Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 22. domekea - 2017.eko Irailaren 03a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak sinismen eta anaitasun batzar honetara.

Bakotxak daukagun misinoan norberen bokazinoa jarraituz, oinazea eta kurutzea agertuko jakuzala esango deusku Jainkoaren Hitzak. Profetearen eta Jesusen hitzetan agertuko jaku jarraipenak dakarren kurutzea.

Baina Jesusek ez dau bilatzen kurutzea ez beretzat ezta beste inorentzat ere. Jainkoak nahi dauana ez da oinazea, bere Seme maiteari jarraitzea eta honek berez sortzen dauan kurutzea onartzea baino.

Eskatu deiogun Jaunari, entzungo dogun mezua bere sakontasunean onartzeko gaitasuna. Ospakizuna hasten dogu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jeremias: 20, 7-9

Profetearen bihotzetik sortzen dan kantu eder bat entzungo dogu. Jeremias, Jainkoak liluraturik, hartutako bokazinoak hainbat neke eta jazarpen ekarri deutsozala ikusirik, Jainkoari Berari kontatzen deutsoz bere penak, barrua hustuaz. Bere hitzak, herriaren aurrean gorrotagarri egiten dabe. Baina barruko berotasunak Jainkoaren mezulari izatera bultzatzen dau. Aurrean erabilia izan arren ezin da isildu. Entzun daigun barru-barrutik egindako autorpen eder hau.


2. irakurgaia: Erromakoai 12, 1-2

Paulo apostoluak, Erromako alkarteari eskatzen deutso, Jainkoaren aurrean opari bizi eta atsegingarri izateko. Benetako kultuak, gure bizitza osoa Jaunari eskeintzea eta bere nahia egitea eskatzen dau. Gogoeta esanguratsua dogu.


Ebanjelioa: Mateo 16, 21-27

Ebanjelio zati honetan Jesusek bere ikasleei iragarten deutse berak jasan beharko dauzan nekeak eta betiko aintzara heldu aurretik hila izango dala; bere Mesiastasunaren bidea agertzen deusku: besteen alde bizia emoten dauanaren Zerbitzaria. Pedrok Jesusen alde urten nahi dau baina honek dinotso: “Nigaz etorri nahi dauanak, hartu begi bere kurutzea”. Kurutzea ez da amaiera, BIDEA baino: bizia salbau nahi dauanak, galdu egingo dau, eta Nigatik galtzen daunak gorde. Jesusen PROPOSAMENA dogu. Entzun deiogun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amaren laguntzaren beharrizana beti sentitzen dogu. Konfiantzaz beterik gure eskariak aurkezten deutsaguz.

1.- Eleizaren alde: Jesusen mezua leialtasunez bizi dagian, guztiontzat onarpen, errespetu eta zuzentasun leku izanez. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintarien alde: alkarrizketaren bidez, mundu zuzenago eta hobeago bat egiten ahalegindu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Mundu honetatik ihesean dabizanen alde; besteen kontura bizi nahi dabenen alde; aginteaz edo aberastasunez jabetu nahi dabenen alde: behingoz itzartu daitezan eta besteen zerbitzua dala bidea ikusi dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixo, baztertu, espetxeratu eta alboratu guztien alde: Jaunaren laguntzaz, euren oinazea bakean eta maitasunean bizitzeko grazia izan dagien, eta gu eurengana hurreratzera bultzatu gaizan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen alkartu garanon alde: ikasleen antzera, Maisuaren atzetik joan gaitezan bere bidea eginez. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



EBANJELIO LIBURUAREN AURKEZPENA

(Ume, gazte edo nagusiekaz katekesian arduratzen dan batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Ebanjelioak aurkezterakoan, zure Seme Jesukristo onartuz, bertan dakarrena jarraitzeko gogoa agertzen deutsugu. Zure jarraitzaileon liburua dogu. Bertan oinarritu nahi dogu gure bizitza. Jesusek ebanjelioan esan deuskun kurutzea hartuz, gure bizitzak berenarekin bat egiten nahi dogu. Lagundu eiguzu, Jauna, gure gogoak eguneroko bizitzan egi bihurtzen. Emoiguzu indartuko gaituen zure Espiritua.


BATEO AGIRI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Bateoko Agiri honegaz, Zuk eskatzen deuskuzun lez bizitzeko konpromisua hartzen dogula agertu nahi deutsut, Jauna. Bateatua izatea eta zure Hitza entzutea ez dira nahiko; Zuk, eguneroko kurutzea hartu eta Ebanjelioa gure bizitzako bide lez jarraitzea eskatzen deuskuzu. Borondate onez egiten deutsugu eskeintza hau, baina badakigu zure grazia eta laguntza behar dogula horretarako.


KOPA BAT AURKEZTENDA

(Komunitateko kide batek, edonork, opari hau eskeintzen dau: kristalezko kopa garbi-garbia. Eleizkizun buruari emon ondoren, hauxe esango dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur, komunitatearen izenean eta gutariko bakotxaren izenean, kopa garbi hau eskeintzen deutsut. Kopa honekin doakizu koherenteak izateko gure nahia, baita fariseismoari uko egitekoa ere.


EGUNKARI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egunkari bat dakartsugu. Inguruko eta munduko, eguneko gora beherak agertzen dira. Gauza onak oso gitxi agertzen dira; bestelakoak ugari dira: gerrak, zuzengabekeriak, erasoak... Gizakiok zelakoak garan agertzen deuskue. Egoera horreetan ere Zu aurkitzen zara eta hitz egiten deuskuzu. Gure sinismenak argitu gaizala egoera guztietan Zugaz bat egiten eta zure nahia betetzen.

Agurra

Senideok: gaur egun oinazea baztertzeko ahalegin guztiak egiten doguz. Eroso bizitzea bilatzen dogun gizarte honetan, oinazea entzuteak bakarrik min emoten deusku. Baina oinazea ezkutatzen dabilen gizartea zuzen ete dabil? Munduan zehar hainbeste pertsonak duintasunez bizitzeko oinarrizko gauzak behar izan, eta gizarteak entzungor egiten dauanean, zer pentsatu? Norberen bizitzagaz bakarrik arduratuz, zuzen ete gabiz? Bizitza zaintzen ala galtzen goaz?

Jesusen hitzak gaurkoak dira eta Barri On lez hartzen doguz: “Nigaz etorri nahi dauanak, uko egin begio bere buruari, hartu begi bere kurutzea, eta jarraitu beist”. Gogoeta zoriontsua guztioi! Eta... aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Nigaz etorri nahi dauanak,
uko egin begio bere buruari,
hartu begi bere kurutzea, eta jarraitu beist”





MAISUARI entzunez jarraitzen dogu: bere irakatsia onartzeko prest dagoan taldea gara. Berari entzuteko eta bere mahai inguruan ogia banatzeko alkartzen gara. Horrexetarako alkartzen gara domekero.

Jaunaren Hitzak pertsonai bi bereziak aurkeztu deuskuz: JEREMIAS eta PEDRO; maiteminduta dagozan Jainkoarekin, bere Jaunarekin leialak izan nahi horretan, jarrera bi oso ezbardinak agertu deuskuez.

JEREMIAS: bere bihotz urratutik honako hitzak esateko gai da: “Liluratu egin niduzun, Jauna, eta nik liluratzen itzi”. Gogoeta sakon bat dago hemen, maitasunez betea, barrutik aldatzeko prest dagoena; gogoeta horretara hurreratu geitekez. Jainkoak hartua dago. Bere bizitza markatzen dauan esperientzia sakona bizi dau.

PEDRO: joan zan domekan Jesusek goratu eta adibide lez ipini euskun emondako erantzun ederregaitik; gaur Jesusen ahotik berba gogorrak entzun behar izan dauz: “Kendu zaitez nire aurretik, Satanas! Jauspide zara niretzat; zure gogoetak ez dira Jainkoarenak, gizakiarenak baino”. Pedrok ere Jesusen esperientziagaz bat egiteko, oraindik bide luzea dauka aurretik; esperintzia horrek ikutu eta aldatzen dau pertsonea. Pedrok ere egingo dau, eta bidean dago. “Jakitea” ez da nahikoa, bizi izan behar da.

Eta... GU? Jesusek gure barrua eraldatu daian eta bera nor dan jakiteko, bera ezagutzeko, jarraitu egin behar deutsagu. “Irudi” ederrak izan arren ez da nahikoa. Gure barruan EZAGUTU beharra dogu.

ZORIONTSUAK Jesusek LILURATUAK diranak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Nigaz etorri nahi dagianak, bere burua ukatu dagiala"

(Mt 16, 24)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue