Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 26. domekea - 2017.eko Urriaren 01a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak anaitasun Eukaristia hau ospatzera.

Gaur gogoeta sakon bat planteatzen jaku. Kristau asko geure sinismenean oso gustura eta lasai sentitzen gara, Jainkoagaz daukagun hartuemona benetan aztertu barik. Gure famili edo alkarte bizitzan, gure eguneroko lanean edo giza harremonetan, Jainkoak ez dauka leku haundirik. Sinismena, sarritan segurtasuna emoten deuskun ohitura bat bihurtu jaku.

Gure eguneroko bizitzan, Jainkoak zelako garrantzia dauka, nun ipinten dot, noiz joten dot Beragana...? Kristau sinismena autortzeak, Nazareteko Jesus benetan hartzera eta Berari jarraitzera eroan behar leuskigu.

Jaunak bizkortu dagiala gure barrua; bialdu dagiala bere Espiritua gure bizitzak barriztatzera. Jarrera hau geureganatuz, hasi dagigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Ezekiel 18, 25-28

Ezekiel profeteak bizitza aztertzen dau zintzoaren eta gaiztoaren jokabidea konparatuz. Bere mezua itxaropentsua da: Jainkoaren ontasunean eta parkamenean konfiatzera konbidatzen gaitu. Baina bakotxak erantzun behar dau bere jokabideekaz. Entzun daigun gogoeta hau.


2. irakurgaia: Filipotarrei 2, 1-11

Sentipen eta maitasun berean alkartuz, Jesusi dagokiozan asmoak eukitera bultzatzen dau Paulo apostoluak Filipoko alkartea. Hauxe da Jainkoaren nahia, eta nahi hori bete eban Jesusek morroi izanez eta anai-arrebak kurutzeko heriotzaraino maitatuz. Onartu dagigun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Mateo 21, 28-32

Parabolaren bidez beste gogoeta sakon bat eskeintzen deusku ebanjelioak. Jesusek esango deusku “bai” esatea ez dala nahikoa, bete egin behar dala. Hauxe da gaurko mezua. Jainkoaren Erreinuak bere alde bizia emongo daben andra-gizonak behar ditu. Entzun daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoaren nahia egiteko bera laguntza behar dogu. Apaltasunez, Beragana joten dogu.

1.- Eleizaren alde: bere ekintzekaz Jainkoaren gogoa bete daian, zentzun bako hitzetan galdu ez daiten eta Biziaren Jainkoa agertu daian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Politikoen alde: funtsezko esaldiak erabili dagiezan eta aurrean daukezan egitasmoak gure alkar bizitza baketsuagoa eta zuzenagoa egiteko izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Kristau guztion alde: bidebako ondasunen bila ibili barik, gizaki guztien beharrizanetara zabalik egonez, garana eta daukaguna banatzeko prest egon gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Mundu honetan abotsik ez daukeen gizon-emakumeen alde, guztiz baztertuta sentitzen diranen alde: euren abots izaten eta euren eskubideen alde borrokatzen daben pertsonakaz aurkitu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean alkartu garanon alde: gure bizitzeko erak gure ingurukoengan kezka sortu dagian eta Jainkoaren benetako aurpegia agertu deiegun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LANDARA BATEN AURKEZPENA

(Barruko landarea, ederra eta esanguratsua, urtean zehar erabilteko modukoa)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jainko Aita-Ama: zure Semearen bitartez Zuk gure barruan zure biziaren eta maitasunaren HAZIA ereitea gura izan dozu. Gure bizitzan hainbat pertsona ipini dozuz hazi hori zaintzeko. Gaur, gure alde egiten dozun guztia gogoratuz eta eskertuz, alkartearen izenean LANDARA eder hau eskeintzen deutsugu. Urtean zehar, Zuk jarritako HAZI hori zaindu daigula, Jesusen laguntzagaz hazten joan daitela eta guk besteei eskeini deiogula. Holan izan bedi.


PITXERKADA URA AURKEZTEA

(Kristalezko pitxarra komeni da. Alkarteko pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jaungoiko Aita-Ama: maitasunez emondako ur apur bat be saritua izango dala gogoratzen deusku Jesusek. Alkartearen izenean pitxerkada ura aurkezterakoan, gure gizartean dagozan maitasun eta senidetasun keinuak gogoratuz egiten dot; gehienak isilak eta ezezagunak dira; baita euren bizitza alkar banatzea gura daben gizaki hurkoen eta solidarioen konpromisoa be. Lagundu eiguzu eginkizun honetan.


KRISMA ONTZIAREN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Sakramentuetan erabilten dan krisma ontzi hau aurkezterakoan, bateoan eta sendotza egunean, mundu honen erdian zure lekuko izateko hartu genduan konpromisua gogoratu eta gaurkotu nahi dogu. Sarritan kontrako indarrak, lotseak edo bildurrak gehiago egiten deuskue. Emoiguzu, Jauna, zure grazia eta laguntza, mundu honen erdian, zure lekuko izan gaitezan.


TEOLOGIAKO LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko katekista batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Azken aldian agertu dan Teologiako liburu hau dakartsut, Jauna. Benetan fedea bizi nahi badogu, azaltzen ere jakin behar dogu. Testu barriak irakurriz, ikasten eta gaurkotzen goaz. Naiz eta beste gauza asko egiteko euki, heziketa iraunkorra ere beharrezkoa dogu. Horren ezaugarri eta Jesus benetan hartu nahi dogunaren ezaugarri da liburu hau.


GAZTE BATEK ZAHAR BAT AURKEZTEN DAU

(Alkartean lanean dabilen gazte batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, oso ezbardinak gara izakeran eta urteetan. Baina gure ezbardintasunak aberastasun hartuaz, alkar onartzeko eta maitatzeko ere gai gara. Nire gaztetasunak agertzen dauan indarra eta pertsona edadetuen ezina aurrez aur dagoz. Jauna, egizu gure indarrak ezinduen onerako erabili deiguzala. Izan deiguzala gogoan eta eurekana hurreratu.

Agurra

Senideok: Karl Rahner kristau pentsalari eta teologoa zanak, beratzaz hurrengo hau esaten eban: “kristau izatera heltzea itxaroten eban” gizona zala. Teologiako ikerketara 50 urte baino gehiago emon ondoren hori zelan esan leikean itaundu eutsenean, hau erantzun eban: “kristau izatea, beti kristau egiten joatea dalako”. Eta apaltasun guztiaz, egunero egiten eban beste otoitz hau agertu eutson: “Ene Jainko, kristau nazala sinisteaz ez naitela konformatu, benetan kristau izatera heldu naitela baino”.

Senideok: fedea ez da betiko hartzen dogun zerbait, egunero bizi dogun IBILBIDEA baino. Kristau nazala esatea barik benetan izatea da garrantzitsua. Zelan bizi dot nire kristautasuna? Kristau ibilbide zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Nire ardiak entzuten dabe nire abotsa,
Nik ezagutzen dodaz, eta hareek atzetik jatortaz”




Domekero lez, kristauok Jesukristoren inguruan alkartzen gara. Gaurko mezua esaldi baten laburtu beharko bagendu, hurrengo hau litzateke: “hitzak barik ekintzak dira balioko”. Hauxe da izan ere gure bizitzako giltza.

KOHERENTZIAREN BILA ipini gaitu domeka honetan Jainkoaren Hitzak. Benetan zeregin gatxa! Egunero, esaten dogunaren eta egiten dogunaren neurria zaindu beharko geunke. Hau da, gure KONPROMISUA zelan BIZI dogu; eta konpromisu horrek lotuta egon behar dau Jainkoaren Erreinua onartzeaz eta gaurkotzen joateaz.

Danok konturatuko gara sarritan gure “baietzak” “ezezkoak” bihurtzen dirala. Bateo egunean, Jainkoaren nahia egiteko eta beti egia maitatzeko hartu genduan konpromisua ere, sarritan ezbaian geratzen da, Jesusen bideak eta gureak ez diralako bardinak. Jainkoaren gogoko gauza, Paulo apostoluak esan deuskuna da: “Izan egizuez zuokan Kristo Jesusi dagokiozan asmoak”. Gure egiteko guztiaren laburpena dogu hau.

Badogu zeregina; bizitzan koherentziaz jokatu nahi badogu, zeregin ederra eta ibilbide luzea dogu kristauok.

ZORIONTSUAK Jesusen PROPOSAMENA onartzen dabenak
eta egunero betetzen ahalegindu!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Damutu ta joan egin zan"

(Mt 21, 29)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue