Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - JESUSEN ANTZALDAKETA - 2017.eko Abuztuaren 06a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Egun on eta ondo etorriak.

Senideok: Jaunak “Beragaz egotera” eta anaia-arrebakaz jai egitera konbidatzen gaitu. Jesus eta bere misterioa kontenplatzeko aukerea emoten deusku gaurko liturgiak. Jerusalemera bidean, bere lagunak bizi izan ebena biziteko aukerea izango dogu.

Tabor mendian, eurak eta guk, Jaungoiko Aita-amaren berbak eta konbitea entzungo doguz: “Hauxe da nire Seme maitea; entzuiozue”. Iradokizun bat baino zerbait sakonagoa da; gure Jesusen jarraitzaile izatea ikutzen dau. Hementxe aurkitzen gara.

Domeka honetako Eukaristiak lagundu deiskula Jesus Jauna AURKITZEN. Hasi daigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Daniel 7, 9-10. 13-14

Herriak bere salbatzailearengandik zer itxaroten dauan aurreratuko deusku profeteak. Jainkoaren erreinua igaroko ez dana eta amaierarik ez daukana dalako, herria Beragan konfiantza osoa izatera konbidatzen dau profeteak. Onartu dagigun berak agertzen deuskun itxaropena.


2. irakurgaia: 2 Pedro 1, 16-19

Pedrok ez dau beste barik zerbait kontatzen; gertatutakoaren lekuko lez baino: Jainkoa, Jesusengan agertzera emon jaku. Bizitzako bideetan bila dabilanarentzat, Jainkoaren ahotsa, argia eta norabidea da. Zabal dagiguzan gure bihotzak testigantza hau onartzeko.


Ebanjelioa: Mateo 14, 13-21

Jesus, Jerusalemerantz doala, bere lagunen aurrean antzaldatzen da, heriotzaren osteko aintzaren aurrerapen lez. Aitaren ahotsak, Berbea dan bere Semeari entzutera eta leialak izatera konbidatzen gaitu. Hemen aurkitzen gara gu ere, Jesusekin batera bidean. Entzun dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Semeagan seme-alabak izatearen konfiantzaz, Eleizearen, munduaren eta gure preminak aurkezten deutsaguz Jaungoiko Aita-amari.

1.- Jaungoiko Aita-Amak Eleizearen oinazeak onartu daizan, bildurrak baretu eta pozez eta alaitasunez bete; itxaropena bizkortuz anaia-arreben egoerea gozatu daian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Mundu solidarioago eta zuzenago baten alde lanean dabilzan hainbeste gizon-emakumeren lana Jaungoiko Aita-Amak bedeinkatu daiala; eta etsi barik, aurrera eginez, biziaren Jaungoikoaren argia onartu daiela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Euren bizitza anaia-arreben zerbitzurako emon dabenak, Jaungoiko Aita-Amaren bedeinkapenez, bere Erreinuaren benetako lekukoak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Jaungoiko Aita-Amak gure bizitzak bere maitasunaz argitzen jarraitu daian; beragana zabaltzeko, onartzeko eta bere argipean ibilteko gai egin gaizan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Jaungoiko Aita-Amak gure parrokia-alkartearen itxaropena berbiztu daiala; sufritzen dabenak, dudan edo bildurrez dagozanak, Jaunaren laguntasuna sentidu daien eta gu guztiok eurentzat argi izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ARGIONTZI ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko nagusi batek egingo dau eskeintza)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Seme Berbiztuaren ezaugarri dan kandela isiotu hau dakartsut, Jauna. Bere argiaren inguruan batu ebazan Harek lehenengo kristauak, alkarte bizietan. Gure alkartean benetan biziteko eta alkarbanatzeko gogoa eskeintzen deutsugu lehenengo, eta baita, bigarren, alkartetik urten eta, geure berben eta bizitzaren bitartez, zeu gizon eta emakumeei aurkezteko gogoa be. Horretarako, emoiguzu, Jauna, zure grazia eta indarra.


BASERRIKO OGIA ETA PITXAR BETE ARDAUAREN AURKEZPENA

(Meza laguntzaileak egin leike. Euretariko batek dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen, Jainko Jauna, ogia eta ardaua; Zugandik, lurraren indarretik eta gizakiaren lanetik hartutako frutuak doguz. Zure Espirituaren indarrez, guretzat zure Semearen Gorputz eta Odol bihurtuko dira. Bakarka eta alkarte lez, zure Erreinurako bidean behar ditugun janaria eta edaria dira. Gaur, BANATZEAREN ezaugarri ere izan gura dabe: pertsona guztiak ahora zer eroan euki daiela. Onartu, Aita-Ama, gure eskeintza hau eta gure artean solidaritatea nagusitzen joan daitela.


IRRATI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko kide batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Komunikabideetan batez be gure entzumena eskatzen dauan irrati hau aurkezten deutsut, Jauna. Baina gaur, zure HITZAREN entzule garala agertu nahi deutsut; zure eskakizunetara adi egon nahi dogu; zure deiei zabalik egon nahi dogu.


JAI EGITARAUEN AURKEZPENA

(Alkarteko familia batek egin leike eskeintza hau; euretariko batek dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Jauna, inguruan jai giroa dogun ezkero, jai batzuen egitaraua aurkezten deutsugu. Jan-edanean eta batetik bestera ibiltean ez gaitezala gelditu. Famili bizitza, alkarrizketa eta gure hartuemonak sakontzeko une berezi lez aprobetxatu daiguzala. Jaien alderdi baikor hau aurkitzen eta bizitzen lagundu eiguzu, Jauna.

Agurra

Senideok: entzun dogun Jaunaren Berbeagaz konprometiturik eta Kristoren Gorputzagaz eta alkarteagaz indarbarriturik, eroan daigun eguneroko bizitzara gure sinismenaren konpromisoa: Kristogaz bat egiteak anaia-arrebakaz be bat egitera eroan gaizala; eta honeek sentidu daiela benetan merezi dauala, Jesus, Seme maiteari entzutea. Ebanjelioko testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Hauxe da nire Semea, nire Maitea;
Beronegan dot nire atsegina. Entzun egiozue”




Gaur, opari lez, guztiontzat argiz eta itxaropenez beteriko jaia ospatzen dogu: “Bera, bere aintzan kontenplatzea” Jesusen jarraitzaileontzat eta sinismena daukagunontzat pozgarri jaku.

Kalbarioko bidean, bere bizitza osorik eskeintzearen bide horretan, ANTZALDATZEAREN jai honek Jesusen atsedenaldia gogoratzen deusku. Jaunagaz alkartu eta azkenera arte aurrera egiteko indarrak barriztatu. Azkenean izango dauan aintza une batez gozatzen dau Jesusek, baina benetako eta betiko aintzara heltzeko Nekaldia eta Heriotza jasan beharko dauz.

Jesusen lagunak, Taborren geratzeko asmoa agertu eben: JESUSEN BIDEAREN zergaitia ez eben ulertu. Baina Jesusek argi dauka: bere bidea guztiz emotea da, eta heriotza onartzea; hauxe da betiko aintzan sartzeko era bakarra. Zeruko ahotsa horixe baieztatzera dator: “Hauxe da nire Semea, nire Maitea; Beronegan dot nire atsegina. Entzun egiozue”. Kasu egitera deituak gara.

Ospakizun honek gure izatea, gure pentsakera eta gure mundua erabarritzera eroan behar gaitu. Horretarako, Semeagan agertzen jakun Aitaren ahotsa onartu behar dogu: itxaroten dogunaren LEKUKO BIZIAK izatera, hau da, konbidatzen gaituanaren ahotsa izatera. Bere Berbea entzun eta beteten ahalegindu: horra hor gure erronkea.

Zoriontsua JESUSEK ERALDATUA:
ARGIAREN eta BIZIAREN seinale izango da!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Arpegia eguzkia baizen distiratsu egin zan"

(Mt 17, 2)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue