Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 20. domekea - 2017.eko Abuztuaren 20a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Jaun Berbiztuaren inguruan alkarturik egiten dogun ospakizun honetara.

Biziaren Jainkoarengana zabalik dagozan guztiei eskeintzen jakela salbamena esango deusku gaur Jainkoaren Hitzak. Ez Israelek ezta beste inork ere ezin dau gorde beretzat Jainkoaren salbamena. Holan agertzen jaku gaurko irakurgaietan.

SINISMENAK, ate guztiak zabaltzen dituala agertuko deusku Jesusek. Ebanjelioan agertuko jakun emakume kanaandarrak, Jainkoaren aurrean gure jarrerea zelakoa izan behar dan esaten deusku. Jesusek, bera onartuz, Jainkoaren doea onartzera konbidatzen gaitu.

Ospakizun honetan, Jesusek eskeintzen deuskun Biziaren Jainkoagana hurreratzen gara; Beragaz bat egin nahi dogu. Hasi gaitezan.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 56, 1. 6-7

Israel herria Babiloniako erbestetik etorterakoan idatzia dala esan leike Isaiasen zati hau. Itun Zaharrean unibertsaltasun gehienetarikoa daukan zatia dogu. Jainkoak, atzerritarrak ere konbidatzen dauz bere herri santua izatera eta bere doe eta agintzariak gozatzera. Salbamena herri guztiei eskeintzen jake; inor ez da baztertzen. Entzun daigun.


2. irakurgaia: Erromakoai 11, 13-15. 29-32

Paulo apostoluaren arabera, lehen, jentilak pekatariak eta Jainkoaren arerioak ziran, eta hebertarrak, herri aukeratua. Orain judutarrak esan-txarrekoak bihurtu dira eta jentilak Jainkoaren errukia aukeratu dabe. Holan, jentilak salbamena onartzen dabe. Paulok bere senideen bihotza bizkortu nahi dau eurak ere onartu dagien; salbamen horren hartzaileak izanez, orain kanpoan gelditzeak min emoten deutso. Entzun daigun bere gogoeta.


Ebanjelioa: Mateo 15, 21-28

Atzerritar emakume baten sinismena goratzen dau Jesusek ebanjelioan. Sinismena leinu, hizkuntza eta pentsakera guztien gainetik dago. Kanaandar emakumearen apaltasunaren aurrean, Jesus bera ere bigundu eta samurtu egiten da; pozez eta mirespenez bere sinismena onartu eta jarraibide lez ipinten deusku. Argi dago: Jainkoarentzat, apaltasuna, bakuntasuna, txiki izatea, gogoko dira. Onartu daigun kontaketa hau.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amaren preminea beti dogu. Konfiantza osoz Beragana joten dogu gure beharrizan batzuk aurkeztuz.

1.- Eleizaren alde: apaltasunean bizi izanez, beste era batera pentsatu eta bizi diranak ere onartu eta bakeak egin dagizan, eta danen aurrean Jainkoaren benetako aurpegia agertu daian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herri aurreratuen alde: euren eta herri pobreen arteko aldea ez daiten haunditu; eurak daukezan ahalbideak, ez daukanen eskuetan ipini dagiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Edozein arrazoirengatik sufritzen dagozan gizon emakume guztien alde: euren ibilbidean bizitzeko eta itxaropena izateko errazoiak eskeiniko deutsezan hurreko pertsonak aurkitu dagiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gure herriko eta munduko bakearen alde: pentsakera erlijiosoa dala ta, herrietako guda, jazarpen eta arrazakeriak desagertu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Jaunak deituta otoitzean alkartu garanon alde: Jainkoak, Beragaz bat egiteko grazia emon deiskun, eta dana Beragandik hartzen dogula konturatu gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LUR GLOBO BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau; gizarte zerbitzuren baten dabilen batek egiten badau, hobe)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, ume eta gaztetxoak mundua hobeto ezagutzeko eta gehiago maitatzeko gizarte ikasketetan erabilten daben lur globo hau dakartsut. Eskuetan harturik, inor kanpoko edo atzerritar barik danok uritar sentitzeko, gizaki askok amesten daben auzo haundi hori dirudi.

Jauna, arrazakeri eta erlijino ezbardinak sortzen dabezan gorrotoak desegitea eskatzen deutsut. Jesusen jarraitzaileok, baztertzaile barik bateratzaile izan gaitezala. Tolerantziaren, alkarrizketaren, alkar ulertzearen eta maitasunaren lekuko egin gagizuz.


HIRUGARREN MUNDUKO ESKEINTZA

(Gazte batek edo GKE-ONGko kide batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure bihotza apurtzen dauan munduko beste sufrimentu bat aurkezten deutsut. Hirugarren Munduko gosea, gabezia eta garapen-eza. Munduko pobreekaz arduratuta bizi diran Lehen Munduko pertsona askoren itxaropen hazi batzuk ere aurkezten deutsudaz; gizartea eta mundua aldatzearen alde egingo dogun pertsonak gehitzen joan gaitezala.


ARGIA AURKEZTEA

(Ondo legoke bateoko pastoralean dabilenen batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, eleizan gagozan guztion izenean, argi hau eskeintzen deutsut, altaran dagoanarekin bat eginik. Bateoak gugan daukan eragina agertu gura deutsut. Zure Seme Jesu Kristo Berbiztuak biztu dau gure barruan, eta munduaren erdian gu be argi izatea gura dau. Emoiguzu iluntasunean be beti argia izateko grazia.


KATILU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte batek egiten dau. Katilua hutsik dago; sinismendun lez betetzen joateko konpromisua hartzen dogu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, katilu honegaz, nik eta kristau guztiok hartzeko daukagun jarrera agertu nahi deutsut. Mariaren antzera eta zure lekuko izan diran askoren antzera, zure Hitza eta zure grazia hartzeko prest gagozala agertzen deutsut. Eurak barik txiki gelditzen gara eta Zugandik urrunduta bizi. Jauna, bete egizuz gure bihotzak zure graziaz.

Agurra

Senideok: Jesusen jarraitzaileon ospakizun hau amaitzera goaz. Hemen hartutakoa ez da bertan izteko; eroan daigun bizitzara, geu bizi garan lekura; bila dabizan guztiek ikusi dagiela Jainkoaren salbamena gizaki guztientzat dala. Gure inguruak hain gauza ederra ezagutzea geure eskuetan ere badago. Horretarako, lehenengo norberak bizi behar sinismenaren eta graziaren poza eta sakontasuna. Holan izan bedi. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Jesusek erreinuko barri ona iragarten eban,
eta gatx guztiak osatzen zituan herrian”




Domekero lez, Jesus Jaunak DEITZEN deusku; bere ahalegina gu heztea da, bere irakatsietara hurreratzea; Berak egiten deuskun proposamena gure bizitzarako onena dala senti araztea eta onartzea. Gure bizitzari zentzuna emonez gu betetzen joan gaitezan. Horretarako alkartzen gara otoitzean.

Gaurko MEZUA hauxe da: SALBAMENA ez da batzuena bakarrik; aukeratua izan zan Israel herriaren ere ez. Herri guztiak bizia izatera deituak dira; Jainkoak bera onartzen daben guztiei doanik eskeintzen deutsen bizia.

Horregaitik, salbamena, Jainkoaren bizia, DOHAI bat da, GRAZIA da; batzuk gogoz onartzen dabe, jendearen esamesen gainetik (ebanjelioan agertu jakun emakume kanaandarra, jentila); beste batzuk, Jainkoaren proposamena gogoan izan barik, euren bidea eta egitasmoa jarraitzearren aldeko agertzen dira. DILEMA horretan aurkitzen gara.

Salbamen dohai hori onartzeak, salbatuak izango garan jarrera iraunkorraz bizitzea eskatzen deusku. Eta bere konbitea baikortasunez erantzuteko aukerea eskeintzen deusku. Nahi izatea bakarrik da; Beragaz, Biziaren Jainkoagaz kontatzea bakarrik eskatzen dau. Eta Berak, egi bihurtzera bialduko gaitu, gure munduari eskeintzera: gure EGITEKOA, gure MISINOA da. Gizaki guztiok, Jainkoaren benetako FAMILIA izatera deituta gagoz.

Zoriontsuak bere DEIA ENTZUTEN dabenak,
ERREINUAREN poza Beragaz biziko dabe!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Emakume, haundia da zure sinismena!"

(Mt 15, 28)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue