Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Pazkoa - 7. domekea: IGOKUNDEA - 2017.eko Maiatzaren 28a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak ospakizun honetara. Jaun Berbiztuak deitu eta alkartzen gaitu batzar honetan.

Eleiza osoagaz bat eginik, IGOKUNDE jaia ospatzen dogu. Ez da agur egite hutsa; Jesus gure Jaunaren presentzia barri baten hasierea da. Jaunaren hitzak, Mateo ebanjelariaren bitartez, Jesusek bere ikasleekin daukan topaketa, bialketa eta agintzaria agertuko deuskuz. Holan hasten da Alkartearen misinoa; holan sortzen da Eleiza.

“Zoaze eta egin ikasleak...” dogu Jesus Jaunaren konbidapena; bere jarraitzaile guztioi egiten deuskun konbidapena da: Jainkoaren Erreinua ereitera eta iragartera bialduak gara. Horixe da gure EGITEKOA. Bere konbidapen hori geure barruan onartuz, Jaun Berbiztuaren inguruan egiten dogun Pazko ospakizunari hasierea emoten deutsagu.


SARRERAKO ELEIZ BIRA

(Ospatzen diharduguna azpimarratzeko, honango sarrerako eleiz bira hau proposatzen dogu. Aurretik, altaran jarriko diran kurutzea eta kandelak. Euren atzean, intsentsu ontzia; honek ospakizun tokia usain gozotuko dau, Jaunaren misteriozko presentzia adierazoz. Gero, goian eta guztiak ikusteko eran, irakurleetariko batek eroango dauan Irakurgai Liburua. Azkenean, ospakizun burua eta, balegoz behintzat, monagiloak, eta honeek ez badagoz, eskeintzak egingo dituenak).


INTSENTSUA

(Eleiz-bira amaitutakoan, eta sarrerako kantua abesten dala, ospakizun buruak Pazko Zuzia intsentsatuko dau lehenengo, eta gero Irakurgai Liburua eta altarea)


UR BEDEINKATUAZ TXIPRISTINTZEA

Senideok: Zapatu Santu gauean ur hau bedeinkatu genduan eta Pazkoan zehar geure BATEOA barriztau izan dogu. Pazko gailurrera heltzen garan Igokunde jai honetan, barriztau daigun barriro ere geure Bateoa, onartu daigun geure bihotzean Jainkoaren parkamena eta gaurkotu daiala gugan BIZI BARRIAREN dohaia.

(Ospatzaileak Pazko gauan bedeinkatutako ur apur bat hartzen dau urontzitik. Lehenengo, aitaren egiten dau berak eta gero alkartea txipristintzen dau. Bien bitartean, danak abestu daikee Alkartean ezagutzen dan kantu egokiren bat)

ORACIÓN: Jainko Aita-Ama on eta errukitsuak, Jesusengan betiko bizia eta grazia agertu deuskunak, bere seme-alaba duinak egin gaizala eta Ebanjelioaren iragarpena pozez onartzea eta bizitzea emon deiskula. E/. Amen.


AINTZA

(Bazko aldi guztian lez kantatua izan daitela. Gaur ahal bada aintzatsua)

Senideok: Jesukristo Berbiztuak Jainkoaren bizia hurreratzen deusku. Bizi horrek poztu, bizkortu, Berbiztu gaizala. Igokunde egunean Jainkoaren eskumaldean dagoan Jesus Jauna, barru-barrutik goratzen dogu: AINTZA ZERUETAN...

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 1, 1-11

Jainkoaren Hitza entzungo dogu. Apostoluen Eginak liburuak dakarrenez, Jesu Kristoren Igokundea Jesus Beraren begibistako presentziaren amaiera lez eskeintzen jaku, eta Jesus Berbiztuaren presentzia barri baten hasiera lez. Eleiz Alkartearen zeregin ebanjelizatzailearen hasiera ere bai. Sinismen testigantza hau entzuteko prestatzen gara.


2. irakurgaia: Efesokoai 1, 17-23

Paulo apostoluak Kristogan dagoan misterioa eta aberastasun guztia hausnartzera bultzatzen ditu Efesoko alkartekoak. Jainkoaren benetako ahalmena ere hor agertzen da betiko bizirako biztuaz. Orain, Kristo, gauza guztien gainetik dago. Apostoluaren ondorena hori da. Entzun daigun.


Ebanjelioa: Mateo 28, 16-20

Mateo ebanjelariak, Jesusek bere apostoluei zuzendutako berba ederrakaz amaitzen dau bere ebanjelioa: Berbiztuaren presentzia barriagaz animaturik, Barri Ona iragartera eta bere izenean bateatzera bialduak dira. Hauxe da egitekoa, bere izenean batzen dan alkartearena eta bere MISINOAN bat egin nahi dabenena. Berba honeek guretzat ere esanak dira. Onartu daiguzan.

Jaungoiko herriaren otoitza

Espiritu Santuaren indarrak bizkortuta, jaso deioguzan gure eskariak eta beharrizanak Jainko gure Aita-Amari, bere Seme eta gure anaia Jesukristoren bidez.

1.- Eleiza osoaren alde: Jaunaren Espirituak batasunean batu daian, etengabe babestu daian eta bere graziarekin lagundu deion, munduarentzat parkamenaren eta errukiaren Sakramentu izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gizartean eta munduan aginpideren bat dabenen alde: gizaki guztien preminentzat, batik bat baztertuenen preminentzat sentikorrak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Premina ekonomikoengaitik, bertan behera itziak diralako eta bakardadeagaitik, gosea edo bakerik ezagaitik itxaropen barik bizi diranen alde: heriotza menderatu dauan Jauna laguntza eta itxaropen lez eurengandik hur sentitu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Jesusen jarraitzaileak ez gaitezala gelditu lurreko ondasunei begira. Danontzat anaitasuna, ongizatea eta zuzentasuna bideratu daitezan: bilatu daiguzala gogotsu Erreinuaren ondasunak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: gure amets eta ilusinoak barriztau daiguzan eta, gure begiak Jaunarengan ipinten jakinik, jendeak zerbitzeko eta laguntzeko, mundua eta gizartea eraldatzeko gure konpromiso zehatzak onartzeko gauza izan gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errezak” eta Bazko denporaldi honen esanahia eta Kristau Alkartearen bidea argi eta garbi adierazoten daben “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

MESEDEZ: inork ez daiala pentsatu guztiak egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko dit.



BIBLIAREN, GAZTE TALDEAREN ETA ADINEKOAREN AURKEZPENA

(Eskeintza honen bidez, zeruetara igon eta gero, Jesus, bere berban, alkartean eta karitatean, gure artean dagoala, autortzen da. Aurkezpen orokorra egiten dau beste batek, eta gero, banan banan, hiru eskeintzak aurkezten dabez)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure Semearen zeruetara igon zaneko jaia ospatzeko baturik dagoan alkarte honen izenean, hauxe eskeini gura deutsut: Zu gure artean egotearen ezaugarri ugarietan eta ezbardinetan autortzeko hur eta sentikor egotea. Ez dakiguzala itxi, Jauna, fedearen eta gure bihotzaren begiak, guk Bera gure artean dagoala ikusten jarraitu daigun eta bere graziak gu adoretzen jarraitu daiann.

1. Biblia
Jauna, nik, gaur, Biblia hau dakartsut. Zure berbea bera da. Gure bizitzen eta bere etenbako entzule gareanon ardatza izatea gura dogu. Konpromiso hori hartzen eta eskeintza hori egiten deutsugula azaldu gura deutsugu. Holan, zure Semeari entzunez, Zuri loturik jarraituko dogu.

2. Gazte talde bat
Begiratu, Jauna, ikusten dozu: Alkarte honetako gazte talde bat gara. Danen izenean gatoz. Alkartean zure Semearen presentzia dagoala onartzen dogula agirian adierazoteko etorri gara danen izenean. Alkartearen erabagiak zure Semearenak dirala onartzera konprometitzea gura dogu.

3. Adinekoa
Hemen nozu, Jauna, gure alkartean nagusi dan maitasunaren eta behartsuen zerbitzuan jarteko eta alkarteak eurak zaintzeko dauan konpromisoaren ezaugarri lez. Ondo dakizu zuk zein ahalmen gitxi dogun eta zein gitxi balio dogun, oraingo kultura honetan, zaharrok. Horregaitik, Jauna, besteen beharrizanei buruz sentikorrak egin gaizuz.


LUR GLOBOAREN AURKEZPENA

(Alkarteko katekista batek egin daike eskeintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure misiolari eta ebanjelizatzaile konpromisoa adierazo gura dot lur globo honegaz, alkarte guztiaren izenean. Gainera, badakigu Zeuk emongo deuskuzula hori ausardiaz eta gogotsu egiteko indarra.


LIBURU EDO KATEKESI METODO BATEN AURKEZPENA

(Ikasleak misinora bialtzea irudikatu gura dogu alkarteko katekesi liburu hau eskeintzeko keinu honegaz. Bidezkoa danez, katekista batek egin behar dau aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna: zure ikasleak misinora bialtzen dozuzanen antzera, alkarteko gure katekesiaren testu hau dakartsut. Umeek (gazteek edo helduek) zure Seme Jesu Kristo aurkitzearen esperientzia izan daien erabilten dogun metodoa da. Baina, holan, alkartearen eta katekista bakoitzaren ebanjelizatzeko konpromisoa adierazo gura dogu. Izan be, Jesusi buruz dogun jakituria bakarrik emotea ez ezik, baita dogun fedearen gure bizikizuna (esperientzia) emoten be ahalegintzen gara.


ORIO ONTZIAREN AURKEZPENA

(Hauxe da Parrokiako Caritas taldean diharduan kide batek edo besteen beharrizanei erantzuten diharduanen batek aurkeztutako orio ontzi honegaz azaldu gura doguna: maitasunaren bitartez mundua eraldatzeko dogun erantzukizuna)

OTOITZA – AZALPENA: Nik orioz betetako ontzi hau dakartsut. Gizon-emakumeen norberekeriak bihurritutako eta kaltetutako mundu honen zauriak osatzeko konpromisoaren irudia dogu. Hauxe gura dogu, Jauna: beharrizanik dagoan lekuan egon gaitezala zure ikasleak, mundu honi eta gizon-emakumeei, gaur zure Seme maiteari emon deutsazun aintzaren isladea izaten, lagundu deiegun.


IGELTSEROTZAKO TRESNA BATEN AURKEZPENA

(Ez da burrukan egin behar bakoitzaren egoerea aldatzen bakarrik. Holan balitz, horkonpokeria larrian jausiko gintzatekez. Horregaitik, gizarte edo sindikal borrokan konprometiduta dagoan batek igeltserotzako tresna hori aurkeztean, mundu honetako eta gizarte honetako egiturak eta erakundeak aldatzeko konpromisoa azaldu gura dogu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, igeltserotzako lan tresna hau dakartsut nik gaur. Mundu honetako egiturak aldatzeko gure konpromisoa adierazoten dau. Gure pekatuek eta giza bihotzen norberekeriak egindako kaltearen menpean dagoz egitura horreek. Eraso egiten ez badeutsegu, danak jarraituko dau bardin, eta lur honetako handikiek eta ahalmentsuek txikienen lepotik jaten jarraituko dabe. Ez deutsugu bakoitzaren konpromisoa bakarrik azaldu gura; baita alkartearena eta Eleizearena be. Ez da eginkizun erreza. Horregaitik, emoiguzu zeure indarra.

Agurra

Senideok: Jaunaren Igokundea ospatu barriak gara. Entzuna dogu Barri Ona iragarteko esaten deuskun Jaunaren agindua. Guztiok gara Jesusen ordezkariak. Jainkoaren Erreinua herri guztietan eta giro guztietan egi bihurtzera bialduak gara. Bere ikasle izate hutsagaitik, mundu desbardinean gizaki guztientzat Barri Onaren zabaltzaileak eta Barri On horren legamina gara; maite gintuelako hautatu gaitu eta maite gaituelako bialtzen. Zorioneko iragarpena!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Aita Jainkoak bedeinkatu gagizala Pazko honetan eta haren errukiak gorde gagizala gaitz guztietatik. E./ Amen.

- Kristoren Berbizkundearen bidez salbatu gaituenak aberastu gagizala betiko biziaren sariagaz. E./ Amen.

- Jaunaren Pazkoa pozez ospatzean, betiko Pazkoaren itxaropenez alaitu gaitezala. E./ Amen.

- Eta bedeinkatu gagizala Jainko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

Egun honetarako gogoetea

“Zuekin nago Ni egunero,
munduaren azkenera heldu arte”




Pazkoaren tontorrera heltzen goaz; badoaz egunak, domekak eta jaiak. Gaur, Jesus Jaunaren IGOKUNDEA dala-eta, ia helmuga ikutzen dogu: Jesusen bizitzaren gailurra dogu une hau. Jesus da hil zana; Jesus da biztu zana; Jesus da Aitaren ondora igoten dauana eta… horrela, ALDI BARRIA hasten dau: MISINOA da. Izan ere, “bere izenean iragarriko jake bihotz barritzea eta parkamena herri guztiei”. Beraz, Jesusen ekintzaren gailurra dogu IGOKUNDE jai hau.

Baina, horrekin batera, BESTEEN TXANDA hasten da: Jesusekin bizi izan dira; mezuaren, bere Barri Onaren atsegina nabaritu dabe; orain, mundua EBANJELIZATZERA bialduak izan dira: horreek bizi izan daben salbamen esperientzia besteei zabaldu behar deutse: “Nire lekuko izango zaree munduaren azkenera heldu arte”.

Eginkizun honetarako, ESPIRITUAren indarra behar dabe. Horregaitik, pazko bidea betetzeko, datorren domekan, Jesusen ESPIRITUAren jaia ospatuko dogu; MENDEKOSTE, hain zuzen ere.

Beraz, oso sakona dogu gaurko jai hau: Jesus, Jauna da behin betiko; gu Harek BIALDUAK eta Haren LEKUKOAK gara: BESTEEN (gure) TXANDAren jaia dogu.

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Arein begien aurrean gorantz igoten asi zan"

(Eg 1, 9)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue