Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 15. domekea - 2017.eko Uztailaren 16a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Jaunak alkartzen gaitu bere altara inguruan, bere seme-alaba egin eta maitasunean bat egiten gaituan Eukaristia ospatzeko.

Jesus, Maisuak, JAINKOAREN ERREINUAREN aurrean hartu daitekezan jarrera ezbardinak agertzen jarraitzen dau. Gaurko ebanjelioan ereile baten irudia agertuko jaku; baina lur guztiak ez dira bardinak. Maisuak esango deusku hazia hartzeko lurra ondo prestatu behar dala. Bestela, naiz eta hazia ona izan, bizi barri barik, agor geratzeko arriskua dago.

Gutariko bakotxarengan bizi barria sortu nahiez Jainkoaren Hitza indarrez jatorku. Hasi daigun sinismen eta anaitasun batzar hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 55, 10-11

Jainkoaren Hitza entzuteko prestatzen gara. Gizakiok hitzaren bidez daukaguz gure hartuemonak. Holan agertzen doguz gure ezkutuko gauzak eta gure bihotzeko sentimentuak. Jainkoa ere Hitzaren bidez ipini da hartuemonean gizakiokaz. Jainkoaren hitza, bizia eta geldi ezina, emonkorra eta eragilea dalako, mundua sortu eta gizakia salbatu dau. Gainera, profetak dinoenez, Jainkoa beti leiala da eta esandakoa beti betetzen dau. Entzun daigun.


2. irakurgaia: Erromakoei 8, 18-23

Oraingo egoera ona izan ez arren, itxaropena ez galtzeko eskatzen deutse Paulo apostoluak Erromako alkarteari. Izan ere, orain nekeak, lanak eta sufrimentuak izan arren, kristauak baikortasunez begiratzen dau mundua. Gogoeta ederra guretzat ere.


Ebanjelioa: Mateo 13, 1-23

Ebanjelioko pasartean, Jesusek, bera ekarlea dan eta “Jainkoaren Erreinua” deitzen deutson barritasuna aurkezten jarraitzen dau. Jainkoaren Erreinua soloan ereindako haziaren antzekoa da; zelako lurra, halako frutua. Lurra, fededunaren bihotza dan ezkero, adi egotea dagokigu. Onartu daigun mezu eder hau.

Jaungoiko herriaren otoitza

Apaltasunez eta konfiantzaz Jainko Aita-Amagana joten dogu, gure bizitzako premina batzuk aurkeztuz.

1.- Jainkoaren Hitza agertzen deuskun Eleizaren alde: gure inguruan agertzen diran premina barrien aurrean, behar dan lez erantzuten jakin dagian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Jainkoaren Hitza hobeto ezagutzen ahaleginduz, gure barrua lantzen eta aldatzen itzi deiogun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Oporraldian ere Jainkoaren Hitzagaz bat egiteko astia bilatu daigun; eta familiagaz eta lagunekaz gure hartuemonak sendotuz, Jainkoak nahi dauan FAMILIA barria egiten joan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Uda aldian, atsedena hartuz, pertsona eta talde guztiak errespetatuz, BAKERAKO bide barriak eraikitzen ahalegindu gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Parroki Alkartearen alde: pertsonen berezko ezbardintasunak errespetatuz, gure hartuemonak alkarren onerako izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ESKU BATE GARI GARAUEN AURKEZPENA

(Alkartean baserritar bat balego, berak egiten dau eskeintza. Eleiza atzean dagoan ontzitik esku bete gari garau hartu eta altara inguruan dagoan beste ontzi baten izten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Lurra lantzeko erabilten ditudan eskuekaz eskeintzen deutsudaz gari garau honeek, Jauna; bizitzaren eta guk bizia izan daigun zure Semeak egiten dauan ereinaldiaren ezaugarri lez eskeintzen deutsudaz. Ereintza horrek, Jauna, gugan lur ona aurkitu daiala eta zuk itxaroten dozuzan frutuak emon deiguzala. Guretzat hain erreza ez dan ekintza honetarako zure laguntza eskatzen deutsugu.


GATZONTZI BETEAREN AURKEZPENA

(Alkarteko edozein pertsona nagusiak egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Gatzontzi bete hau, alkartearen, militante guztien eta nire izenean dakartsut, Jauna; mundua eraldatzen eta zure ebanjelioa zabaltzen egiten dogun ahaleginaren ezaugarri lez dakartsut. Gaur eta hemen gure herriaren erdian, naiz eta eragozpen ugari izan, zure ebanjelioaren misiolari izaten jarraitu nahi dogu. Emoiguzu zure grazia eta laguntza gure gatza ez daiten gezatu.


PUZZLE BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpena alkarteko gaztetxo batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur puzzle hau dakartsugu. Irudi bat egiteko zati asko behar dituen umeen joko bat dala badakizu. Beste andra-gizonekin batera gure denpora eskeini nahi dogunaren ezaugarri lez eskeintzen deutsut. Arazoren bat edo pertsonaren bat beharrizanean dagoan lekuan, han egon gaitezala geure denpora eskeiniz eta ahal dogun neurrian lagunduz, guztion artean Jainkoaren Erreinua eraikitzen joateko.


EGUNKARI BATEN AURKEZPENA

(Idaztera dedikatzen dan batek egiten badau, ondo; edo eguneroko barriak ondo jarraitzen dituan batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egunkari bategaz nator. Eguneroko gauzen islada da. Gure inguruan eta urrutiago gertatzen danaren islada. Jakintsuek dinoe, hainbeste albiste diran ezkero ez gaituela arduratzen. Egunkari hau eskeintzerakoan konpromisu bat eskuratu nahi dogu: albisteak irakurterakoan, egoera horreek bizi eta sufritzen dabezan andra-gizonekaz bat egin, gure bihotzean lekutxo bat egin. Jauna, ez gaitezala izan sentipen bakoak. Zabaldu egizuz gure bihotzak solidaritatera.


ATERKIN BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, ni aterkin bategaz nator. Zure eskarien aurrean sarritan aterkina zabaltzen dogu ez “bustitzeko”, zure Hitzaren eskariak ez betetzeko. Sarritan beste leku batera begiratu dogu edo hori, beste pertsona batzuentzat dala pentsatu dogu. Jauna, aldatu egizu gure bihotza, zure Hitza onartzeko eta zure eskakizunak betetzeko prestatuz.

Agurra

Senideok: Jainkoaren Hitza gure bihotzak aldatzera jatorku, ondoren, ingurua aldatzen ahalegindu gaitezan, eta Jainkoak gauzak, mundua eta historia buruz daukan egitasmoagaz bat etorri daitezan. Eginkizun honetarako Jainkoaren Hitza eragilea dala esan jaku eta lur onean ereindako haziak lez frutua emongo dauala. Ez dago nagikerian eskuak kurutzatuta gelditzerik. Aste honetan ere Jainkoak landu daiala gure barrua, gu bere testigu izan gaitezan!

Egun honetarako gogoetea

“Hazia Jainkoaren Hitza da, ereilea, barriz, Kristo;
Honi entzuten deutsonak, izango dau betiko bizia”




“Egun haretan, Jesus etxetik urten eta itsas-ertzean jesarri zan. Jendetza handia batu jakon inguruan, eta horregaitik ontzitxu batera igon eban, eta han jesarri. Jende guztia itsas bazterrean egoan. Gauza asko esan eutsezan parabolatan”. Ez da gatxa agerraldi hau irudikatzea: Jesusek ekiteko ohiko erea zan. Gaur, gu itsas ertzean gagoz; ENTZUTEN. Ezagutzen doguzan kontaketak dira. Eta Berak mezu nagusia, bidea aurkezten deusku: JAINKOAREN ERREINUA.

Erreinu hau ez da zerbait magikoa: bere frutua emoten dauan ereindako haziaren antzekoa da. Hau da: Jainkoaren ekintza salbatzailea geratu barik dabil. Jainkoak pertsonen bizitzan erein dau, eta geuri dagokigu frutua emotea. Hazia, label kalitatekoa da, eta lur ona eta emonkorra bakarrik behar dau. Erreinua ez da Jainkoaren aztikeriazko ekintza bat.

Erreinuan sinistera eta lur ona izatera DEITUAK gara. Jainkoaren bizi hori nahi dogu? Jainkoaren deiak entzuteko prest gagoz? Holan bada, Jainkoak gugan ereiten dauan ontasun, maitasun, zuzentasun, bardintasun... erreinu horretan sinisten badogu, eta benetan nahi badogu, frutu ugari emoteko prest dagoan LUR ONA izango gara. Honako sinismenaz, honako nahi izateaz, JESUSEN HITZAK, Berak iragarten dauan Barri Onak bete gaizala benetan.

ZORIONTSUAK bere HITZA sinistu eta onartzen dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ereile bat ereitera urten zan"

(Mt 13, 3)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue