Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - LOIOLAKO San INAZIO - 2017.eko Uztailaren 31a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

JAIA GIPUZKOAKO ETA BIZKAIKO ELEIZETAN



Senideok: Bizkaiko eta Gipuzkoako Eleizek jaieguna dabe gaurkoa. Loiolako San Inazioren, gure Zaindariaren, eguna dogu: gure herriaren entzutea munduko hainbeste bazterretaraino zabaltzea ahalbidetu eban gizonarena.

Loiolako Inaziori gatx egin jakon Jaunaren deiak entzutea: bere kontura eta bere interes eta balioen arabera bizi gura eban. Eta ondo joakon. Baina Jainkoak itxaron egiten dau, ez dau prisarik hartzen; han egoten da une egokiaren zain Inazioren bihotza eta gurea harrapatzeko. Ebanjelioko txatal batek eragin eutson Inaziori: “Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea bere burua galtzen eta hondatzen badau?” (Lk 9, 25).

Ospakizun eta jai honek lagundu deigula Jainkoak gutariko bakoitzari eten barik egiten deuskuzan deiak aurkitzen.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Deuteronomioa 30, 15-20

Idazle sakratuaren arabera, bizitzarako edo heriotzarako bidea ipinten deutsoz Jainkoak aurrean herriari, berak aukeratu daian. Jainkoak -saminez- herriaren aukera okerrak errespetatu egiten ditu. Berak leial jarraitzen dau eta bizitzarako agintzariak betetzen jarraituko. Guretzat ere gogoeta esanguratsua.


2. irakurgaia: 1 Korintokoai 10, 31 – 11, 1

Paulo apostoluak, fededun lez bizitzeko erea aurkezten deutso bere Alkarteari: bakoitzaren bizitza Jainkoaren goralpen lez bizitzea, eta holan Kristo Jesusen antzeko izatea. Hori da egiazko fededunaren helburua. Onartu dagigun testigu honen gogoeta eder hau.


Ebanjelioa: Lukas 9, 18-26

Ebanjelioan entzungo doguzan berba honeek: “Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen eta hondatzen badau”, gizon emakume askoren bizitzan akulu lez izan dira. Jesusen proposamena zehatza da eta erantzun bat eskatzen dau; ezin leike baztertu. Entzutera eta onartzera konbidatuta gagoz. Egin daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Gure Alkarteetan gaur gogoratzen dogun Loiolako Inazioren bitartez, eskatu dagigun euren bizitzak beteko dituan zerbait horren bila diharduen gizon eta emakumeen alde, eta aintzat hartu dagiguzan gizadiaren beharrizan guztiak.

1.- Gipuzkoako eta Bizkaiko gure Eleizen alde eskatzen deutsugu Jauna: Loiolako Inazioren bitartez, babestu eta bedeinkatu eta banaketa guztitik atara dagizuzala; Jauna, Familia lez hazi daitezala; apalak, hurbilak, abegitsuak izan daitezala, eta pertsona guztiak bereizkeria barik hartu dagiezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Jauna, historian zehar Ebanjelioaren Barri Ona munduko hainbeste lekutan iragarri dauan Jesusen Lagundiaren alde eskatzen deutsugu: bedeinkatu egizuz kide guztiak banan-banan, behartsuenen eskubideen alde jokatzen jarraitu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Jauna, Jesusen Lagundia Erreinuaren aldeko zerbitzurako bokazino barriz bedeinkatu dagizula eta guztiak zure Eleizearen zerbitzari leialak izan daitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Jauna, jarraitu egizu Jesusen erara bizi gura daben neska-mutil gazteak suspertzen; guraso eta hezitzaileen alde, haurrak eta gazteak giza balio gizatiar eta kristauetan hezi dagiezan, eta aurkezten jakezan zailtasunak gorabehera, gogoa galdu ez dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Lagundu eta babestu egizuz, Jauna, gure Alkarteak eta gure Familiak: xumetasun eta apaltasunetik bizi dagiezala batasuna eta senidetasuna, eta hurreratzen jakezan guztiak onartzen jakin dagiela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LORA-TXORTA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko edozeinek egin daike aurkezpen hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik lora txorta polit hau eskeintzen deutsut. Banan-banango eta alkarteko gure fedea adierazo gura dau. Zeuk egiten deuskuzu deia eta gutariko bakoitzak onartu behar dogu zure berbea, honek esana egin behar dogu eta geure bizitzaren bizitza bihurtu behar dogu. Gauza izan gaitezala, Loiolako Inazio izan zanez, Zu Jainkoaren Seme maite, gure Jaun eta gure bizitzen ardatz autortzeko. Fede hori, Jauna, izan daitela gaur eskeintzen deutsuguzan loren besteko usaintsua, eta izan dagiala gizon-emakumeei itxaropena emoteko gaitasuna.


EBANJELIOEN AURKEZPENA

(Alkartean, bai helduen artean bai gazte edo umeen artean, fedea zabaltzen diharduan batek aurkeztu daike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Ebanjelioak eskeintzerakoan, zure Seme Jesukristori jarraitzeko gogoa eta erabakia agertzen deutsut. Zure jarraitzaileon liburua da. Loiolako Inaziok eta hainbeste gizon eta emakumeek euren bizitzako ardatz egin daben liburua. Jauna, emoiguzu zure Espiritua, gure eguneroko bizitzan Ebanjelioa egi bihurtzen joan gaitezan.


GATZONTZI BETEAREN AURKEZPENA

(Alkartean konpromisu bat daukan batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, ebanjelizatzen eta mundua eraldatzen egiten gabizan ahaleginaren ezaugarri lez, pastoraltzan lanean gabizan eta alkarte osoaren izenean dakartsut gatzontzi bete hau. Loiolako Inazio eta Jesuitak hainbat herritan ebanjelizatzen diharduen antzera, eragozpen ugari izan arren guk ere ebanjelizatzaile izaten jarraitu nahi dogu. Zure laguntza eskatzen deutsugu gure gatza gezatu ez daiten.

Agurra

Jaunak, Loiolako san Inazioren jai egunean, bere Berbearen eta bere Eukaristiaren janarira dei egin deusku. Bedeinkatu daizala berak gaur bere jaia pozik ospatzen diharduen Herri hau eta Jesusen Lagundiko Familia hau. Eta honek lagun egin deiskula guri be Jaunaren benetako seme-alaba lez bizi izaten, guztien eskubideen alde jokatzen beharturik. Jai eta poztasun egun zoriontsua!


ABESTIA


Inazio, gure Patroi handia
Jesusen Konpainia,
fundatu eta dezu armatu,
ez da, ez, etsairik jarriko zaizunik
inolaz aurrean gaurko egunean,
nahiz betor Luzifer deabrua
utzirik inpernua.
Zure soldaduak
dirade aingeruak,
zure gidaria
da Jesus handia;
garaitu ditu zure Konpainiak, etsaiak.
Ez dauka fedeak,
ez kristau nereak,
ez dauka beldurrik
inungo aldetik.
Inazio hor dago,
beti ernai dago,
armetan jarria
dauka Konpainia,
txispaz armaturik,
bandera zabalik,
gau ta egun gu guztiok
bakea dezagun,
beti gau eta egun.

Egun honetarako gogoetea

“Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea,
bere burua galtzen eta hondatzen badau?”




Bikaina da mundu guztian LOIOLAKO INAZIO euskaldunaren entzutea. Eragin handia izan eban bere sasoian eta gizaldiak zehar iraun egin dau eragin horrek.

Zaila egin jakon Loiolako Inaziori Jainkoari ENTZUTEA. Eroso aurkitzen zan Jainkoaren egitasmoetatik urrun samar egoan bere “mundutxoan”. Baina Jainkoak, iraupen onekoa izanik, badaki une egokiari eta bitarteko bete-betekoari itxaroten, nahiz eta agirian zoritxarra izan (Iruinako zauria). Hortxe sortzen da goitik behera eraldatutako eta goitik beherako eraldatzaile izango dan Inazio.

OTOITZA dala gizaki handiak egiten diran eta Jainkoagazko topaketa sortzen dan “ikaslekua” aurkituko dau. Eguneroko bizitza arruntean egunik egun bizi daiteken otoitza. Berak idatzitako GOGO JARDUNAK liburua Jainkoaren esperientzia izatetik Ebanjelioaren Barri Onaren egia eskeintzera bialdutako gizon-emakumeak (“Kristoren gudariak”) egiteko tresna jatorra izango da.

Sinestedun sakona izan zan. Aparteko eran maite izan eban Eleizea une zail eta korapilotsuetan, eta bere Familia be, Jesusen Lagundia, Jesusen Eleizearen esanean eta maitasunean bizi izatera bultzatu eban. Munduko zenbat bazterretara heldu dan Ebanjelioaren dohaia, gizaldiak zehar, Familia horren eraginez! Atzo eta gaur, era harrigarriz adierazo dabe hori lekuko (testigu) bereziak.

Jesusen eta honen Ebanjelioaren lekuko bikain eta baliotsu, eta gure hurko Elizearen Zaindari dogu Inazio. Honek bizi eban lez ONBIDERATZEAren dinamikan sartzea da bere jaia ospatzea, gure munduak gaur be behar dituan LEKUKO BIZIAK izatera heltzeko.

Zoriontsuak ERREINUAren alde JOKATZEN dabenak,
Jainkoa izango dalako euren ALTXORRA betiko!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zetako yako gizonari mundu guztia irabaztea, bere burua galtzen eta ondatzen badau?"

(Lk 9, 25)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue