Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - SANTIAGO apostolua - 2017.eko Uztailaren 25a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: gaur Santiago Apostoluaren jaia ospatzen dogu. Bera da apostoluen artean Ebanjelioagaitik bizia lehenengo emon ebana.

Santiagoren bidea ez zan izan bidaia turistikoa, erromesaldia baino, barrenera begiratzearen, Ebanjelioaren eskariak heriotzara arte berenganatzearen, erromesaldia; Jesusek, bere Maisu eta Jaunak, edandako kaliza edan gura eban. Gaur, jai hau, otoitz eta gogoeta egiteko deitzat hartu daikegu: Santiago, gure fedea eta gure konpromisoa barritzeko leku izan da eta holan da oraindik bere. Eta, aldi berean, bizia partekatzearen eta beti ZERBITZU jarrera bizitzearen eredurik gorengoena.

Ospakizun honek lagundu deigula honakoa aurkitzen: gure bizitzan garrantzitsuena Jesusen erara bizitzea dala.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Apostoluen Eginak 4, 33; 5, 12. 27b-33; 12, 2

Lehen irakurgai honek Santiago apostoluaren martiritzaren barri emoten deusku. Ez da hilten bere pentsakera soziala, politikoa edo filosofikoa zaintzearren, pertsona bategaitik eta bere Ebanjelioaren jarraipenagaitik baino. Kristoren ikaslea egiaren lekuko da, eta Jainkoaren esana gizakienaren aurretik ipinten dau. Bere martiritzaren kontaketa honetan emoten jakun ikasgai ederra dogu.


2. irakurgaia: 2 Korintokoei 4, 7-15

Apostolu ministaritzaren haunditasuna eta gizakion izate kaskarra ipinten deuskuz Paulo apostoluak aurrez-aurre. Gizakion ahultasun eta argaltasunean agertzen da Jainkoaren indarra. Norberen mugak bizi sortzaile gertatu daitekez norberentzat eta besteentzat. Bere Semea hilen artetik biztu eban Harengan ipinten dau Paulok konfiantza osoa, baita bera ere berbiztua izango dan itxaropena. Autorpen esanguratsua eskeintzen jaku.


Ebanjelioa: Mateo 20, 20-28

Ondo zehaztutako hiru zati ditu Ebanjelioaren kontakizun honek: ohorezko tokiaren eskabidea, beste apostoluen erantzuna, eta Jesusen irakatsi laburra. Baina, Zeruetako Erreinuan ez dira ezer ohorezko tokiak. Han zerbitzu apala eta martirioa, hau da, Maisuak berak edan eban kaliza beretik edatea, dira balio dabenak. Onartu dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Erromes guztien babesle autortzen dogun Santiago lagun dogula, eskatu dagigun bizitza osoa erromesaldi iraunkor egiten daben gizaki guztien eta gizateri guztiaren alde.

1.- Lagundu eta babestu Eleizea, Jauna. Ebanjelizatzen diharduen hainbesteren alde eskatzen deutsugu: hartu dagiela zure grazia, eta gu guztiok gure fedearen testigantza adorez emotera eroan gagizala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Lagundu eta babestu, Jauna, herri guztiak: zaindu dagiguzala berezitasunak eta besteenei bere izan deiegula gure begirune osoa. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Lagundu egiezu, Jauna, agintari eta legegileei: euren erabagiak hartzean, guztien onaren alde egin dagiela, pertsona guztien eskubideak errespetatuz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Lagundu eta babestu, Jauna, guraso eta hezitzaileak: haurrak eta gazteak kristau eta giza balio sakonetan hezi dagiezala, eta ez daitezala kokildu bilatzen dabezan zailtasunen aurrean. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Alkartearen alde: gure familiak eta jai hau ospatzen daben herriek alkarrenganako abegi onez eta begirunez bete daitezela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



GALBURU TXORTA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko baserritar batek edo, egon ezik, alkarteko edozein nagusik, egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure soloen frutu eta gure herri osoaren ahaleginaren ezaugarri diran galburu honeek dakartsudaz. Onartu egizuz, Jauna, eta eurekin batera, baita gure lan eta zereginak bere. Zure graziaz eta ontasunez, bihurtu daitezela gugan bihotz zabaltasun eta anaitasun frutu. Gauza izan gaitezala txirotasuna erauzteko (kentzeko) eta jo dagigula sendo zuzentasunaren eta bardintasunaren bidetik.


ERROMES MAKILAREN AURKEZPENA

(Edozein erromes-ezaugarrik balio leike. Eta alkarteko beste nagusi batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Nire aldetik, erromes-ezaugarri hau dakartsut. Onartuko dozulakoan nago, ez orain bakarrik, baita gure bizitzen azken aldian ere, lur honetatik egin dogun erromesaldia sarituko dozunean. Ez egiguzu itzi hemen eta orain loak hartzen. Gareana eta daukaguna bere lekuan jarri dagigula, Zeuk agindu deuskuzun behin betiko aberria itxaroten bizi gaitezan.


KURUTZE HUTSAREN AURKEZPENA

(Aurkezpen hau alkarteko edozeinek egin leike, baina ondo legoke hitzaren ministeritzan dabilen batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik kurutze hau dakartsut; zure Semea holako baten hil ebenetik, Beragan sinisten dabenen kontra esan eta egiten diran ekintzen ezaugarri lez. Bakarka eta alkarte lez, gure sinismena autortzen eta mundu honen erdian iragarten jarraitu nahi dogu, honen ondorenak geureganatuz. Jauna, zaindu eta babestu egizuz aurrean erabiliak diranak, eta aldatu egizu erasotzaileen bihotza. Pertsona guztien eskubideak eta sinismen askatasuna errespetatuak izan ditezala.

Agurra

Anai-arrebok: Jesusek berak egin eban lez, Santiago Apostoluaren jai honek salbamenaren kaliza edatera dei egin deusku. Jesukristoren heriotzaren eta biztueraren testigantza besteen aurrean argi egin behar dan sasoia hasten da orain. Zoritxarrei, erasoei, gitxiespenei, txarto ulertuak izateari deutsegun edozein bildur gainditu egin behar dogu.

Santiago apostoluak egin eban lez, Jaunaren indarrean eta grazian uste osoa jarriz, arrisku hori leporatzen badogu, guretzat alaitasun sasoia izango da, eta gure bizitzak Ebanjelioaren zerbitzu eskuzabalak izango dira, gizarte zuzenagoa, anaikorragoa eta baketsuagoa lortzeko. Errealitate barri horren lekuko (testigu) izan gaitezala!

Egun honetarako gogoetea

“Ez holakorik zuen artean:
zuen artean nagusiena izan gura dauana,
izan daitela zuen zerbitzari”





Aparteko egunak, egun esanguratsuak, izaten dira gizon-emakume bakoitzaren bizitzan. Kristau Alkartean ere, berezitasuna adierazten daben arrazoiak izaten dira. Holakoa dogu gaurko egun hau. SANTIAGOren jaia da. Jesusen hur hurkoenetarikoa izan zan.

Maitekiro zaindu eban Jesusek bere TALDEA: ERREINUAREN EGITASMOA berenganatuko eban alkartea egin gura izan eban eurekin. Hau da: gizon hareek Berak zituan asmo berberak izan egiezala gura izan eban, Jainkoaren aldetik Berak eskeintzen deutsen behin betiko proposamenagaz maitemindu eitezala. Makalak ziranez, bere Espirituaren dohaia eta indarra eskeintzen deutsez.

SANTIAGO izan zan Jesusi jarraitzea lehenego izenpetuko ebana, odola isuriaz izenpetu bere; azkeneraino izan zan lekuko zintzoa. Gero egin eben taldeko beste guztiek; historian zehar, asko izan dira Jesusen bide berbera jarraitu dabenak, euren burua GUZTIZ ESKEINTZEraino.

Egun polita da, bada, gaurkoa, gure fedearen eta Jesusi jarraitzearen sakontasunari eta osotasunari buruz geure buruari itauntzeko. Barriro be, DEIA dogu, “zirikatzen” eta merezidu dabenen arteko deia. Adoretuko ete gara, bada?

ZORIONTSUAK BERE DEIA onartzen dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zuen artean haundi izan nahi dagiana, zuen serbitzari izan daitela"

(Mt 20, 26)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue