Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 16. domekea - 2017.eko Uztailaren 23a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Jesus Jaunaren mahai inguruan anaitasunean alkartu eta gure sinismena ospatzera.

Gaur ere Jesusek, JAINKOAREN ERREINUA zer dan, eta Jainkoak eskeintzen deuskun bizia zelakoa dan ulertzen joan gaitezan, parabolen bidez berba egingo deusku. Barri Ona entzutea bakarrik ez da nahikoa; onartzera eta frutu emotera deituak gara. Holantxe bakarrik erantzungo deutsagu Jainkoak gugan pentsauta eginda daukan egitasmoari. Eukaristian batuz, nahiz eta gu nekatuta eta gogo barik egon, bere arnasez eta Hitzez gu laguntzeko beti prest dagoan Jainkoaren presentzia ospatu nahi dogu.

Bizi izatera, bizitza zaintzera eta banatzera deitzen deuskun Jainkoagaz bat egiteko prestatzen gara. Hasi daigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jakituria 12, 13. 16-19

Itun zaharreko jakintsuak, historia begi barriekin ikusten dau, bere gogoan erabilten dau eta bizitzarako ondorenak ateratzen ditu. Atzerantz begiratuz, errukiaren eta zuzentasunaren oinarria dan Jainkoaren eroapena ikusten dau. Jainko hau gainera ulerkorra da eta bihozbarritzen dan pekatariari bere parkamena eskeintzen deutso. Jakintsuaren arabera, Jainko harrigarri horrek, gizakia gizaeraz jantzirik, bere antzeko egiten dau. Onartu daigun bere gogoeta hau.


2. irakurgaia: Erromakoei 8, 26-27

Paulo apostoluak, kristau bizitzan Espiritu Santuak daukan garrantzia eta eragina gogoratzen deusku. Gure makaltasunean Espiritua lagun dogu eta otoitz egiten erakusten deusku, behar doguna eskatzen jakin daigun. Gure bizia bere eskuetan dago. Guretzat lagungarri izan leiteken apostoluaren gogoeta hau onartzen dogu.


Ebanjelioa: Mateo 13, 24-43

Parabolen bidez, bere biziaz hasi barria dan Erreinuaren barritasuna aurkezten jarraitzen dau Jesusek. Kimu barri lez agertzen jaku; mostaza hazia eta legaminaren antzera, gauza txikia da, baina historian errotu da eta guztia eraldatuko dauan indarra daroa barruan, eta hazkunde hori inork ezin dau gelditu. Jesusek dakarren Erreinuaren indarra eta makaltasuna hortxe dagoz. Adi egon gaitezan.

Jaungoiko herriaren otoitza

Apaltasunez eta konfiantzaz Jainko Aita-Amagana joten dogu, gure preminak eta gizadiaren preminak aurkeztuz.

1.- Eleizako kide garan guztion alde: besteak epaitzeko tentaldian ez gaitezan jausi eta Jainkoaren maitasunaren eta errukiaren lekuko izaten ahalegindu gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gizon eta emakume legelarien alde: Jainkoaren zuzentasuna eta gizaki guztien bardintasuna bilatu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Eleizan ministeritzaren bat betetzen dabenen alde: euren eginkizuna bihotz onez eta errukitsuz bete dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Oporraldian, gizakien arteko hartuemonak sendotu eta gure arteko alkarrizketak bultzatuz, Jainkoak gizadi osoagaz pentsatuta daukan bizi egitasmoa egi bihurtzen joan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen alkartu garan guztion alde: azalera begiratu barik, pertsona bakotxak daukan barrua ikusi eta Jainkoak hor barruan egin leiken lana erreztu eta onartu dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ALKARTEKO OINAZEEN AURKEZPENA

(Alkarteko arduradunak egiten dau. Gaisoen, adinekoen eta premina batzuen aurkezpen laburra. Aurretik prestatuta euki)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jaun eta Aita-Ama: gure alkarteko oinaze eta premina batzuk aurkeztu nahi deutsudaz. Zuk onberatasunez onartu daizuzan zure Seme Jesukristoren oinazeen ondoan ipini nahi doguz. Besteen zauriak ikusi eta osatzeko hurkotasuna eskatzen deutsugu; samariar onaren antzera, bide bazterrean aurkitzen doguzan zaurituengana hurreratzen jakin deigula.


MEDIKAMENTU BATEN AURKEZPENA

(Medizina kutxarekin nahikoa da. Ahal dala osasun arloan lana egiten dauan batek aurkezten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, errukiaren ezaugarri izan nahi dauan medizina hau dakartsut; kristau alkartearen ezaugarri on bat da errukia. Hori nahi dogu: besteentzat medizina bizkorgarria bihurtu. Besteen zauriak osatuko dituen gantzu eta olio izan. Besteen arazoak arinduko dituen entzuteko gaitasuna izan. Zure Seme Jesukristok egiten eban antzera egin nahi genduke: lehen Berak, eta orain gure bitartez osatzen jarraitu.


INAUSTEKO ARTAZIEN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek inausteko artaziak aurkezten dauz)

OTOITZA – AZALPENA: Nik inausteko artazi honeek dakartsudaz, Jauna. Danok dakigu zertarako diran. Alperrik dagoana kenduz, bizi barria eta indartsuagoa sortzen da. Zure Seme Jesukristogaz bat eginez, guri ere inauste ordua helduko jakula dakigu: berbizteko hil beharra daukagu. Inausteak, Jesukristori lotuago egoten, berak hasitakoa jarraitzen eta Beragaz bat egiten lagundu deiskula.


MUSIKA KASKOEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte batek egin leIke)

OTOITZA – AZALPENA: Gazteok, musika entzuteko asko erabilten doguzan kasko honeek dakartsudaz, Jauna. Bata bestearengandik aldentzen gaituenez, bakardadearen ezaugarri dira. Gaurko gizaki askoren arazo lez aurkezten deutsuguz. Bakardadea, laguntasunaz konpondu daitekean ezkero, konpromiso hori geureganatu gura dogu: besteen ondoan egotea eta laguntzea.

Agurra

Senideok: Jainkoaren Erreinuak egi bihurtzen joateko gizon emakumeon lanagaz kontatzen dau. Gure bizitzak, gure konpromezuak, gure giza eta politika ekintzak, Erreinu horregaz zerikusia dabe. Jainkoa lanean dabil ore barruan, historiaren bihotzean, eta ez giza errealitatetik aparte. Legamina ore barruan sartzen danean, Erreinuaren hasiera da. Gure gizartean, munduaren bihotzean legamina sartu ezik gizarte hau ez da jaikiko eta ez da Erreinua izango. Munduaren bihotzean gizadiaren legamin izan! Jesusegaz bete, berari jarraitu eta jarraitzen lagundu. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Bedeinkatua Zu, Aita-Ama, zeru lurren Jauna,
zure erreinuko misterioak jende apalari erakutsi deutsazuz-eta”




Maisuak bere ikasleak eskolatzen jarraitzen dau. Aurreko domekatako gaia jarraituz, Jesusek Jainkoaren Erreinuaren egiazkotasuna aurkezten jarraitzen dau, eguneroko bizitza edo baserri giroko adibide errezak erabiliaz: garia/galbedarra, mostaza hazia, edo orean ipinitako legamina.

Argi dago JAINKOAREN ERREINUA biziaz beterik dagoala. Baina erreinu barri horren frutuak (gaurko ebanjelioan “garia” agertu jaku) eta galtzeko diran frutuak (gaur, “galbedarra”) nahastean datoz. Gehiago oraindik; gure ingurura begiratu eta bakotxa “bere lekuan” ipinteko tentaldian jausteko arriskua dogu: ni/gu gari garbia gara; besteak, “galbedarra” dira. Eta zirt edo zart egiteko gogoak eraginda, ebanjelioan agertu dan lez, hor goaz “galbedarra” ateratzera. Hori da gure jokatzeko era. Baina Jainkoarena bestelakoa da: beti errespetatzen dau.

Pertsonak (pelikuletan lez) “onak” eta “txarrak” sailkatzeko daukagun ohituraren aurrean, Jainkoaren Hitzak errespetu bat eskatzen deusku; batez ere, nirekin bat datorren guztia “on” lez hartzeko eta beste guztia “txar” lez. Jesusen jarrerea ITXAROTEA eta benetan MAITATZEA da. Zertarako? Pertsona bakotxak osotasunean bizitzeko bidea aurkitu daian (= zoriontasuna). Eta aholku bat emoten deusku: gugan ere egoera biak emoten diran ezkero, Jainkoaren soloa galtzen dauan galbedarra ez gaitezan izan, beti zain egon gaitezala. Horregaitik, konbidapena egunero Ebanjeliora BIHURTZEA da.

Zoriontsuak EREITEN dabenak eta EROAPENEZ itxaron,
Jainkoaren antzekoak izango dira!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Itzi biak gari ebateragiño batera hazten"

(Mt 13, 30)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue