Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - HIRUTASUN SANTUA - 2017.eko Ekainaren 11a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak sinesmen eta anaiarteko batzar honetara.

Senideok: gaur HIRUTASUN SANTUAren jaia ospatzen dogu; Jainkoa bere misterioaren bihotzean eta agerpenik sakonenean ez dala bakardadea, FAMILIA dala gogoratzen deusku gaurko jaiak. Jauna komunikazinoa da, maitasunezko komunikazinoa, seme-alaba egiten gaituen Maitasuna, senide lez alkartzen gaituen Maitasuna, bere Espirituarekin munduan zehar bialtzen gaituen Maitasuna.

“PRO ORANTIBUS” EGUNA:
KONTENPLAZINOZKO BOKAZINOEN JARDUNALDIA





Gaur Eleizak, gainera, euren bizitzak otoitzari eta kontenplazinoari sagaratu deutsezan gizonak eta emakumeak gogoratu daiguzala nahi dau; milaka gizonezko eta emakumezko gure alde eten barik otoitzean. Gaur, batez ere, horreetako bakoitzaren alde jasoko dogu gure otoitza.

Hasi dagigun gaurko ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Irteera 34, 4b-6. 8-9

Itun Zaharreko kontaketa honetan, Jainkoa Moisesi agertzen jako, ez urrutiko eta Jainko bildurgarri lez, Jainko errukitsu eta bihozbera, hasarrerako nagi, eta errukian aberats baino. Ganera, Jainkoa, lagun egiteko, herriagaz egongo da. Israel herria holan joango da ulertzen Jainkoa nor dan eta zer eskatzen deutson. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: 2 Korintoarrei 13, 11-13

Paulo apostoluak Korintotarrei zuzentzen deutsen agurtzeko era honek, Jainkoak fededunekin dauan erlazinoa agertzen dau: Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren, indarraz, graziaz eta batasunaz, kristauok -hartu dogun bokazinoagaitik- batasunean, maitasunean eta bakean bizitzera deituak gara, eta, holan, munduaren erdian, Jainkoaren ezaugarri izan. Hauxe da kristau alkartearen helburua eta zeregina, lehen, gaur eta beti.


Ebanjelioa: Joan 3, 16-18

Jesusek Nikodemogaz euki eban hartuemona kontatuko deusku ebanjelioko pasarteak. Jainkoak era askotara maite izen dau gizakia baina batez ere gizadia salbatzeko bere Semea bialduz. MAITASUNAK eraginda egin dau hori Jainkoak; Jainkoaren bideak ezagutzeko giltz bakarra horixe da. Entzun eta onartu dagigun Jesusen mezu hau.

Jaungoiko herriaren otoitza

Biziaren Jainkoari gure bihotzak zabalduz, gizadi osoaren aldeko eskariak zuzentzen deutsaguz.

1.- Eleizaren alde: bera ere bihozbarrituz, amaibako maitasuna, parkamena, anaitasuna eta bakea eskeintzen deuskun Jainkoaren irudia izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herri eta erakundeetako agintarien alde: euren zeregin haundiena, gizaki guztien arteko zuzentasuna eta bakea bilatzea izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gaixo, kartzelatu, baztertu eta gizarteak ahaztuta daukazenen alde: alkarrengana hurreratzeko zubiak eginez, banatzen gaituen trabak kendu eta bizitzan alkarrekin egin daigun aurrera. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Lanean, otoitzean eta kontenplazinoan bizi diran gizon-emakume guztien alde: euren testigutzak hurreratu gaizala kristauok Jainkoaren esperientzia pozgarria izatera. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Jainkoaren samurtasunak eta maitasunak eraginda, otoitzean alkartu garanon alde: beragandik ikasi deigula txikienak maiteenak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



UME TALDE BATEK «AINTZA AITARI…» ABESTEN DAU

(Alkarteko ume guztiak edo aukeratutako ume batzuk egin leikee. Aurretik ensaiatzea beharrezkoa da. Abestu ondoren, euretariko batek aurkezpena egiten dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur benetan pozik gagoz, eta gure kantua poz horren adierazgarri da. Hirutasun Santuan goratzen zaitugu, Jauna. Zuen artean dagoan maitasunaren ezaugarri izan daitezala gure familietako hartuemonak.


“PRO ORANTIBUS” EGUNEKO KARTELAREN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte batek egin leike. Eta azalpena egiten dau:)

OTOITZA – AZALPENA: “Pro orantibus” eguna gogoratzen deuskun hormako kartela dakartsut, Jauna. Beragaz batera, gauza ederrak itzi, eta isiltasunean eta otoitzean zure bila dabilzan hainbeste gizonen eta emakumeren bizitza ederra eta isila aurkezten deutsugu. Sendotu eizuz, Jauna, eta zure Erreinuaren poza aurretiaz bizitzeko aukerea emon eiezu. Eta gu, batez be gazteok, zure deiari eta zure borondateari zabalik bizi gaitezala.


ALKARTEKO LANDAREAREN AURKEZPENA

(Bere indarra izan dagian Alkarteko Pastoral urtea amaitzen danean egitea konbeni da. Alkarteko ekintzaile heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Pastoral urtearen hasieran eskeinitako landara berbera dakartsugu. Gure alkarte bizitzaren, gure IZATE eta EGITEAREN, gure amets eta errealitatearen ezaugarri lez dakartsugu. Gaur, barriro eskeintzerakoan, bihotz onez hartzeko eskatzen deutsugu: geure eskeintza da. Guk lortu ez doguna osotu egizu zure maitasunez.


PASTORAL URTEKO EBALUAKETA AGIRIEN AURKEZPENA

(Kontsejuko idazkariak, talde guztien laburpen bat egitea ondo legoke. Edo ta talde bakotxeko arduradunak, baina labur eginez)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Pastoral urtearen amaierara heltzen goazanean, urtean zehar egindakoaren laburpen hau dakartsugu. Ondo egindakoa, onartu egizu; zure maitasunez bedeinkatu eta osotasunera eroaizu. Lortu ez doguna zuzendu egizu, urte barriaren hasieran gogoan izan eta betetzen ahalegindu gaitezan. Eskerrik asko guztiakaitik.

Agurra

Senideok: Jainkoarekin topaketa egiteak, Haren maitasun inguratzaileak, gure planteamentuak, jarrerak eta bizitza bera aldatzera gonbidatzen gaitu. Topaketak gure maitasun esperientziaz jabetzera eta horren barri emotera eragiten deusku. Gure eguneroko bizitzara eta gure zereginetara bihurtzean, Jainkoak deuskun maitasuna zabaltzeko gai izan gaitezela munduan eta gizartean. Horrela izan dadila!

Egun honetarako gogoetea

“Jaun bakarra, sinesmen bera, Bateo bera,
Jainko Aita-Ama bakarra”




Pazko aldiko liturgia bizi izan badogu, AITA, SEMEA eta ESPIRITU SANTUA ere gogoratu jakuzala konturatuko gara. Hainbat bider aipatuak izan dira. Jai honetan, hirurak BATERA kontenplatzen ditugu: HIRUTASUN SANTUAREN jaia da. Hau da: JAINKOA ALKARTEA dala. Hauxe da egun honen mezu nagusia.

Norbaitek esango dau: “misterio haundi bat da”. Beste batzuk dinogu: “Bai, MAITASUNAREN MISTERIOA da”. Horrelakoxea da gure Jauna eta horrelaxe agertzen jaku: herriaren leialtasunik ezaren aurrean, Jauna leiala da; herria Harengandik urrundu arren, Jauna bere herriaren ondoan dago; bere seme-alaba egin gaituenez gero, “AITA”, “AMA” deitzen deutsogun Jainkoa dogu.

JAINKO HIRUTASUNA sinestea gatxa dala? Ulertzea gatxa dala? Jainkoa maitasuna dala onartzea beste; eta maitatzen dauanak Jainkoa nor dan badaki; eta maitatzen ez dauanak (baietz pentsatu arren ere) Jaunari buruz oso gitxi daki.

ZORIONTSUA JAINKO MAITASUNEAN sinesten dauana,
bere bizitzan argia izango daualako!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Jauna bat bakarra da, bat sinismena, bat bateoa; bat da guztion Jaungoikoa ta Aita”

(Ef 4, 5-6)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue