Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 14. domekea - 2017.eko Uztailaren 09a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak sinismendun arteko ospakizun honetara.

Domeka honetako mezu nagusia Jesusek bere Aita Jainkoari buruz daukan esperientzia da. Bere hartuemona, bakarra da. Tradizinoan agertzen diran Jesusen otoitzetatik ederrenetarikoa, poza, mirespena eta esker ona agertzen dauan hau da: “Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza honeek jakintsuei eta burutsuei gorde, eta jende apalari erakutsi deutsazuz eta”. Jesusengan, gorespena eta esker ona, berezko hitzak dira; Jainkoaren dohaineko maitasun askean dauan esperientzian oinarritzen da bere izatea.

Senideok: jarrera bardinagaz hasten dogu ospakizuna eta Jaunari eskatzen deutsagu, Beragaz aurkitu eta bere hurtasuna eta maitasuna gozatzeko grazia izan deigula. Honek, bere egitasmoan bat egitera eta Bera esker onez goratzera eroango gaitu. Hasi gaitezan.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Zakarias 9, 9-10

Zakarias profeteak, errege apal, bakezale eta xume baten irudia dakarzku; asto gainean dabil eta munduaren azkenak berarenak dira. Iragarpen mesianiko baten aurrean aurkitzen gara; etortekoa dan Mesiasen irudia agertzen jaku. Kristo izango da iragarritako Mesiasen irudia: Espirituaren indarrez gidatuko dau herria eta ez indarkeriaz. Entzun daigun iragarpen hau.


2. irakurgaia: Erromakoai 8, 9. 11-13

Paulo apostoluak Erromakoai egindako gogoeta bat entzungo dogu. Kristoren ikasleak espirituaren arabera bizitzera deituak dira. Haragia eta espiritua bizitza ulertzeko eta bizitzeko era bi dira: haragiaren arabera bizitzea, Jainkoagandik aparte bizitzea da, eta heriotzarako bidea da. Espirituaren arabera bizitzea, barriz, bizitza osotasunean bizitzeko Kristo Jaunak egiten deuskun proposamena onartzea da. Bake giroan entzuten dogu gogoeta hau.


Ebanjelioa: Mateo 11, 25-30

Entzungo dogun ebanjelio zati honetan, Jesusen bihotza zelakoa dan agertuko jaku. Mezu hau, apalak diranak ulertu eta onartuko dabe; baina, euren jakindurian oinarritu eta Jainkoaren ezkutuko gauzak jakin nahi dabezan jakintsuak, bizitzako proposamen honegaz ez dira konturatzen. Bizitzako bidean nekatuta doazenei ere Jesusek dei bat egiten deutse; bihotz zabaltasunez hartzen dabenentzat, bake eta atseden lez agertzen jaku. Entzun daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Ondo dakigu Jainkoaren eskuetan gagozala; konfiantza osoz Berari zuzentzen deutsaguz gure eskariak.

1.- Eleizaren alde: Jaunaren bila dabizanentzat eta gure gizartean nekatuta eta azkeneko sentitzen diranentzat toki egoki bat izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- “Txiki”, baztertu eta gure herrian ahaztuak sentitzen diranen alde: gure alkarteetan onartuak izanez Aitaren maitasuna gozatu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Herrietako erakunde eta agintarien alde: aberats eta pobreen arteko mugak apurtu eta zuzentasuna eta bakea bilatzeko bideak zabaldu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Jaunagan sinisteko eta bera maitatzeko doea hartu dogunon alde: Jesusegandik ikasi dagigun guztion Aita-Amagaz esker oneko izaten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure parrokia alkarte honen alde: gitxien daukenen ondoen egoten jakinez, hurrekoa, abegikorra eta solidarioa izan, eta pertsona guztien arteko topagune izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



TEOLOGIAKO LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Eskeintza hau katekesiako arduradun batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Teologia edo Bibliako ezagutzaren ezaugarri lez eskeintzen deutsut liburu hau. Jakituria eta bihotzeko apaltasuna ez dira borrokatzen; benetako jakintsuak apala izaten daki. Jauna, guk, Zu ezagutzeko jakiturian eta esperientzian hasten joan nahi dogu, ingurua zure ikuspegiaz ikustera hurreratu gaitezan. Bete egizuz gure bihotzak zure Espirituaz, Zure antzera sentitu eta Zuretzako bizi gaitezan.


BIDEETAKO MAPA BATEN AURKEZPENA

(Eskeintza hau gazte batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, errepideetan zuzen ibili gaitezan, bideetako mapa hau aurkezten deutsut. Baina gaur beste hau agertu nahi deutsut: Aitarenganako eta bere Erreinurako bidean, Zeu zarala gure norabidea eta zuzendaria. Biderik ez deigula galdu.


ORIOAZ BETETAKO ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Osasun pastoraltzan dabilan batek egitea ondo legoke; eta bestela, gaixo, adineko edo ezinduren bat zaintzen dauan batek)

OTOITZA – AZALPENA: Orio ontzi hau dakartsut, Jauna. Honegaz batera nire eta nire alkartearen konpromisoa agertu nahi deutsut: zure Semearen Berbizkundearen testigantza hitzez eta egitez emon nahi dogu, batez ere gure beharrizana daben gizakien ondoan egonez. Jauna, lagundu eiguzu gizakien minak arintzen eta euren gatxak osatzen.


FRUTUZ BETERIKO OTZARA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko ume batzuk egin leikee ezkeintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, frutu gozo eta ederrez beteriko otzara hau eskeintzerakoan, hurrengo hau agertu nahi deutsugu: guk ere arbola on eta osasuntsuak izan nahi dogula. Gure bizitzak antzuak barik emonkorrak izan daitezala. Zure graziari esker, kristau frutuak emon deiguzala.

Agurra

Senideok: ebanjelioan agertzen diran miresmen eta goralpen jarrerak baleiteke galduak izatea. Gure bizitza Jesusen antzerakoa izatea nahi badogu, errekuperatu beharrean aurkituko gara. Txikiak izanez, Ebanjelioa geureganatuz, Jesusen Erreinuari zabalik egonez bere beharrizana sentitzen dogun neurrian, Jesusen hitzen esanahia ulertzen joango gara. Jaunak bere bideak ezagutzea emon deiskula guztioi. Ebanjelioko jarrera honeek biziaz, aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoetea

“Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
zure Erreinuko misterioak pertsona apalari erakutsi deutsazuzelako”




Jesusek bere ALKARTEA batzen eta lantzen jarraitzen dau. Domeka honetan ere bere hitzez eta irakatsiaz, bakea eta baretasuna aurkitzeko aukera eskeintzen deusku. Argi dago, Beragaz bat egitetik jatorkula hori.

Eta egia da: nekean eta lanpean bizitzea eguneroko ogia dogu. Hainbeste gauza dira. Eguneroko lanak, ardurak, laneko bereizketak, hobeagotzeak... ito egiten gaitue; lanik ezak ere bere ondoren guztiekaz ito egiten gaitu; politikoak ere betiko hitz hutsekaz ito egiten gaitue; legean oinarrituz, ebanjelio jarrera gitxi agertzen deuskuen zuzendari erlijiosoak ere ito egiten gaitue. Seguruenik, beste gauza askok ere ito egiten gaitue. Bakotxak osotu begi itotzen gaituen zerrenda hau.

Giro honen erdian, goratzekoak eta gogoan izatekoak dira Jesusek gaurko ebanjelioan esan deuskuzan hitzak: “Zatoze Nigana, nekatuok, lanpetuok; eta Neuk arinduko zaituet”. Zenbat fededunak bizi izan daben esperientzia hau...! “Lanpean eta nekatuta hil ez gaitezan”, esperientzia hori bizitzeko ahalegina egin beharko dogu. Bera gure ondoan dator, gure ibilbideagaz bat egiten dau; ezin dau albora begiratu. Hor dago gakoa.

Gaurko ebanjelioaren arabera egia da, guzti hau, “pertsona apalak” bakarrik ulertzen dabela. Holantxe NAI IZAN dau Aitak, dinosku Jesusek.

Zoriontsuak BIHOTZ APALAK,
Jesusengan aurkituko dozue bai zuen atsedena!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Biotzez otzana ta apala naz"

(Mt 11, 29)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue