Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - ANDRA MARIAREN ZERURATZEA - 2017.eko Abuztuaren 15a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak ospakizun honetara.

Gure herri askotan sustrai luzeak dituan jaia ospatzen dau gaur Eleizeak. Herriaren jakinduriak argi ulertu dau Andra MARIAren garrantzia, bera fededunaren ama eta ispilu dalako.

Ez jaku errez egiten gaurko ebanjelioaren mezua onartzea: bidean jarri behar dogu. Eroso bizitea dogu gogoko, eta Jainkoak erosotasunak iztera konbidatzen gaitu; gure mundutxoetan itxiak bizi garanok, besteengana hurreratzeko deia jasoten dogu. Hori da Mariaren jarrerea: Jaunaren nahiari baietza emon eta gero, momentuan joan zan Isabel lehengusinearen etxera.

Itzartu daigun gure bihotza Jaunaren presentziaren aurrean eta, poz-pozik, hasi daigun gure ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Apokalipsia 11, 19a. 12, 1-6a. 10ab

Irudi nagusia emakumea dauan koadroa eskeintzen deusku idazle sakratuak: guztia doa haren garrantzia azpimarratzera. Jaunak be begiko dau, eta oso-osoan aldeko azaltzen jako. Mariak, Kristoren garaipenean bat egiten dau. Entzun dagigun, bihotz biziz, gogoeta berezi hau.


2. irakurgaia: 1 Korintokoai 15, 20-27

Paulo apostoluak Korintoko kristauei egindako idazki honetan, gauza bat argi izten deusku: gure Biztuerea Jesukristorenaz lotuta dagoela. Kristo danen hasiera eta amaiera da. Bera da gure Bizitzaren hasiera eta amaiera; Beragandik gatoz, Bere eraginez bizi gara eta Berarengana goaz. Hainbeste doantasunen aurrean, leialak izatea dagokigu. Entzun daigun.


Ebanjelioa: Lukas 1, 39-56

Entzungo dogun ebanjelio zati honetan, Lukas ebanjelariak Mariaren ahotan ipinten dauz, Jaunak historian zehar egin dauzan harrigarriak. Maria lako pertsona apalak goratzen dituan Jainkoari, bihotza edegi behar dautzagu. Sinismendunaren esker ona agertzeko kantua dogu “Magnifikat”. Jainkoa goratuz, guk ere apaltasunez onartzen dogu.

Jaungoiko herriaren otoitza

Espiritu Santuaren indarrak adoretuta, zuzendu deioguzan gure otoitzak eta eskariak Jaungoiko Aita-Amari, bere Semearen bidez, Andra Maria lagun dogula. Egon ziur: emongo deusku bizitzarako beharrezko doguna.

1.- Eleizearen alde: Andra Mariaren antzera, erromes bizi daitela mundu honetan, besteen preminetara beti adi. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintarien alde: mundu gizatiarragoa, zuzenagoa, askeagoa egiten ahalegindu daitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Edozer arrazoirengaitik sufritzen dagozan gizaki guztien alde: euren bide gogorrean aurkitu daiela sufrimentua arinduko deutsen esku bero-beroak eta hurrekoak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Jaietan edo oporretan dagozanen alde: euren benetako poza bihotzeko bakean, anaia-arrebakaz egotean eta alkar banatzean aurkitu daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: beti bizi gaitezala zuhur besteen preminak ikusteko, itzarrik behar gaituan edozeinengana hurreratzeko, eta sendo zerbitzuan irauteko. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errezak” eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan “EZAUGARRI” ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LOREN AURKEZPENA

(Altara ondoko lorak aurretik prestauta egongo dira, baita lora honeek non ipini be. Eskeintza alkarteko edozein emakumek egin leike)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, gaur zure mahai ingurua dotore ipini gura dogu. Zure Semearen Ama eta gure Amaren jai eguna dogu eta berak dana merezi dau. Lora honeekin Mariaren edertasuna agertu eta goratu gura dogu. Zu be, beragan fijatu zinan, sortu baino lehen, lurrean zure Semearen sagrarioa izateko. Lora honeekaz eskeintzen deutsugu geu izateko gogoa eta konpromisoa, Espiritu Santuaren egoitza, gizakientzat lurrean ezaugarri.


GATZAZ BETERIKO GATZONTZI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA - AZALPENA: Nire izenean eta alkartearen izenean, gatzontzi bete hau aurkezterakoan, mundua eraldatzen eta ebanjelizatzen dogun konpromisoa gogoratu eta gaurkotu nahi dogu. Historian zehar beste gizon-emakume askoren antzera, misiolari izaten jarraitu nahi dogu nahiz eta oztopoak ugari izan. Emoiguzu zure grazia gatz honek bere indarra zaindu daian.


KUTXATXO BATEN AURKEZPENA

(Kutxea zabalik eta hutsik. Alkarteko gizon batek egin leike. Ederra eta polita izan daitela)

OTOITZA - AZALPENA: Mariak eukan jarreraren ezaugarri lez dakartsugu kutxa hau. Mariak bere bihotzean gordetzen ebazan Jainkoaren eta bere Semearen hitzak. Jauna, guk ere Zuk esaten deuskuzunaren zain egon nahi dogu eta gauzarik ederrena lez geure bihotzean gorde.


FRUTA OTZARA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko emakume bik egin leikie. Ospakizunaren amaieran ondo legoke han aurkitzen dan bikote zaharrenari oparitzea. Euretariko batek eskeintza orduan dino:)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, ikusteko ederrak eta jateko gozoak diran frutakaz beteriko otzara eder hau dakartsugu. Zuk sortutako gauza guztiakaitik eskerrak damotsuguz. Zure Seme Jesu Kristok eta bere Ama Mariak, zugaz betiko egotearen poza gozatzen dagoz. Zuk gure eskuetan ipini zenduan mundu eder hau, gizakiok zoritxarrez, interes ekonomikoak tartean dirala, hondatu besterik ez dogu egiten. Jauna, konturatu gaitezala izatea eukitearen gainetik dagoala; eta naturea bere edertasunean zaintzea gure ardurapean dagoan erronkea dogula.

Agurra

Senideok: hauxe da begi bistakoa: guztion artean, indartsuen, sarituen, gazteen, osasuntsuen, garaileen, bizitzaz gozatzeko gai diranen gizartea egiten gabilzala. Gure ondo izatea arriskuan jarriko ez daben pertsona atseginak ditugu gogoko; adiskidetasuna eta maitasuna bera, mesede trukaketa lez hartzen ditugu. Baina holan ezin da alaitasunik kutsatu, ezin da bizirik emon.

Gaur egun, errekuperatu behar dogun maitatzeko era barri bat dago: bakardadean jota aurkitzen danari, beheraldian lotuta dagoanari, gaixoaldian aurkitzen danari, drogeagaitik baztertuta aurkitzen danari, edo bizi pozik eta itxaropen barik dagoanari… gure laguntza eskeini behar deutsagu. Hauxe da Jaunak egiten deuskun konbitea: besteengana zabalik egonez, bidean aurrera egiteko prest egon behar dogu, eredutzat ipini jakun MARIAren antzera. Kristau testigantzaz osoturiko jai zoriontsu bat danoi!

Egun honetarako gogoetea

“Bedeinkatua zu andra guztien artean
eta bedeinkatua zure sabeleko frutua!”




Kristau alkartearentzat GAUR be egun handia da. Oporretan eta jaietan aurkitzen garanean, MARIAREN ZERURATZE jaia ospatzen dogu. Egun ederra. Hainbat herritan jaiak dira! Sinismen bihozkadaren ondorena dala esan leike.

Nahiz eta heriotza hor egon, gaurko eguna, ITXAROPENAREN abestia, BIZITZAREN abestia da; hau da, heriotza ez da azkenengo berbea: Jaungoikoak Jesus berbizterakoan, muga guztiak apurtu ditu. MARIAK betiko bizitza horretan parte hartu dau. Sinistunetan bera izan da lehenengoa.

Gure antzera, Maria sinismenean bizi izan da; berak be, erantzunak baino itaun gehiago sortzen deutsazan Jainkoa aurkitu dau; Jaungoikoaren berban fidatuz egin eban ibilbide guztia; iluntasun artean egin behar izan eban bidea. Guzti horregaitik, SINISMENDUNEN EREDUA da.

Heriotzara garoezan indarrak ez daitezala nagusitu gugan; BIZITZARA ZABALIK egon gaitezala eskatzen jaku gaur; hauxe da egiten jakun dei nagusia.

ZORIONTSUAK BIZITZARA zabalik dagozanak:
eurak beteko dabe JAINKOAREN ASMOA!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Aaltsuak nire alde gauza arrigarriak egin dauz"

(Lk 1, 49)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue