Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Pazkoa - 8. domekea: PENTEKOSTE - 2017.eko Ekainaren 04a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak, anaia-arrebok, ospakizun honetara.

Fededunontzat jai handia gaurkoa: PENTEKOSTE jaia, Espirituaren etorrerea. Horregaitik alkartzen gaitu Jaunak, bere Espiritua nabaritu daigun. Isilik eta misteriotsu jokatzen dau, baina Berak indartzen gaitu burrukarako, gure bihotzetan itxaropena eta alkar onartzeko maitasuna ereinda.

Espiritu Santua hartzea eta Harengan sinistea, kristau alkartean parte eraginkorra gareala konturatzea da, alkarte horren barruan Espiritua iragartera eta presente egitera konprometitzea. Espiritu Santuak barrurantz batzen gaitu, fedearen eta maitasunaren testigantza emotera kanporantz bialtzeko. Itzi deiogun gugan eta gure alkartean lan egiten. Espirituari ez deiogun oztoporik jarri gure bihotzak barritu daizan.

Gaurko ospakizunari hasiera emoten dautsagu.


HANDIKIRO EGINDAKO SARRERA-IBILALDIA

(Beste ospakizun handietan lez, gaur be handikiro egindako sarrerea aurkezten dogu. Ospakizunean berenberegi esku hartuko daben guztiak lagunduko deutsie ospakizun buruari. Bitartean, kantu egoki bat abestuko dau alkarteak. Eleiz birea amaitutakoan, ospakizun buruak altarea lurrinduko dau, eta aldi honetan azkenengoz, Pazko Zuzia).

Pregoia

(Beharrezkoa dau deiak “tonu” egokia izatea, ia abestutakoa edo, gitxienez be, ozenki iragarritakoa. Zer esanik be ez, laburtua izan daitekeala hemen eskeintzen diran zati batzuk hartuz)

Jesus Biztuaren Espiritua, geure txirotasunetik dinotsugu: etorri zaitez;
geure makaltasunetik dinotsugu: etorri zaitez;
geure fedetik dinotsugu: etorri zaitez;
geure guraritik dinotsugu: etorri zaitez.
Maitasunez dinotsugu: etorri zaitez.

Aita-Ama, bialdu zeure Espiritua:
aldien hasieran nahas-mahasen gainetik ebilen Espiritua:
kreazinoaren sorreratik dana biziz beteten dauan
eta unibertsoa indarrez beteten dauan Espiritua;
basamortutik zehar zure herria agindutako lurrera bideratzen ebana;
profeten bidez berba egin ebana eta gaur be egiten dauana,
eta haizeak eroaten dituan berbak baino berba ozenagoa daukana;
bihotz gogorrak aldatzeko gauza dana;
isiltasunaren eta ahazmenaren haranean sakabanatuta dagozan hazurrei
bizia emon ahal deutsena;
zeure Semearen Espiritua.

Jauna, bialdu zeure Espiritua
eta edegi eiezuz gure bihotzak gizon-emakumeen sufrimentuari
eta kurutze, heriotza, odol, garrazi, bihurtutako zotinari eta minari.
Atara eizu gure begietatik harrokeriaren gure estalkia
eta ikusi daigula bizitza hau guztiau dala, dana batean:
dohaia, norbera emotea, oparia, entzutea, errukia, gorespena,
zerbitzua, burrukea eta otoitza.
Zure Espiritua, Jauna, isuri daitela gure gainera
eta Berak bideratu, igurtzi eta zureak egin gaizala.

Emon eiguzu gauza ez danaren, txiroaren, apalaren zentzuna;
gitxiaren, ezerezaren, makaltasunaren zentzuna;
zorionaren, pozaren eta jaiaren zentzuna.
Emoiguzu anaia-arrebei laguntzeko gauza dan bihotz apala.
Emoiguzu zure errukia sumatu daian
eta gure norberekeriaren hesia apurtu daian bihotza.

Isuri eizu gure eskuetara zeure Espiritua,
bialdu eizu sua gure bihotzetara.
Bota zure arnasea sinisten dabenengan, ezbaian dagozanengan,
maite dabenengan, bakarrik dagozanengan,
zuzentasunaren alde jokatzen dabenengan,
bakearen alde burrukatzen dabenengan,
etorkizuna eraikitzen dabenengan.

Barri Ona iragarteko,
munduan maitasunaren lekuko izateko,
alkartea eraikitzeko eta ondasunak alkar banatzeko,
mahaia danei edegiteko eta anaia-arrebei atea zabaltzeko, ordua da.

Espirituaren eguna da,
alkartearen eta egiaren ordua,
askatasunaren helduerea,
Espirituz eta Egiaz gurtzen dabenen lekua,
barriro jaio gura dabenen aldia.

Danerako ahalmena emoten dauan Espirituaren aldia da.
Orain, Erreinua ibilian jarri da, eta Jauna dogu gure indarra.
Orain, fededunok esan daikegu:
“Bakea eta poza iragartera bialdu nau”.
Hemen eta orain, zure lekuko izan gura dogu, Jauna.


Oharra: Musika eta diapositiba batzuekin osatutako pentekosteko pregoi hau PowerPointean prestau dogu (Pentekoste Deia 1). Erabili nahi izanez gero >>>sakatu HEMEN<<<.

Irakurgaientzako oharrak

AINTZA

(Bazkoa osoan lez abestua izan daitela. Alkarteak ezagutzen dauan aintzatsuena)

Senideok: hasierako ibilaldia egin eta Pentekoste DEIA entzun ondoren, goratu eta eskerrak emon deioguzan Jainko Aita-Amari eta Jesus bere Seme maite eta aintzatuari gure bizitzetan eta bihotzetan ixuri dabezan dohai guztiekaitik. Poz hori agertuz abestu dagigun: AINTZA ZERUETAN...



HITZAREN LITURGIA

1. irakurgaia: Eginak 2, 1-11

Apostolu eta lehen kristau alkartearen gainera, Espirituaren etorrerea kontatuko deusku lehen irakurgai honek. Gauza bi azpimarratzen ditu: ikasleengan gertatzen dan eraldaketa, eta Espirituaren eragina mogimentu barria sortzeko. Eleizaren sorrerea ez dago ba gizakien eskuetan, gizakiak eraldatzen dituan Jesusen Espirituan baino. Entzun daigun.

2. irakurgaia: 1 Korintokoai 12, 3b-7. 12-13

Apostoluak bere bizipena eta gogoeta eskeiniz, Eleizaren dohai guztien sortzaile lez aurkezten deusku Espiritua, baita batasunaren eraikitzaile lez ere. Dohaiak, guztien onerako zerbitzuan dagozala gogoratzen deusku Paulo apostoluak. Korintoko alkarte haretan lez, Espirituak gaur ere karisma barriak eragiten ditu Eleizan. Onartu dagigun gogoeta hau.

Ebanjelioa: Joan 20, 19-23

Ebanjelioen kontaketaren arabera, Jesusek bere lagunei Espirituaren promesa egin eutsen. Berbiztu ondoren, Jesus, ikasleak batuta egozan lekura joan, euren erdian ipini, bere Espiritua eta bakea emon, eta beratarrak, Aitak Berari agindutako eginkizunera bialtzen ditu: Erreinuaren egitasmoa iragarri eta bete; gizaki guztien arteko anaitasun eta zuzentasun egitasmoa. “Ikasle maitea” zan ebanjelariaren testigutza da. Onartzen dogu.

Jaungoiko herriaren otoitza

Espiritu Santuaren indarrak bizkortuta, jaso deioguzan gure eskariak eta beharrizanak Jainko gure Aita-Amari, bere Seme eta gure anaia Jesukristoren bidez.

1.- Mundu osoan zabaldurik dagoan Eleizearen alde: hartu dagizala -betetasunez- Espiritu Santuak bakoitzari emoten deutsozan dohaiak, gizaki guztien zerbitzu barritzaile eta salbatzailearen alde ekin dagion. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Aita Santu, gotzain, abade eta Jainkoaren herri osoaren alde: Espiritu Santuaren dohaiak hartu dagiezala, egiazko zerbitzariak izan daitezala eta beti pertsonak alkartzen dabezan adiskidetasunaren, zerbitzuaren, parkamenaren, tolerantziaren alde jokatu dagiela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Munduan zehar Bakea lortzen diharduen guztien alde: Espiritu Santuak bizkortu eta indartu dagizala, eta adorea ez dagiela galdu. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Espiritu Santuaren indarrez, gaixoak, adinduak, etorkinak, bidaztiak, gizarteak baztertzen dituenak onartzen jakin dagigula. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Parrokiako kristau alkartea beti eta alde guztietan Aitaren maitasunaren eta Jesusen Barri Onaren egiazko testigua izan daitela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ZAZPI ARGIONTZIREN AURKEZPENA

(Alkarteko zazpi umek, Espirituaren zazpi dohaien ezaugarri lez, zazpi argiontzi txiki eroango dabez eleizbiran, aurretik doazala. Altara gainean jarriko dabez. Eskaintza egiteko betebeharra daukon beste ume batek dohai bakoitza izendatuko dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hemen gaukazuz gaur, Espiritu Santuaren zazpi dohaiak adierazoten dabezan zazpi argiontzi honeekin. Zeuri eskeini gura deutsuguz: jakituriaren dohaia, adimenaren dohaia, zientziaren dohaia, aholkuaren dohaia, jainkozaletasunaren dohaia, adorearen dohaia eta zureganako begirunearen dohaia. Zeuk emoten deuskuzuz, gitxi asko, beti zure Eleizearen eta alkartearen onerako. Horregaitik, gure eskeintza zure gogoko izango danaren uste osoa dogu, nahiz eta barriro bere eskatu egin beharko dogun danen zerbitzuan jarri ahal izateko, gure prestasunagaz batera.


USO BATEN AURKEZPENA

(Gazte bik egiten dabe eskeintza. Batak usoa daroala, biak zuzentzen dira Batzarburuarengana. Bat honen ondoan dagoala, usoa daroana eleizako edo ospakizun tokiko atera doa eta hegaz egiteko aske izten dau. Bereala, besteak hauxe dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure Espiritua askatasun hutsa dala adierazoteko, askatu dogu uso hau. Espiritua gura dauan tokian eta aldian aurkezten da, bere eskuzabaltasunari jagokonez emoten ditu bere dohaiak, eta ez da lotzen, behin betiko, ezegaz eta inogaz bere. Gu bere gazteak gareanez, askatasun horren agiria gara. Horregaitik, Jauna, gaur, gure gaztetasuna lotzen dogu eskeintza honegaz. Ez gagiezala gure askatasunean zauritu, zure Eleizea eta gure alkartea zerbitzeko erarik onena dalako. Baina, emon egiguzu erantzunkizuna, gure kritikak eta gure emoitzak zintzoak izan daitezan eta besteen zerbitzurako izan daitezan benetan.


ONTZI BATEN BARRUKO LEGAMINAREN AURKEZPENA

(Alkarteko ekintzaile batek egin behar dau eskeintza)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik legaminez beteriko ontzi hau dakartsut. Ore moltso handia aldatzeko gauza da legamina. Ekintzaile lez egiten deutsut eskeintza hau, eta zure Seme Jesukristoren aldeko nire testigantza ezelan bere errazten ez deustan mundu arerio baten erdian dodazan burruken irudi lez. Ekintzaile izatearen eragozpenek ez dagiela bultzatu atzeruntz egitera sinesmendun bat bere. Hori eskatzen deutsut. Eta gehitu egizuz zeure ekintzaileak, Eleizeak beharrezkoak ditu eta, berau hesi itxia izan ez daiten.


ERLIJIOSO BATEN AURKEZPENA

(Balego, jakina. Alkarte barruan ez balego, pastoral zereginen bat, katekesiarena, liturgiarena edo karidadearena, betetzen dauan edozeinek egin daike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zeure Espirituak ziurtatzen dau alkartearen barruan dohai eta karisma asko izatea. Neurri barik eta eskuzabaltasunez banatzen ditu, zure Eleizearen aberastasunerako. Hemen nozu, Jauna, zure alkartearen zerbitzurako emon deustazun graziaren testigantza emoten. Ondo dakizu ez dala erraza gure arteko alkarbizitzea eta noizean behin egonezinak eta gatazkak izaten doguzala. Gaur konpromiso hau eskeini gura deutsut danen izenean: batasunean, ez bardintasunean, bizi izateko gogoa. Ez egizu itzi zeure dohaiak hartu doguzanok, bakoitzak berarentzat gorde dagiazan. Ikusi dagiguzala alkartearen onerako diran bakoitzaren aparteko ezaugarri lez.


FRUTUZ BETERIKO OTZARA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko emakume batek egin daike eskaintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Frutuz beteriko otzara hau dakartsut, Jauna. Pazkuetatik berrogeita hamar egunera ospatzen zan judutarren jaiaren grekozko izena zan Pentekoste. Uztaren lehenengo frutuak Jaungoikoari eskeintzeagaz lotuta egoan. Zuk, zeure errukia eta handitasuna dirala eta eskuzabalez emoten deuskuzuzan frutu honeek eskeintzen deutsudaz. Baina gaur, zure Semearen Pazkoaren frutu betea dan zure Espirituaren dohaiaren ezaugarri lez dakartsuguz. Jauna, izan gaitezala gauza honeen besteko frutu ugariak emoteko.

Agurra

Anai-arrebok: Pazkoa burutzen dauan jaia ospatu dogu. Hain berezia eta esangurez betea dan aldia osotzen dau gaur Kristau Alkarteak: Biztu dan eta anaien artean dagoan Jesus Jauna gure artean egotearen gozamena izan dogu. Orain, Berak, bizi izan dogunaren lekuko (testigu) izatera bialtzen gaitu. Ez gaitu bakarrik izten: bere Espiritua emoten deusku bidelagunik onena lez. Kristau testigantzaz bizi izandako aste zoriontsua!



AZKEN BEDEINKAPENA

- Gure bihotzetan gordetzeko barik, iragarteko eta alkartea eraikitzeko hartu dogun Jesusen Espirituak, bizkortu eta bultzatu gagizala mundu hobea eraikitzen. E./ Amen.

- Jesusen Espirituak lagundu deigula, bete gagizala alaitasunez eta pozez eta sendotu gagizala bere presentzia biziemoilez eta maitasunez. E./ Amen.

- Gure Jainko Onaren, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren bedeinkapena ixuri daitela gugana eta maitasunez bete gagizala. E./ Amen.

Egun honetarako gogoetea

“Aitak bialdu nauanez, bialtzen zaituet nik bere.
Hartu egizue Espiritu Santua”




Bere osotasunera heltzen da gaur PAZKOA. Jesusek bere berbea beteten dau: “Defendatzailea, Espiritu Santua, bialduko deutsuet”, eta gizon hareek barrutik barriztauta geratu ziran, tankera barri bat hartu eben, zehatz ausartak bihurtu ziran.

Hauxe da PENTEKOSTE. Espirituaren JAIA. Danok geratzen gara “zoratuta”, “ikututa” lez, eta orduan… DANA EGITEKO GAUZA GARA: bildurrak uxatu egiten dira, koldarkeriak haizeak eroaten ditu, bihotzak bete betean lan egiten dau, “arrapatzen dauana” APOSTOLU eta LEKUKO (TESTIGU) bihurturik. Hauxe da Jesusen Espiritua.

Behar beharrezkoa da ESPIRITUARENTZAT EREGITA egotea, Jesusen lekuko eta jarraitzaile izateko; Beragaz bakarrik “emon daike aurpegia” eta aldatu daiteke, GIZON eta EMAKUME BARRI izan ahal izateko.

Pentekoste da. Gura badozu… DANA AHAL DOZU!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Aitak bialdu nenduanez bialtzen zaituet neuk be... Artu egizue Espiritu Santua"

(Jn 20, 21-22)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue