Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 25. domekea - 2017.eko Irailaren 24a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak.

Jainkoaren seme-alaba garala jakitearen pozez alkartzen gara barriro ere, Esker Oneko otoitza dan Eukaristia ospatzeko. Jesusek berak dinosku: “Egizue hau nire oroigarri”.

Argi dago markatzen doguzan helburuak beti ez doguzala betetzen eta horrek etsipena sortzen deusku. Inguru giro honetan entzun behar dogu Jainkoaren Hitza: “Nire asmoak ez dira zuen asmoak”. Guk gure segurtasuna, gure ongizatea, momentuko gauza bilatzen dogu. Jainkoak, bere bizia emonez, guztion bizia bilatzen dau; eta gainera Berarekin lankide nahi gaitu; mahasti bardinean lan egitera konbidatzen gaitu.

Eukaristia honetan, besteen zerbitzura deitzen gaituan Jainkoaren maitasunaz aurkitu gaitezala. Anaitasun eta sinismen batzar honi hasiera emoten deutsagu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 55, 6-9

Isaias profetearen zatia entzungo dogu. Itxaropenez beteriko mezua eskeintzen deusku, Jainkoaren asmoak ez diralako ezereza eta heriotza. Horregaitik beste honetara konbidatzen gaitu: gure bihotzak Jainko salbatzailearengana bihurtuz, zuzentasun eta anaitasun bidea egitera. Profeteari entzunez bere mezua onartzen dogu.


2. irakurgaia: Filipokoai 1, 20c-24. 27a

Paulo apostoluak, espetxean eta heriotzaren ateetan ere, Kristo goratzen jarraitzen dau. Ebanjelizatze lan haundia ikusten dau aurrean, baina Jaunaren eskuetan izten dau bere izatea. Bere alkarteari ere, Ebanjelioaren arabera bizitzeko eskabidea egiten deutso. Ikaslearen autormen eder hau entzuten dogu.


Ebanjelioa: Mateo 20, 1-16

Ebanjelioko pasarte askotan salatzen dabe Jesus, pekatariekaz bat egiten daualako eta eurekaz jan eta edaten daualako. Mahastira bialdutako langileen paraboleagaz, Jainkoaren jokatzeko era agertzen deusku: Jainkoak ERRUKIZ jokatzen dau naiz eta entzuleak eskandalizatu. Jesusek, benetako Jainkoa zelakoa dan agertzen deusku. Mezu hau, pozez onartzeko prestatzen gara.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoak nahi dauana egiteko bere grazia eta laguntza behar doguz. Apaltasunez Beragana joten dogu.

1.- Ebanjelioaren mezua iluntzen daben haundikeriak baztertuz, Eleizeak ere Jesusen apaltasuna, harrera eta hurtasuna norberaganatu daizan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintarien alde: behartsuak gogoan izanez, solidaritatean eta zuzentasunean oinarritutako guztien ona bilatu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gizadiaren preminei zabalik eta norberen zilborrari begira egon barik, kristauok, garana eta daukaguna besteekaz alkarbanatzeko prest egon gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Bakearen alde lan egiten daben guztien alde: euren lanaren ondoren lez, tolerantzia eta zuzentasun bide barriak zabaltzen joan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure kristau alkarteen alde: Jesusen presentziari esker, pertsona guztiak alkartzeko eta pozez eta itxaropenez aurrera egiteko leku egokiak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



PARROKIAKO KORUAREN AURKEZPENA

(Koruko zuzendariak edo kide batek egiten dau aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure kantuekaz Zu goratzea eta kristau alkarteari laguntza eta poza emotea bilatzen dogu. Jauna, kristau alkarteagaz batera Zeu goratu zaiguzala beti. Kantuaren bidez, gure sinismena sendotzen joan daitela eta itxaropenez bizitzen lagundu deiskuela.

(Nahi izan ezkero abestu daiteke «Aintza, aintza, aleluia»)


MIKROFONO BATEN AURKEZPENA

(Parrokian giza mailan edo Karitas taldean lana egiten dauan batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Pobreen eta ahots bakoen negarrak eta eskabideak sarritan ez ditugu entzuten, Jauna. Euren egoera txarrak salatzea eta euren duintasuna zaintzea eta errespetatzea da gure konpromisoa. Euren ahotsa entzuten ez danez, geuk izan nahi dogu ahots hori; mikrofonoa horren ezaugarria da.


INGURU-GIROTZE (SPRAY) BATEN AURKEZPENA

(Parrokian zerbitzuren bat egiten dauan pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Gure etxeak txukun eta gozo ipinteko gure etxekoandrak erabilten daben Spray hau dakartsut, Jauna. Pastoral ekintzetan gabilzan eta ospakizunetan alkartzen garan guztien izenean dakartsut. Gure harrera onagaz eta gure jarrera egokiagaz, pertsonak ondo eta gustura sentitzen diran ingurugiroa sortu gura dogu. Onartu, Jauna, gure guraria eta egia bihurtzen joateko, emoiguzu zure Espiritua.


MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko heldu batek egin leike. Ahal bada, itsu baten makilea hobeto legoke)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, makila hau aurkeztean, ni eta alkarteko kideok, besteentzat lagungarri izan gura dogula agertzen deutsut. Itsuak zuzentzen dabilen itsua izan ez naiten, zabaldu, Jauna, nire begiak. Iluntasunean dabilen mundu honen erdian argi apur bat ipini daidan, bete naizu zure argitasunez.

Agurra

Senideok: ospakizunaren amaierara heldu gara. Jaunak, bere mahastian lana egitera eta bizitzako une guztietan Beragaz bat egitera konbidatu gaitu, guk Erreinuaren alde egiten dogun ahalegin guztietan Bera gure ondoan dagoelako. Berak bere bidea erakusten deusku, guk doantasun eta zerbitzuaren bidez, guztien ona, anaitasuna, zuzentasuna eta bakea bilatu dagigun. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Zabaldu eiguzu, Jauna, gure bihotza,
gogoz onartu daiguzan zure Semearen Hitzak”




Argi eta garbi aldarrikatu beharra daukagu: “GURE JAINKOA EZBARDINA DA” (honegaitik ete da Jainkoa?). Domeka honetako irakurgaiak irakurri ondoren, argi dago “zerbait gertatzen” dala: “Nire asmoak ez dira zuen asmoak; zuen bideak ez dira nire bideak” (1go irakurgaia); eta beste hau, “azkenak lehenengo izango dira eta lehenak azken” (ebanjelioa).

“Zerbait gertatzen” dala danok onartuko dogu. Eta gertatzen dana hauxe da: JAINKOAREN LOGIKA eta gurea ez dirala bardinak:

- gurea: “zuzentasuna” esaten doguna da (hori ere probatu egin beharko litzateke): bakotxari berea eta... “ni bakean itzi nagiela”.

- Jainkoarena: beti “ez ustekoa” emoten deusku: dana ONTASUNA, dana BIHOTZA. Ez deutso ardura “ordu asko edo gitxi izan diran”; bardin deutso. Berak lanera konbidatzen dau eta bizitzeko behar dauana emon (aldi haretan “denario bat” egunean jateko behar zana zan). Eta Jaunak egindakoa “bidebakotzat” hartzen dogu.

Egia da sarritan gizakiok, Jainkoa geure neurrietara ekarri nahi dogula: “Zuzena” dala esaten dogunean, geure neurria erabilten dogu; “ona dala” esaten dogunean, ontasunaren neurria ere geuk ipinten dogu. Eta holan gauza guztiekaz. Eta Jesusek JAINKOAREN BESTE AURPEGI BAT erakusten deusku, eta aurpegi horrek, jokoz kanpo izten gaitu, gure eskemak apurtzen ditu. Hauxe da Jesusen benetako ekarpena eta barritasuna.

Zoriontsuak Jainkoaren logika dan ONTASUNA
onartzen dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ni ona nazalako, zure begia okerra izango ete-da?"

(Mt 20, 15)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue