Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 17. domekea - 2017.eko Uztailaren 30a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak sinismen eta anaitasun ospakizun honetara.

Domekero lez, Jesukristo Berbiztuagaz bat egiteko alkartu gara. Alkarrekin Jainkoaren Hitza entzungo dogu; gure bizitzarako aholku eta lagungarri dogun Hitza. Hitz horren arabera, BALIO guztiak ez dira bardinak eta ezin leitekez parean ipini. Balioen maila bat dago. Jaunaren Hitzak hori agertuko deusku gaur.

Oporretan aurkitu arren, ahalegintxo bat egiten dogu, guzti hau sakontasunez bizitzeko. Bizitzan, benetan merezidu daben gauzetarako, ez dago oporrik. Jesusen konbidapena dogu.

Jesus gure Jaun eta Maisuaren inguruan alkartutako senideen batzar honeri hasiera emoten deutsagu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 1 Erregeak 3, 5. 7-12

Itun Zaharreko zati bat entzungo dogu. Salomonen erregetza gustukoa izan ez arren, Jainkoak Dabidi egindako agintzari baten ondoren lez aukeratu ebela dinosku idazle sakratuak; Jainkoa eta erregearen arteko hurtasuna eta alkarrizketa nagusitzen da; Jainkoak, Salomoni nahi dauana eskatzeko esaten deutso, eta honek, bihotz zentzunduna herria zuzentzeko, ona eta txarra bereizteko. Gogoeta esanguratsua.


2. irakurgaia: Erromakoei 8, 28-30

Paulo apostoluak, pozez beterik, Jainkoaren salbamen asmoa iragarten dau. Jainkoak -guk merezi izan barik- salbamen maitasunean bat egin gaituela konturatzen da. Holako dohai ederrak gizakiongandik erantzun bat merezi dau; baina guztiok ez dogu egiten era berean. Egiten dabenak, Jainkoagaz hartuemonean bizitzeko errezago daukee, Jainkoa leiala danez hutsik ez daualako egiten. Gogoeta ederra.


Ebanjelioa: Mateo 13, 44-52

Jesusek, jende xeheari, Erreinuko ezkutuko gauzak, parabolen bidez azaltzen jarraitzen dau. Gaur, helburu bardinagaz, hiru parabola eskeintzen jakuz; hirurak, Jainkoaren Erreinuaren haunditasuna azpimarkatzen dabe; beragaz aurkitzen danak, beste guztia bigarren maila baten izten dau. Entzun daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Apaltasunez eta konfiantzaz Jainkoa Aita-Amagana joten dogu gure preminak eta gizadiaren preminak aurkeztuz.

1.- Eleizaren alde: egi eta bake leku izanez, pertsona guztiak onartuak eta euren duintasunean aintzat hartuak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Kristau guztion alde: gizartearen erdian Jaunaren lekuko izan gaitezan, eta behartsuenen alde zerbait egiteko prest egon gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Herri aberatsetako agintarien alde: betiko hitzak eta promesak barik, beharrizanean aurkitzen diran herrien alde benetan jokatu dagien, pobretasuna, gosea eta zapalketa guztiak behingoz desagertu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Munduko gazte guztien alde: bere Hitzaren bidez, jazoeretan, behartsuetan eta bakardadean aurkitzen diran pertsonen bidez Jesusek egiten deutsen deia entzun dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure kristau alkartearen alde: Zuk eskeintzen deuskuzun mezu ederra norberaganatuz, Zure Barri onaren iragarle izan gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



HARRIBITXI (BITXI) BATEN AURKEZPENA

(Emakumeak erabilten daben edozein bitxikeri izan daiteke, eta emakume batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nire izenean eta alkarte osoaren izenean, bitxi hau dakartsut; mundu honetan zeren bila gabizan agertu nahi dau. Zuk zer bilatu behar dogun esan deuskuzuna ere gogoan dogu. Lagundu eiguzu, Jauna, gauzak bere neurrian hartzen, eta gure bihotza benetan merezi daben gauzetan ipinten. Zuk eskeintzen deuskuzun helburuaren bila, alkarrekin jokatu dagigula. Eskerrik asko zure argitasunagaitik.


DIRU-POLTSA HUTS BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gizon heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, diru-poltsa huts honegaz hauxe agertu nahi deutsut: Zure jabe izanaz, beste guztia bigarren maila baten gelditzen dala. Baina gaur egun, mundu honetan tentaldiak ugariak dira, eta gure bihotzak beste gauza batzuetan nahastatzen dira, zure jarraipenaz ahazturik. Zure grazia eta indarra eskatzen deutsuguz, Jauna.


ESKU HUTS BATZUEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek, katilu antzera ipinitako esku huts batzuk aurkezten ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Zu zara gure itxaropena eta gure aberastasuna; guk ez daukagu ezer. Zure grazia hartzeko gure prestutasuna bakarrik dogu. Zuk bete daizuzan zain dagozan esku huts honeen bidez, horixe da gaur eskeintzen deutsudana.


EGOBERNUZ KANPOKO ERAKUNDE (GKE) BATEN AURKEZPENA AURKEZPENA

(Ez ezinbestekoa dalako, hainbesteren artean BAT; besteak urtean zehar aurkezten joango gara, domeka eta jai egunetan bananduta. Gaur beroni buruzko txosten bat edo GKE honen ekintzak azaltzen dituan proiektu bat aurkeztea izango da)

OTOITZA – AZALPENA: Hainbeste talderen giza giroko ekintzak aurkezten deutsuguz gaur, Jauna, gizarte mailan eta kultura mailan makalenak diranen alde diharduenen ekintzak, hain zuzen ere. (Talde baten izena) talde honen ekintzaren bidez aurkezten deutsugu. Onartu eizu, Jauna. Zure Erreinua gauzatzen da euron konpromisoari esker, fededunak zein fede bakoak izan. Eta gu ere, egunetik egunera, behartsuenakaz sentiberago eta eurakaz lotuago bizitzera eroan gaizuz.

Agurra

Senideok: soloan ezkutatutako altxorra eta harribitxi ederraren parabolak entzun doguz. Jainkoaren Erreinuaren balioak, batzuk baztertu egiten dabez eta beste batzuk ezagutu ere ez. Batzuetan inork ez deutsezelako eskeini; beste batzuetan, ezagutu arren ere, JESUS dan altxorra onartzea eta jarraitzea ez jakulako egiten erreza. Egiteko ederra aurkeztu jaku domeka honetan. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Bedeinkatu Zu, Aita-Ama, zeru-lurren Jauna,
Zure erreinuko misterioak jende apalari erakutsi deutsazuz-eta”




Jesus, Jaun eta Maisua, bere ikasleen taldeagaz dago, astiro-astiro, Berak iragarten eta aldarrikatzen dauan errealitate barri horregaz jabetzen joan daitezan. Horretarako, danak ulertu dagien, eguneroko bizitzatik hartutako adibide errezak erabilten ditu.

Gaur, begi bistan dagoan zerbait, eta errez ahazten doguna agertzen deusku: bizitzan gauza guztiak ez dabe garrantzi bardina. Engainatu ez gaitezan eta gauzak nahastau ez daiguzan, BALIOEN MAILA bat derrigorrezkoa dogu.

Liturgiak jarraibide batzuk eskeintzen deuskuz: Salomonentzat, herria zuzentasunez gidatzeko, garrantzitsuena jakituria da; eta jakituriaren dohaia eskatzen dau. JESUSentzat, beste gauza guztiak itzi eta benetan garrantzia daukan gauza bakarra, Jainkoaren Erreinua da. Harrigarria! Paulorentzat Jainkoaren salbamen egitasmoa da, berak hasieratik maite gaituelako eta lehenengoa Bera dalako.

Jaunak mezu hau dakarsku gaur. Eta argi eta garbi, Erreinuaren alde jokatzeko eskatuko deusku, arriskatzea merezi dauan ALTXORRA dalako. Holan egin eban Jesusek. Erreinuaren espiritua aurkitzen dauanak, altxor ederra aurkitzen dau.

Zoriontsuak ERREINUAREN alde JOKATZEN dabenak,
ALTXOR eder baten jabe izatearen poza izango dabe!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Daukan guztia saldu ta landa a erosi egiten dau"

(Mt 13, 44)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue