Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 19. domekea - 2017.eko Abuztuaren 13a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Eukaristia ospatzera. Jaunak alkartzen gaitu bere hitza entzun eta bere mahaitik parte hartzeko.

Itxaropenez beteriko mezua entzungo dogu. Jesusen hitzak gure barrua ikutuko dabe: “Izan bihotz, Neu naz, ez izan bildurrik”. Beragaz dana da ezbardina; ebanjelioan entzungo dogunez, egoera txarrenak ere Beragaz lasaitu egiten dira. Bihotz zintzoz Beragana hurreratzen danak aterpea eta babesa aurkitzen dau. Ezin dogu ahaztu Jesus dogula Jainkoa agertzen deuskun aurpegia. Bere esanetan, Jainkoa gauza txikietan eta apaletan agertzen jaku, eta ez gure gustuko diran gauza haundi eta ikusgarrietan.

Bere Hitzean, Eukaristian, alkartuta dagozan anai-arrebengan, bihotzaren isiltasunean... agertzen jakun Jainkoaren presentzia ospatuko dogu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 1 Erregeak 19, 9a. 11-13a

Israel herria, Itunaren Jainkoa baztertu eta sasi jainkoetara hurreratzen ikusten dau Elias profeteak eta horregaitik herritik alde egin nahi dau. Profetea, bere bakardadean, Jainkoaren bila dabil eta, harriturik, Jainkoa ez dagoela gauza ikusgarrietan konturatzen da. Eta bai haize finaren zurrumurruan. Bakez onartzen dogu kontaketa hau.


2. irakurgaia: Erromakoai 9, 1-5

Israelgo seme-alabak ez dabe onartu Jesus Mesias lez, eta Paulo apostolua kezkaturik agertzen jaku. Egoera honek, anai-arrebakaz bat egitera eroaten dau, eurak ere berak bizi izandakoa bizi ahal dagien. Bere egitekoa korapilatsua da, baina Pauloren giza sakontasuna agertzen deusku. Entzun daigun bere testigantza.


Ebanjelioa: Mateo 14, 22-33

Ebanjelioan Jesusen iragarpen harrigarri bat agertuko jaku. Dana barria egiten dauan Biziaren Jainkoa agertzera dator. Oraingoan, itsasoan agertzen da: denporalea gelditu eta sinisteak dakarren arriskua bildur barik onartzera deitzen deusku. Fededunak badaki Kristo bide lagun dauala beti; zaindu daigun konfiantza hori. Entzun daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amaren laguntza beti jatorku ondo. Konfiantza osoz berari zuzentzen deutsaguz gure preminak.

1.- Eleizaren alde: nagusikeria eta harrokeria baztertuz, eta Eleiza apala, hurrekoa eta abegikorra izanez, hartutako misinoa zintzotasunez bete dagian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Bakarrik, gaixorik, lan barik, papel barik, aterpe barik aurkitzen diran eta gure gizarteak baztertzen dituan pertsona guztien alde: euren eskubideak zainduz, lagun izango dabezan pertsonak aurkitu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Kristau guztion alde: Jainkoa gurekin batera dagoan sinismena eta konfiantza izan daigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Munduko eta gure herriko bakearen alde; bakearen alde lana egiten daben pertsona guztiengaitik: errespetua eta tolerantzia gordeaz, alkarrizketarako bide barriak eraiki daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure kristau alkartearen alde; udaldian aurkitzen diran guztien alde: pertsona guztiak onartuak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



HATX HARRI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Jauna, hatx harri honegaz, gure indarra eta aterpea zarala autortzen dogu. Baretzen gaituan eta zure bakea dakarskun hitza entzun nahi dogu. Inguruak ez deusku eskeintzen giro hori, baina guk holan bizi nahi dogu. Zure Seme maitearengan daukagun sinismenean sakonduz, bere laguntza sentidu deigula gure ibilbidean.


TELEBISTAKO EGITARAUA DAKARREN ALDIZKARI BATEN AURKEZPENA

(Gazte batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, telebistako egitarauen aldizkari hau dakartsut. Honekin, gure munduak eta gizarteak goratzen dituen baloreak gogoratuz, horren aurka ezer gitxi egin daikegula agertu nahi deutsut. Ebanjelioko baloreak beste era batekoak dira eta zuk bizitzeko eskatzen deuskuzu. Bizi nazan, lana egin eta atsedena hartzen dodan tokian zure baloreen lekuko izateko konpromezua eskuratzen dot.


HONDARTZARA JOATEKO ERABILTEN DOGUN ESKUZAPI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte edo heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Jauna, gure gizartean “itxura onekoa” izatea, eta horretarako eguzkia hartzea, eguneroko gauzak dira. Eskuzapi honek, oporretan gagozala agertzen dau. Jauna, oporraldiak, geure izateaz eta Zugaz aurkitzera eroan gaizala. Benetako atsedena hartuz, indar barriekaz bihurtu gaitezala gure zereginetara.


DIRU POLTSATXO BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, diru poltsatxo hau, kontsumo zalekeriaren aurka gagozala agertzeko dakartsugu. Jauna, zuk badakizu gazteok tentaldi ugari izaten ditugula. Salmo egilearekin batera dinotsut: “urrundu gugandik Jauna baztertzea”. Eta Pedrorekin: “norengana joango gara? Zuk betiko bizitzaren hitzak dozuz”. Bihotz-bihotzez eskerrak emoten deutsudaz, Jainko Aita, zure Seme Jesukristogan sinistea emon deustazulako.

Agurra

Senideok: konfiantza eta adorea emoten deuskuzan hitzak entzun ditugu: “Gora bihotza! Neu naz. Ez izan bildurrik”. Hitz honeek guretzat esanak izan dira eta Jesusen konbidapena dogu. Barriro dinotsuet: “Ez izan bildurrik”. Nire sinismena apaltasunean bizitzeko, “Ez izan bildurrik”; errespetua eta tolerantzia zainduz, norberen eritzia agertzeko, “Ez izan bildurrik”. Jesus, zure ondoan, gure ondoan dago; gurekin dator. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Jaunagan itxaroten nago,
nire barrua Haren Hitzaren zain dago”




Domekero, Jesus gure Jaunaren inguruan alkartzen gara. Ez gaitu bakarrik izten; gure makaltasuna eta bildurrak ezagutzen dauz. Bildur horreek agertzen dira gaurko mezuan.

Gaur ere, Pedro agertu jaku bere izatean; sarritan bere egoereaz bat egiten dogu: sinismena makaldu, bildurtu, urperatzen doala sentitu. Gure bizitzako esperientzia asko egongo dira Pedroren deadar honetan baturik; bizitzan zehar zenbat bider esaten dogun: “Jauna, salbau nagizu”.

Konturatu edo ez, gaurko gure mundu hau ere bildurrez bizi da; gizadiak aurrerapen asko egin ditu, baina ez dau kendu bildurra: segurtasun falta, sufrimentua, gutarrei egindako kaltea, lanik eza, bakardadea, bazterketa edo zentzun bako bizitza. Zenbat pertsona eta egoera, hainbat bildur eta esturaldi.

Eta egoera honetan, kristauok gaurko ebanjelioan entzundako hitzak, “Jesusek eskua luzaturik”, gogoan doguz: Bera beti hurrean, gure ondoan dago. Bizitzan behar dogun konfiantza Beragan aurkitu geinke. Eta gu ere, bizitzako egoera ezbardinetan, beste batzuei konfiantza emon eta eskeintzen deutsen andra-gizonak izan geintekez.

Elias profeteak, Jainkoagaz aurkitu ondoren izten deuskun mezua ere ederra da. Jainkoa, haize gozoaren zurrumurruan egoan, eta aurkitutakoan... dana aldatzen da!

Zoriontsuak euren inguruan KONFIANTZA sortzen dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Izan bihotz, neu naz; ez izan bildurrik!"

(Mt 14, 27)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue