Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 1 - 8. domekea - 2017.eko Otsailaren 26a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: ondo etorriak guztiok. Jesus Jaunak alkartzen gaitu otoitzean eta giro honetan Jainkoaren proiektuaren barritasuna dan ERREINUA azaldu gura deusku. Hitza, eukaristiako Ogia eta Jesusen inguruan anai-arrebak alkarturik, anaitasun batzar honen ezaugarriak doguz.

Jesusen Mendiko Hitzaldiarekin jarraitzen dogu; Aitak bere FAMILIA BARRIARENTZAT eratu dauan PROIEKTUAREN barri emoten jarraitzen dau Jesusek. Merezi dauan gauza da eta guk egi bihurtzen joatea nahi dau.

Gaurko mezua ederra eta esanguratsua da: ama batek bere erraietako seme-alaba ahaztu ezin dauan lez, Jainkoak ere ezin gaitu ahaztu. Horregaitik, ebanjelioko proposamena argia da: “Ez zaiteze larritu biharko egunagaz...”.

Guzti honek ospatzea merezi dau eta horretarako alkartu gara Jesusen mahai inguruan.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 49, 14-15

Isaias profetaren testu laburra eta sakona entzungo dogu. Javeren Zerbitzariaren olerkiaren amaieran aurkitzen da. Herria oker ibili arren, Jainkoak zenbateraino maite dauan agertzen deusku. Ama batek inoiz ezin ditu ahaztu bere seme-alabak. Jainkoak ere ez bereak. Pozez beterik entzuten dogu.


2. irakurgaia: 1 Korintokoei 4, 1-5

Korintoko alkartean banaketak eta eleiz alderdi ezbardinak egozan. Pauloren arabera, arduradunak Kristoren zerbitzari eta Jainkoaren misterioen erabiltzaile izan behar dabe, eta zintzoak, hartu daben eginkizun horretan. Bera lasai sentitzen da egin dauan lanagaz. Leialak izatera deitzen gaitu, epaia Jainkoaren eskuetan itziaz. Bere gogoeta entzuten dogu.


Ebanjelioa: Mateo 6, 24-34

Mendiko Hitzaldian jarraitzen dogu eta Jesusek bere Maisutza agertzen deusku. Bizitzako gauza arruntakaz ez larritzera konbidatzen gaitu Jesusek. Beretzat garrantzitsuena Jainkoaren Erreinua eta bere zuzentasuna da. Berak azkeneraino bizi izan eban guri egiten deuskun proposamena. Hori barru-barrutik entzuteko prestatzen gara, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusen eredua jarraituz, konfiantza osoz joten dogu Jainko Aita-Amagana gure otoitzak eta preminak aurkeztuz.

1.- Eleizaren alde: bere ekintza eta keinuekin Jesusen mezuaren barritasuna iragarri daian eta ahul eta baztertuentzat Jainkoaren Erreinuaren testigu bizia izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Sufritzen dagozan guztien alde: bizitzan aurrera egiteko, gugan, behar daben harrera, hurtasuna eta laguntza aurkitu daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Bizi garan gizarte honetan, karitatea, abegikortasuna eta adiskidetasuna kontuan izanaz, Jesusen jarraitzaileok balore horreek bizi daiguzan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Konfiantzan, ontasunean eta maitasunean oinarrituz, eta daukeena alkar banatzeko prest egonez, Jesusek iragarten deuskun erara biziko diren pertsonak eta taldeak izan daiguzan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean alkartu garanon alde: Jesusen berbatan gure konfiantza ipiniaz, Jainkoa eguneroko bizitzan gure ondoan dabilela gogoan izan daigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



HARRIBITXI BATEN AURKEZPENA

(Emakumeak erabilten daben edozein bitxikeri izan daiteke, eta emakume batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nire izenean eta alkarte osoaren izenean, bitxi hau dakartsut; mundu honetan zeren bila gabizan agertu nahi dau. Zuk zer bilatu behar dogun esan deuskuzuna ere gogoan dogu. Lagundu eiguzu, Jauna, gauzak bere neurrian hartzen, eta gure bihotza benetan merezi daben gauzetan ipinten. Zuk eskeintzen deuskuzun helburuaren bila, alkarrekin jokatu dagigula. Eskerrik asko zure argitasunagaitik.


DIRU*POLTSA HUTS BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gizon heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, diru-poltsa huts honegaz hauxe agertu nahi deutsut: Zure jabe izanaz, beste guztia bigarren maila baten gelditzen dala. Baina gaur egun, mundu honetan tentaldiak ugariak dira, eta gure bihotzak beste gauza batzuetan nahastatzen dira, zure jarraipenaz ahazturik. Zure grazia eta indarra eskatzen deutsuguz, Jauna.


"BIHOTZEKO" ALDIZKARI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko andra batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, “bihotzeko” deitzen dan aldizkari hau dakartsut; bizitzaren alderdi zoriontsua, irribarreena, poztasunena, garaipenena, famatuena... agertzen jaku bertan. Urrearen ordez sasi urrea saltzen deuskue; azaleko poza eta kaxkarkeriak besterik ez. Hau aurkezterakoan, Zeruetako Erreinua sufritzen eta negar egiten dabenena dala agertu gura deutsut: hortxe dago amaitu bako zorionaren hazia.


GARIZUMAKO EGITARAUAREN AURKEZPENA

(Kontsejuko arduradunak egiten dau. Horma-irudi haundi bat iragarkien tokian ipinteko eta eskura emoteko orriak)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: hona hemen gure alkartearen Garizumako egitarua. Kristau Garizumeak bihotz-barritzera deitzen deusku. Jauna, emoiguzu gure barruan isiltasuna eginez zuri entzutea; Zuk eskatzen deuskuzuna onartzea; eta zure Seme Jesusi jarraituz Pazkora heltzea. Zugaz kontatzen dogu.

Agurra

Senideok: ospakizunaren amaieran gagoz. Bizia dakarren eta edukiz betetako mezua entzun dogu; izan ere, Jainkoaren maitasunak ez dauka mugarik. Jesusek, “Aita errukitsua dan lez errukitsuak izatera...” animatzen gaitu. Badogu zeregina. Eta entzun dogun guztiaren TESTIGU izatera bialduak gara. Hartu daigun Jainkoaren bedeinkazinoa.

Egun honetarako gogoetea

“Bizia da Jainkoaren Hitza eta eraginkorra,
bihotzeko erabagi eta asmoak epaitzeko gai dana”




Mateo ebanjelariak eskeintzen deuskun Mendiko Hitzaldiaren testu inguruan, Jesusek bere maisugintzan jarraitzen dau. Eta argi dago “ez dauala buruz berba egiten”. Ez. Berak planteatzen dauana eta egiten dauan eran egiteko LEHENENGO BIZI EGIN BEHAR DA: “Ez zaiteze larritu biharko egunagaz...”. Hau, gure kulturan ulertu ezinekoa gertatzen jaku. Eta... ondo pentsatuz, egunero bizi dogunaren arabera, “ezinezkoa dala pentsatzea” ulertzekoa da.

Jesusek beste pentsaera bat dauka. Esaten dauana eta esateko eran ziurtasuna agertzen dau. Proposatzen dauan guztia BIZI IZAN dauala emoten dau, eta ikuspegi horretatik dana aldatzen da. Domeka honetako ebanjelioak dakarskun mezua zerbait ulertzeko, Jesusen bizi esperientziara hurreratu beharra dogu.

Zer gertatzen jaku bere jarraitzaileoi? Beharbada, sarritan, Jainkoaren HURTASUNA eta bere mugabako MAITASUNA dudan ipinten ditugula. Holako zerbait gertatu jaken Israelgo erbesteratuei ere Isaias profetaren denporan: “Itzi egin gaitu, ahaztu egin da gugaz”. Izan be, Jainkoa isilik egoen. Baina profetearen erantzuna argia da: ama batek bere seme-alaba ahaztuko baleu ere, Jainkoak inoiz ez zaitu ahaztuko. Hain gordin esateko, benetako konbentzimentua behar da.

Domeka honetako Jainkoaren Hitzak, Jesusen jarraitzaile izan gura dogunoi, eta berak bizi izan eban antzera, gure KONFIANTZA Jainkoagan ipintera konbidatzen gaitu. Hortik, hainbesteko ziurtasuna agertzen daben BIZITZAKO IRIZPIDEAK eskeintzea: bilatu egizu Jainkoaren Erreinua eta erlatibizatu beste guztia. Guretzat, Erreinu honen ibiltariontzat eta Maisuaren jarraitzaileontzat, benetako erronka dogu gaur eta hemen.

ZORIONTSUAK Jesusen proposamena ONARTZEN dabenak
Jainkoa izango da euren ATERPEA eta ZIURTASUNA!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Ez zaiteze larritu biharko egunagaz”

(Mt 6, 34)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue