Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 27. domekea - 2017.eko Urriaren 08a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Jesus Jaunak deituta jai hau ospatzera gatozanok. Ospakizun hau beharrezkoa dogu Jainkoaren seme-alaba lez bizitzeko eta benetako eta zuzentasunezko frutuak emoteko.

Gaurko ebanjelioan entzungo dogu, Jainko Aita-Amak, Jesusen jarraitzaileoi dagokiozan frutuak emotera deitzen gaituela. Jaunaren “MAHASTIA” gara eta Bera gure alde dogu: bizia emon deusku, gugaz arduratzen da, bere eskuaz eusten gaitu eta aurrera egiten lagundu.

Guk ere, Jesusen antzera bizi izanez, gure ahalegina egin behar dogu, beste pertsona batzuk ere, solidaritatean, anaitasunean, harreran, bizitza norbaitegaitik emotean sinistu dagien. Jesusen morroiak gara egiteko horretan. Bera da gure Bidea eta gure euskarria.

Ospakizun honek sinismenean batu eta alkarte lez sendotu gaizala.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 5, 1-7

Israel herria, Jainkoaren bideetatik aldendu da, legea baztertuz eta moraltasuna galduz. Isaias profeteak, mahasti baten irudia erabiliaz, Israelen egoera argi eta garbi azalduko deusku. Jainkoaren mahastia Israel da; Jainkoak zuzentasuna eta zuzenbidea itxaroten ebazan, eta odol-isurketak eta garrasi-hotsak jaso. Onartu daigun gogoeta hau.


2. irakurgaia: Filipotarrei 4, 6-9

Paulo apostoluak Filipoko kristauei egindako gomendio batzuk entzungo doguz. Jaunagaz leiala izan nahi dauan alkartearen deskribapena egiten dau: datorrenari irekita, bakean bizi eta esker oneko agertuz, izen oneko dan guztia aintzakotzat hartuz; guzti hau Jesukristok ekarri deuskun salbamena onartuz eta biziz. Onartu daigun bere testigantza.


Ebanjelioa: Mateo 21, 33-43

Parabola izugarri baten bidez, Jesusek bere herriaren historia laburbiltzen deusku. Bere heriotza (gainean sentitzen dauana) mahastilari zahar eta barrien erdigune gertatzen da. Jesusek berba gogorrak ditu. Zuzentasun eta santutasun frutuak emongo dauzan beste mahasti bat landatuko da. Guretzat ere idatzita dagoan kontaketa hau entzuten dogu.

Jaungoiko herriaren otoitza

Senideok: Jainkoagan gure konfiantza ipiniaz, Berari zuzen deutsaguz gure eskariak.

1.- Eleizeak, Jesusengandik hartu dauan egitekoan leiala izanaz, eta bere Espirituaren indarrez, pertsona guztiei bakean eta duintasunez bizitzen lagundu deien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Kristauok, Jainkoagandik hartutakoaren banatzaile onak izanez, gitxiago daukenekaz solidarioak izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Besteen alde euren zerbitzua eskeintzen daben pertsona guztien alde: guztien ona bilatuz eta eskuzabaltasunez eta prestutasunez bete dagien euren egitekoa. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Sinismenagaitik edo giza eskubideak zaintzearren aurrean erabiliak diran guztien alde: euren lanak eta testigantzak benetako frutuak emon dagizan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Kristau Alkartea harrera leku eta topaleku izan daiten, eta ezbaian edo galduta sentitzen diran pertsonentzat, itxaropen indarra. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MAHATSONDO ZATI BATEN AURKEZPENA

(Toki batzuetan ez da erreza izango; beste edozein enbor izan daiteke. Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Alkartearen izenean, enbor hau dakartsut, Jauna; Eleizearen sinboloa da: Zuk landatutako, zaindutako eta hesiz inguratutako mahasti barria da. Badakigu maitasunez emon deuskuzula. Badakigu baita ere gure erantzukizunaren zain zagozala. Zure laguntza eta indarra behar doguz zure hitza eta gurariak bete daiguzan. Eleiza honek, Zuk nahi dozuzan maitasunezko eta zuzentasunezko frutu ugari emon daizala.


MAHATS MORDO BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, mahats mordo honegaz, guk emoten doguzan frutuak gogoratu eta eskertu nahi deutsuguz; Zugandik hartu doguz eta zure gogoko izatea nahi genduke. Errezoetan eta asmo honetan geratu barik, zuzentasunaren alde, giza eskubideen alde eta pertsona guztien garapen osoaren alde jokatu dagigula. Jauna, zure argitasuna eta laguntza eskatzen deutsuguz behar dan lekuan eta behar dan momentuan egon gaitezan.


ARGIMUTILAREN GAINEAN ISIOTUTA DAGOAN KANDELEAREN AURKEZPENA

(Alkarteko beste edozein pertsona helduak egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, kandela isiotu hau aurkeztean, zera agertu nahi deutsugu: gure eguneroko bizitzan, kalean, lanean eta Eleizan, zintzo jokatu nahi dogula. Mundu honen erdian zure ARGIA izateko konpromisoa eskuratzen dogu.


KARITAS TALDEAREN AURKEZPENA

(OHARRA: hurrengo domekatan ondo legoke Parrokiako pastoral talde ezbardinak aurkezten joatea).

(Gaur, Giza Ekintza edo Karitas taldeagaz hasten gara. Ondo legoke urteko egitasmoa idatzita eroatea eta amaieran banatzea. Aurkezpen hau kartel haundi batekin egin daiteke. Taldeko batek egiten dau)


OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure taldea, inguruan agertzen diran egoera mingarriekaz arduratzen da. Alkartearen izenean egiten dogun ezkero, gure EGITASMOA idatzi egin dogu gero banatzeko. Eta helburua hauxe da: danok hurreratu gaitezala egoera horreetara. Onartu egizu, Jauna, gure eskeintza hau eta lagundu eiguzu inguruko preminetara zabalik egoten.

Agurra

Senideok: gogoratu bakarrik Jesusek gaurko ebanjelioan frutuak eskatu deuskuzala. Frutuak emon: familian, lagun artean, lanean, aisialdian... Bere bedeinkapena hartzen dogu, Berak gure barruan ereindako maitasunak, frutuak emon dagizan. Maitasun horrek anai-arrebengana hurreratuko gaitu, batez ere preminan dagozanengana. Kristau tetigantzaz eta jarraipenez beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Neuk aukeratu zaituet mundutik,
joan zaitezen eta frutua emon dagizuen,
eta zuen frutuak iraun dagian”





Jesusen jarraitzaileok, bere ardurak geureak egiteko eta berak hasitako lana aurrera eroateko, otoitzean sarritan alkartzen gara. Bere Hitza, Kristau Alkarteak Albiste On lez hartzen dogu.

FRUTU ONAK emon beharra, Jaunagandik sarritan entzuten dogun deia dogu; geure ahalegintxoa egiten dogu baina ez gara heltzen bere betetasunera. Mahats heldua eta gozoa barik sarritan mahats garratzak emoten doguz; edo besteen kurutzak eroaten ahalegindu beharrean beste kurutze batzuk leporatu; edo zuzentasuna defenditu beharrekoan, neure txokoan ezkutatu eta isildu. Munduak, Eleizeak, parrokiak... ez dabez behar “lege betetzaileak”, benetako testiguak baino; ez dabez behar “katoliko izena” daroenak, sinisten dabena betetzen dabenak baino.

Kristau Alkarteak 2017-2018 urteari begira geure egitasmoak egiten hasita gagoz. Jaunak, bere mahastian lan eginez, frutu ugari emotera deitzen deusku. Eta beti kontuan eukitekoa: Jesus geure ondoan dator bidean. Gogoz, pozez eta eskuzabaltasunez hartu daigun eskeintzen jakun aukera barri hau. Eukaristia honek lagundu deigula gure kristau konpromisoa gaurkoratzen, ebanjelizatze lana barriztatzen.

Zoriontsuak MAHASTIAN lana egiteko DEIA ENTZUTEN DABENAK, ESKUZABALTASUNEZ SARITUAK izango dira!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Beste nekazari batzui emongo dautse errentan bere maastia"

(Mt 21, 41)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue