Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 23. domekea - 2017.eko Irailaren 10a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak sinismen berean alkarturik ospatuko dogun Eukaristia honetara. Jesukristo berbiztuak alkartzen gaitu otoitzean.

Jainkoa bizitzaren erdian, poztasunean, ezinean, egoera eta pertsona bakotxean dagoela gogoratuko deusku gaurko liturgiak. Askapenaren alde jokatzen dan lekuan, hantxe dago Jainkoa. Baina bizitzak gora-behera asko daukaz; batzuetan gure “iparra” galdu edo besteengandik aparte bizi gara, ustez, gu zirikatzen dabizelako.

ALKAR ZUZENDU eta PARKATZEKO eskatzen deusku Jesusek, gure norberekeri eta iluntasunak baztertzeko. Baina ez da egiteko erreza; kontuz eta apaltasunez egiteko lana da; Jainkoaren maitasunean bat eginda; Beragandik ikasteko gogoz; inor mindu barik pertsonak salbatzeko gogoaz egina.

Eukaristia honetan anai-arrebengana hurreratzen gara, alkarrekin Jainkoaren maitasuna ospatzeko.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Ezekiel 33, 7-9

Profetearen zeregina adi egotea da; inguruan gertatzen dana Jainkoaren argitara ikusi eta herria bihotz barritzera eroatea. Ikusten dituan arriskuak ere iragarten ditu, herriak baztertu daizan eta Itunaren bidea jarraitu. Eginkizun hori betetzea, herriaren aurrean hartu dauan konpromisoa betetzea da. Ezekiel profetearen zati hau entzuten dogu.


2. irakurgaia: Erromakoai 13, 8-10

Erromakoai egindako idazkian, kristauak lagun hurkoak zelan tratatu behar dauzan agertzen deusku Paulo apostoluak: bere irudi garanez eta Famili Barriaren kide, Jainkoak nahi dauana maitasunean bizitzea da. Senidea maite dauanak ez deutso minik egiten, beretzat onena dana deseatu baino. Entzun daigun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Mateo 18, 15-20

Alkarte bizitzari buruzko katekesi barruan sartzen da entzungo dogun zatia. Anai-arreben arteko maitasunean dagoan oinarrizko alderdi bat aurkezten deusku: SENIDEARTEKO ZENTZAPENA; ez da egiteko erreza, baina Jainkoaren pedagogiak horretara bultzatzen gaitu. Jesusen arabera, lagun hurkoa maitatzea ez da isiltzea; sarritan esan egin behar jako, lagundu, norabidetu, onean zuzendu. Entzun daigun Jesusek dinoskuna.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoa Aita-Amaren laguntza behar dogu. Konfiantzaz beterik, Eleizaren, gizadiaren eta gure preminak aurkezten deutsaguz.

1.- Eleizea, gaurko munduan agertzen diran preminetara zuhur eta izarrik egonez, Jainkoaren maitasunaren testigu eta iragarle izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gure gizartean izan daiguzan beti, besteen alde emoten diran pertsona solidarioak, apalak eta abegikorrak, itxaropenaren profetak eta Jainko biziaren mezulariak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Kristauok, Jainkoaren maitasunean oinarriturik, behartsuengana eta gure gizarteak baztertzen dituenengana hurreratzen jakin dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Munduan, gure herrian eta gutariko bakotxarengan bakea nagusituz, beti parkatzeko, onartzeko eta alkarrizketarako prest agertu gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Harrerea, errespetua eta parkamena zainduz, gure Alkartea danok aurkitzeko leku egokia izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BAKE KEINUAREN AURKEZPENA

(Gaur, momentu honetan egin geinke bakearen keinua. Jainkoaren parkamena onartuz, gu ere alkar parkatzera deituak gara. Otoitza, meza emoileak egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Maitatzen diran eta bihotzez parkatzen diranen aurrean pozten zaran Jainko Aita-Ama on eta errukitsua; parkatuak izatearen eta parkamenaren ezaugarri izan nahi dogu anai-arreben aurrean. Alkarri BAKEA emonaz, Zuk eskatzen deuskuzun eran bizitzeko gogoa agertzen deutsugu. Lagundu eiguzu, Jauna, pertsona guztiak errespetatzen, eta behar danian bihotz onez eta maitasunez zuzentzen.

- Senideok: eskeini deiogun alkarri benetako bakea eta parkamena.


ORDULARI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau; aita batek egiten badau, hobeto)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, denpora zaintzeko eta neurtzeko erabilten dogun ordulari bat dakartsut. Gaur, ikasturte barri baten aurrean gagozala agertu nahi deutsut. Gure ibilbidean, pertsona lez eta sinismendun lez aukera barri baten aurrean aurkitzen gara. Eskerrik asko, Jauna, zugandik hartzen doguzan mesede guztiakaitik; Zugaz kontatzen jarraitzen dogu.


UME BATEN AURKEZPENA

(Umea, meza-emoilearen ondora doa eta eskuak otoitz egiteko lez batzen ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, beste ezer barik, gaur neu eskeintzen naiatzu. Apaltasun ezaugarri lez eta otoitzerako keinu lez, zure aurrean eskuak batu dodaz. Zuri eskeintzen naiatzu, Jauna. Esku hobeagotan ezin neitekenez egon, egizu nigaz, Jauna, zeuk nahi dozuna. Oso-osorik zeurea naz, Jauna.


ADREILU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, adreilu hau dakartsut. Etxegintzan, oinarrizko elementua dogu. Gure alkartearen izenean dakartsut; zeu zara alkarte honen oinarri eta euskarri. Zugan ipinten dogu gure sinismena eta konfiantzea. Zu kontuan izanez ulertu gura dogu gure bizitza, gure ingurukoena, inguratzen gaituan guztiarena, errealitate eta historia guztiarena... Eta hor, zure Seme maiteak egin eban antzera, zure Erreinuaren alde jokatuko dogu.

Agurra

Senideok: ospakizunaren amaierara heldu gara. Jainkoak, parkamena eskatzera eta parkamena eskeintzera deitu deusku; alkar onartzera eta maitasunean bizitzera; solidarioak izanez eta senideak bideratuz, Jainkoaren maitasunera hurreratzera. Jainkoak bere mezulari lez behar gaitu. Prest gagoz? Ebanjelio testigutzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Jaungoikoak mundua Beragaz adiskidetzen ziarduan Kristogan,
eta geuri emon euskun adiskidetzearen hitza”




Maisuak bere Alkartea, gu, deitzen jarraitzen dau; bere Erreinuraen proposamena onartu dabenen taldea lantzen jarraitu nahi dau. Gutariko bakotxarengan, BIZITZEKO ERA BARRI BAT sortu nahi dau.

Jainkoaren Erreinua barruan daroagunean, Erreinu horrek daukazan baloreen lekuko izan behar dau kristauak. Hauxe da Jainkoaren Hitzak domeka honetan eskeintzen deuskuna. Kristauok, mundu honen erdian, gaitzagaz inguraturik aurkitzen gara; ezerezean geratu barik, salatzera deituak gara (1. irakurgaia). Besteak egiten dabenagaz eskandalizatuta gelditzea ez da nahikoa; errealitatea baztertuz, toki “garbi eta santuan” ezkutatzea ez da Jainkoaren hitzak agertzen deuskun bidea.

Gizakiak bizi eta hartuemonak daukezan tokian, lana egin eta ardurak hartzen dabezan lekuan, borrokatu eta ondo pasatzen daben lekuan egon behar dogu kristauok ere. Ez gizakia kondenatzeko, SALBATZEKO baino. Hauxe da izan ere benetako helburua (gaurko ebanjelioa). Ez besteak epaitu, parkatu baino; ez inor baztertu, dabilen artean bere ondoan ibili baino.

Jaunak gugaz gauza bardina egiten dau. Berak gu bihotzean garoaz eta hortik gauza guztiak ezbardinak ikusten dira. Hortxe dago gakoa.

ZORIONTSUAK Jesusen IZAERA hori onartzen dabenak:
euren bizitza mundu honentzat BEDEINKAPENA izango dalako!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Bi edo hiru lagun neure izenean batuta dagozan tokian, neu be erdian nago"

(Mt 18, 20)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue