Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 1 - 7. domekea - 2017.eko Otsailaren 19a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: ondo etorriak anaitasunaren Mahai honetara. Jesusek bere inguruan alkartu gaitu bere Hitza entzuteko eta bere Mahaitik parte hartzeko.

Bidean goaz eta gustuko dogu Jesusek Mendiko Hitzaldiaren inguruan eskeintzen deuskun ERREINUAREN EGITASMOA nondik nora doan jarraitzea eta onartzea. Bera dogu Maisua. Gaur ere horretan jarraituko dau, bere irakatsiak eskeiniaz.

Zein da gaurko barritasuna? Gauza ederra baina zorrotza: “Izan zaiteze on-onak, zeruetako zuen Aita on-ona dan lez”. Hemen datza bere sustraiko eskabidea: besteak zu onartzea gura dozun eran onartu egizuz besteak. Hori da guztia.

Jesusen Espirituak bere antzeko egin gaizan gogoagaz, ospakizunari hasierea emoten deutsagu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Lebitarrena 19, 1-2. 17-18

Jainkoaren santutasunari begiratuz, santu izatera konbidatzen gaitu Lebitarren idazle sakratuak. Santutasun hori lagun hurkoari begira bizi behar dogu. Gorrotoak eta hasarreak heriotza dakarre; maitasunak bizia sortzen dau, eta Jainkoa maitasuna da. Entzun daigun gogoeta hau.


2. irakurgaia: 1 Korintokoei 3, 16-23

Paulo apostoluak Korintoarrei egindako idazkiaren zati bat entzungo dogu. “Jainkoaren etxe” garala esango deusku apostoluak. Batasuna apurtuz besteen gainetik ipini gura dauanak, Jesukristogan agertzen jakun Jainkoaren santutasun proiektoaren aurka doa. Entzun daigun bere irakatsia.


Ebanjelioa: Mateo 5, 38-48

Mendiko hitzaldiko testu inguruan jarraitzen dogu eta Jesusen eskabideak zehatzak dira, arerioak ere maitatzeko eskatuz. Izan ere, zoriontasunak ez dira Jainkoagana bakarrik zabaltzeko, baita anai-arrebak erruki haundiz tratatzeko ere. Jesusen arabera, txarrari on eginez erantzutea, zoriontsu izateko eta betetasuna lortzeko bidea da. Bere mezua entzuteko eta onartzeko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Arerioen eta bera baztertzen eben alde otoitz egiten eban Jesusen eredua jarraituz, inguruan ikusten doguzan beharrizanak gogoan doguzala Jainko Aita-Amari zuzentzen deutsaguz eskari honeek.

1.- Kristau alkartea izatera deitua dan Jesusen Eleizaren alde: maitasuna BETI nagusi izan daiten eta onartzen ez dabenen alde ere otoitz egin daian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintarien alde: guda eta gogorkeria baztertuz, hartzen dabezan erabakiak adiskidetzera eta bakera eroan gaizan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gudan aurkitzen diran munduko herri guztien alde: alkarrizketan eta alkar errespetuan oinarriturik, egoera hori gainditzeko bideak aurkitu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Droga, delinkuentzia edo kalterako diran bideetatik zoriontasun bila dabizanen alde: euren inguruan onartu eta entzungo deutseen pertsonen laguntzagaz zorion bide barriak aurkitu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen alkartu garanon alde eta parroki osoaren alde: hasarreak ahaztu, anai-arrebak onartu, eta Jesusek iragarten dauan Jainkoaren Erreinuan lankide izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BAKEAREN EZAUGARRIA AURKEZTEA

(Jainkoaren parkamena onartuz alkarri parkatzen deutsegun ezaugarri lez gaur une honetan emon geinkio bakea alkarri. Azalpen otoitza meza emoileak egingo dau)

OTOITZA – AZALPENA: Maite diran eta parkatzen diranen aurrean pozten zaran Jainko Aita-Ama ona eta errukiorra. Guztiei parkamena eskeiniz eta parkamen ezaugarri izan nahiez gagoz zure aurrean. Zuk eskeintzen deuskuzun parkamenaren ezaugarri lez onartu egizu alkarri emongo deutsagun BAKE zeinu hau.

- Bihotzez emon deiogun alkarri bakea eta parkamena.


JOSTAILU BELIKO BAT AURKEZTEA

(Ume batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik umeok hain gustuko dogun jostailu hau dakartsut. Hemen aurkeztuz, uko egin gura deutsat bizitzaren, gerrearen eta indartsuenen ikuspegitik hartze horri. Lagundu eiguzu umeoi, gazteei eta nagusiei bakearen garrantzia geureganatzen; bihotz baketsu batetik bakarrik erein eta bizi geinkela bakea besteekin eta gizartean ulertu daigula. Eta hauxe da benetako zoriontasunerako bidea.


PUZZLE BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpena alkarteko gaztetxo batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur puzzle hau dakartsugu. Irudi bat egiteko zati asko behar dituen umeen joko bat dala badakizu. Beste andra-gizonekin batera gure denpora eskeini nahi dogunaren ezaugarri lez eskeintzen deutsut. Arazoren bat edo pertsonaren bat beharrizanean dagoan lekuan, han egon gaitezala geure denpora eskeiniz eta ahal dogun neurrian lagunduz, guztion artean Jainkoaren Erreinua eraikitzen joateko.


INAUSTEKO ARTAZIAK AURKEZTEA

(Alkarteko pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, inausteko artazi honeek dakartsudaz. Danok dakigu zertarako diran eta sobra dagozan adarrak ebagi ezkero fruitu ugariagoa datorrela. Zure Seme Jesu Kristogaz bat eginda gagozanok be, inauste aroan gagoz; berbizteko hil beharra daukagu. Inauste aroak lagundu deiskula Jesu Kristogaz bat eginda biziten, bere antzeko izaten.


OGIA ETA PITXER BETE ARDOAREN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona biren artean egiten dabe)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure Semeak emon eban gorputzaren eta isuri eban odolaren ezaugarri lez dakartsuguz ogi eta ardao honeek. Azken afarian batera eskeini ebazan, bere Gizakundea heriotzan amaituko zala adierazoz. Gure eskeintza honetan, Jesusen antzera munduan zehar euren bizitza baztertuen alde emoten jarraitzen dabenekin bat egiten dogu.

Agurra

Senideok: ospakizunaren amaieran gagoz; Maisuak irakatsi gogorrak eskeini deuskuz gaur: norbera tratatua izatea nahi dogun lez besteak tratatu, holan... “On-onak izan zaiteze, zeruetako zuen Aita on-ona dan lez”. Hauxe da Jesus gure Maisuak markatzen deuskun egitekoa. Gure indarrak horretan erabili daiguzala! Hartu daigun Jainko Aita-Amaren bedeinkazinoa.

Egun honetarako gogoetea

“Kristoren berbea beteten dauanagan,
Jainkoaren maitasun betea dago”




Mendiko Hitzaldiaren testu inguruan jarraitzen dogu (katekesi ederra Mateo ebanjelariak eskeintzen deuskuna). Jesusek bere Maisugintzan dihardu eta biziaren GILTZAK eskeintzen deutsez bere jarraitzaileei; Erreinuaren proiektu barrian pozez eta osotasunez parte hartzeko, biziaren giltzak.

Berak planteatzen eta proposatzen dauana UTOPIA dirudi, zerbait haundia eta ez erreza hori lortzea. Jesusentzat, bere jarraitzaileen izatea eta egitea ez da zuzentasunean amaitzen; zerbait gehiago eskatzen dau: lana egiteko eta zaindu beharreko BIZITZAREN GILTZAK lez, anai arteko karitatea, esku zabaltasuna eta eskeintzea nahi ditu... zeruko Aitaren “antzekoak” izatea. “On-onak izan zaiteze, zeruetako zuen Aita on-ona dan lez”.

Beste era batera esanda: geure buruagaz irekiak, esku-zabalak eta ulerkorrak garan antzera, besteekaz ere jarrera bardina izan deigula. Hementxe sustraitzen da ebanjelioaren “jakituria”. Horregaitik, Jesusen jarraitzaileentzat, Ebanjelioa maitasunaren eta karitatearen Gorenengo Gutuna da. Jesusen arabera, gure bokazinoa ez da epaile izatea ezta borreroa ere. Alderantziz baino: alkarrekin aurkitzeko DEIA dogu, anai-arreba lez bizitzeko BOKAZINOA, gauza guztien gainetik, zeruko Aitari jarraituz, guztiekin on-onak izan gura daben anai-arrebak. Kristau bokazinoaren “sekretua” hementxe dago. Aurkitzen ez dogun bitartean... ez dogu aurkitu Jesusek (eta Jainko Aita-Amak berarekin) guretzat amesten dauan ALTXORRA.

Arriskuak beti eskura izango doguz; norberen interesen arabera jokatzea; “norberen onerako ez bada” ezerezean gelditzea... Jesusen proposamenak oztopo guztiak gainditzen ditu: “Izan zaiteze errukiorrak zuen zeruko Aita errukiorra dan lez”. Horixe da helburua. Ausartak izan behar! Baina konbidapena, proiektoa gogoan dogula, gitxienez BIDEAN ipintea da. Ados?

Zoriontsuak Jesusegaz fiatu eta bere proposamena onartzen dabenak, gizadiaren bedeinkapen izango dira-ta!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Izan zaiteze on-onak, zeruetako zuen Aita dan lez”

(Mt 5, 48)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue