Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - GORPUZTI EGUNA - 2017.eko Ekainaren 18a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak fede eta anaiarteko ospakizun honetara.

Elizak gaur Jesusen Gorputz-Odol Santuen jaia ospatzen dau. Pazko jaien oihartzuna lakoa da gaurko jaia eta, batez be, Ostegun Santuko Afariaren eta Eukaristiaren eraketaren oihartzuna.

Kristok bere presentzia agindu eta Eukaristia itzi euskun, guk, orain, geure bizitzan, benetako maitasun zeinu lez hartu dagigun. Eta holantxe gonbidatzen gaitu Jesusek testigu izatera; Jesusengan agertu dan Aitaren maitasunaren ogi zatitua eta egiazko presentzia izatera daroan Jainkoaren bizi barria iragartera.

Jai hau bizi dagigun pozez eta alaitasunez.

KARITAS EGUNA

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Deuteronomioa 8, 2-3. 14b-16a

Idazki honen egileak, historiako une bereziak dakarskuz gogora. Israel herria Agindutako lurrean sartzeko egoala, Jainkoak desertuan zehar egindako harrigarriak eta bidean aurrera egiteko emondako janaria gogoratzen deutso Moisesek herriari. Bizi izandako esperientzia hori, gertatuko danaren iragarpen izango da. Onartu daigun kontaketa hau.


2. irakurgaia: 1 Korintokoai 10, 16-17

Paulo apostoluak, Jesusen bizitzako une garrantzitsu bateri begira ipinten gaitu, eta bere ikuspuntua eskeini: gure esker oneko ogia eta kaliza, Eukaristia, batasun eta alkartasun ezaugarri dira. Eukaristian parte hartzea, anai-arrebakaz eta Jaun Berbiztuagaz bat egitea da. Korpuzti egunerako mezu ederra.


Ebanjelioa: Joan 6, 51-58

Joan, ikasle maiteak, Kafarnauneko sinagogan kokatzen gaitu. Bertan, Jesusek Eukaristiaren dohaia eskeintzen deusku; hau da: munduak bizia izan dagian bere Gorputz-Odolen eskeintza. Bere mahaitik parte hartzen dabenei, bizitza betea eskeintzen deutse Jesusek; Bera onartzen dabenei Jainko Aita-Amak nahi dauan dohaia emoten deutse. Entzun daigun gogoeta hau.

Jaungoiko herriaren otoitza

Espiritu Santuaren indarrak eraginda, zuzendu deioguzan gure eskariak eta preminak Jainko Aita-Amari, bere Semearen bitartez. Ziur egon gaitekez, bizitzarako behar dogun guztia emongo jakula.

1.- Elizaren alde: Jesusen Gorputz-Odolez janarituta, Jainkoaren Barri Ona guztiei eroateari gogotsu ekin deion. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Kristau guztion alde: pertsona guztiei, diranik txikienei ere, begirunea izan deiegun, jakinik eurak be Kristoren Gorputza dirala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Eukaristia ospatzen dogun bakoitzean, ez dagigula egin ohikeria sozial edo erlijiosoz, barrutik baino eta alkartzen gaituan misterioa geureganatuz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Ogiaren eta kulturaren, bakardadearen eta maitasunaren, edo Jainkoaren gose diranak: aurkitu dagiela gugan solidaritatea eta izan daitezala aseak euren preminan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Alkartearen alde, Karitasen eta behartsuei laguntzen dabizan guztien alde: Jesusen Espirituak behartsuenenganako zerbitzuan eta maitasun ekimenetan haztera eroan daizala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



GARI GARAUEN ETA MAHATS MORDO BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko edozeinek aurkeztu leike, baina ondo legoke garbitasuneko edo eleizea eta altarea prestatzen ibilten dan baten batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Lurretik hartzen doguzan gauzarik ederrenetarikoak aurkezten deutsudaz, Jauna: gari garauak eta mahats mordoa. Baserritarren izerdiaren frutua dira. Ogi eta ardao eginez, gizakion jatekorik eta edatekorik oinarrizkoenak doguz. Zure Semeak be, beti gure artean geratzeko, bere Gorputzaren eta Odolaren adierazgarri lez ibili ebazan. Zure eguneroko eta amaitu ezineko maitasuna gogoratzen deuskue. Gaur, alkarte honen konpromiso lez aurkezten deutsuguz: gizakion goseak eta egarriak asetzen ahalegindu gura dogu.


ODOL EMOILE KARNETAREN AURKEZPENA

(Alkarteko odol emoile batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Odol emoilearen karnet hau eskeintzen deutsut, Jauna. Zure Semeak gugaitik bizia emonaz eta kurutzean odola ixuriz, jarraibidea emon deusku guk ere besteen alde zerbait egin dagigun. Zure Semeari jarraitzeak, lagundu deiskula gure bizitza ere opari eta zerbitzu lez hartzen. Bakarkerian eta norberekerian itxi dan mundu honen aurrean, zure Semearen testigu izateko behar dogun indarra eta laguntza eskatzen deutsuguz.


PITXARRA ARDAOAZ ETA OGI BIRIBILA AURKEZTEA

(Meza erasotzaileak egin leikie. Euretariko batek dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Zeuk emondako ogia eta ardaoa eskeintzen deutsuguz, Jauna; lurraren indarrak eta gizakiaren lanak sortutakoak. Zuk, Espirituaren eraginez, guretzat zure Semearen Gorputz eta Odol bihurtuko dozuzanak. Bakarka eta alkarte lez guk behar doguzan elikagaiak dira. Bidean aurrera goazala, eta zure Erreinuaren betiko mahaian parte hartu arte, eurak mantentzen eta animatzen gaitue.


BATZEN DAN DIRUAREN AURKEZPENA

(Zerbait abesten dan bitartean, diru-batzea egiten da. Altara aurrera eroan eta hurrengo otoitz hau egiten da)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, poltsa hau, alkarte honek behartsuekaz daukan solidaritatearen ezaugarri lez dakartsut. Gareana emon eta gure ondasunak banatu. Zuk emon deuskuzu, baina gure artean ondasunak txarto banatuta dagoz: batzuk ugaritasunean eta besteak urritasunean aurkitzen dira. Zaindu egizuz, Jauna, zuretzat maiteenak diranak eta ikutu egizuz gure bihotzak beti zuzentasunaren eta solidaritatearen alde jokatu dagigun.


UDAKO PROIEKTU BATEN AURKEZPENA

(Udaleku, kanpamendu edo ume eta gazteentzako zerbait balego, horren aurkezpena izango litzateke. Parte hartzen dauan laguntzaile batek edo arduradun batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, beste ekintza batzuen bidez, uda aldian ere gure ume eta gaztetxoen ondoan jarraitu gura dogu; gizatasunez eta kristautasunez hazten lagundu nahi deutsegu. (Umeen udaleku, urteera, gazte topaketa...) ekintza hau eskeintzerakoan zure bedeinkapena eskatzen deutsugu, gure ahaleginak frutua emon dagian, guztia ondo joan daiten, helburuak bete dagiguzan eta dana familien eta Alkartearen onerako izan daiten.

Agurra

Senideok: Jauna gurekin izatearen poza ospatu dogu. Kristoren gorputzak bakean alkartzen gaitu eta suspertu egiten dau gure itxaropen ahula. Ospakizun hau amaitzean, banatu dagigun guztiekin gure eguneroko ogia, eta gure bizieraz suspertu deigula, inguratzen gaituenen artean, egiazko Biziaren Ogi dan Kristoren gosea. Aste zoriontsu bat!

Egun honetarako gogoetea

“Zerutik jatsitako ogi bizia naz ni,
ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da”




Liturgiari jarraituz, KORPUZTI EGUNA ospatzeko alkartu gara; gure herriko jai ederrenetako bat. JESUSEK agurtzerakoan bere alkarteari itzi eutson oparia dogu, hain zuzen be; Jesusen azken guraria edo testamentua dogu.

Jai hau -kanpoko eta kaleko adierazpen eta guzti- ez da hor amaitzen. KRISTOREN GORPUTZA gurtzea, Harekin bat egitea da, bere izateaz, bere sentimentuekaz eta jarrerakaz.

Kristoren Gorputza gurtzeak honako hau ere eskatzen deusku: Kristoren Gorputzaren zati diralako, anai-arrebengana errespetuz eta prestutasunez hurreratzea. Kristoren Gorputza altara gainean zatitu eta gure goseak asetzeko banatzen dogu; eta honek, gu ere zatitzera, banatzera garoaz; gure inguruan SOLIDARIOAK izatera. Hau egiten dogun neurrian Jesu Kristoren gurariekin bat egiten dogu, eta, horrela, Korpuzti eguna ospatu.

Horregaitik, KARITAS EGUNA ospatzen dogu gaurko egunez. Mesedez, ez dagigun ahaztu! Kristoren Gorputzari egin geuskioen eskeintzarik ederrena dogu.

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Ogi hau jan dagiana, betiko bizi izango da”

(Jn 6, 58)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue