, bere minen eta nekeen eskeintza egingo dau)

OTOITZA – AZALPENA: Hemen naukazu, Jauna. Nire egoerearen eta nire minen eta gaixotasunen barri emon dot. Ez da erraza gaixorik egotea osasuntsu dagozanena dan eta gaixoa eta heriotzea porrot egitetzat daukazan gizartean. Baina, zure maitasuna ezagutzen dot eta Espiritua eta anaia-arreben maitasuna hur dodala ikusten dot. Nire min guztiak eskeintzen deutsudaz gaur eta, besteen alde ereindako hazi baten antzera, zure Seme Jesu Kristoren minekin bat egin daizuzala eskatzen deutsut.


GAIXOEI GURE JAUNA EROATEKO KUTXATXOEN AURKEZPENA

(Zerbitzu edo ministeritza horretan dabizan pertsona bik egin leikie. Kutxatxo batzuk aurkeztu eta Mahai Buruari eroan, hurrengo azalpena eginez)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Eukaristia ospatzeko Zuk zure mahai inguruan, batez be domekero, alkartzen gaituzu; hor bedeinkatutako ogia, zure Gorputza, eroaten jake gaixoei. Eskerrik asko, Jauna, dohai eta aukera eder honegaitik. Hemen alkartzen garanontzat eta bertatik parte hartzen dogun guztiontzat benetako janaria izan dakigula zure Semearen Gorputza. Gu ere, gure anai-arrebentzat, ogi bizia izan gaitezala.

Agurra

Senideok: Jainkoa maitatzea, haren nahia egitea da. Entzun dogun Jainkoaren Hitzak lagundu deiskula aste honetan zehar, bakarrik bizi diran hainbat GAIXO eta ADIN HAUNDIKO pertsonari arreta, onarpena eta hurtasuna eroan deieguzan. Ebanjelio testigutzaz betetako aste zoriontsua!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Aita Jainkoak bedeinkatu gagizala Pazko honetan eta haren errukiak gorde gagizala gaitz guztietatik. E./ Amen.

- Kristoren Berbizkundearen bidez salbatu gaituenak aberastu gagizala betiko biziaren sariagaz. E./ Amen.

- Eta bedeinkatu gagizala Jainko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

Egun honetarako gogoetea

“Maite nauenak onartuko dau nire mezua,
nire Aitak maite izango dau,
eta Aita eta biok berarengana etorriko gara”





Domeka bakotxeko Pazkoa ospatzen dogu barriro. Biztutako Jauna da dei egiten deuskuna, ESPIRITUA emoten deuskuna. Alkartean batu nahi gaitu eta bere mezua zabaltzera bidaltzen gaitu. Horretarako, bere laguntza agintzen deusku Jesusek: “Neuk eskatuko deutsot Aitari zuekin beti egon daiten beste babesle bat emon dagizuela, egiaren Espiritua”.

Honako hau da mezua: MAITE IZATEKO aukeratuak izan gara. Ez da gauzak saltzeko eslogana. Jesusengan dogun fedearen errazoia eta helburua da. Maitasuna merkealdietan saltzen eta erosten dauan eta salgai jartzen dauan munduaren erdian, maitasun aginduaren testigantza emoteko izan gara aukeratuak kristauok. Norberekeria, anaia-arreben arteko gorrotoa, hil eta dana suntsitzen daben gerrak eta hainbeste bizitza desegiten dituen gosea nagusi diran munduan... beharrezkoa da MAITASUNAREN EBANJELIOAren testigantza emotea eta bera iragartea eta ezagutaraztea.

Maisuari buruz zintzoak izan nahi badogu, maitasun hori dohanik emoten dana, danentzakoa, bihotz zabala, anaikorra, egiazkoa eta ordainik itxaroten ez dauana dala gogoratu behar dogu. Ametsa ete da? Oker ete dago Jesus asmo eta zeregin hori ipini deuskunean? Horretarako, Jesusen ekintzak egiteko gu gai egingo gaituen ESPIRITUA emoten deusku Berak.

Giro honetan ospatuko dugu GAIXOAREN EGUNA gure Kristau Alkarteetan.

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Aiatari eskatuko dautsat eta beste Poz-emoile bat emongo dautsue"

(Jn 14, 16)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue