Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 24. domekea - 2017.eko Irailaren 17a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak, Hitzaren eta Ogiaren inguruan egiten dogun batzar santu honetara.

Gaurko Hitza ere argia eta garbia dogu: Jainkoak gutariko bakotxari asko parkatu deusku, eskatu barik eta baldintza barik. Guk ere gure anai-arrebei neurri barik parkatu behar deutsegu.

Mezu hau, Jainkoak alkar parkatuz bizitzeko egiten deuskun dei hau, gaur ere baliotsua da gure alkartearentzat eta gure gizartearentzat; egindako zauriak osatzeko bidea dogu.

Jainkoaren errukiari zabalik eta anai-arreben arteko parkamena onartuz, hasiera emoten deutsagu gaurko ospakizunari.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Ben Siraken Jakinduria 27, 33 – 28, 9

Alkar bizitza ez da erreza eta sarri sortzen dira aitu-ezinak eta gogorkeriak. Judutar herria hainbat denporan zain egon zan, ea noiz etorriko arerioak zapalduko zituen Mesias. Kristo aurreko bigarren gizaldian, Ben Sirac izeneko jakitun batek, parkatu beharra gogoratzen dau. Bere gogoeta entzuten dogu.


2. irakurgaia: Erromatarrei 14, 7-9

Garrantzizkoa dana eta ez dana bereiztera konbidatzen gaitu Paulo apostoluak. Bere esanetan, garrantzizkoena Jesukristogaz bat egitea da. Beste guztia bigarren mailakoa da. Bateoaren bidez Kristogaz lotuak gagoz eta bizi barri bat dogu. Testigantza eder hau onartzeko prestatzen gara.


Ebanjelioa: Mateo 18, 21-35

Pedroren pentsatzeko era eta sarritan geurea ere ez dira egokiak. Jesusek, Jainkoaren aurrean ipinten gaitu eta gutariko bakotxari dinosku: “Ez dinotsut zazpi bider, zazpitan hamar bider baino”. Parabola honek, parkatzen eta maitatzen bakarrik dakian Jainkoaren benetako aurpegia agertzen deusku. Parkatuak izan garanok, parkatzera deituak gara. Prestau gaitezan berba santu hau entzuteko, zutunik ALELUIA abestuz.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoa Aita-Amaren laguntza behar dogu. Konfiantzaz beterik, Eleizaren, gizadiaren eta gure preminak aurkezten deutsaguz.

1.- Eleizaren alde: munduari Jainkoaren benetako aurpegia agertu deion, parkamenaren exenplu izan daiten eta gizaki guztientzat adiskidetze eta bake iturri. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintarien alde: alkarrizketaren bidez, pertsona guztien arteko hartuemonak ahalbideratu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gure auzo eta herrietan parkamenaren eta adiskidetzearen alde jokatuz, pertsona guztiak onartuak eta errespetatuak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Sufritzen dagozan guztien alde, noraezean bizi diranen alde: euren ezinean bat egingo daben pertsonakaz alkartuz, bizitzeko gogo barriak izan dagiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean alkartu garanon alde, gure etxeko eta lagunen alde: bakea ereinez, gure arteko alkarte bizitza erreztu eta poztu dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



IKASURTE BARRIAREN AURKEZPENA

(Motxila bat daroala ume batek edo gaztetxo batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, eskolarako bidean beti lagun izango dogun motxila hau eskeintzen deutsut. Irakasketan dabizan pertsona guztien alde eskatzen deutsugu: bedeinkatu egizuz euren lana behar dan lez bete dagien. Bedeinkatu egizuz baitabe, guri laguntzeko eta gure ondoan daukaguzan guraso eta etxekoak. Zure laguntza eskatzen deutsugu, aurrean daukagun aukera eder hau behar dan lez aprobetxatu dagigun. Eskerrik asko, Jauna, ikasteko eta gerora begira prestatzen joateko daukagun aukereagaitik.


KATEKESIKO LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko katekista edo arduradun batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, katekesiko liburu hau dakartsut. Beragaz batera, urte honetako lana eskeintzen deutsut. Zure deiari erantzunez, lanak prestatzen hasita gagoz. Gure lana, zure laguntza barik, ezerezean gelditzen da. Ikutu, Jauna, gure barruak, baita umeenak eta gurasoenak be. Zugaz kontatzen dogu, Jauna.


GARBITASUNEAN DABILAN PERTSONA BATEN AURKEZPENA

(Garbitasunean dabilan pertsona batek egiten dau, lan tresna bat eroanez)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, eskaintza bat egitera natorkizu. Badakizu zein den nire lana: gustura sentitu gaitezen eliza ingurua garbi eukitzea. Badakizu gustura egiten dudana. Egiten dudana elkartearen alde eginez, ni ere horren kide sentitzen naiz. Ez nabil txaloen bila. Beste barik egiten dut. Gauza bat eskatzen dizut, Jauna: egiten duguna besteen zerbitzurako egiteko grazia. Niretzat eta elkarte osoarentzat eskatzen dizut, Jauna.


IRATZARGAILU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko edozein pertsona nagusiak egiten dau; ondo izan ezkero aita batek)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, goizero lanerako eta zereginetarako esnatzen nauan iratzargailu hau dakartsut. Famili bizitza ere martxan ipinten dau. Zure gauzetarako eta Zu gure inguruan ikusteko adi, izarrik egon behar garala gogoratzen deusku. Alkarte osoaren izenean eskeintzen deutsut. Badakigu hainbat eragozpen aurkituko doguzala eta sarritan gure gauzetan murgildurik, loak hartuko gaituala. Jauna, lagundu eiguzu zure gauzetarako izarrik egoten.

Agurra

Senideok: Jesusek parkamenerako egiten deuskun deia entzutea ez da erreza. Parkatzeak ez dau esan gura zuzengabekeriak ahaztea edo beste barik onartzea. Parkamenak, gatxa ontasunez gainditzea eskatzen dau. Parkamenak pertsonea erabarritzen dau, eta beste erabateko hartuemonak izatera eroaten. Jesusek eskatzen deuskun eran parkatzen badogu bakarrik egingo dogu anai arteko alkartea. Senideok: baketzearen eta adiskidetzearen bitarteko izatera deituak gara. Hartu daigun Jainko errukitsuaren bedeinkazinoa.

Egun honetarako gogoetea

“Agindu barri bat emoten deutsuet;
Nik maite izan zaituedan lez maite egizue elkar”




Pastoral ekintzetan lan barriekin hasten garan une honetan, domeka honetako mezuak, kristauontzat oinarrizkoa dan gaia dakarsku aurrera; eta “hil edo bizikoa” bada, ez da “aukerakoa”, edo “ondo bajatorku”. PARKAMENAREN gai nagusia da. Ederra benetan Jesusek eskeintzen deuskun kontaketa.

Baten batek pentsatu leike “parkamena makalen gauza dala”; “indartsuak ez daukala parkatu beharrik”. Holako pertsonak errukarriak dira. Jesusek proposatzen deuskun parkamena bizia da, bihotzaren erdian sortzen dana, eta PERTSONEA ERALDATZEN DAUANA; bai parkatzailea, baita parkatua izan dana. Parkatzen dogunean, JAINKOAREN PARKAMENEAN PARTE HARTZEN DOGU: eta Jainkoaren parkamena sortzailea da beti, hazten laguntzen dau, pertsonea onartzea eta ulertzea eskatzen dau. Jainkoaren parkamena MAITASUNEAN oinarritzen da eta maitasuna beti askatzailea da.

Mendekua, norberekeriaren adiera garbia da; hori garbi dago. Mendekuak, gure bihotzak ez daukala argirik agertzen deusku; gure ikusmuga geugan geratzen da, itsututa gelditzen gara. Horregaitik gogoratuko deusku Jesusek anai-arrebekin adiskidetzen ez bagara ezinezkoa dala Jainkoarekin adiskidetzea. “Parkatu gure zorrak…” otoitz egiterakoan, ondo ulertu deigula zer eskatzen dogun.

“PARKAMENA - PARKATU”:
eraldatzen gaituana,
BENETAKO MAITASUNAREN laburpena.

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zenbat aldiz parkatu behar diot nere senideari?... Zazpi milatan zazpi bider"

(Mt 18, 21-22)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue