Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 21. domekea - 2017.eko Abuztuaren 27a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak ospakizun honetara.

Jaiero, Jaun Berbiztua gure artean dagoela ospatzen dogu. Jesus, Jainkoaren salbamena ekartera datorren Aita-Amaren Seme maitea dogu; Beragan oinarritzen da gure fedea.

Jesusek gaurko ebanjelioan bere ikasleei itauntzen deutse: “Gizonaren Semea, nor dala dino jendeak?”. Jesusen lagunak, jendeen esanei barik, euren barrura begiratzen dabe erantzuna emoteko. Erantzunak, sinismen sakona eskatzen dau.

Jesusek itaunka jarraitzen dau: jendeak, zer dino nitaz? Erantzun ezbardinak dagoz: batzuk ez dakie nor dan; beste batzuk zerbait entzun dabe baina baztertu egin dabe; beste batzuk, historiako pertsonai ezagun bat dala dinoe, baina ez dabe ezagutzen bere mezua. Badagoz baita, Jesusek euren barrua ikutu deutsenak, bere ikasle egin diranak eta bere jarraitzaile bihurtu diranak. Erantzuna, sinismenez bakarrik emon leike: Nor da Jesus niretzat?

Hasi daigun, anai-arrebok, baturik Jaunaren inguruan egiten dogun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 22, 19-23

Errege etxeko buru dan baten kontra egiten dau zati honetan Isaias profeteak; bere gehiegikeri eta harrokeriagaitik jendearen aurrean gorrotagarri bihurtu da. Horren aurrean, herriaren zerbitzuan ariko dan bere ordezko bat iragarten dau profeteak. Jainkoak, herri aukeratuaren alde lan egingo dabenak aukeratzen ditu. Salbamen historiako bideak dira. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: Erromakoai 11, 33-36

Paulo apostoluak, gogoeta honetan, Jainkoaren esku zabaltasuna goratzen dau. Inork ezin dau ezagutu Jainkoa. Ez dauka kontsejatzailerik. Beragandik dira gauza guztiak eta Bera da helmuga. Dohai lez emoten jaku guztioi. Entzungo doguzan itaunak, norberen sinismenetik erantzutekoak dira. Onartu dagigun beren gogoeta hau.


Ebanjelioa: Mateo 16, 13-20

Jesusek bere jarraitzaileei egiten deutsen itaunaren aurrean, Pedrok hartzen dau erantzukizuna: Zu Jainkoaren Mesias zara. Hau da, gizadia salbatzera etorteko izan dana zara zu. Sinismen erantzun honetan oinarritzen da Maisuak emongo deutson egitekoa: bere alkartea, bere Eleizea eregiteko “Harri” izan. Entzun daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amaren laguntzaren preminan gagoz beti; konfiantzaz beterik gure beharrizanak aurkezten deutsaguz.

1.- Eleizaren alde: ebanjelioaren alde egiten dauan lana, gizarte honen erdian pertsona asko Jainkoari begira ipinteko modukoa izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko eta gure herriko BAKEAREN alde; bakearen alde lanean dabizan gizon emakume guztien alde: kristauon hurtasuna eta solidaritatea senti dagiela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Jesusen jarraitzaile guztien alde: bila dabizan gizon emakumeentzat, Jainko Erreinuaren erakusle izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixorik, lan barik, bakarrik sentitzen direnak eta atzerritar guztien alde: euren preminak gozatu eta arinduko dabezan pertsonakaz aurkitu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Kristau alkarteen alde: pertsona guztientzat zabalik egonez, bake leku, zorion leku eta anaitasun leku izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Pastoral kontseiluko arduradunak egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, makila hau dakartsut. Agintarien ezaugarria dogu. Beronegaz, zerbitzurako prest nagoela agertu nahi deutsut; horixe da izan ere zure familia osotzen dogunon ezaugarria. Zerbitzu hori betetzen jarraitzeko zure laguntza eskatzen deutsut. Gure alkarteko danok alkarren zaintzaile eta laguntzaile izan gaitezala.


MAHATS MORDO BATEN AURKEZPENA

(Bere familiagaz hurreratzen dan aita batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure familia eta munduko familiak irudikatzen dituan mahats mordo hau dakartsut. Errama ahul batek garaun ezbardinak batu eta lotzen dauz; gure familietan ere ezbardinak gara, baina batasunean bizi nahi dogu. Gurari hau eskeintzerakoan, zure laguntza eskatzen deutsugu bizitzan zehar egi bihurtzen joan gaitezan.


HARRI BATEN AURKEZPENA

(Eraikuntzan erabilten dan harria eta arlo horretan lan egiten dauan batek eskeintzen dau)

OTOITZA – AZALPENA: Etxeak sendotasunez egiteko erabilten dogu harri hau dakartsut, Jauna; hor oinarritzen da eraikuntza. Gure alkartea eta Eleizea Jesukristogan oinarritzen da.

Bere jarraitzaileok osotzen dogun eta zure egon leku dan kristau alkartea eskeintzen deutsugu. Mundu honen erdian zure Seme Berbiztuaren lekuko izateko konpromisua eskuratzen dogu. Batasunean bizi izanaz munduaren zerbitzari izan nahi dogu.


ARGIONTZI ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko nagusi batek egingo dau eskeintza)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Seme Berbiztuaren ezaugarri dan kandela biztu hau dakartsut, Jauna. Bere argiaren inguruan bildu zituen Jesusek lehen kristinauak, alkarte bizietan. Gure alkartean egiaz bizitzeko eta alkar banatzeko gogoa eskintzen deutsugu lehenengo, eta baita, bigarren, alkartetik urten eta, geure berben eta bizitzaren bitartez, zeu gizon-emakumeei aurkezteko gogoa be. Horretarako, emaguzu, Jauna, zure grazia eta indarra.

Agurra

Senideok: zuretzat, nor da Jesus? Horixe da bakotxari zuzendu deuskun itauna. Hor ikusten dogu Ebanjelioa hitz bizia dala, gure konpromisua eskatzen dauala, sinismena benetan hartzen konbidatzen gaituala, gogoetara bultzatzen gaituala; korrontez kontra goaz, gaur egun ez da erreza gure sinismenaren barri emotea. Jainkoaren maitasunaren lekuko izateko konpromezua eskuratzen dogu. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoetea

“Zu Pedro zara; harri horren gainean eregiko dot Nik neure Eleizea;
eta heriotzaren indarrak ez jakoz nagusituko”




Jesusek behinola bere ikasleei egin eutsen lez, gaur, beste domeketan lez, geuri ere proposamen bat egiten jaku: “Jendeak ni nor nazala dinoe”? Gure sinismenaren oinarriko itauna dogu.

Barriro ere Pedro agertzen jaku jarraitzaileen arteko ERDIGUNE bihurturik: egun batzuk dirala, dudaz josita urperatzen joiala, Jesusen eskuak salbatu eban. Gaurkoan Pedrok ez dauka ezbairik eta Jesusek “zoriontsu” dinotso; Aitaren dohaia hartu daualako zoriontzen dau. Eta hor sortzen da promesa nagusia: “harri horren gainean eregiko dot Nik neure Eleiza”.

Pedrorentzak bere sinismenaren oinarrizko itauna izan izan. Guretzat ere bai: “Ikasitakoa”, “entzundakoa” erantzutea ez da nahikoa. Nire barruak, nire BIHOTZAK zer dino. Jesus, Jainkoak bialdutakoa dala, hortxe barruan bakarrik aurkitu neike; eta hori aurkitutakoan, hortxe oinarrituko dot nire sinismena. Pedrok, konpromezuz beteriko erantzuna emon eban: ondorengo bizitza eta heriotza ere erantzun horregaz lotuta egon ziran; emondako erantzunak bere bizitza osoa lotuta itzi eban.

Zer gertatzen da GUREKIN? Zein da gure erantzuna? Gure bizitza ikutzen dau? Edo... “betikoagaz” konformatzen naz? “Merezi ete dau bizitza gehiago korapilotzea...?”.

Zoriontsuak Jesusen ITAUNA ERANTZUTEN dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zu Pedro zara, eta harri horren gainean jasoko dot nire Elizea"

(Mt 16, 18)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue